Euroa: moneta bakarraren hariak

Nor oroitzen da gaur egun ECUaz? Bada, hainbatetan hizpide izandako ECUari (European Currency Unit) kutsu teknikoa uxatzeko edo, izen samurragoa ipini zitzaion eta geroztik Euroaz mintzatzen gara.

Europako Moneta Sistema (EMS) 1970eko hamarkadan sortu zen, Nazioarteko Moneta Sistema krisian erori ondoren, Europan nola edo hala moneten arteko egonkortasuna ahalbidetzeko. ECUa Europako Moneta Sistemaren kontu-unitatea izan zen eta bere balorea EMSko moneta guztiez osatzen zen. Jakina, moneten saskian moneta bakoitzak pisu desberdina zuen zegokion estatuaren indar ekonomikoaren arabera. Euroa 1998ko hasieran hori baino ez da, kontu-unitate soila, hots eragiketak egiterakoan kontu-erreferentzia hutsa. Baina laster barruko trukeak egiteko eta gordetzeko funtzioak ere eskuratuko ditu Euroak (moneta arruntaren funtzioak, alegia) ohiko moneta nazionalak ordezkatuz eta partaide diren estatuen moneta bakarra bihurtuz.

Orain arteko bidea

Ordezkapen hori nolakoa izango den eta zein ondorio izango dituen azaldu aurretik, orain arteko urratsak laburki ikusiko ditugu. Europako Batasunaren eraikuntza-prozesuan oinarri ekonomikoa da nagusi. Merkataritza-ikuspegiak kutsatzen du prozesu hau sorreratik bertatik, bere urratsetan hori ondo asko islatzen delarik. Partaide diren estatuek elkarrekiko muga-zergak eta ondasunen zirkulaziorako trabak eraitsi egin dituzte merkatu bakar bat osatu arte.

Merkatu Bakarra 1992an sortu zen hiru hamarkadako trantsizioaren ondoren. Geroztik, Europako merkatu bateratuan ondasunak, zerbitzuak, kapitalak eta pertsona fisikoak (hauek neurri batean soilik) libreki mugi daitezke eta munduko beste merkatuekiko muga-zerga eta bestelako babes-tresna bakarrak dira. Trantsizio honetan gero eta estatu gehiago lotu dira Europako Batasunean. Beraz, oraingoz, hamabost estatuk merkatu bakarra osatu dute eta bertakoek trukeak libreki gauzatzen dituzte. Erosketak egitean, bidaiatzean edota banketxeetako eragiketetan jadanik egiazta dezakegun errealitatea da merkatu bakarra.

Merkataritza-ikuspegiaren haritik hurrengo urrats logikoa diru bakarra indarrean jartzea zen. Historikoki, merkatu bakoitzak (orokorrean) bere moneta izan du eta, beraz, merkatu bakarrari berez moneta bakarra dagokio. Hain zuzen ere, Maastrichten sinatutako Ekonomi eta Moneta Batasunerako (EMB) Itunaren xedea hori zen: moneta bakarra. Baina horrelako egitasmoen bideragarritasunak estatuen arteko ekonomi errealitateak hurbiltzea ere eskatzen zuen.

Hauek honela, hiru faseko trantsizioa ireki zen EMB delakoa lortzen dela bermatzeko. Lehen fasean, estatuetako ekonomi politikaren koordinazioa, hala nola Europako Moneta Sistema, indartu behar ziren. 1994an zabaldutako bigarren fasean, etorkizuneko Europako Banku Zentralaren kumea izango den Europako Monetaren Institutua sortu zen eta herrialdeetako Banku Zentralek gobernuekiko independentzia gauzatu zuten. Azkenik, moneta bakarra sortuko da hirugarren fasean.

Euroa gure artean

Azken fasean gaude eta horretan moneta-irizpide zorrotzak eskatzen zaizkie moneta bakarra oratuko duten estatuei (ikus 1. irudiko konbergentzia-irizpideak). Fase hau bi urtez atzeratu da bidean izandako arazoengatik. Horien artean EMSak ezagututako asaldaketa aipatu behar da, horren ondorioz pezeta, libra esterlina eta lira EMStik kanpo geratu baitziren. Horrez gain, estatu gehienek konbergentzia-irizpideak betetzeko dituzten arazoek ere eragina izan dute fase hau atzeratzeko. Horrek lehen hausnarketarako parada eskaintzen digu. Konbergentziarako irizpideak moneta eta aurrekontuarekin lotuta daude, baina, konbergentzia-irizpideak betetzearen aldeko bidean kostuak ez dira nolanahikoak.

Izan ere, inflazioaren aurkako mekanismoak aktibatzeak edota arlo sozialean gastu publikoa murrizteak, langabezia gehitzeaz gain, horren aldeko babes publikoa gutxitzea ere badakar. Hau da, moneta aldagai nominaletako derrigorrezko konbergentziak aldagai ekonomiko errealen dibergentziarako bidea irekitzen du. Zergatik exijitzen da, bada, moneta bakarrerako konbergentzia monetak irizpide batzuen arabera beste aldagai ekonomiko errealetan izan ditzakeen eragin dibergenteaz ahaztuta? Hots, zergatik onartu langabezi-tasa edota 2. irudian agertzen diren estatuen arteko per capita errenta desberdinak, inflazio edota defizit publikorako hurbilketa zorrotza eskatzen ari den bitartean?

Nolanahi ere, prozesu honek langabezia, per capita errenta, etab.etan izan ditzakeen ondorioen beldur dira estatu batzuk. Horrek kontrako oldea piztu du non edo han eta moneta bakarraren kontra daudenen jarrerak (Danimarkako “ezetza”, Frantziako grebak...), prozesu bera atzeratzea eta Luxenburgoko “enpleguaren aldeko” azken gailurra bezalako ekimenak ekarri ditu.

Arazoak arazo, hirugarren faseari aurten emango zaio hasiera eta 2002an euroak beste monetak ordezkatuko ditu behin-betiko. Bitartean, datorren urtetik hasita euroetan eragiketak egiteko aukera zabalduko da: moneta eta kapital-merkatuak nola gobernuen moneta-politikak ere euroetan bideratuko dira.

Hasteko, moneta bakarra oratuko duten estatuen izenak ezagutuko ditugu aurten. Halaber, partaide diren estatuetako banku zentralen sareak zein EMIak Banku Zentralen Europako Sistema osatuko dute. Batzuek, oraingoz, kanpoan geratzea erabaki dute, Danimarkak, Erresuma Batuak eta Suediak kasu. Maastrichteko Ituneko irizpideak betetzen dituztenak barnean egongo direla jakina da (ikus 1. irudia); baina, zer gertatuko da irizpideren bat betetzen ez duenarekin? Zor publiko mardula duten Belgika edo Italia bezalako estatuak kanpoan geratuko dira ala irizpideak malgutasunez erabiliko dira eta euroaren esparruan sartuko dira hasieratik?

Galdera hauen erantzuna ezagutu ostean, datorren urtean, moneta zaharren eta euroa ren arteko truke-tasa aldaezinak ezarriko dira behin-betiko, hau da, pezeta edo libera eta euroa ren arteko erlazio iraunkorra finkatuko da. Urrats hau erabakiorra da epe erdira, estatu desberdinen arteko ekonomi jarrera zehaztuko baitu: herrialde desberdinetako ondasun, zerbitzu eta eskulanaren prezio-diferentziak finkatuko ditu neurri horrek eta, honekin batera, besteekiko prezio-lehiagarritasuna.

1999an ere Europako Banku Zentralak EMIaren txanda hartuko du eta Banku Zentralaren Europako Sistemaren (BZES) ardatza bihurtuko da. BZESak moneta-politika bakarra definitu eta aplikatuko du eta bere truke eta moneta-eragiketa guztiak euro tan gauzatuko ditu.

Datorren urtean, partaide diren estatuen zor publikoa ere euro tan jaulkiko da eta, beraz, finantza-merkatuetan euroa erabiltzen hasiko dira. Horrenbestez, euroak nazioarteko moneta-sisteman leku indartsua beteko du datorren urtetik bertatik. Nolanahi ere, lehen aipatu bezala, txanpona fisikoki ez dugu gure artean izango 2002. urtera arte.

Euroarekin datorkiguna

Eraldaketa lehen mailakoa da. Ez da aditua izan behar honetaz jabetzeko. Nola jasoko dugu hiritarrok egoera berria 2002. urtean? Atzerrira joan eta prezio berrietara egokitu arteko buruhausteak zein Amsterdamera edota Dublinera hurbiltzean trukearen zama gehiagorik ez pairatzea: horiek dira ezagutuko ditugun berehalako eraginak. Gainera, moneta bakarrarekin orain arte truke-tasen aldaketekin lotutako ondasun eta zerbitzuen prezioen gora-beherak leundu egingo dira. Hauek guztiak, beraz, trukeari soilik lotutako arazo teknikoak dira. Logikoa denez, Europako Batasuna iharduera-eremu nagusia duen enpresarentzat edo herritar banakoarentzat moneta bakarraren berehalako onurak ikusgarriagoak izango dira.

Bestelako eraginik izango al du euroak ? Bai noski, baina ez da erraza bere norabidea aurreikustea. Ekonomian diharduten eragile gehienak egoera berrian mozkinak lortzen saiatuko dira. Esate baterako, ondasun eta zerbitzuen saltzaile batzuk beren prezioak berregokitzen saiatuko dira askotan goranzko joerarekin, etekinak gehitzeko. Printzipioz, prezioek ez dute zergatik gora egin behar, prezio-egitura desberdinak egon daitezke Euskal Herrian eta Bremen-en bi lurraldeetan moneta bakarra ezagutzen duten arren (orain arte moneta bakarra izan arren, Hego Euskal Herrian eta Extremaduran prezio desberdinak ditugu). Baina nahaste-borrastean hainbat monopolio eta enpresa handik aipatu dugun joera erakutsiko du. Hala eta guztiz ere, inflazioaren kontrola EMBaren Ituneko eta ondorengo Egonkortasun Ituneko lehentasuna da eta ez dirudi inflazioaren azken urteotako beherako bilakaera aldatuko denik horregatik (ikus 3. irudia).

Era berean, banketxeen joera beren produktuengatik (maileguak, gordailuak, bitartekaritzaren ordainak, etab.) mozkin-marjina handiagoa eskuratzea izango da, egoeraren berriaz aprobetxatuz. Batzuek zein besteek aitzaki paregabea dute: euroa rekiko egokitze-gastuek enpresaren kostuak gehitu egingo dituzte. Esan gabe doa, gastu berezi hauek nahikoa arinak izango direla edozein enpresaren kostu-egituren barruan eta, gainera, behin-behinekoak. Azken finean, prezioen norabidea eragile desberdinek merkatuan duten indarra eta interesen arabera ezarriko da,
baina ez dago arrazoi ekonomikorik orain arteko prezio-maila eta egitura eraldatuak izateko, epe labur eta erdian bederen.

Ekonomi aldaketa koalitatibo garrantzitsua zera izango da: estatuek eskuhartzeko tresna oso garrantzitsua galduko dute eta herrialdeen arteko ekonomi desberdintasunak zuzentzeko aukera hori ere galdu egingo da behin-betiko. Eta honekin benetako ekonomi arazo larriei (langabeziari, esaterako) aurre egiteko aukerak murriztu egingo dira. Bestalde, EMSk orain arte moneten gainean ezarri duen presio espekulatzailea leundu egingo da, bat-bateko debaluazioak sahiestuz eta interes-tasen inguruko zalantza ere gutxiagotuz.

Inflazioa Interes-tasak Defizit publiko Zor publikoa

Alemania (2)

1.6 5.9 3.9 60.8

Austria (2)

1.5 6.2 4.3 71.7

Belgika (2)

2 6 3.3 130.6

Danimarka (3)

2
6.7 1.4 70.2

Espainia (2)

2.5 7.2 4.4 67.8

Erresuma Batua (3)

2 7.7 4.6 56.2

Finlandia (2)

0.6 7.1 3.3 61.3

Frantzia (3)

1.7 5.9 4.1 56.4

Grezia (0)

6.5 9.6 7.9 441.6

Herbehereak (3)

1.6 5.8 2.6 78.7

Irlanda (3)

1.9 7.3 1.6 74.4

Italia (2)

2.3 7.9 7.5 123.4

Luxenburgo (4)

1.5 6.3 0.9 7.8

Portugal (2)

2.4 7 4 71.1

Suedia (2)

1.1 7.2 3.9 78.1

helburua

hiru apalenak + 1.5 puntu % 2,60 hiru apalenak + 2 puntu % 8,80 BPGaren % 3 BPGaren % 60
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila