Emakumeek zientzia "ofizialaren" garapen historikoari eta gizakion garapenari eginiko ekarpena. Zenbait datu.

Zientziaren garapen historikoari dagokionez, zientziaren izaera androzentrikoaren1 ondorioetariko bat emakumezkoa historiatik eta ezagupenetatik baztertzea izan da, gizartearen bizitza-kalitatea hobetzeari emakumeek egindako ekarpena ezkutatuz edo
kontuan ez hartuz.

Horrela, neskak eta emakumeak zientzia-arloan aritu diren emakume-eredurik gabe aurkitzen dira (Marina Subirats eta Cristina Bruillet, 1990). Eta identifikazio-eredu horren faltak emakumeengan zientzia-arloetatik aldentzeko joera indartzen du.
Gizadiaren aztarnak ezagutzen direnetik, emakumeek parte hartu dute zientziaren garapenean, baina honen historia androzentrikoan ikustezin bihurtu dira bai beraiek eta baita beren ekarpenak ere.

"Emakume landare-biltzailea" lehenengo "botanikari"-tzat har daiteke; nekazaritzaren sortzailea ere izan zen, bai eta buztingintza eta elikagaien kontserba-prozedurak asmatu zituena. Historia idatziaren aurreko garaian, hau da, gure aroaren aurreko 8000. urtetik 3000. urtera bitartean, emakumeak aurkitzen ditugu Ekialde Hurbilean materialen eraldaketari buruzko ezagupen enpirikoak lortu zituzten pertsonen artean. Emakumeek lehen aldaketa kimikoak eragin zituzten: buztina berotuz aluminio silikato hidratatuaren ura kendu eta lur egosia lortzen da. Lorturiko substantzia horrek ezaugarri oso diferenteak dauzka, ez baita moldagarria eta ezin baita urez desegin ere.

Ardatzaren errotazio-mugimenduaz zenbait zuntz natural, hala nola, artilea, lihoa, eta gero kotoia eta zeta, hari bihurtu zituzten, molekulen ordenamendu diferenteak sortaraziz. Halaber, garai horri dagozkio honako ezagupen hauek ere: landareak, beren laborantza eta uzta; haiek landatu, bildu eta elikagai bihurtzeko lanabesak; ogia egiteko eta likore hartzitua lortzeko prozesu biokimikoa. Emakumeak, orobat, lehen aldiko asmatzaileak izan ziren, tresnak eta zeramikazko objektuak egiten eta gurpila erabiltzen. Prozesu horiek guztiak, ditugun datu etnografikoen arabera, emakumeen eskuetan egon ziren nagusiki. Aipaturiko jakintza praktiko horien transmisioa gaur egunean zientzia deritzogunaren jatorrian bertan dago (Nuria Solsona, 1997).

Kristo aurreko bigarren milurteko buztin egosizko pieza batzuetan idazkera kuneiformez, lehengo emakume kimikarien izenak agertzen dira: Mesopotamiako Tapputi-Belatekallim eta (…) ninu, lurringintzan aritu ziren eta materiari buruzko antzinako testu bat idatzi zuten (Sherida Houlihan eta John H. Wotiz, 1975).

Alexandriako Hipatia
370-415

Bestalde, medikuntzaren hastapenetan jardun zutenak, hau da, sendagileak, emaginak eta belagileak ere emakumeak izan ziren (Medikuntza Unibertsitatean sartu arte, orduan gizonen eskuetan gelditu zen eta emakumeei sarbidea debekatu egin zitzaien). Barbara Ehrenreich-ek eta Deirdre English-ek (1981) diotenez: Emakumeak Mendebaldeko historiaren lehen medikuak eta anatomistak izan ziren. Lehen farmakologoak izan ziren beren sendabelarrez baliatuz... Mendeetan zehar titulurik gabeko medikuak izan ziren, liburu eta zientzia ofizialetik kanpo utzitakoak. Herriko jendeak emakume jakintsu deitzen zieten eta agintariek, berriz, sorgintzat hartzen zituzten…

Baina natura azaltzeko eredu eta teoria handiak lantzen dituen zientzia ofizialak gizakien garapenerako funtsezkoak ziren "aurrerapen teknologiko" hauek ez zituen zientziatzat jo, gizonen eskuetan egon arte.

Zientzia ofizialari dagokionez, parte hartu duten emakumeak ikustezin bihurtu dira hainbat gertaeragatik; hona hemen hauetariko batzuk:

  • Kasu batzuetan ahantzi egin dira; adibidez, Alexandriako Hipatia (370-415) filosofoa, matematikaria (ekuazio diofantikoak garatu eta Euklides eta Ptolomeoren lanei buruzko iruzkin kritikoak egin zituen) eta asmatzailea (ura distilatzeko tresna bat, hidrometroa, astrolabio laua asmatu zituen); Hildegard Bingeneko Abadesak (1098-1179), kosmoari buruzko ikerketa teorikoak egin zituen, eta berak idatzitako medikuntza eta botanikari buruzko tratatuak garai hartako aurreratuenak izan ziren; halaber, olerkaria eta musikagilea izan zen eta iaz, hain zuzen ere, bere jaiotzaren 900. urteurrena ospatu zen musika esparruan; Maria Gaetana Agnesi (1718-1799) matematikaria, 1748an L'Hopitaletik Eulerreraino kalkulu diferentzial eta integralari buruzko trataturik osoena idatzi zuena (Instituzioni Analytiche); halaber, hirugarren graduko kurben ikerketari buruz berak egindako ekarpenak "Agnesiren kubika" du izena (Lynn M. Osen, 1982).
  • Beste batzuk ikerkuntzetan gizonezkoekin batera aritu eta itzalean geratu dira: Theano (K.a. VI. mendea) filosofoa, matematikaria eta sendagilea, Pitagorasen emaztea; Marie Anne Paulze "Lavoisier" (1758-1836), bere senarrarekin batera kimika modernoaren hastapenak finkatu zituena; Caroline Herschel (1750-1848) astronomoa, bere nebarekin lan egin eta zortzi kometa aurkitu zituena; Ada Augusta Byron Lady Lovelace (1815-1852) matematikaria, Charles Babbagekin batera lehen kalkulu makinen2 programazioaren formulazio matematikoan lan egin zuena (Marilyn Bailey Ogilvie, 1988;
    Caroline Herschel
    1750-1848
    Margaret Alic, 1991, Nuria Solsona, 1997).
    XX. mendeari dagokionez, Rosalind Franklin (1920-1958) ADNren egitura aurkitu zuen laukote bateko partaidea izan zen: lan honek 1962-an Nobel Saria irabazi zuen, baina Rosalindek ezin izan zuen saria jaso lau urte lehenago hil zelako. Bere partaidetza funtsezkoa izan arren, gutxietsia izan zen, bere lankideek, Maurice Wilkins-ek batez ere, laguntzailetzat hartu baitzuten. Rosalind Franklinen lanek bide eman zieten James Watson eta bere kolaboratzaileari (Francis Crick) ADN molekularen egitura helikoidala aurkitzeko, Watsonen ikerketaren akatsak zuzentzean (Anne Sayre, 1997).
    Oso aipagarria da halaber, azken urteotan sortu den polemika, Albert Einsteinen erlatibitatearen teorian Mileva Maric-ek izandako parte hartzeari buruz. Albert Einsteinen argi, espazio eta denborari buruzko teoria bikainen atzean, haren lehen emaztea izan zen Mileva Maric egon zitekeen, bien arteko gutunak aztertu dituzten ikerlari estatubatuar baten eta beste alemaniar baten arabera. Baliteke Einsteinek 1905ean argitaratutako artikuluetan (1921ean Fisikako Nobel Saria eman ziona tartean) Maricek orain arte uste baino partehartze handiagoa izatea.
    Evan Harris, Maryland-ko (Estatu Batuak) Aberdeen-go laboratorio militarreko fisikariak, Mileva Maric zientzialari ahaztuaren defendatzaile nagusia denak, 1905. urtea baino lehen Einsteinek eta Maricek elkarri idatzitako eskutitzetatik ateratako esaldiak aipatzen ditu. 1901eko eskutitz batean hauxe idatzi zuen Einsteinek (1990): "A zernolako zoriona eta harrotasuna izango ditugun mugimendu erlatiboari buruzko gure lanaren emaitza arrakastatsua lortzen dugunean". Walkerren esanetan, Einsteinek "gure lana" edo kolaborazioa aipatzen duen beste hamar adibide daude. Gainera, zientzialariaren eta haren lehen emaztearen arteko dibortzio-akordioan Einsteinek etorkizunean irabaz lezakeen edozein sariren irabaziak emazte ohiak jasoko zituela hitzartu zuen eta horrela egin zuen Einsteinek 1921ean Nobel saria irabazi zuenean (EL PAIS, 1990eko martxoaren 29a).
  • Beste batzuen ekarpenak estalirik iritsi zaizkigu, gizonezkoen izenen azpian: Trotula Salernokoak XI. mendean emakumeen gaixotasunei buruzko tratatu bat (Passionibus mulierum) idatzi zuen, baina Eros Juliae gizonezko izenarekin agertu zen 1566ko argitalpen batean. Sophie Germain (1776-1831) matematikariak M.
    Marie Anne Paulze-Lavoisier eta Antoine Lavoisier, 1788. urtean.
    Le Blanc izenez izenpetzen zituen lanak, eta 1816an, bere berezko izenarekin, Frantziako Zientzietako Akademiaren Sari Handia irabazi zuen, gainazal elastikoen bibrazioen azalpenagatik; bestalde, zenbakien teorian ere aritu zen (Amy Dahan, 1992). Catherine Littlefield "Greene"k 1794an kotoia desmotatzeko makina (cotton gin) asmatu zuen Ely Whitney bere enplegatuarekin, baina Elyren izenez erregistratu zuten asmakizunaren patentea (Frances A. Karnes eta Suzanne M. Bean, 1995).
  • Emakumeek zientziari eskainitako beste partaidetasun-mota bat zientzialarien lan eta ikerketen dibulgazioa izan da, batez ere, XVII. eta XVIII. mendeetan egindakoa. Hona hemen, besteak beste: Margaret Lucas "Cavendish" Newcastle-ko dukesa (1623-1673), Descartesen mekanikaren dibulgatzailea eta atomismo epikuroarraren defendatzailea; Maria Cunitz (1610-1664), astronomoa, Keplerren teoriak dibulgatu zituena honen kalkuluak erraztuz; Châteleteko markesa, Émile de Breteuil (1706-1749), Newtonen eta Leibnitzen teoriak Europan zabaldu zituena (Lucienne Mazenod, 1965; Nuria Solsona, 1997).
  • Azkenik, historia "txikiago"ko emakumeen partaidetzaz arduratuko naiz, emakumeak oro har egin ohi dituen lanak errazten laguntzeko ekarpenak aipatuz. Mary Engle Penningtonek janari izoztuaren oinarri zientifikoak garatu zituen mende honen hasieran, Estatu Batuetako Elikagaien Ikerketa Sailaren Buruzagitzatik. 1912an, Melitta Bentzek asmatu eta patentatu zuen bere izena daraman kafetera. Bette Nesmith Graham izan zen 1950ean, paper likidoa "tippex"a sortu zuena. Marion Donovanen eskutik, datozkigu "dodotis"ak 1959an; 60ko hamarkadan Julie Newmanek "panty"ak patentatu zituen; eta beste zenbait emakumek paperezko muki-zapiak, kiskalgailua, ile-lehorgailua,... (Paz Gastaudi et al. 1992; Frances A. Karnes eta Suzanne M. Bean, 1995).
    Horiez, eta kanpoan utzi ditudanez, gain (luzeegi joko lukeelako), zientzia-arloetan hamar emakume Nobel saridun direla azpimarratu nahi dut (ikus 1. taula) (Ulla Fölsing, 1992; Berta Marco, 1994). Denak,
    Maria Gaetana Agnesi
    1718-1799
    Maria Sklodowska izan ezik, ezezagunak dira bai zientzietako ikasleen artean, bai zientzien irakaskuntzan erabiltzen diren eskola-liburuetan3 (Teresa Nuño eta Teresa Ruipérez, 1997).


Ikus dezakegunez, emakumeak egon bazeuden eta badaude zientzia eta teknikako arlo guztietan; orain aztertzekoa litzateke nola egon diren, zeri egin dioten uko hor egoteko edo egoteagatik, zer-nolako zientzia egin zuten, zer-nolako aukera izan duten (garaia, jatorri soziala, familia, heziketa), eta abar, baina horrek guztiak beste lan batzuk eskatuko lituzke.

Urtea

Arloa

Saridunak

Aurkikuntza

1903

Fisika

Marie Sklodowska Curie

Pierre Curie

Antoine Henri Becquerel

Erradioaktibitatea

1911

Kimika

Marie Sklodowska Curie

Radioaren purifikazioa

1935

Kimika

Irene Curie Joliot

Frédéric Joliot

Elementu erradioaktibo
artifizialak (berriak) sortzeko
metodoa (sintesia)


1947

Fisiologia eta Medikuntza

Theresa Gerty Cory

Carl F. Cory

Bernardo A. Houssay

Glukosa eta glukogenoaren arteko interkonbertsioaren mekanismoa, eta prozesu
beraren entzima sortzailearen (fosforilasaren) sintesia eta isolamendua

1963

Fisika

Maria Goeppert-Mayer

J. Hans D. Jensen

Eugene Paul Wigner Mayer

Nukleo atomikoaren azalaren egitura

1964

Kimika

Dorothy Crowfoot Hodgkin

Intsulina, kolesterola, penizilina eta B12 bitaminaren egitura


1977

Fisiologia eta Medikuntza

Rosalyn Yalow

R. Guillemin

A.V. Schally

Erradioisotopoen bidezko diagnostiko eta markaketa
(erradioinmunitatearen
entsegurako metodoa)

1983

Fisiologia eta Medikuntza

Barbara Mc.Clintock

Transposizio genetikoa:
genearen elementuen
desplazamendua (transposoiak)

1986

Fisiologia eta Medikuntza

Rita Levy Montalcini

Stanley Cohen

NGF delakoa edo nerbio--hazkunderako faktorea.

1988

Fisiologia eta Medikuntza

Gertrude B. Elion

George H. Hitchings

Sir James Black

Leuzemiaren eta bihotzeko
eta birus bidezko gaixotasunen kontrako osabide berrien printzipio batzuen aurkikuntza

1995

Fisiologia eta Medikuntza

Christiane Nüssiein-Volhard,

Edward Lewis eta Eric Wieschaus

Enbrioiaren garapen
goiztiarraren kontrol genetikoa.


BIBLIOGRAFIA

  • ALIC, M. (1991). El legado de Hipatia. Historia de las mujeres en la ciencia desde la Antigúedad hasta fines del siglo XIX. México: Siglo XXI.
  • DAHAN, A. (1992). "Sophie Germain". Investigación y Ciencia, otsaila, 71-75.
  • Ehrenreich B. eta English D. (1988). Brujas, comadronas y enfermeras. Dolencias y Transtornos. Barcelona: La Sal Edicions de les dones.
  • Einstein, A. (1990). Cartas a Mileva.. Madrid: Mondadori.
  • FÖLSING, U. (1992) Mujeres Premio Nobel. Madrid: Alianza.
  • GASTAUDI, P., ALONSO, I., CANDIOTI, C., MARIN, P.,
  • MENDEZ, Y., ALCALA, P. (1992). Guía para el uso no sexista de las nuevas tecnologías. Madrid: Plan para la Igualdad de Oportunidades para las Mujeres. M.E.C.
  • HOULIHAN, S. eta WOTIZ, J.H. (1975). "Women in Chemistry before 1900". Journal of Chemical Education, 52 (6), 362-364.
  • KARNES, F.A. eta BEAN, S.M. (1995). Girls and young women inventing. Mineapolis: Free Spirit Publishing.
  • MARCO, B. (1994). "Dorothy Hodgkin. La pasión por los cristales". Crítica, azaroa, 18-21.
  • MAZENOD, L. (1965). Las mujeres célebres . Tomo II. Madrid: Gustavo Gil.
  • NUÑO, T. eta RUIPEREZ, T. 1997. "Análisis de los libros de texto desde una perspectiva de género". Alambique, 11, 55-64.
  • OGILVIE, B. M. (1988). Women in Science. Antiquity through the Nineteenth Century. Cambridge: The MIT Press.
  • OSEN,M.L. (1982). Women in Mathematics.. Cambridge: The MIT Press.
  • SAU, V. (1990). Diccionario ideológico feminista. Barcelona: Icaria.
  • SAYRE, A. (1997). Rosalind Franklin y el ADN. Madrid: Horas y horas. (1975) Rosalind Franklin and the DNA.
  • SOLSONA, N. (1997). Mujeres científicas de todos los tiempos. Madrid: Talasa.
  • SUBIRATS, M. eta BRUILLET, C. (1990). La Coeducación. Madrid: MEC.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila