Galileo Galilei, XVII. mendeko jakintsua

Mendiburu, Joana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Iaz, hilero-hilero zientziaren mendearen nolabaiteko errepasoa izan zenuen irakurgai. Hamarkadaka bilduta, orrialde hauetan XX. mendeak eman zituen gertakari garrantzitsuenetariko batzuk jaso ziren. Esperientzia polita izan zen, baina askotan –kontatu beharrekoak asko zirenez eta tokirik ez zegoenez– gaien inguruko azalpenak motz samar geratzen ziren. Horregatik, aurten, berriro ere zientziaren eta teknologiaren historia irakurgai izango duzu orrialde hauetan. Hilaren erreferentzia kontuan hartuta, historian barrena joanda, hona hurbilduko dira gertaera, bitxikeria edoeta pertsonairik garrantzitsuenak. On dagizula!

Izen propio batekin eta denboran oso atzera joanda hasiko da sail honen bidea. Galileo Galilei italiarra 1642ko urtarrilaren 8an hil zen, 78 urte zituela.

Galileo zazpi anai-arrebako familia batean jaio zen Pisan. Pisako Unibertsitatera hamazazpi urterekin iritsi zen, eta han medikuntza, matematika eta fisika ikasi zituen. Unibertsitate hartako ikasle zela, katedraleko lanpara bati begira geratu zen, lanpararen mugimendu erregularrari zehatz esanda. Etxera itzuli eta berunezko bolatxoekin eta luzera desberdineko hariekin esperimentuak egiten hasi omen zen. Bolatxoen pisua edozein izanda ere, joan-etorria egiteko bolatxoek denbora berdina behar zutela konturatu zen; denbora hariaren luzerak baino ez zuen aldatzen. Diotenez, horrela hasi zen penduluaren historia.

Txikitatik ikasteko gaitasun handia erakutsi bazuen ere, Galileok ikasle bihurriaren fama izan zuen. Besteak beste, Pisako Unibertsitatean zegoela arropa akademikoak janzteari uko egin zion, lana egokiro egiteko traba egiten ziola argudiatuz. Ukapen hori larrutik ordaindu zuen, Pisako Unibertsitatetik bota egin baitzuten. Hala ere, Florentzian Matematika ikasten jarraitu, irakaskuntza pribatuan hasi eta bere lehen lanak ereargitaratu zituen. 1589an Guidobaldo del Montek lagundurik lortu zuen nahikoa kostata Pisako Unibertsitatean matematikako katedra.

Teoria garrantzitsuen sortzaile

25 urte zituela Pisako Unibertsitateko matematikako irakasle izendatu zuten. Matematika eta esperientzien bidez, garai hartan Aristotelesen teorian oinarrituta zegoen eskolastika zientzia ofiziala ikuspuntu kritikotik aztertu zuen.

Horretan, maisu handitzat zeukan Arkimedesen eragina nabarmena eta garrantzitsua izan zen.

Galileo fisikako bi teoria garrantzitsuren asmatzailea izan zen. Bere lehen lanak azelerazioari buruzkoak izan ziren eta fisika modernoan erabiltzen den azelerazioaren kontzeptua sortu zuen; azelerazioa denbora jakin batean abiadurak izaten duen igoera dela dioena, alegia.

Galileok fisikari egin zion bigarren ekarpen nagusia mugimenduan dauden objektuen marruskadura eta inertziari buruzko kontzeptu berria izan zen. Indarraren osagaiak definitzeko 1590ean hainbat esperientzia hasi zituen, eta adibidez, bala baten ibilbidea eragiten duten indarrak beherantz eta aurrerantz zuzendurik daudela frogatu zuen. Esperientzia horiek garai hartan berriak ziren mugimendua eta mekanika zientziei buruzkoak izan ziren eta ondorioak Elkarrizketak liburuan argitaratu zituen, 1632an.

Galileoren lanak mugimenduaren eremuak ulertzeko oinarri bat izan ziren eta, besteak beste, Newtonek mugimenduaren legeak ondorioztatzeko erabili zituen.

Aurkikuntza astronomikoak
Mugimendua ikertzen denbora asko pasa bazuen ere, Galileok beti azaldu izan zuen interes handia astronomiarekiko. XVII. mendearen hasieran, holandar batzuek lente ahur bat eta beste ganbil bat elkartuz objektuak zeuden baino hurbilago ikustea lortu zutela entzun zuen. Ideia horretazbaliatuz, objektuak hogeita hamar aldiz handitzen zituen teleskopioa egin zuen, baita 1609an erakustaldi publikoa eskaini ere. Galileoren aurkikuntza nagusia, dena dela, ez zen teleskopioa egitea izan, zeru izartsura begira jartzea, baizik. Horrela, bera izan zen ordura arte ikusezinak ziren izar eta sateliteak ikusten lehen pertsona.

Behaketa anitz eta jarraikiei esker, Galileo izar berriak agertu bezala desagertzen zirela ohartu zen eta unibertsoa finkoa ez baina aldakorra dela ondorioztatu zuen. Ondoren, banaka-banaka, Ilargia, Jupiter, Artizarra, Saturno eta Eguzkia behatu zituen. 1610ean Jupiterren bueltan zebiltzan lau satelite aurkitu zituen etamartxoan berriz, Artizarra eta Merkurio ere Eguzkiaren inguruan biratzen zutela ohartu zen. 1610eko urrian

Eguzkiaren orbanak aurkitu zituen eta orban horiei jarraiki, Eguzkia bere baitan itzulika zebilela ondorioztatu zuen. Bestalde, Esne-bidea milaka izar txikiz osatua zegoela ikusi zuen eta ez zela, ordura arte uste izan zen bezala, "lurrun uniformea".

Bere aurkikuntza astronomiko guztiak Siderus Nuncis (Zerutar Mezularia) liburuan argitaratu zituen eta, noski, zeresan handia sortu zuen garai hartako zientzialarien artean.

Bere aurkikuntza eta teoria iraultzaileen ondorioz, Galileo Galileik arazoak izan zituen Inkisizioarekin. 1932an Elkarrizketak liburua argitaratzea lortu bazuen ere, bere etsaiek Urbano VII.a aita santua liburuko pertsonaia batek irudikatzen zuela sinestarazi zuten eta liburua debekatzeaz gain, Galileo presondegira kondenatua izan zen. 70 urte inguru zituenez ez zuten preso eraman, baina bere ideiak eztabaidatu, bileretan parte hartu eta bisitak izatea debekatu zioten. Denborarekin bere zigorra arintzen joan zen eta azken urteetan Viviani eta Torricelli bere dizipulu izan ziren. Maiz gertatzen den bezala, denborarekin lortu da bere lana goraipatu eta aurkikuntzak egiaztatzea. Gaur egun, ez dugu dudarik egiten zientzialarien historian bere lekua ongi irabazia duela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila