Flash elektronikoa

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Kameraren gainean, normalki, eta flash-loturari zuzenean edota kable bidez “X” terminalari konektatuta jarri ohi dugun argi indartsuko, tximistaren pareko, distira botatzen duen kaxatxoa da flash elektroniko eramangarria.

Bere argiak egun argikoaren kolore-tenperatura bera du eta espazio handi samarra instant batez argiztatzen du, baina distantzia handiagotu ahala intentsitatea asko txikiagotzen da.

Distiraldian obturadoreak erabat irekita egon behar duenez, flasharen distirak eta obturazio-abiadurak sinkronizatuta egon behar dute. Obturadore zentraldun kameretan hori ez da arazoa. Plano fokaleko obturadoredunetan, aitzitik, flashez ezin da edozein obturazio-abiadura erabili, kamerak berak kolore edota marka berezi batez adierazita dakarren sinkronizazio-abiadura edo hortik beherakoak baizik. Eskuarki, abiadura hori 1/60 s-koa izaten da eta kamera berrienetan 1/125 zein 1/250 s-koa izan daiteke.

Esposizioa kalkulatzeko erarik sinpleena gida-zenbakia erabiltzea da. Zenbaki hori pelikularen ISO sentikortasunaren araberakoa izaten da (100 ISOkoarena gehienetan) eta flash bakoitzak berea ekartzen du.

Esposizio-abiadura flasharen distiraren abiaduraren baitan dago (flash arruntenek 1/500 bat s-koa izaten dute) eta distantzia eta subjektuak jasotzen duen argitasunaren arabera horren potentzia aldatu egiten denez, kasuan kasuko diafragma egokia hautatu beharko dugu (hortaz, diafragma-irekiduraren bitartez kontrolatu beharko dugu esposizioa). Horretarako, gida-zenbakia flasharen eta subjektuaren arteko distantziaz zatituko dugu eta jarri beharreko diafragma izango da emaitza (100 ISOko pelikula erabiliz gero, noski).

Flash-a zuzenean begiei begira jarrita ateratzen badugu argazkia, "begi gorrien" efektua gertatzen da. Zuri-beltzez, naturaltasun eskaseko begi distiratsuak sortzen ditu eta koloretan begiak gorri-gorri ateratzen dira. Flasharen argia nonbaiten isladatzea edota argazkia albo batetin ateratzea da irtenbidea.

Nolanahi ere, kalkuluak egiten ibili gabe, flash gehienek distantzia eta pelikularen sentikortasunaren arabera zein diafragma-irekidura erabili behar den azaltzen duen taula dakarte.

Kalkulu teoriko horiek tamaina normaleko pareta argi samarreko geletarako egina daude. Gela oso handia zein paretak oso ilunak izanez gero, edota kanpoan lan eginez gero, distiraren potentzia erdira jaisten da, argia non isladatua ez baitago. Horrelakoetan, pauso bat handiagotu behar izaten da diafragma.

Eskuzkoaz gain, erabilera automatikoa duten flashak ere badira. Aparatuak berak, aurrealdean duen zelula fotoelektrikoaz baliatuz, erabakitzen du jarritako diafragmaren arabera argazki bakoitzakzenbat denborako distira-aldia behar duen, nahikoa argi iritsi zaionean distira moztu egiten duelarik. Jarri beharreko diafragma flashak adierazita dakar eta, eskuarki, bizpairu diafragma-balioren artean aukeratu ahal izaten da. Dena dela, flash automatikoaz ezin zaio objektiboari argi-intentsitatea txikiagotzen duen ezer jarri (iragazkiak, luzapen-tutuak, ... adibidez), flash-burua beti subjektuari begira jarri behar da eta ez dago subjektura gehiegi hurbiltzerik. (Eskuzkoa erabiliz gero, zuzenketak egiteko aukera badaukagu).

Bestalde, flasha kameraren gainean eta subjektuari begira jarrita, argiztapen gogorregia sortzen da (eta “begi gorrien” efektua gertatzen da). Hori gerta ez dadin, aparatua gainazal isladatzaile bati begira jar daiteke.

Flasha edozein gainazal zuriri begira jarriz islada dezakegu argia (sapai, gelako pareta, kartulina zuri edo zilarreztatu, etab.i begira). Era horretara erabilita, diafragma bi puntuz handiagotu beharko dugu.

Argia isladatzeko aukerarik eduki ezean, flasharen aurrean edozein gauza zurizka jarriz (kalkatzeko papera, oihala edo antzeko zerbait) barreia daiteke argia.

Flasha egun argiz ere erabiltzea badago. Zenbaitetan, kontraste handiko egoeretan, argazkia ateratzeko nahikoa argi egon arren, itzaletakoa ilunegi ateratzeko arriskua izaten da. Horren irtenbidea, flash betetzailearen ("fill in flash") teknika erabiltzea da. Argietakoa gainesposatuta atera gabe itzaletakoa ere zuzen ateratzeko aukera ematen du teknika horrek.

Hori guztia horrela izanik ere, esposizioa aukeratzean kontuz ibili behar dugu, ezpaita komeni argi-iturri nagusia flasha izaterik. Zein diafragma-irekidura komeni den jakin ahal izateko, nahikoa izaten da argazkia flasharekin soilik argituz gero beharko genukeena baino puntu bat edo bi txikiago izatea eta, ondoren, diafragma horretarako egun argiari dagokion obturazio-abiadura kalkulatzea (sinkronizazio-abiadura baino handiagoa bada, flasha oihal batez edo estali beharko dugu, horren tolestura bakoitzeko abiadura pauso bat txikiagotu ahal izango dugularik).

Argitasun txikiko egoeretan eta, ez oso distantzia handitan, higidura geldiarazteko aukera ematen du flashak (goiko argazkian ikus dezakegunez). Behekoa flashik gabe aterata dago eta, argitasun txikia zela eta obturazio abiadura baxua (1/8 s) erabiltzea beste erremediorik ez zenez, higidura isladatuta geratu da.

TTL flasha aipatzea geratzen zaigu, azkenik. TTL, ingelesezko "throught the lens"en siglak dira eta "objektiboan zehar" esan nahi dute.

Era horretan flashak guztiz automatikoki funtzionatzen du eta esposizioa objektiboan zehar kalkulatzen da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila