Lapurdi eta Gipuzkoako muga judizialean gaude. Aurrera edo atzera eginez gero, alde handia legoke gure azterketan. Izan ere, bi aldeetako itsaslabarren artean aldaketa nabarmen asko baitago, besteak beste, Gipuzkoara iritsi orduko Tertziarioko eremuetan sartuko baikara. Horrek itsasbazterraren osaketan, egituran eta fisionomian aldaketa asko egongo dela adierazten digu.
Ezaugarri horiek direla eta, Lapurdiko itsaslabarretan gertatzen ez diren isolamendu baldintzak aurkituko ditugu Gipuzkoakoetan. Horrek gizakiaren eragina txikiagoa izatea ahalbidetuko du eta ondorioz, Gipuzkoako itsaslabarren kontserbazio-maila hobeagoa dela esan dezakegu. Hala ere, Gipuzkoako itsasbazterra ere itsasoak gizakiongan sortzen duen erakarpenaren "biktima" da, Lapurdin baino maila apalagoan bada ere. Tamalez, azken urteotan indartzen ari den joera da hori eta jadanik kezkagarria da.
Agian, une egokia izan zitekeen egoera honi buelta ematen hasteko, beranduegi izan baino lehen. Hausnarketa hori egiten duzun bitartean irakurle, Gipuzkoako kostalde labartsuaren egungo egoera zein den aztertzen ahaleginduko gara.
Bidasoa ibaiaren bokalea osatzen duen Txingudi badiaren ezkerraldean hasi eta Zumaiarainoko kosta-zatia aztertuko dugu lehenengoz. Bistakoa denez, zati hori badiaren eskuinaldean ikus daitekeenarekin alderatuta oso desberdina da. Iparraldeko kostaldea (aurreko artikuluan esan bezala) itsasoarekiko ia perpendikularra den bitartean, jaizkibel mendian hasi eta Zumaiako eskuinaldeko itsaslabarretan amaitzen den itsasbazterra aldapa txikiarekin sartzen da itsasora. Ondorioz, kosta-zati horretan ez dira agertzen lparraldean behar daitezkeen itsaslabar ikusgarriak. Halaber, inguru honetako landarediak estaldura handia du eta ia itsasgoraren mailaraino iristen da. Bestalde, haizearen higadura nabarmenagoa da itsaslabar horietan eta forma bitxiak sortzen ditu harrietan.
Kosta-zati honetara hurbiltzen den edonor ohartuko da orain arte esandakoaz. Baina, zergatik gertatzen da morfologia hori? Harrien konposaketa eta egitura aztertu behar dira hori ulertzeko eta lehen-lehenik itsaslabarren adina hartu beharko dugu kontutan. Harri horiek nahikoa gazteak direla esan dezakegu, Tertziarioko Paleozenoko eta Eozenoko sedimentuez osatuta baitaude. Garai horretan, ekialdean eta erdialdean Pirinioak nahikoa altxatuta zeuden eta ondorioz, sedimentuek ibilbide txikia egiten zuten sedimentazio-inguruetaraino heldu aurretik. Fenomeno horrek azaltzen du beraz, kosta zati honetan marga hareatsuak eta harearrizko Flysch-geruza handiak egotea.
Ezaugarri horiek eta estratuen makurdura txikia direla eta, Gipuzkoako itsaslabarretan higagarritasuna txikia da. Horren ondorioz, higadura diferentzialak sortzen dituen elementu geomorfologikoak urriagoak dira hemen. Horien artean ugarienak ebakidura gisa agertzen dira. Horien jatorria altxamendu orogenikoak dira, bai lparraldea/Hegoaldea bultzada nagusiaren ondorioz sortutakoak eta baita Ekialdea/Mendebaldea albo hertsadurak eragindakoak.
Uste denez, altxamendu horiek egituraren ardatza ondulatu egin zuten eta materialen malgutasuna gainditzera iritsi ziren inguruetan hausturak gertatu ziren. Ondorioz, ingurune horiek higadura-agenteen aurrean babesik gabe geratu ziren. Geroago, mehargune horiek ibaiak itsasoraino iristeko leku ezinhobeak zirela eta, fenomenoa emendatzeko modua gertatu da. Azken glaziazioaren amaieran itsas-maila igotzearen eraginez, bailara horiek itsasoak betetako itsasadar bihurtu ziren. Horrelaxe ikus daitezke gaur egun.
Azaldu ditugun fenomenoen emaitzak modu praktikoan ikusteko aukera bikaina eskaintzen dute Gipuzkoako itsaslabarrek. Adibiderik argigarrienak Pasaiako portuaren sarrera eta senaia eta Orioko itsasadarra dira. Donostiako Kontxako badia eta Urumeako itsasadarra ere horrela sortu ziren, baina higadura-diferentziala indartsuagoa izan zen bertan eta ondorioz, ebakidura soila gertatu ordez, beste egitura bat sortu zen: erdian bi uharte (Santa Klara eta Urgull) zituen badia zabala.
Hona iritsita, aipamen berezia merezi duen ingurune batean geldialditxo bat egitea barkatuko diguzu irakurle, Zarauzko badiak eta Getariako San Anton uharteak osatzen duten multzoan hain zuzen ere. Badiari dagokionez, diapiro baten gainean sortu da eta horrek azal dezake Gipuzkoako kostaldearen sarrera nabarmen hori. Horrez landa, ingurune horretan estratuak bere buruarekiko biratuz zakarki tolestatzen dira eta horrek higagarriago bihurtu du kosta-zati hori. Fenomeno horiek eta harearrizko estratu sendoek eraginda, Getaria aurrean egun lehorrera era artifizialean lotuta dagoen San Anton uhartea sortu zen.
Ekologiari gagozkiolarik, kosta-zati honetan ez dago urradura-plataforma zabalik eta ondorioz, marearteko ekosistemak nahikoa azalera txikia du. Ekosistema-mota hau garatzeko baldintzarik egokienak erreka ugariren bokaletan sortutako kala txikietan ematen dira eta horri esker, inguru horietan bere zabalpena handiagoa da.
Itsaslabarretako ekosistemari dagokionean ordea, egoera erabat desberdina da. Bertako geomorfologiak bizi-baldintza erosoagoak ezartzen dizkie bizidunei eta hasieran esan bezala, bere hedadura oso handia da. Ekosistema horietako landare-gradiente tipikoa oso nabarmena ez bada ere, landare-estaldura ia itsasgoraren mailaraino iritsi daiteke. Eta hemen ere, Getariako San Anton uharteraino jo behar dugu berriro, hortxe aurkituko baitugu kararrizko lanbarretako landare tipikotzat jo dugun Limonium binervosum espezieko Gipuzkoako populazio bakarra.
Faunari dagokionez, kostalde honetan bizi dira Gipuzkoako hiru kaio-koloniak: Uliakoa (Monpas lurmuturra eta Murgita kalaren artean), Pasaikoa (Murgitatik Pasaia San Pedroraino) eta jaizkibelgoa. Espezierik ugariena kaio hankahoria (Larus cachinnons) bada ere, kaio ilunaren (Larus fuscus) habigintza gero eta nabarmenagoa da eta azken urteotan zenbait kaio hauskara (Larus argentatus) habia egiten hasi dela zabaldu da.
Horiez gain, kosta-zati horretan ikus daitezke Gipuzkoako belatz handiaren (Falco peregrinus) habi gehienak eta Getariako San Anton uhartean esaterako,harkaitz-zozo handiak (Monticola solitarius) daudela ziurtatuta dago.
Aipagarria da bestalde, E.A.E.ko hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) populazio bakarra Mendizorrotz mendian agertzen dela eta jaizkibelen nahikoa arraroak diren bi narrasti-espezie daudela: Schreiber muskerra (Lacerto schreiberi), iberiar penintsulako endemismoa dena eta Jaizkibelen bere banaketaren ekialdeko muga duena, eta suge berde-horia (Coluber verdiflavus), Pirinioetako espezie tipikoa.
Itsaslabarrekin erabat lotuta ez badago ere, Jaizkibel eta Mendizorrotz mendien aldapetatik itsasoratzen diren erreka laburretako klima-baldintzak bereziak direla eta, tropiko aldeko zenbait espezie aurki daitezkeela aipatu beharra dago (Woordwardia radicans, Stegnogramma pozoi, Dryopteris aemulo, etab). Zalantzarik gabe, espekulazioaren, suteen eta erabilera basatien menpe dagoen kosta-zati hau babesteko beste pisuzko arrazoi bat izan daiteke hori.
Zumaiatik aurrera, Gipuzkoako kostaldea berriro itxuraldatzen da eta lparraldeko itsaslabarretako morfologia beretsua nagusitzen da bertan: itsaslabar bertikalak eta urradura-plataforma zabalak.
Antzekotasun horien arrazoia itsaslabarretako litologian datza, kosta-zati horretan berriro azaltzen baitira lparraldekoak aztertu genituenean aipatu ziren Flysch egiturak, Erdi eta Goi Kretazeoko karearriz, margez eta, neurri txikiagoan buztinez osatutakoak.
Hain zuzen ere, Zumaiako Azkorri puntaren inguruan, Mesozoikoaren eta Tertziarioaren arteko trantsizioa erakusten duen estratua ikus daiteke.
Estrato berezi hori dela eta, Zumaia geologoen topagune bilakatu da. Izan ere, estratuaren barruan Goi Kretazeoaren bukaeran gertatu zen iraungipenaren azalpena dagoela uste da. Zenbait ikerlari ospetsuk esan duenez, estratu horrek (eta antzeko beste batzuk) azaltzen duen iridio-kontzentrazio handiak meteorito itzel batek Lurraren kontra talka egin zuela frogatuko luke.
Hipotesi horren arabera, talkaren ondorioz sortu zen hauts-laino batek luzaroan estali zuen Lurra; klima-aldaketa bortitzak sortu zituen horrek eta landareen fotosintesiarengan eragin handia izan zuen. Espezie ugarirentzat ezinezkoa izan zen bizi-baldintza berrietara egokitzea eta ondorioz, espezie asko desagertu egin zen. Nolanahi ere, laburki azaldu dugun teoria hori hipotesi hutsa da gaur-gaurkoz eta fenomeno bera azaltzeko beste zenbait hipotesi dagoela kontutan hartu behar da.
Itzurun hondartza eta Aitzuriko senaian, Goi Kretazeoko flysch arrosa tipikoa agertzen da, baina aurrera egin ahala, Aitzuritik urruntzen eta Endatara hurbiltzen garen neurrian, kolorea argituz doa, Erdi Kretazeoko ohizko flysch argia agertu arte.
Kolorea baino, higagarritasun handia da Gipuzkoako kosta-zati honetako ezaugarririk garrantzitsuena. Izan ere, kararrizko zementu solugarria oso ugaria da bertan eta horrek higagarriak egiten ditu itsaslabarrak. Horren guztiaren ondorioz, kostaldea atzera egiten ari da beste zenbait lekutan baino askoz azkarrago.
Atzerapen azkar horren lekuko gisa, itsaslabar bertikalak eta zintzilikatutako bailarak ageri dira hemen. Bailara horiek itsaslabarren higadura errekena baino azkarrago gertatzen direlako sortzen dira. Fenomeno hori dela eta, erreken amaierak itsas-mailatik 10-30 metrora daude. Horregatik, erreka horiek ur-jauzien modura (Endata erreka kasu) edota itsaslabarraren hormetatik labainduz (San Martin eta Loiazu errekak, elate baterako) itsasoratzen dira. Horrek balio paisajistiko handia ematen dio ingurune osoari.
Ekologiaren ikuspuntutik, Euskal Herri osoko marearteko ekosistemarik garrantzitsuena kosta-zati horretakoa dela esan ohi da. Arestian aipatu dugun balio paisajistikoaz gain, urradura-plataforma itzeletako dibertsitate ekologikoari zor zaio baieztapen hori. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailordetzak argitara eman duen "Euskal Autonomia Elkarteko garrantzizko barrendegi eta ingurune naturalen katalogoan" aipamen berezia egin zaio ingurune horri.
Gaitzerdi. Izan ere, aipamen berezia egiteak ez du babes-neurri gehiago erakarri eta aitzitik, azken aldiko zenbait erasok kolokan jarri du ekosistema aberats horren oreka. Eraso horien artean aipagarriak dira gehiegizko giza ustiapena eta bertatik isuritzen diren erreken poluzioa. Azken arazo horri dagokionean, Itziarko industrialdearen isurkinak jasotzen dituen Zakoneta errekak goia jo duela esan daiteke.
Bestalde, itsaslabarretako berezko ezaugarriek, hots, aldapa handiek eta bertara iristeko zailtasunak landaredia hedatzea eta animalia-komunitateak ezartzea eragozten dute. Hala ere, harkaitz horietan zenbait Belatz handi (Fako peregrinus) eta Haitz-enara (Hirundo rupestris) hegaztiek habia egiten dutela ziurtatuta dago.
Endata lurmuturreraino iritsita, berehala ohartuko gara eremu berri bat hasten dela bertan. Faila batek zehazten duen eremutik aurrera, Erdi Kretazeoko harriak nagusitzen dira eta flyschek kolore ilun samarra hartzen dute, materia karbonosoa ugariagoa delako. Egitura horri harri-multzo Supraurgoniar izena ematen zaio. Bertako flyschetako konposaketa ere nabarmenki aldatzen da, geruzak buztinekin lotutako marga eta harearriez osatuta baitaude eta zenbait alderditan legar kuartzitikozko konglomeratuak ere agertzen dira.
Konposaketa horri esker, itsaslabar horiek indartsuago ageri dira tirainaren aurrean eta ondorioz, kosta-lerroaren atzerapena motelagoa da. Hala ere, atzerapen horren lekuko diren urradura-plataforma zabalak ere ikus daitezke zenbait lekutan, Mutrikuko Galdonamendin adibidez.
Higadura diferentziala ere nahikoa nabarmena da zenbait lekutan eta ondoko adibideak aipa daitezke:
Ekologiari dagokionean, kosta-zati osoan marearteko ekosistemak eta itsaslabarretakoak ageri dira. Duten hedadura handiagatik eta egitura naturala nahikoa ongi gorde delako, Mutriku eta Saturraran artekoak dira garrantzitsuenak.
Leku horietara iristea nahikoa zaila da berez eta ondorioz, mesederako gertatu da kosta zati honetan. Nolanahi ere, giza presioa eta eraikuntza-baimenak kontrolatuko dituen arautegi bat sortzea oso urrats egokia izango litzateke, balio ekologiko horiek desagertzeko bidean jar ez ditzagun.
Horiez guztiez gain, Ondarru eta Lekeitioren artean eta zehatzago esanda, Berriatu eta Mendexako itsaslabarretan itsasoratzen diren erreka laburretako baldintza klimatikoak oso bereziak direla aipatu behar da. Izan ere, kostaldeko bailara txiki horien geomorfologia eta itsasoaren leuntze-efektua direla medio, tropiko aldekoen antzeko klima-baldintzak ematen dira. Mendizorrotz eta Jaizkibel mendien ingurutan aurki daiteken zenbait iratze-espezie hemen ere ikus daiteke. Botanikaren ikuspuntutik beraz, ingurune aparta da hori.