EEBBtako naturgune babestuak

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Iparrameriketako EEBBek lurralde zabala hartzen dute. Bertan naturak espresiobide desberdin asko hartu du; Mohave basamortuko eremu idorretatik Laku Handien inguru hezeraino, Mendi Harritsuen gorritasuna ahaztu gabe. EEBBtan ugari dira bestalde, naturaren zaintzaren ikuspegitik babestutako eskualdeak. Horietako batzuk mundu osoan ezagunak dira, Yellowstone edo Arroil Handia esaterako, eta planeta guztitik etorritako turista-andana handiak erakartzen dituzte. Badira ordea guretzat, europarrontzat, ezezagunak baina besteak bezain ederrak diren batzuk.
Deabruaren atea izenekoa Delvi's Lake-n.
M.J.B.

Mundu osoan ezagunak diren Yellowstone eta Arroil Handia izeneko ingurune babestuak, Parke Nazionalen kategorian kokatzen dira. Hauen ardura eta kudeaketa aginte federalaren esku dago. Badira hala ere aginte estatalaren eta aginte lokalaren ardurapean dauden beste hamaika ingurune babestu; State Park eta County Park izenekoak dira hurrenez hurren. Hauetan paraje ikusgarri asko gordetzen da eta bisitariak badu zertaz gozatua.

Artikuluxka honetan Laku Handien ingurutan kokaturik dauden hiru Parke Estatalen berri emango dugu. Bi Wisconsin estatuan daude ( Devil´s Lake eta Copper Falls ) eta hirugarrena Minnessotan ( Gooseberry Falls izenekoa). Hirurok txoko polit eta ikusgarriak dira eta basabizitza oparoa eskaintzen dute.

Devil's lake state park

Zozo papagorria ugaria da nonahi.
I.X.I

Errepidea utzirik Devil´s Lake-rako bidean sartzen denean, bisitariak ustekabe handi batekin topo egiten du. Wisconsin-eko bide zabal eta zuzenak, errepide estu, maldatsu eta bihurgune itxiz jositako bihurtzen dira. Ustekabea lilura bilakatzen da, bihurguneak utzi eta harrizko bi hormatzarren artean dagoen ur gardenezko laku ederra begi-bistaren aurrean jartzen zaionean. Lakuaren ertza kilometroerdi batez inguratu ondoren, hegoaldeko picnic-areara iritsiko da eta bertan automobila utzirik in- guruak esploratu aurretik bainu freskagarri bat, uda partean behintzat, har dezake.

Tokiak deabruarena baino gehiago ( devil = deabrua ), aingeruena dirudi.

Dortoka.
M.J.B.

Geologiaren ikuspegitik interesgarria da oso Devil lakuaren historia. Lakua Wisconsin ibaiaren inguruan dagoen muino-eskualde batean dago kokaturik. Muino hauek oso zaharrak dira eta koartzitaz (zementatutako harea) osatuta daude. Garai batean eskualde osoa itsasoak estalita zegoen. Ibaiek ekarritako jalkin eta sedimentuak pilatuz joan ziren eta hareak lehendabizi harearria sortu zuen eta azkenik koartzita.

Sai papagorria zeru urdinaren kontra.

Gero itsasoak atzera egin zuenean, koartzita gorantz bultzatua izan zen eta lakuaren ertzean dauden bi hormatzarrak osatu zituen. Ostera itsasoek eskualde hau berreskuratu eta estali egin zuten eta higadurak ekarritako hareaz eta buztinaz bete zen berriro.

Itsasoak atzera egin zuen betirako eta Wisconsin ibaiak eta bere adarrek itsasoak ekarritako sedimentuak garbitu egin zituzten koartzita berriro ere agerian utziz. Historia honen azkeneko kapitulua, duela hamabost mila urte gertatu zen; glaziazioak jo zuenean hain zuzen ere. Glaziareek egun duen itxura eman zioten Devil lakuari. Glaziareek ibigu berri bat eman zioten Wisconsin ibaiari eta horri esker Devil lakua da orain eta ez ibaia.

Copper falls.
M.J.B.

Geologiazko ohar hauek egin ondoren, bada picnic-area utzi eta parkeari bisita bat egiteko tenorea. Markatutako hainbat bide eta bidezidor badago eta horietako edozein har dezakegu gure bisitaldian. Hala ere, bide guztiek 150 m-ko hormatzarretan gora eramango gaituzte. Amildegiaren ertzetik dagoen ikuspegia, oso ederra da. Laku osoa ikusteaz at, inguruko basoak ere hor dira eta zertxobait itxaronez gero sai papagorrien hegalaldia ere ikusi ahal izango da.

Ertzetik ikusitakoaz liluratutik basora sartuko zara, eta hor erne ibiliz gero, basabizitzaz gozatzerik izango duzu. Basoa azal zuriko urkiz osaturik dago nagusiki, baina tartean astigarrak, intsusak eta haritz bakan batzuk ere ikus daitezke. Txorien kantua lagun izango duzu ibilaldi osoan zehar.

Animalia ugari dago Devil lakuan. Parkearen eremuan hegazti-motak baino gehiagok egiten dituzte habiak. Jadanik aipatu ditugun sai papagorriez aparte, eskinoso urdin zaratatsua, zozo papagorria, okil sabelgorria, negu-txepetxa eta modu guztietako beleak dira aipagarrienak. Narrastien artean baso-kriskitinsugeak dira aipagarrienak, baina hauekin ez dago kezka handirik izan beharrik. Badira noski arriskutsuak ez diren suge-motak eta baita dortokak ere. Ugaztun-espezieak 30 inguru dira. Hauen artean bisitariak errazen ikusiko dituenak lur-katagorria, katagorri grisa eta untxiak izango dira.

Bisitariak belarriak erne eta begiak irekita badaramatza, izango du zer ikusia.


Copper falls state park

Kaio-hauskara ilunabarrean hegan.
I.X.I.

Bad ibaia, ibai gaiztoa alegia, Wisconsin-eko iparraldeko Ashland konterrian dagoen Caroline lakuan jaiotzen da. Superior lakurainoko bere ibilgu motzean, laba beltzez osatutako harri gogorrak topatu zituen garai batean eta uraren indarrak zulatu zituen Copper Falls izeneko arroil txikia eta bertako urjauzi ikusgarriak landu ere bai. Harriaren beltza, buztinaren gorria eta bitsaren zuritasuna nahasi egiten dira bertan, basoaren berdetasunarekin ikuskizun xarmangarria eskaintzen dutelarik.

Loreak ere ikusgarriak dira.
I.X.I.

Hiru kilometro luzeko arroilaren eta urjauzien inguruan kokatzen da Copper Falls State Park izenekoa. Tokia hezea da oso eta ibaiaren ibilgua inguratzen duten bide eta bidezidorretan fresko dago udako egunik beroenean ere. Urkiaren azal zuria da basoan nagusi. Hala ere, zenbait haritz eta lertxun ere ageri da eta urjauzien aldamenean zedroa ere bai. Bide-bazterrean perretxikoren bat (ziza horiak edota gibelurdinak) topatzea ez da harrigarria. Uda-partean joria eta erraza da bizia lur emankor honetan. Neguan ordea, elurrak hilabete luzetan zehar guztia estaliko du eta izaki bizidun askok neguloaren lozorroan murgildurik egingo diote aurre zero azpiko tenperaturari.

Devil's Lake-eko picnic-area.
I.X.I.

Hostoak berde direneko honetan, hegaztien kantua hondo-musika moduan darabilgu belarrietan eta inoiz okilak zuhaitzen enborrak zulatzean egindako "tap-tap"ak perkusioaren erritmoa gogoraraziko digu. Normalean, entzun egingo ditugu ikusi baino gehiago orkesta miresgarri honetako maisuak.

Motore-hotsa ateratzen duten burduntziak maizago ikusiko ditugu ordea, eta beren kolore-sorta ederrak erretinan grabaturik geldituko zaizkigu. Ilunabarrean, igelen kroaka ozena nagusituko da eta ilargiaren erreinua konkistatuko du. Beste animalia batzuk ez dituzu ez ikusiko eta ezta entzungo ere, basoaren itxitasunean segundo llabur batzuetan ez bada. Hala ere hor daude eta oreinaren oinen arrastoa segitzen ari zaren bidexkan ikus dezakezu eta ibai-ertzera hurbildurik mapatxeak bere gaueroko joan-etorrietan utzitako seinaleak ere bai.

Katagorri grisa.
I.X.I.

Ikuskizuna da polita Copper Falls -en. Ibaiak milioika urtetan harrian zulatutako bidean urak egiten dituen jauzi-mauziei begira hamaika orduz egon liteke kasik ohartzeke. Uraren ozentasuna eta hegaztien kantu desberdin ugariak (birigarroaren kantu armoniotsutik beleen garraisi urraturaino) nahasi egiten dira. Urak korrontean behera eramandako zuhaitz-enborrek, garai batean ur hauetan ibili ziren indioen kanoak ekartzen dizkigute gogora.

Marmota.
I.X.I.

Hona lehen aurpegi zurbila hurbildu zenean, Txippewa larrugorriak bizi ziren. Beren arbasoek mendetan zehar erauzi zuten inguruko hobietatik kobre hutsa armak eta erremintak egiteko. Kobrearen kultura honen aztarnak badaude parkean.

Duela ehun urte iritsi ziren hona lehenengo europarrak. John Tyler kapitaina izan zen lehenengoa eta Txippewa indioek erakutsi zioten lurralde hau 1871.ean. Larruzuriek aberastasunaz duten gutizia gauza ezaguna da eta Copper Falls lurraldea ezagutzearekin batera ustiatzearen asmoa sortu zen. Joan den mendearen bukaeran eta mende honen hasieran kobre-meategi bat egon zen egun parkea dagoen tokian. Meatokia bertan behera utzi behar izan zuten etekin handirik ematen ez zuelako.

Gooseberry falls state park

Superior lakua Gooseberry-tik gertu.
I.X.I.

Wisconsin utzi eta Minnessota-ra abiatuko gara azken gune babestua bisitatzera. Hori bai, ez dugu Superior lakuaren ingurua utziko; Gooseberry (arakatz euskaraz) State Park izenekoa lakuaren ertzean kokaturik bait dago hain zuzen. Parke honek badu beste biek ez duten xarma bitxia. Baso trinkoan murgildurik zabiltzalarik kaioen txirrioak entzutea dateke akaso xarma horren eragilea.

Gooseberry ibaiak Superior lakuan isurtzen ditu bere urak eta bere bokalean kaio hauskaren habi-lurralde garrantzitsuenetako bat dago. Bertan ehundaka kaio-bikotek egiten dituzte habiak eta umeak hazten. Kaioen txirrio lotsagabeek basatxorien kantuaren armonia hausten dute.

Basoa itxia da Copper falls-en.
I.X.I.

Bokalearen inguruan bost urjauzi landu ditu Gooseberry ibaiak eta hauen inguruan antolatu den parkean basabizi naharoa biltzen da, hartz beltz handi eta beldurgarrietatik hasi eta hamaika forma eta koloretako intsektu txikiekin bukatzeraino. Tartean okilak, mapatxeak, marmotak, zozo papagorriak, erbiak eta negu-txepetxak dira azpimarragarrienak. Baina parkeko animalien errege, orein buztanzuria da. Bere oinen arrastoa bide eta bidexketako lokatzean markaturik ikus daiteke nonahi. Zailagoa suertatuko da arrastoaren egilea ikustea. Basoaren argi-iluntasunean ezkutaturik zaila da oreina nabaritzea eta gizakiarekiko izuak ihes egin erazten dio. Urkien artean orban marroixka bat korrika ikusten duen bisitaria, oso kontent egon daiteke.

Untxia.
I.X.I.

Europarren oinordekoentzat aspalditxotik da Gooseberry ibaia ezaguna. 1670.ean jaso ziren honi buruzko lehenengo berriak. Izena Shur des Groseilliers esploratzaile frantsesari zor omen dio. Hala ere 1870.erarte ez zuen alderdi hau gizaki zuriak ustiatu. Orduantxe hasi ziren lehenengo arrantzaleak inguru hauetan lanean. Berehala, 1890.aren inguruan alegia, aizkolariak jarraitu zitzaizkien eta basagintzaren negozioa handi bilakatu zen eskualde osoan.

Orein buztanzuria. Gooseberry falls-en oreinek lokatzetan utzitako arrastoak erraz ikusten dira. Orein izua ikustea ez da ordea horren erraza.
I.X.I.

Basagintz konpainiek ibaiaren bokalean eraiki zituzten faktoriak eta bi trenen bidez basoan botatako zuhaitzak zerrategietara eramaten ziren. Basagintza intentsibo eta sute batzuen ondorioz, pinu zuria erabat desagertua zen 1920.eko hamarkadaren hasierarako. (Gizakiaren zarraztakeriaren adibide egokia benetan!) Basozaleek, lehengaia bukaturik hanka egin zuten. Orduantxe, 1937.ean, lortu zuen Goosebrry-k gaur duen estatusa.

Garai bateko pinu zuri erraldoiak oraindik hazi ez badira, basoa itxia eta ederra da, (zein oparo eta emankor den natura!) bertan lertxuna, urkia eta pinu zuri gazteak nahasturik daudelarik.

Amaitzeko

Burduntzien zarata Copper falls-en ezaugarria da.
I.X.I.

EEBBtako naturgune babestueei egin diegun bisita motz hau amaitutzat jotzen dugu. Gauza berriak ikusi edo ikasi ostean komenigarria izaten da ikusitakoa eta ikasitakoa poliki-poliki ausnartzea eta posible bada ondorioak ateratzea. Eta parke hauek bisitatu ondoren guk ondorio hau atera dugu: ingurune babestu egoki bat antolatzeko bi gauza besterik ez dira behar: paisaia ederra eta BORONDATEA. Lehena ugaria da oraindik gure Euskal Herrian, bigarrena...

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila