Elhuyar anaiak

Elhuyar-Zubize familiaren arrastoen bila Parisera joan behar da, han ezkondu baitziren Jean eta Ursula 1746an. Medikuntza-ikasketak bertan eginak zituen Jeanek hiri hori izan zen bikote gaztearen bizilekua lan-kontuak zirela medio Bilbora joan ziren arte. 1753. urtean Jeanek Logroñon plaza lortu zuen eta han finkatu zen familia. Hiri honetan jaio ziren, beraz, Joan Jose (1754ko ekainaren 15ean), Fausto Fermin (1755eko urriaren 11n) eta Maria Lorentza (1757ko abuztuaren 8an). Ursula ama 1758an zendu zen eta Dominika Elizagairekin ezkondu zen berriro aita.

Joan Jose Elhuyar.

1772an aitak Fausto eta Joan Jose Parisera bidali zituen ikasketak egitera. “Le jardin du Roi” izeneko ikastetxean eman zituzten lehen urratsak; batez ere kimika eta mineralogia landu zituzten Elhuyar anaiek.

Orduan kimika iraultza handian murgilduta zegoen. Bismutoa, nikela eta manganesoa, adibidez, garai horretan aurkitu zituzten eta nomenklatura berria ere orduantxe ari zen ezartzen. Lavoisier, Berthollet, Guyton de Morveau, Bergman, Scheele, Werner, eta abarren lanak ezagutzeko parada ezin hobea izan zuten bi anaiek.

1777 eta 1778an Bergarako Erret Mintegiko laborategian hasi ziren lanean, baina laster joan ziren berriro bi anaiak Europara (Paris, Strasburg, Mannheim, Freiburg, Leipzig, eta abarretara) metalurgiari buruzko azken teknikak ikastera.

Austrian eta Hungarian ibili ondoren, 1781ean Joan Jose Suediara abiatu zen eta Fausto Bergarara itzuli zen; bertan bere dotazioaren herena erabili behar izan zuen Darcet-ek esplikatutako teknika Saxoniatik ekarritako mineral bati aplikatu ahal izateko, Bohemia eta Saxoniaren mugako Zinnwald-eko eztainu-meatzetatik ekarritakoari, hain zuzen. 1782az gero, anaia Joan Joserekin batera egin zituen bere saiakuntzak.

Minerala deskonposatu eta burdina eta manganesoa atera zituzten. Geratzen zen hondakina azido nitrikoz tratatuta, hauspeakin zuria lortu zuten. Gero azido klorhidrikoaz konbinatuz, hauspeakin horia lortzen zen (WO3 edo wolframio(VI) oxidoa, hain zuzen). Berau erreduzitzeko, xehetu eta ikatz-hautsarekin nahastuta ordu eta erdiz su bizian eduki zuten. Botoi gris moduko bat atera zen. Hatzetan hauts bihurtzen zitzaien, alerik handiena orratz-buruaren tamainakoa zelarik. Wolframio izeneko elementu kimikoa zen, munduan lehen aldiz Bergaran isolatua.

Fausto Elhuyar.

Aurkikuntza nagusi horren berri idatzita lehen aldiz Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek osatutako Herri Lagunen Erret Elkartearen Gasteizko Batzarre Nagusian eman zen 1783an. Hurrengo urtean eta seguruenik Faustok idatzita, Frantziako Tolosako Zientzi Akademiak argitaratu zuen aurkikuntza-prozesuaren txostena. 1785ean Ingalaterran argitaratu zen, 1786an Alemanian eta ondoren Suedian.

Fausto eta Joan Jose Elhuyar anaiak gero urre, platino, zilar, kobre, burdinurtu eta abarrekin nahastuta wolframioaren aleazioak lortzen saiatu ziren.

Fausto Bergaratik Alemaniara eta Hungariara joan zen, Born-eko baroiak zilar-mineralak merkurioz tratatzeko asmatutako teknika ikastearren. Ameriketara teknikariak eramateko lanean ere ibili zen. Vienan 1787ko urriaren 16an Joana Raab-ekin ezkondu zen eta urte hartantxe frantsesez Dissertations métarlurgiques izeneko lana idatzi zuen, baina zoritxarrez ez da guganaino heldu.

Espainiara itzuli zen Fausto eta 1788. urtera arte meatzetarako injineru eta teknikariak (alemanak asko) prestatzen aritu zen. Mexikora eraman zituen berekin hango ustiapenak hobetu eta berritzearren eta bertan 1792an “Real Seminario de Minas” izenekoa sortu zuen, hango lehen injineru-eskola, alegia. Joan Jose ere Ameriketara joan zen, Granada Berriko (gaur egungo Kolonbiako) meatzetan lan egitera. Mutis-en espedizio botanikoan parte hartzeko aukera izan zuen bertan lanean ari zela. Bogotan hil zen, 1796ko irailaren 20an.

1821ean Agustin Iturbide (Mexikoko enperadorea izango zena) Ameriketara heldu zenean, Faustok bere kargua utzi eta Espainiara itzuli zen. Espainiako Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusia antolatu zuen eta Espainiako mapa geologikoa prestatzeari ekin zion. Asturiasko meatzeak ere aztertu zituen.

Meatzetako Zuzendari Nagusi eta Meatzaritza Eskolako zuzendaria zela, Madrilen hil zen 1833ko urtarrilaren 6an.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila