Aurreko artikuluetan esan bezala, fistuloplastia primarioak eta sekundarioak izan dira gure azterketaren ardatz. Gure teknika kirurgikoen berri emateko, banaketa bera hartuko dugu erdigunetzat.
1981. urteko uztailean hasi ginen fistuloplastia fonatorio primarioak egiten.
Zenbaitentzat fistulan protesia jartzea ohitura eta arrakasta den bitartean, guretzat gaixoa protesirik gabe ibiltzea da helburua.
Edozein teknika kirurgikok iraun eta heda dadin nahi bada, burutzen erraza, lasterra eta eraginkorra izan behar du.
Hona hemen gure teknika kirurgikoan eman behar diren urratsak:
Atal honetan bi ebaketa-mota daude:
Azter ditzagun, bada, bi ebaketa-mota hauek.
Igoera trakealez egindako fistuloplastia sekundarioa
Laringektomia totalaren unean krikoidea kendu ez zitzaien gaixoei aplikatzen hasi ginen teknika hau, zeren eta gaixo hauei ezin bait zitzaien ziztada trakealaren teknika aplikatu. Teknika honen emaitza onak ikusiz eta gaixoa protesirik gabe ibil zitekeela ikusiz, krikoidea erauzitako gaixoengan ere aplikatzen hasi ginen.
Teknika kirurgikoa, fistuloplastia fonatorio primarioan azaldu dugunaren antzekoa da.
Krikoidea aurrez erauzi ez bada, lehen eraztun trakealeraino askatzen da. Krikoiderik ez baldin badago, bigarren eta hirugarren eraztun trakealeraino askatzen da.
Trakearen atzeko horman 8 mm-ko luzerako ebaki bertikala egiten dugu, goiko aldearekin bizpahiru milimetro utziz. Hemen, fistuloplastia fonatorio primarioan erabilitako teknika berberaz, hestegorriarekin fistula eratzen da.
Ziztada trakealaren ordez teknika hau erabiltzearen arrazoia, gaixoa protesirik gabe ibili ahal izatea da. Hala ere, trakeostomak oso txikiak, gaixoa lepalodia, horma trakeoesofagikoa oso zabala edo bide faringoesofagikoa estua denean, ziztada trakeala egitea hobe da.
Gaixoek lehendik ahots erigmofoniko pixkat baldin badute, ebaketaren ondoren ez dutela airea tragatu behar (biriketako airea erabili baizik) ulertu behar dute. Gaixoek berehala bereganatzen dute fonaziorako mekanismo berri hau. Hala ere, ahots erigmofonikoa mantentzen dute eta nahi dutenean erabil dezakete. Zenbait gaixok dioenez, bere ahots erigmofonikoa hobetu egin omen da ebaketaren ondoren.
Kirurgikoki landutako fistula denez, normalean ez da inoiz itxiko. Jateko edo edateko protesia behar badute ere, lo edo hitz egiteko ken dezakete, fistula ixteko arriskurik gabe.
Protesia jarri behar duten gaixoen kasuan, oso erraza da protesia jartzea, zeren eta fistula beti irekirik bait dago eta protesiak motzak izaten bait dira.
Protesirik gabe, gaixoen bi herenak ongi irensten du eta heren batek bakarrik behar du irensketarako protesia.
Ziztada trakealez egindako fistuloplastia fonatorio sekundarioa
1981. urtean, SINGER-BLOMen metodoari jarraituz, ziztada trakealeko teknika aplikatzen hasi ginen. Gaixoa etzanda ahoz gora ipini eta hasieran, anestesia orokorraz baliatzen baginen, gaur egun anestesia lokala erabiltzen dugu.
Horrela, teknika kirurgiko hau era ibiltariz aplika daiteke eta ebaketaren ondoren gaixoak jakin behar dituen gauzak, protesia kentzea nahiz jartzea eta trakeostoma behatzez ongi estaltzea dira.
Oso teknika erraza da eta bost minututan burutzen dena.
Ziztada egiteko aukeratutako lekuan 1 cm 3 anestesia lokal sartzen da injekzioz.
Tefloizko tutu bat ahotik sartzen da eta tutu honetatik fibroskopioa, ziztadarako orratza ikusi ahal izateko.
Orratza duen kateterra tutuan zehar sartzen da, ahotik ateratzen ikusi arte.
Ondoren, fistula zabaldu eta bertan protesia kokatzen dugu. Horrela gaixoa berehala has daiteke hitz egiten. Teknika hau anestesia orokorraz erabil daiteke, gaixoen egoerak hori eskatzen duenean.
Teknika hau burutzen erraza da eta kirurgilariak ez du trebezia berezirik eduki behar.
Lortzen den ahotsa, ahots erigmofoniko onena baino hobea da.
Arrakasten portzentaia %80 / %90 bitartekoa da eta altuagoa izan daiteke egokitasunak ongi betetzen badira.
Lehen protesi fonatorioak SINGERek eta BLOMek 1979. urtean EEBBetan aurkeztu zituzten. Orduz geroztik zenbait protesi azaldu da merkatuan eta une honetan aleman bat, frantziar bat, holandar bat, italiar bat, estatubatuar batzuk eta geurea (1983. urtean plazaratu genuena) daude.
Gure protesi fonatorioa silikonazkoa da eta bi diametroko zein hiru luzerako ereduak egin ditugu. Protesi honek ez du koskarik, ez trakean ezta hestegorrian ere eta bere babes-mekanismoa mintz erakoa da.
Zenbait protesi medikuak aldatu behar duen bitartean, gurea gaixoak berak alda dezake. Horrela gaixoa medikuarekiko independente bihurtzen da.
Protesia, ziztada trakealez egindako teknika sekundarioetan eta likido-ihesa duten igoera trakealeko tekniketan, erabiltzen da.
Teknika kirurgiko guztiek duten arazoa trakeostoma sortzea da. Beraz, fonatu ahal izateko (ahoskatzeko, alegia) trakeostoma estali egin beharko da.
Trakeostoma ixteko erarik errazena behatzaz baliatzea da, baina horrela aritzeak eragozpen batzuk sortzen ditu. Batetik, fonaziorako esku bat erabiltzeak lanerako esku hori ezin dela erabili esan nahi du. Bestalde, eskuak garbiak ez badaude ez da batere higienikoa trakeostoma behatzez estaltzea.
Horregatik, trakeostoma estaltzeko sistema berriak azaldu dira. Une honetan lau eredu desberdin daude merkatuan balbula fonatorioaren alorrean: bi estatubatuarrak, bat alemana eta bestea ingelesa. Balbula fonatorioen bidez, gaixoak behatza trakeostoman periodikoki jartzea ebitatzen da.
Ebaketa hauen ondoriorik garrantzitsuenetakoa hitz egiteko errehabilitaziorik behar ez izatea da; gaixoek berehala ikasten bait dute hitz egiten.
Ahotsaren kalitateari dagokionez, zenbait parametrok neurtzen du faktore hau.
Guk 300 fistuloplastia egin ditugu; horietatik 175 fistuloplastia primario eta 125 sekundario. Arrakasten portzentaia %85ekoa izan da. Emaitza hauek nahikoa onak dira bide honi jarraitu ahal izateko.
Hemen bukatzen da laringektomiari buruzko artikulu-segida hau. Garai batean heriotza zekarren gaixotasunak. Gaur egun, berriz, biziak gainditu egin du.
Euskaratzaileak:
J. Aizpurua Sarasola eta J. Agirre