Espazioko mentura 1990.eko hamarkadan

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Espazioko menturak zuzperraldia izango omen du datorren hamarkadan. Ilargiratzea gertatu ondoren, espazioa konkistatzeak bere xarma galdu zuen jendearentzat. Azken hogei urteotan lortutako emaitza zientifikoak aurreko urtetakoak baino garrantzitsuagoak izan dira ordea. Hala ere, giro hotza izan du espazioko menturak. Martitzeratzeko proiektuek, lilura eta erakargarritasunez kutsatu dute berriz astronautika.

Granat sateliteak pultsareak eta antzeko objektu energetikoak aztertuko ditu.

1960.eko hamarkadan giro eta aire berezi nahiz errepikaezinak bizi izan ziren espazio-esplorakuntzaren inguruan. Espazioan sateliteak jarriaz mundu berri eta ezezaguna irekitzeak hasiera batean eta bi potentzia handien artean lehenbizi ilargiratzeko piztutako lehiak gero, jende xehearen begiak zerura begira jarri zituen. Prozesu horren gailurrik distiratsuena, iparramerikarrek gizakia Ilargian pausatzean lortu zen.

Harez gero, giroa epelduz joan zen eta azkenik hotz eta urrun bilakatu zen. Espazioko berriak egunkaritako lehen orrialdetatik zientzi orrialdetara zokoratu ziren. Jende arruntak bizkar eman zion espazio-esplorazioari eta besteak beste, horretan erabilitako dirutzak alferrik xahutzen ari ez ote ziren, sarritan zalantza egin zen. Lehen ez zitzaion gastatzen zen diruari mugarik jartzen; jartzea pentsatu ere ez zen egiten. Gero, zientzi zirkuluetatik at gutxik defendatu zuen ideia hori.

Baina, maiz jazoten den legez, astronautikak arazo ekonomikorik larrienak (EEBBetan bederen) pairatu dituen urteetan eman ditu fruiturik oparo eta naharoenak: Viking eta Fobos zundek Martitz; Venera serieko zundek lainoz estalitako Artizarra; Pioneer eta Voyager izenekoek kanpo-planeta erraldoiak; Vega eta Giotto k Halley kometa; transbordadore espazialak; estazio espazialak; laborategi espaziala; IRAS etab.

1990.eko hamarkadak aro berri bati emango dio hasiera espazioaren esplorakuntzan. Alde batetik, jendartean espazioarekiko jakinmina eta interesa berpiztu duen Martitzen esplorazioari kemen eta indar berriz ekingo zaio, helburua gizakia Martitzen jartzea delarik.

Zehatz-mehatz aztertuko ditu Jupiter eta bere sateliteak Galileo k. Irudian Io satelitea.

Bestetik, estatu desberdinen arteko lankidetzari esker burutuko dira misio gehienak. Zeharo garrantzitsu deritzogu horri. Izan ere, garai bateko mesfidantza eta lehia-giroa alde batera utzirik, elkarlana proiektu handien giltza eta bideragarritasun-bermea izango da. Espazio-esplorazioak sortzen dituen gastuak handiegiak dira estatu bakar batek bere gain hartu ahal izateko.

Gainera, espazio-arlora ezezik lankidetza beste giro batzuetara ere heda daiteke, munduko herri desberdinak elkar ezagutzen eta beren arteko tentsioak lasaitzen ezpairik gabe lagunduko duelarik.

Bukaera

Aipatutako hauek, aurrikusitako misioetako batzuk dira. Hauetako batzuk gainera ez dira akaso iragarritako datan egingo eta baliteke inoiz ez egitea. Baina misio guzti horiek erabat harturik, gure sistema eta Unibertsoari buruzko galdera askori emango diote erantzuna eta aldi berean, beste makina bat berri ere planteatuko dituzte. Beraz, datorren hamarkada oso interesgarria izango denik ezin uka.

Emaitzen berri Elhuyar. Zientzia eta Teknika gure aldizkarian zuei ematen ahaleginduko gara.

Oharra: Irudia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.