Esneki berriak ekoitzi nahian

Atxotegi Alegria, Uhaina

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Euskal Herrian esne anitz ekoizten da. Biltzen diren litro horietatik guztietatik kopuru handi bat esne gisa saltzeko baliatzen da, eta gainerakoa gaztak, jogurtak, gurinak edo beste hainbat esneki egiteko.

Supermerkatuetako esnekien gunean sartzean, eta bereziki jogurtenean, produktuak erraz bereizten dira. Alde batetik, etxe ezagun eta handiek eskaintzen dituztenak izan ohi ditugu, eta, bestalde, Euskal Herrian kantitate askoz ere txikiagoan ekoizten dituzten etxeenak. Normalean, izen euskalduna izateaz gain, artisau-kutsu bat ere izaten dute gehienek. Baina maiz zail da produktu batzuk besteetatik bereiztea.

Markinako Lea-Artibai Lanbide Heziketako ikastetxea, hain zuzen ere, esneki ezberdinak sortu nahian dabil. Aste batzuk besterik ez dira proiektu berri horrekin hasi direla.

Gainerakoetatik bereiztuko diren esnekiak

Enpresa pribatu batek Lea-Artibaiko ikastetxera jo zuen ekoizten duen esnearekin produktu berriak egiteko asmoz. Izan ere, ikastetxe horretan esnekiak ekoizteko eta aztertzeko instalazio bat dute.

Orain arte enpresa horrek esnea besterik ez du ekoitzi eta hemendik aurrera esne horri balio erantsia eman nahiko lioke eta gainerako esnekietatik bereiztuko den produktua egin.

Gazta frantsesen antzekoak ekoiztea da Lea Artibaiko irakasleen helburua.

Produktua oraindik definitzeko dago baina, esnekien arloan (beste gehienetan bezala) lehiakortasun handia dagoenez, berezitasun bat lukeen produktua kaleratu nahiko lukete.

Proiektu horren buru Nahia Andonegi irakasleak eta bere taldekideek, oraingoz behintzat, bi esneki hautatu dituzte: jogurta eta gazta. Jogurta aukera anitz eskaintzen duen produktua da. Izan ere, hamaika era daude jogurta jateko: marmeladarekin, frutekin, zerealekin… eta abar. Gainera, jogurta asko saltzen da.

Beraz, produktu hori aztertzea erabaki dute. Nahia Andonegiren iritziz, “jogurtaren trinkotasunarekin asko joka daiteke”. Esne kondentsatua edo esne deshidratatua gehitzen ahal zaizkio lodiera ezberdina izan dezan. Horrela, beste jogurtetatik bereiz daiteke, betiere gustua aldatu gabe. Horrez gain, artisau-kutsua lukeen produktu bat sortu nahiko lukete.

Ekoizteko fase ezberdinak

Produktu hori sortzeko, hainbat fase pasa behar dituzte. Lehenik, esnearen kalitate-kontrolak nola egiten diren ikasi behar dute. Momentu honetan, hain zuzen ere, pertsona batek gai hori aztertzen dihardu. Bestalde, edozein produktu ekoitzi aurretik eskaera egin dien enpresak zein motatako esneak dituen aztertu behar dute. Hau da, besteak beste, esne bakoitzak zenbat olio edo proteina duen jakin behar dute, garrantzi handia baitu produktu bat edo beste bat ekoizterako orduan. Zein produktu-mota ekoitzi nahi duten erabaki ostean, tresneria egokia hautatu eta erosteko garaia helduko da. Eta, azkenik, produktu bakoitzak dastaketa-probak pasatu behar ditu (trinkotasuna, usaina, kolorea... aztertu beharra dago).

1. Gazta-tanga; 2. Esne-pasteurizagailua; 3. Jogurta ekoizteko tresna; 4. Jogurt-inkubadora.
Argazkiak: U. Atxotegi

Jogurtaz gain, Euskal Herrian oraindik ere ekoizten ez diren gaztak egiten hasi nahiko lukete. Nahia Andonegiren aburuz, Idiazabal gazta ospetsuarekin lehiatzea ia ezinezkoa da, eta, beraz, frantziarren gaztak eredutzat hartuta antzekoak egiten saiatu nahiko lukete. Izan ere, Frantziak gazta-arloan kultura handia du eta bertan saltzen dituzten gazta anitz gustukoak izan arren, Euskal Herrian ez da inor animatu horiek ekoizten. Camembert, Brie, Roquefort edo beste hainbat gazta egiten saiatzea da Lea Artibai ikastetxeko irakasle batzuen asmoa.

Proiektu honek, helburu komertziala izateaz gain, Lea-Artibaiko ikasleak arlo honetan formatzeko balioko du. Urte-bukaerarako produktu berria definitu eta lehen laginak aurkezteko asmoa dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila