Erreuma hitzaren azpian 200 bat gaitz biltzen dira , eta horiek guztiek badute ezaugarri komun bat: lokomozio-aparatuari erasaten diete. Gaitz horien artean usuenak artrosia eta osteoporosia dira. Artritis erreumatoidea, fibromialgia, gota edo hezueria, berriz, ez dira hain ohikoak. Gaixotasun horiek gehienak kronikoak dira, eta pazientearen bizi-kalitatea hondatu egiten dute, minagatik eta gaixoari eragiten dizkioten mugikortasun-arazoengatik.
Giltzadura-kartilagoaren higaduraren ondorioz gertatzen da; hau da, giltzadura batean kontaktua egiten duten hezurrak nolabait estaltzen dituen substantzia hondatu egiten da, eta, beraz, hezurren arteko marruskadura normala baino handiagoa izaten da.
Endekapenezko gaitz kronikoa da, eta mina eta mugikortasunaren galera dira sintoma nagusiak. Belaunetan, eskuetan, aldaketan, bizkarrezurrean eta oineko behatz lodian agertzen da gehienbat.
Endekapen-gaitza denez, ez du sendabiderik. Hala ere, gaitzaren eboluzioa atzeratu eta sintomak arindu daitezke. Azken urteotan kartilagoak babesten dituzten botikek ekarri dute berrikuntzarik nabarmenena. Botika horiek, gaixotasuna prebenitu eta eboluzioa egonkortzeaz gain, kartilagoaren eta hezurren lesioak ere 'konpon' ditzakete neurri batean.
Gizonezkoei ere erasaten die, baina osteoporosia emakumeen gaixotasuna da batez ere, eta menopausia ostean agertzen da batik bat. Hezur-masa gutxitzeagatik gertatzen da. Hezurra hauskorragoa bihurtzen da, eta hausturak gertatzeko arriskua gehitu egiten da. Osteoporosiak berak ez du minik ematen, baina bai, ordea, haren eraginez sortzen diren hezur-hausturek.
Menopausiari lotutako asaldura denez, hormonen ordezko terapiak gaitzaren eboluzioa atzera dezake, estrogenoen eraginagatik. Hezur-erresortzioaren kontrako botikek, bestalde --alendronato izenekoak, esate baterako--, hezurraren suntsitze-prozesua gutxitzen dute, eta haustura-arriskua gutxitu egiten da.
Gaitz honetan giltzadurak handitu egiten dira, eta, zehazkiago esateko, mintz sinobiala handitzen da. Baina hezurrari, kartilagoari eta gorputzeko beste organo batzuei ere (miokardioa, azala, etab.) erasaten die. Sintoma nagusiak mina, deformazioa eta erasandako giltzaduraren mugikortasun-galera dira.
Oraingoz, behintzat, gaitz honek ez du sendabiderik. Tratamenduak hantura gutxitzen saiatzen dira, giltzaduraren mugikortasuna hobetzeko. Horretarako, antiinflamatorio ez-esteroideak, kortikosteroideak eta gaitza aldarazten duten antirreumatikoak erabiltzen dira batez ere.
Muskuluei eta ehun fibrosoari eragiten die. Hainbat gorputz-ataletan mina eragiten du, intentsitate aldakorrekoa, eta neke edo akidura-sentsazio orokorra. Oroimenaren asaldurak ere eragin ditzake, bai eta depresioa ere.
Kasu honetan ere ez dago sendabiderik, baina sintomak arindu daitezke
tratamendu egokiarekin: neurri fisikoak (bero lokala, masajeak eta muskuluak indartzeko ariketak) farmakoekin konbinatzen dira: lasaigarri muskularrak, analgesikoak eta anestesiko edo kortikosteroideen infiltrazio lokalak. Eta, behar izanez gero, antsiolitikoak edo antidepresiboak ere erabil daitezke.
Azido uriko kristalak agertzen dira zenbait ehunetan, esaterako, oin, esku eta zangoetako giltzaduretan. Mina, giltzaduraren hantura, sukarra eta azaleko koskorrak (oineko behatz lodian, batez ere) dira sintoma nagusiak.
Antiinflamatorioak erabiltzen dira gehien gaitzaren fase akutuan, sintomak arintzeko. Likido ugari hartzea gomendatzen da, eta alkohola, haragi gorria, kafea eta mariskoak baztertzea. Dietak aberatsa izan behar du barazki, fruta fresko eta elikagai integraletan.
Kaltzio-gatzak jalkitzen dira giltzadurako kartilagoan, eta, azkenean, kartilagoa hondatu egiten da: hauskorragoa bihurtzen da, eta artrosiaren edo artritisaren antzeko sintomak ager daitezke.
Kondokaltzinosiak ez badu sintomarik ematen, aski dira neurri orokorrak (gehiegizko pisua saihestu eta giltzaduraren gainkarga ahal den neurrian baztertu). Mina agertzen bada, berriz, tratamendua artrosi-kasuetan erabilitakoa bera da.