eta kartografia Antartikara iritsi zen

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

strong>Antartika, ezezagun hori, izotzak estalitako kontinentea. Baina dagoeneko ez da hain ezezaguna. Orain behintzat, Kanadako RADARSAT satelite artifizialak egindako lanari esker, mundu osoko zientzialari eta ikertzaileek Antartika osoko radar-mapa zehatz-zehatza dute eskura.
Antartika osoaren mapa, RADARSATen bidez egina
Zer da iluna eta zer da argia? Lurreko radarrek hegazkin bila zerua arakatzen duten modu berean, Lurraren azala irakurriz, marrazten du RADARSATek gure planeta. Radar arruntak zerbait aurkitzen duenean bakarrik ohartarazten du, baina RADARSATek behatzen ari den ildoaren datu guztiak jasotzen ditu. Datu horiek gero eskualde bateko mapa egiteko erabil daitezke. Espaziotik egiten diren argazkietan ez bezala, gune ilunak ez du nahitaez azal horretan argi gutxiago dagoenik adierazten. Radarrak irakurtzen duen moduan, gune ilunak ez du itzala adierazten, zeren argia eta itzala radarrarekiko erreflektibitatearen neurketa baino ez baitira. Adibidez, hauts fin-fineko elurra eta izotz lauak edo koskatsua ez denak ez du barreiatzen radarrak haren kontra bidaltzen duen izpia. Hori dela eta, gune horiek ilun ageri dira mapan. Material latzek ordea, dela izotz hautsiak, direla arroka-eroriek, direla crevasseek, radar-izpia barreiatu egiten dute eta, hori dela eta, radar-seinale nabarmen gisa ageri dira. Sateliteak emandako datu guztiak bata bestearen ondoan jartzen direnean, itxuraz itzalez eta puntu argiz osatutako mapa bat eratzen da, baina jakin behar dugu gune argiak radar-izpia biziki islatzen dela adierazten duela, eta gune ilunak berriz, islatze txikia.

1997an, Hego hemisferioko udaberrian, radarraz hornitutako RADARSAT satelitea puzzle baten piezak biltzen ibili zen 18 egunez, gau eta egun, zientzialariei gure planetako bazterrik urrutikoena eta iristen zailena —Antartika— aztertzen lagunduko dien beste erreminta bat egin ahal izateko. Geroztik, hainbat zientzialarik lanean gogotik jardun dute puzzle horien piezak bata besteari lotzen eta, azkenik, 1999ko urrian aurkeztu dute emaitza: kontinente izoztuaren lehenengo bereizmen handiko radar-mapa, doitasun handikoa.

Satelite mapagileak

Ez da satelite bidez egiten den Antartikako lehen mapa. RADARSATen lana baino lehen egindako azken mapa 1994koa da. Baina aldea nabarmena da: mapa haren osatzea 13 urteko lana izan zen, 1980tik 1994ra bitartean, eta 5 satelite desberdinen irudiak behar izan ziren mapa egiteko. Hala eta guztiz ere, kontinenteko zenbait zati ilun gelditu ziren, hodeiek estali egiten baitzuten.

Lurraren inguruan biraka satelite artifizial asko dabiltza eta horietako askok Lurraren argazkiak egiten dituzte, baina RADARSAT Antartikaren bereizmen handiko irudiak hartzeko gaur egun dagoen tresnarik egokiena da. Horregatik hautatu zuten zientzialariek mapa egiteko. Zergatik? Hiru arrazoi nagusi daude:

  • Lehenik, sateliteak argi egiteko iturria duelako, radarra. Beste satelite batzuek argazki-kameraren antzera lan egiten dute, Eguzkiaren argia erabiliz, hau da, gauzakiek islatzen duten argia erabiltzen dute gauzaki horiei argazkia egiteko. Horrek zer esan nahi du? Gauez ezin dutela lan egin. RADARSATek, berriz, Eguzkiaren argirik behar ez duelarik, eguna zein gaua izan, berdin-berdin lan egiten du.
  • Bigarrenik, radarrak hodeiak zeharkatzen ditu eta, beraz, zerua estalirik nahiz oskarbi dagoela lan egin dezake. Esan beharra dago Antartikako toki asko, egunak joan eta egunak etorri, hodeiek estalita egoten direla.
  • Azkenik, RADARSATek beste sateliteek ez duten ezaugarria du: orbitatzen ari dela bere ardatzaren inguruan bira daiteke, hau da, orientatu egin daiteke.
Elur-traktoreak erabiltzen dituzte ikertzaileek Antartikan ibiltzeko. Traktore horiek elur gainean uzten dituzten arrastoak ere detektatu ditu RADARSATek, hain da zehatza.

Ezaugarri horiei esker, zientzialariek behar beste radar-argazki egin ahal izan dituzte hain denbora laburrean (18 egun). Baina mapa egin ahal izateko Lurrean bertan, Antartikan alegia, egindako neurketa zehatzak ere erabili izan dira. Neurketa horiek Antartika ikertzen diharduten estatuetako ikertzaileek egin dituzte. Alde horretatik, mapa berria nazioarteko lankidetzaren emaitza da eta horri esker lortu du hain zehaztasun handia. Satelitea Kanadako Espazio Agentziarena da, Ameriketako Estatu Batuetako NASAk espazioratu zuen eta hainbat ikerketa-zentro eta unibertsitatek lan egin dute datuak prozesatzen eta osatzen.

Ekialdeko Antartikako izotz-lasterrak
Hona hemen Antartikako izotz-lasterretako bat. RADARSAT misioaren aurretik, zientzialariek oso gutxi zekiten izotz-lasterrei buruz. Orain, lehen aldiz oso-osorik kartografiatu dira. Izotz-lasterrek glaziar erraldoiak dirudite. Uhal garraiatzaileak bailiran, kontinentea sigi-saga zeharkatzen dute izotz hautsia eta elurra eramanez. Batzuk oso handiak dira: ehunka kilometroko luzera eta 50 km-tik gorako zabalera izan dezakete. Gainera, haiek elikatzen dituzten izotz-laster txikiago ugari daude, ibaiadarrak bezala, eta sare konplexu bat osatzen dute.
Izotz-lasterrak 500 metro inguru mugitzen dira urtean; aitzitik, haien inguruan dagoen izotza urtean 25 metro baino ez. Beraz, glaziar arruntak baino askoz azkarrago mugitzen dira. Zientzialariek ez dakite zergatik mugitzen diren hain azkar, ez baitago lurraldean horrelako abiadura eragin dezakeen hain malda handirik. Teoria baten arabera, izotz-lasterren azpia nolabaiteko ohe labaingarria da, izotza haren gainean aise irristatzen dela. Baina teoria hori osatu eta egiaztatu egin behar da oraindik.

Zehaztasuna izugarria da. Hona hemen froga bat: ikerketa-estazioetara joateko erabiltzen diren elur-traktoreek elur gainean uzten dituzten arrastoak ere detektatu dira. Izan ere, Antartikaren azal izoztuar

en bereizmen txikiko

mapak egin dituzten sateliteen begitik aztertuta, izotzezko kontinentea zuri-zuri eta ezaugarri fisiko nabarmen askorik gabe ageri zen. Mapa berria, ordea, kontinentea behatzeko leiho berri eta zabala da, zientzialariei lehendik argitu gabeko puntu askori erantzuna emango diena, baina, aldi berean, beste galdera askorentzako bidea zabalduko duena, lehen inoiz ikusi gabeko ezaugarri bitxi eta harrigarriz horniturik ageri baita orain kontinente zuria.

Izotz-laster txundigarriak

Mapak plazaratu dituen ezaugarrietarik harrigarriena, zalantzarik gabe, izotz-lasterrak dira. Izotz-geruzaren gainean ozeanorantz sigi-saga irristatuz, zizare erraldoiak bailiran, itzuli-mitzuli ibiltzen diren izotzezko ibaiak dira. Zeharkatzen duten izotz-geruza baino 100 aldiz azkarrago higitzen dira. Haiek dira kontinentean erortzen den elur gehiena ozeanoraino garraiatzen dutenak. Zientzialariek, RADARSATen eta beste satelite batzuen datuak erabilita, izotz-lasterren sistema batek urtean 30 kilometro kubiko izotz itsasora ditzakeela jotzen dute, hau da, Bizkaia urtero-urtero 15 metro altuko izotz-geruzaz estaltzeko adina. Izotz-lasterrak Antartikako izotz-geruzako gunerik dinamikoenak dira eta zientzialariek ingurugiro-aldaketekiko oso sentikorrak direla uste dute.

Elur-dunak
Antartikako beste ezaugarrietako bat elurrezko dunak dira. 10 km-ko luzera edo handiagoa izan dezakete, baina basamortuetako hareazko dunak ez bezala, elur-dunak ez dira oso altuak izaten. Duna horien eratze-mekanismoari buruz zalantza ugari dituzte ikertzaileek. Hipotesi baten arabera, muino eta mendixken haizebeko aldetik sortzen diren uhin atmosferiko ahulak dirateke dunen eraikitzaileak, baina hori egiaztatu gabe dago oraindik.

Izotz-laster ikusgarriak ez dira Antartikako ikuskizun bakarra. RADARSATen mapak kontinentea bizirik dagoela erakusten du. Itsasora erori eta puskatutako izotz-puskek inguratzen dute kostaldea, izotz-geruza isuri eta itsasoratu egiten da, sumendiek burua erakusten dute izotz-geruzaren gainean...

Hegoaldeko kontinentearen ikuspegi berria eskaintzen digu, beraz, mapak. Ikertzaileentzako tresna berria izango da eta, hari eta beste datu askori esker, ez bakarrik Antartika baizik eta mundu osoa hobeto ezagutzeko eta gizakiok mundu hori nola alda dezakegun edo, nola beharbada aldatzen ari garen —maila lokalean nahiz globalean—, erakusteko balio izango du.

Larsen izotz-plataforma
Gure planetaren berotze globalak Antartikako Penintsulako izotz-plataformak desegitea eragin zezakeela iragarri zuten zientzialariek 1978an. Sateliteek emandako informazioek iragarpen hori egia bihur daitekeela adierazten dute. Bi argazki horietan argi asko ikusten da kontinentearen itxurazko kostaldea nola aldatu den. Ezkerreko irudia 1992koa da, ERS-1 satelitetik hartua. Eskuinekoa, berriz, 1997koa, RADARSATek egina da eta kostaldea nabarmen aldatu dela erakusten du.1995ean Larsen izotz-plataformako zati handi bat, 2.000 kilometro karratuko azalerakoa (Gipuzkoa baino handiagoa), mila puskatan hautsirik, plataformatik bereizi eta itsasora erori zen. Izotz-plataformaren haustura zerk eragin zuen ez dago garbi oraindik, zientzialariak ez baitira ados jarri. Teoria baten arabera, klima-aldaketa lokala izan zen erantzulea: Antartikako uda batzuk ohi baino epelagoak izan ziren jarraian eta horrek eragin zuen plataformaren azalaren urtzea eta, ondorioz, haustura. Beste teoria batek, ordea, hausturaren eragilea klima-aldaketa globala, planetaren berotze globala alegia, izan zela argudiatzen du.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila