Eskailera-sugea, eguzkizale liraina

Eskailera-sugeak, Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Sugeak aipatzen direnean, jendeari gehienetan ikara, nazka, zirrara, eta antzerako sentimenduak sortzen zaizkio. Ez naiz hemen sentimendu horien ezkutuko arrazoien bila hasiko, baina guzti hauen ondorioz sugeen mundua aski ezezaguna gertatzen zaio sarritan kaletarrari nahiz baserrian edo mendian bizi den edonori.

Eskailera-sugea ikaragarri eguzkizalea dugu, eta ordu luzez egon daiteke astro eskuzabalak bidalitako izpi beroez gozatzen.

Herpetologian zaletu direnek ordea, ondotxo dakite sugeak ditugula seguruenik gure faunako arteko animaliarik miresgarri eta dotoreenak, eta horretarako paradarik izanez gero ordu luzeak eman daitezkeela berauen mugimendu eta ihardunei gozamenez begira.

Eskailera-sugea ( Elaphe scalaris) gure Herrian ikus daitezkeen sugeen artean eder eta lirainenetarikoa dugu. Suge luzea da berez, eta normalean 1 m ingurukoa izaten bada ere, 1,5 m-raino ere irits daiteke, luzera totalaren bosten bat isatsak osatzen duelarik. Ezkata dortsalak launak ditu, eta hauek 27 lerro eratzen dituzte soinaren erdi aldean (ikus 2. irudia). Ezkata bentralak berriz, zabalak izan ohi dira, eta beren kopurua 200 eta 220 artekoa izaten da. Azkenik, ezkata subkaudalak –alde bentralean uzkitik atzerantz hedatzen direnak– 48-68 alez osaturiko bi lerrotan antolatuta dauzka.

1. irudia. Eskailera-sugearen buruaren bista dortsala.

Eskailera-sugearen burua zabala eta ongi definitua izan ohi da, eta bertan bi ezkata parietal zabalak oso nabarmenak dira (ikus 1. irudia). Horrez gain, ezkutun itxurako ezkata frontal nabariak punta zorrotza du atze alderantz. Honen alde bietara supraokularrak (alde bakoitzean bana) ikus daitezke, eta buruaren aurre aldera joz bi prefrontal (luze baino zabalagoak), eta bi internasal. Ezkata errostral handia, zabal baino luzeagoa, azpimarratzekoa da halaber; internasalen artean eta hauen erdiraino iritsiz luzatzen bait da atzerantz.

Eskailera-sugea (Elaphe scalaris) gure Herrian ikus daitezkeen sugeen artean eder eta lirainenetarikoa dugu.

Kolorazioari dagokionean, helduek alde dortsal arre argi uniformea dute, bertan eta erdi-lerroaren alde bietara bi marra longitudinal paralelo ilunagoak izaten dituztela. Ale gazteengan bi lerro hauek zeharkako marra ugariz lotuta ageri dira, eskailera antzeko bat irudikatzen dutelarik, eta bortatik datorkio suge honi bere izen bitxia. Bestalde, buruaren alde bietara, eta begitik atzerantz eta kanporantz, marra ilun nabarmen bana izaten du. Alde bentralari dagokionez berriz, helduengan hau zuri edo horiska izaten da; orbainik gabekoa. Gazteengan ordea, eta salbuespen gisa, orbain ilunak ikus daitezke zenbait aletan.

Eskailera-sugea narrasti lehortarra eta lehorzalea dugu, egunez diharduena, eta normalean lurrean bizi den arren trebezia handia ageri du zuhaitz eta zuhamusketara ere igotzeko, ehizakiren baten bila, edota bestela eguzkia hartzeko gogo hutsez. Izan ere suge hau ikaragarri eguzkizalea bait dugu, eta ordu luzez egon daiteke astro esku zabalak bidalitako izpi beroez gozatzen.

Bere mugimenduak azkarrak eta lirainak dira, eta ondorioz ikaragarri ehiztari bikaina dugu. Bere ehizakien artean mikrougaztunak, txori eta txitoak, sugandilak eta musker gazteak dira nagusi, eta guzti hauek konstrikzioz akabatzen ditu berehala irentsi aurretik. Era berean, erasokorra da oso eta ez du oldarkortasun handienaz hozka egiteko inolako zalantzarik izaten, bere burua arriskutan dagoenaren susmorik badu. Eskailera-sugeak ez du pozoinik ordea, eta bere hozkadek ez dute inolako ondorio larririk sortzen, baina sarritan erasotzailea uxatzeko aski izan daitezke.

Helduek alde dortsal arre argi uniformea dute, bertan eta erdi-lerroaren alde bietara luzetaraka bi marra paralelo ilunagoak izaten dituztela.

Araldia udaberriaren azkenetan gertatzen da; maiatza eta ekaina bitartean. Ernalketa burutu eta hiruzpalau astera, emeak 6-24 arrautza luze-horiska errungo ditu lurreko zulo edo harriazpiren batean. Arrautza hauek 2 x 5 cm-ko egitura zimur eta horiskak izaten dira. Uda bukaeran bertatik jaioko diren sugetxoek 20 cm-ko luzera izango dute munduratzean, eta une horretatik bertatik beren bizimodua egiteko gai izango dira, inoren laguntzaren beharrik gabe. Lehen hilabeteetan matxinsaltoak eta antzerako intsektuak ehizatuko badituzte ere, hazten doazen neurrian gero eta ehizaki handiagoak atzemango dituzte, pixkanaka beren gurasoak bezain ehiztari bikain izatera iritsiz.

Baina eskailera-sugea, ehiztari izateaz gain ehizaki ere bada, eta ez arrano sugezalea edo beste harrapakarien aldetik soilik. Izan ere suge honen okela jaki preziatutzat jotzen bait dute gizakiek ere, eta orain oso ohizkoa ez den arren, garai batean jan egiten zen. Bestalde, Erriberako zenbait herritan eskailera-sugearen gantzei sendatzeko ahalmena atxeki zaie, zauriak osatzeko erremedioetan lehengai gisa erabiltzen delarik.

Bere mugimenduak azkarrak eta lirainak dira, eta ondorioz, ikaragarri ehiztari bikaina dugu

Narrasti hau batipat sastrakez hornitutako leku harritsu eta lehorretan, larre-bazterretan, baso bakanduetan, nekazal alorren arteko palaxuetan, edota horma-zuloetan aurki daiteke batik bat, beti ere ingurune heze eta hotzetatik at, eta, beraz, eskualde menditarretatik kanpo.

Banaketa geografikoari dagokionean, eskailera-sugea espezie mediterraniarra dugu, frantziar estatuko hego-ekialdean, eta iberiar penintsulan bizi delarik, nahiz eta azken honetan, iparraldeko eskualde hezeetan falta den. Euskal Herrian halaber, eskualde mediterraniarrean aurki genezake: Araban Ebro ibaiaren inguruetan, eta Nafarroan berriz, erdi-alde eta hegoaldean.

Erriberako zenbait herritan eskailera-sugearen gantzei sendatzeko ahalmena atxeki zaie, zauriak osatzeko erremedioetan lehengai gisara erabiltzen delarik.

Dena dela, suge hau gero eta ikusgaitzagoa ari zaigu gertatzen, espezieak pairatzen duen erregresioa dela eta. Urritze-prozesu honen arrazoiak beronen habitatak kokatzen direneko ingurunearen eraldaketa bortitzean aurki genitzake. Izan ere nekazal alorrek landaredi naturala ordezkatu bait dute leku gehienetan, eta bestalde, nekazaritza estentsiboaren ondorioz, alorren arteko palaxuak eta baso eta sastrakadi txikiak ere gero eta gutxiago dira, suge dotore honen bizilekuak ere geroz eta murritzagoak izanik. Beraz, eta beste zenbait espezierengan gertatzen den legez, eskailera-sugearen babesak ingurunearena eskatzen du, eta palaxu, eta sastrakadi eta baso txikiena bereziki.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group