Euskal Herritik gertu aurkitu ziren, hain zuzen ere, Astronomiari lotutako aztarna horietako batzuk. Vézère ibaiaren arroan, Akitaniako Périgord eskualdean, historiaurreko aztarnategi ugari dira Les Euzies de Tayae herriaren inguruetan. Hain ezagunak diren Madeleine eta Lescaux harpeak aipatutako inguru horretan daude. Aztarnategi hauetan aurkitutako tresna eta artelanetako batzuk dira ikerketa sakonen ondorioz nolabaiteko egutegiekin parekatu direnak; Ilargialdian oinarritutako egutegi xumeak, hain zuzen. Tartean Paleolito aroko aztarnak ere badira, edo zehazkiago esanda, Goi Paleolito (35.000-10.000 K.a.) aldikoak.
Abri Lartef-en aurkitutako hezur batzuetan errepikatzen diren 29 edo 30 zeinuko taldeetan antolatutako ebakidura-sekuentzia luzeak aurkitu dira. Zalantzarik gabe koska-multzo horiek ilargialdiaren egunekin zerikusia dute. Mikroskopioa ere erabilita egin diren ikerketa sakonek, koskak behin baino gehiagotan egin direla erakusten dute, egunak ziklo errepikakorretan kontatuko bailiran. Hori gertatzen da, adibidez, Abri Blanchard-en aurkitutako Aurignac aldiko beste hezur batean. Uste denez, hezurra K.a. 30.000. urte inguruan landutakoa da eta bertan 24 tresna ezberdinez eginiko 69 ebakidura agertzen dira. Gehienetan gainera, hezurrean eginiko koskek, adierazi nahi duten Ilargi-fasearen eitea dute.
A. Mashack arkeologo iparramerikarra dugu aipatu ditugun hezurrak aztertu zituena eta lan-mota honen aitzindaria. Ez dago esan beharrik Dordonian aurkitutako hezurrak ez direla azaldutako berezitasunak dituzten bakarrak. Zaharrenetakoak dira, baina antzerako esangura duten koskadun hezurrak Lur guztian zehar aurkitu dira. Izan ere, Mashack-ek aztertu zuen lehena Afrika ekuatorialean (Ishango herrian, Tuskana lakuaren inguruetan) aurkitutako hezur bat izan zen. Azken hau lehen aipatutakoak baino geroagokoa da; Mesolito aldikoa (K.a. 8.500. urte ingurukoa). Hezur honen aldeetako hirutan, 168 koska ikus daitezke, 16 taldetan antolatuta. Beraz, bost hilabete t’erdi baino pixka bat gehiago adieraziko lukete eta talde ezberdinen arteko tarteek Ilargiaren faseei dagozkien egunak adieraziko lituzkete, hau da, ilbetea, ilbehera, ilberria eta ilgorako egunak.
Ukrainako Gontzi herrian aurkitutako beste hezur batzuk ere, Ilargiaren faseen jarraipena egiteko pentsatuak direla dirudite. Beste horrenbeste esan dezakegu Txekiar Errepublikako Kulna herrian aurkitutako beste hezur bati buruz ere. Honek 15, 16 eta 15 koskako hiru talde ditu, hau da, hilaren erdia adierazten duten multzoak. Garbi dago, bada, deskribatu ditugun ahalegin guzti hauek denbora neurtzeko eta oinarrizko egutegiak antolatzeko beharrari erantzuten dioten saioak direla dioen Mashack-en hipotesia sinesgarriena dela. Logikoa dirudi, halaber, lan horietarako Ilargia erreferentziatzat hartzea; gure satelitearen jarraipena egiteko ortzeari zuzenean begiratzea baino behar ez delako. Hilabetea, gainera, egokiagoa da eguna baino urtaroen segida kontrolatzeko, eta nahikoa izan daiteke zailagoak diren Eguzkiaren higidurak detektatzen ez diren bitartean ere.
Nabarmena da gainera, aipatutako premiak lurralde eta kultura guztietan sortu izana. Hala ere, lan zailagoa da premia horien arrazoiak zehaztea. Ehiztariek kanpoan egiten zituzten egun edo ilargialdiak zenbatzeko erabiltzen al zituzten? Edota haurdunaldia bukatu eta umea jaiotzeko falta ziren egunen kontua eramateko al zen? Gaur egun ditugun datuekin erabat ezinezko da galdera hauei erantzutea. Argibide gehiago emango dituzten aztarna eta ikerketen beharrean gaude.
Efemerideak EGUZKIA: apirilaren 20an, 7 h 26 min-tan (UT), Taurus-en sartzen da.
PLANETAK |