Enbrioi bat, haurdunaldi bat

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Lagundutako ugalketaren tekniketan, in vitro ernalkuntzak du haurdunaldi-tasa onena. Eta orain erronka handi bati egin behar dio aurre: enbrioi bakarra transferituta lortzea haurdunaldia. Horretarako, berebizikoa da laborategian ernaldutako enbrioien artean kalitate onenekoa zein den bereiztea.
Enbrioi bat, haurdunaldi bat
2010/04/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: © iStockphoto.com/Henrik 5000)

Donostiako Quirón ospitalean, Miren Mandiola doktorea bederatzi enbrioiren aurrean dago. Hiru egunen ondoren bizirik jarraitzen duten enbrioiak dira. Hamabost obozito erauzi zizkioten haurrik izan ezin zuen emakume bati, obarioak hormonekin estimulatu eta gero. Obozito bakoitzari espermatozoide bat sartu zion Mandiolak, mikroinjekzio bidez. Bada, hamabost haietatik bederatzi enbrioik egin dute aurrera. Eta, orain, bederatzi horietatik hiru aukeratu behar ditu emakumeari ezartzeko. Ez da edonolako erabakia, enbrioiaren kalitatearen baitan baitago haurdunaldia lortzeko probabilitatea.

Mandiolak hainbat ezaugarri izaten ditu kontuan enbrioiak aukeratzeko: "Irizpide morfologikoen arabera egiten dugu aukeraketa". Irizpide bat hazte-abiadura da: "obozitoa espermatozoidearekin ernaldu, eta, 48 ordura, lau zelula izan behar ditu, hori da estadio perfektua, eta 72 ordura estadio perfektua zortzi zelulakoa da". Kalitate morfologikoa neurtzeko puntuazio antzeko bat egiten dute. "Badira hainbat ezaugarri morfologiko enbrioiaren eboluzio onaren edo txarraren seinale direnak. Behar baino zelula gehiago edo gutxiago baditu, ez da egokia; zelulak tamaina berekoak ez badira, ezta ere; detritu-zatiak baditu, ezta ere. Puntuazio altuena duten bi edo hiru enbrioi aukeratzen dira, umetokiari itsasteko ahalmen handienekoak direlakoan".

Baina itxura oneko enbrioiek ez dute zertan sanoak izan. "Itxura oneko enbrioi asko transferitzen ditugu, baina proportzioan oso emakume gutxi geratzen dira haurdun" azaltzen du Mandiolak. Enbrioi horietako batzuk mutazioak izan ditzakete geneetan, edo aneuploidiak, hau da, kromosoma-kopuru anormala. Halako kasu askotan enbrioiak ez dira itsasten, edo itsatsi eta hiru hilabete baino lehen abortua eragiten dute. Enbrioi horiek baztertzeko modu bakarra, gaur egun, diagnosi genetiko bat egitea da, Ezarpenaren Aurreko Diagnosi Genetikoa (DGP).

Baina diagnosi genetikoa ez da beti egiten, kasu jakinetan bakarrik. Esate baterako, gaixotasun genetiko larri bat duten familietan, gaixotasuna ez duten enbrioiak aukeratzeko. Huntington-en gaixotasuna, fibrosi kistikoa, edo Steinert-en distrofia muskularra, adibidez. Emakumeak behin eta berriz abortuak izan dituenean ere egiten da DGPa, abortuen jatorria enbrioien kromosomen ezohiko kopuruan edo egituran egon daitekeelako.

DGPa egiteko, enbrioiari zelula bat erauzten zaio; hortaz, teknika inbasibo bat da. "Enbrioia manipulatzea ez da ona, noski" kontatzen du Mandiolak, "zenbat eta gutxiago ukitu, hainbat hobeto; bideragarriagoa izango baita. Dena dela, DGPa egiteko erabiltzen diren teknikekin aurrera egiten du enbrioiak normalean, garatzeko ahalmen ona badu. Horregatik, DGPa enbrioiaren estadio egokian egin behar da, 6 eta 8 zelula artean dituenean. Horrela enbrioia hazten jarraitzeko gai da, nahiz eta zulo bat egin eta zeluletako bat erauzi".

Miren Mandiola enbrioiak inkubagailuan sartzen. Donostiako Quirón Ospitaleko Ugalketa Lagunduko eta Genetikako laborategiko zuzendaria da Mandiola. Arg.: Nagore Rementeria.

Enbrioien uberan

Enbriologoek eskertuko lukete enbrioi sanoak aukeratzen lagunduko liekeen teknika bat, azkarra, erraza eta ez-inbasiboa. Baina, gaur egun ez dago horrelakorik. Embryomics-en horretan ahalegintzen ari dira; enbrioien hazkuntza-inguruneko metabolitoak aztertzen dituzte, enbrioien osasunari buruzko informazioa lortzeko. Metabolomikaren esparrukoa da ikerketa hori. Embryomics-eko Francisco Dominguez-en ustez "enbriologoei eta ginekologoei enbrioien aukeraketan lagunduko dien informazio biokimikoa ematera dator metabolomika".

Metabolitoak enbrioiaren metabolismoan agertzen diren molekulak dira, enbrioiak elikatzeko ingurunetik hartzen dituenak, edo hondakin gisa kanporatzen dituenak. Glukosa, pirubatoa, laktosa..., esate baterako, metabolitoak dira.

Embryomics enpresa lagundutako ernalkuntzaren testuinguruan sortu zen, Valentziako IVI Fundazioan. Ikerketa-proiektu bat zen jatorrian, eta, arrakasta izan zezakeela ikusita, Bizkaiko Parke Teknologikoko Biokabira etorri ziren, bioteknologia-arloko enpresak sortzeko gunera, hain zuzen ere. Embryomics-en DGPa egindako enbrioien hazkuntza-inguruneak aztertzen dituzte. Horrela, ingurunearen azterketa metabolomikoa eta DGParen emaitza pareka ditzakete, hau da, enbrioi normalen eta ez-normalen metabolitoen profilak konparatzen dituzte.

Enbrioia hazten egon den ingurunea honelako hoditxoetan jasotzen dute Enbryomics-en. Arg.: Zaloa Larreategui/IVI.

Dominguezen esanean, "anomalia kromosomiko ugariko enbrioiak eta normalak % 100ean bereizten dira metabolitoen profilari begiratuta. Beste kasu batzuetan bereizketa ez da hain garbia; adibidez, monosomia bakar bat dagoenean --kromosoma-bikote bat beharrean kromosoma bakarra dagoenean-- zailagoa da desberdintasunak topatzea, enbrioi normaletik gertuago dagoelako, baina kasu horietan ere bereizten dira".

Bereizketa hori egiteko, milatik gora metabolito analizatzen dituzte. "Oso lagin konplexuak dira, metabolismoak metabolito ugari ditu, eta guk ahalik eta gehienak analizatzen ditugu", azaltzen du Dominguezek. "Metabolito horietako batzuk ezagutzen ditugu, baina gehienak identifikatu gabe ditugu; besterik gabe, masaren eta erretentzio-denboraren arabera bereizten ditugu". Izan ere, analisirako erresonantzia magnetikoa eta masa-espektroskopia erabiltzen dituzte. Kontzentrazio oso txikiak neurtzeko gai dira teknika horiekin. Baina tresneria oso garestia da, eta jende trebatua behar da. Horregatik, Embryomics-ek Owl Genomics-ekin batera egiten du lan: azken honek baliabide teknikoak eta metabolomikan duen esperientzia jartzen ditu. Zentro hori ere Bizkaiko Parke Teknologikoan dago.

Proiektu bat, oraingoz

Urtearen amaierarako emaitzak publikatuta izango dituztela espero du Dominguezek; hala ere, argi utzi nahi du: "proiektu bat da, eta, oraingoz, ikerketa-fasean gaude; baina produktua garatzen ari gara, eta, hasiera batean, behintzat, IVI klinikei eskainiko diegu". Eskainiko dutena zerbitzu bat izango da. Laborategian enbrioiak hazitako inguruneak jaso (40 mikrolitro inguruko tantatxoak) eta Embryomics-era bidaliko dituzte; 24 orduren bueltan jasoko dute emaitza. Horri esker, "enbrioi normalak eta ez-normalak hobeto bereizi ahal izango ditu enbriologoak".

Francisco Dominguez Embryomics enpresaren zuzendari zientifikoa da. Enpresa berria da, eta ikerketaren lehenengo emaitzak urtea amaitu baino lehen argitaratzea espero du. Arg.: Monika del Valle/ARGAZKI PRESS.

Tresna bat gehiago izango da enbriologoarentzat. Mandiolaren iritziz, "seguruenik hemendik urte batzuetara metabolomikak aplikazio kliniko garbi bat izango du. Baina berde samar dago oraindik. Eta, horretaz gain, metabolomikak esango du ze enbrioi itsatsiko den errazago, ikuspegi kromosomiko batetik. Kasu normaletarako balioko du, ohiko in vitro ernalkuntzetarako. Baina ez DGPa ordezkatzeko. DGPan zeren bila zabiltzan garbi izan behar baituzu".

Esther Fernandez bat dator Mandiolarekin. Espainian DGPak egiten aitzindarietako bat izan zen enbriologo honi iruditzen zaio giza enbriologian aplikazio asko izan ditzakeela metabolomikak, baina ez omen da bete-betean DGParen ordezkoa izango. Azaltzen duenez, besteak beste "gaixotasun larri baten eramaileak diren bikoteen enbrioietan erabiltzen da Ezarpenaren Aurreko Diagnostiko Genetikoa (DGP), bai eta gaixotasun genetiko jakinak edo asaldura kromosomikoak --heredagarriak biak-- diagnostikatzeko ere. Eta DGP hori ezingo du inoiz metabolomikak ordezkatu".

Dena dela, Fernandezek metabolomikari paper garrantzitsua ikusten dio enbriologiaren erronka handienetako batean: enbrioi bakarra transferitzean, hain zuzen ere. Enbriologoa hainbat enbrioiren artean aukeratzeko kinkan dagoenean, puntuaketa morfologikoaz gain beste datu bat izango luke, aukerarik onena egiteko.

Gaur egun, ordea, Mandiolak azaldu bezala, haurdunaldi kopurua txikia da, ezartzen diren enbrioi kopuruarekin alderatuta (%40 - %50), horregatik, bi-hiru enbrioi transferitzen zaizkio amagaiari ziklo bakoitzean; ahal denean, behintzat. Horrek haurdunaldi anizkoitzak izateko arriskua dakar; eta bikien --eta, batez ere, hirukien-- haurdunaldia berez da arriskugarria amarentzat zein haurrentzat. Horregatik, ideala enbrioi bakar bat transferitzea izango litzateke; horretarako, ordea, segurantzia handia behar da enbrioi horrek aurrera egingo duela. Horretan datza, beraz, metabolomikaren erronka handia: enbrioi bideragarriena aukeratzeko tresna izatea.

Diagnosi genetikoa egiteko, enbrioiari zelula bat erauzten zaio blastozito fasean dagoenean. Arg.: © iStockphoto.com/Raulov.

Enbrioi bat berdin haurdunaldi bat ekuazioa, oraingoz, behintzat, errealitatetik urrun dago. Laborategian, bederatzi enbrioi haietatik hiru onenak aukeratu ditu Mandiolak, eta, kirofanoan, emakumeari transferitu dizkiote. Orain horietakoren bat itsatsiko den esperantzan zain egotea besterik ez da gelditzen.

Rementeria Argote, Nagore
3
263
2010
4
018
Biologia; Osasuna; Genetika; Teknologia
Artikulua
28
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila