Don't feed the scorpions

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

“Eskorpioiak ez elikatu”. Horixe da Coldigiocoko Geologi Behategiko pareta askotan idatzirik dagoen leloa. Izan ere, eskorpioiak bertako maskotak dira. Lehen egunean banatu ziguten ohar-orrian araknido hauen arriskua azpimarratuta zegoen: “ondo begiratu zapaten barruan jantzi baino lehen”, besteak beste. Zomorro hauek ezagutzen ez genituenok inpresionatuta gelditu ginen, alajaina; are gehiago lehen gauean komunean hiru harrapatu zituztenean. Beldurrezko ipuina zela jakin genuen gero, Coldigiocoko Daglo k bere berrogeita hamar urtetan eskorpioiek heldutako pertsonen berri ez zuela kontatu zigunean. K/T mugaldea

Hilaren 15a. Eguraldi ederrez utzi dut Euskal Herria. Hegazkinak Lemoizko zentralaren ondotik hartu du Bizkaiko itsasorako bidea. Ordu batzuk ditut oraindik Italiara ailegatu aurretik. Bruselan geldialditxoa egin eta 21,30 aldera izango naiz Bolognan. Bertan, Lusia eta Paolo, gure lagun bolognarrak, izango ditut zain.

Hilaren 16a. Epel eta eguzkitsua iratzarri da Bologna. Automobila hartu eta Ancona aldera abiatu gara hirurok. Nire lagun italiarrek ere Coldigiocoko ingurua ezezaguna dute.

Iritsi gara, azkenik.

Tokia ez da bost izarretako hotela, jakina. Ez nuen horrelakorik espero. Alabaina, zerbait dotoreago iguriki nuen eta honek boy-scout-en kanpamendua dirudi. Coldigioco utzitako herriska da kasik. Eroritako etxeak zutik dirautenak adinako ez ote diren susmoa dut. Berritutako etxeek osatzen dute Coldigiocoko geologi behategia. Locanda Smith izenekoan dut aterbea. Hogei metro karratuko gela batean nago, lau ohe paratuta litera moduan. Erropa egoki jartzeko modurik ez. Iritsi naizenerako armairu bakarra beteta zegoen, ezin erropa zintzilikatu (egia esan, ez dut zintzilikatzea merezi izateko ezer) eta komoda baten kaxoian paratu behar izan dut.

Ingurua oso polita da, ederra! Giroa beroa. Eguzkiak gogor astintzen du. Hegitan goldatutako soroak, batzuk pendiza handian; galsoroak, apika. Basoa, haritzak eta fruta-arbolak tartean. Hegomendebalderantz Monte San Vicino-ren piramidea altxatzen da, 1.400 bat metro, paraje hauen jagole moduan. Hegi baten hegal batean dago gure kanpamendua, errepide aldapatsu eta estu baten bazter batean.

Tokia ezagutzeko bueltaska bat egin dugu Luisa, Paolo eta hirurok. Paisajeaz at ez dago zer ikusi handirik. Ekipajea hartu eta agurtu egin ditut. Behar izanez gero nire erreskatera etorriko direla esan didate, irribarrez. Makina bat aurkezpen gero. Euskal Herriaren propaganda pixka bat ere egin dut.

Hilaren 17a. Goizeko seietan esnatu garenerako eguna argituta zegoen jada. Zerua urdina eta giro atsegina. Gosaldu eta Gubbiorantz abiatu gara. Bertako jatetxe batean eskolak hartuko ditugu, geologiarekin lehen harremana. Saioa irekia da eta italiar ugari bildu da. Eskola gogor samarra egin zait, ingelesa herdoilduxea daukat eta gaia ezezaguna, gainera. Bazkari batekin bukatu dugu goizeko saioa. Pastarekin lehen harremana. Bottaccione-ko arroila deritzo tokiari. Bertako K/T mugaldeko iridioa aztertuz jaulki zuten Alvareztarrek inpaktuaren teoria. K/T mugaldea ez da inpresionatzeko modukoa, buztinezko geruza mehea kararrizko estrato-serie amaigabe batean. Bottaccioneko tokia, gainera, tristea iruditu zait, turismo-ekintzetxeak tokiaren garrantzia adierazten plakatxoa jarrita badu ere: kurba batean, errepidearen bazterrean eta harri-jausia ekiditeko sare batek estalita.

K/T mugaldea Bottaccione arroilako tokian. Txanponak buztin-geruzaren tamaina adierazten du.

Contessako arroileko tokia bestelakoa da. Harrobi baten ebakiduran 80 bat milioi urteko historia idatzita dago, geruzaz geruza. Aho zabalik gelditu naiz.

Hilaren 18a. Piaza Italan egin dugu, ohizko bilakatuko den goizetako koordinazio-bilera. Lurrean eserita, goizeko eguzki goxoaren argitan ederto egoten da. Goizean, eskola gehiago, plazan bertan, filosofo grekoen modura. Ahalik eta geologo osatuen bihurtu nahi gaituzte, itxuraz.

Arratsaldean, Monte San Vicinorako bidean, K/T mugaldeko beste toki bat bisitatu dugu eguzki-galdatan.

Coldigiocon bueltan, gure betebeharren berri eman digute, hamaika bat lan nagusi. Gustukoena aukeratzeko beta omen dugu. Plantak egiten ari direla iruditzen zait. Gure gaitasuna kontuan harturik, erabakita izan behar dute, jada.

Hilaren 19a. Piaza Italan, betebeharren banaketa jakinarazi digute. Ni, lehen aukeran jarri bezala, harrien suszpetibilitate magnetikoa aztertuko duen taldean jarri naute. Egia esan, ez nuen arrazoi berezirik hori lehen aukera moduan jartzeko, baina lanaren arduraduna, Alessandro Grippo, oso pertsona atsegina iruditu zait hasieratik. Joyce eta Tony dira nire beste lankideak. Ederki moldatu gara eta ekipo polita osatu dugu.

Estratigrafi eta zulaketa-taldekoak ziztu bizian abiatu dira Gubbiorantz. Gauean berandu iritsiko dira, guk afaldu dugunean jada.

Gure lana lasaia da, neke handirik gabekoa. Tesi garaiko lan monotonoa eta errepikakorra ekarri dit gogora, baina, egia esan, ikerketa horixe da zatirik handienean.

Hilaren 20a. Jende gutxi gelditu gara Coldigiocon. Gehienak Gubbio aldera joan dira, zulatzera edo lana ikustera. Suszeptibilitate-neurketa egiten jarraitu dugu, baina gune askorik ez daukagu. Beraz, gaur bukatuko dugu seguruenik, gune berririk ekartzen ez badute, behintzat. Ez dirudi oso posible, esaten dutenez zulatzeko makina ez baita behar bezain ahaltsua eta lortutako laginak ez dira egokiak. Beste bat ekarri beharko omen da.

Coldigiocoren kokapena eta Monte San Vicino.

Gure lantokian, garaje zahar batean, bizikleta batzuk eta motorra zahar bat daude. Bizikletako bat ibiltzeko moduan jarri dut. Arratsaldean, Cupramontanara joan naiz bizikletaz; 17 bat kilometrora dago. Gertu egonik ere, bidea ez da erraza.

Gora-behera handikoa da eta pendizak ez dira nolanahikoak, % 10a ez da harritzekoa. Muino-alde honen ondorioak dira horiek. Errepideek, bestetik, konponketatxoren bat beharko lukete. Parajea gero eta gehiago gustatzen zait eta herriek, muinoen gainetan paratuta, xarma berezia dute.

Egunero legez, Idarengana joan gara afaltzera. Betiko pasta, aukeran hornigarria: ‘ragu de carne’ ala ‘pommodoro’. Ida kopetilundu da. Jende gutxi izan gara afaltzen, kanpora joandakoak ez baitira oraindik iritsi.

Egunkarira kronika bidaltzeko arazoak izan ditut. Interneten konexioak neke bat baino gehiago emango dit.

Hilaren 21a. Eguzkia gaur ere errege zeruan. Gubbiotik ekarritako guneen suszeptibilitate magnetikoa neurtzen hasi gara. Oso zatituta daude eta hori ez da neurketarako egokia, pieza txikiak egoki lerrokatzea zaila baita. Alessandro bihar arratsaldean edo etzi goizean badoa. Suszeptibilitatea neurtzeko programa erabiltzen irakatsi digu. Ez da gauza korapilotsua.

Piaza Italako goizeko bilera.

Aldameneko sotoan, guneak prozesatzen hasi dira. Zer den ikustera joan naiz. Guneak zerraz moztea da lan guztia. Zatiak gero eta txikiagoak egiten dituzte, azken helburua mikroskopiorako prestakinetarako zatiak prestatzea delarik. Lan zaratatsua eta hezea.

Arratsaldean Christian Korberl-ek inpaktuei buruz emaniko hitzaldia galdu egin dut. Bizikleta hartuta Monte San Vicinon negoen eta hitzaldia azken orduko erabakia izan ei da.

Afarian zehar, Al Fischer-ekin izan naiz hizketan, erdi-gaztelaniaz eta erdi-italianoz. Pertsona berezia da, alajaina! Ez da estatubatuarren eredu tipikoan sartzen. Irakasle zahar eta despistatuarenean, ordea, egoki kokatzen da. Estima handia hartu diot energiaz betetako hirurogeita hamasei urteko gizatzar honi. Zumaian berari gertatutako pasadizo batzuk kontatu dizkit tartean.

Hilaren 22a. Lehen aldiz, zerua estalita argitu du egunak. Piaza Italako bileran orain arte egindakoaren errepasoa egin dugu. Besteak zertan ari diren jakiteko ondo etorri zait.

Arratsaldean ekaitza eta euria. Argindarra joan egin da eta lana egiteari utzi diogu. Hala ere, ditugun laginak bukatzen ari gara. Astelehen edo asteartera arte ez dugu lagin berririk izango, zulatzeko makina indartsuagoa ekarri arte, alegia.

Petek mikroskopiorako prestakinak, ebakidura meheak, nola lantzen dituen ikusten izan naiz tarte batean.

Euri artean paseatzera irten naiz. Moscosi aldera daraman hartxintxarrezko pista hartu dut. Ingurua gero eta ederragoa iruditzen zait; euri artean xarma berezia du. Ez dut nire burua kanpotartzat sentitzen. Bide bazterrean, purraka botatako paperak daude. Horietako bat hartu dut. Propaganda-diptiko bat da. ‘La festa della birra’ letra larriz badio ere, diptikoaren azaleko argazkiari – Jessica Rizzo la signora più amata degli italiani – eta barneko programari erreparatuz, garagardoa edateko edota libidoa asetzeko ote den festa galdetu diot nire buruari. Hala ere, Italian gaude.

Talde bat juntatu eta Anconara joan gara arrain-afaria egitera. Arrainarekin batera pasta, noski!

Contessa arroileko harrobian argi eta argi ikusten dira sedimentu-geruzak. Kretazeoaren bukaerakoak dira. Geruza ilunak burdina asko du, magnetita biogeniko asko hain justu. Sakonera handitan gertatutako sedimentazioa adierazten du. Materia organikoa oxigeno utxiko inguruan sedimentatu da eta burdinak II oxidazio-egoeran jarraitu du. Zenomaniar eta Turoniar estaien arteko mugaldea adierazten du.

Hilaren 23a. Guztiok The Planetary Societyk emandako kamiseta jantzi eta espedizioaren argazki ofiziala egin dugu Sandroren etxe aurreko ekilore-sailaren parean. Argazki bat eta beste bat, guztiok gurea gura genuen eta.

Gurean lanik ez eta argazkigintza eta estratigrafiakoekin joan gara lanera Massignano eta Monte Coneroko hiru tokitara. Massignanon pasa dugu arratsaldea Sandroren gidaritzapean. Utzitako harrobiaren paretean oinarriarekiko distantzia, metroz metro, markatzen izan gara. Eguzki galdatan esku-zulagailuarekin zuloak egiten aritu naiz, jarrera gaitzean askotan. Petek gero oinarekiko metroak adierazten duten plakak iltzatu ditu. Sandrok esan digunez, plaka horiek laginak biltzen dituzten geologoek altuera erreferentzia izan dezaten dira. ‘Lau metro eta erdiak toki berean egon daitezen beti’.

Hilaren 24a. Gure lankide siziliarrak joan dira. Giovanniren azalpen etengabeak faltan izango ditugu.

Massignanora abiatu gara, ni espedizioaren gidari. Une batez, soldado urdinen aitzindari larrugorria sentitu naiz lur arrotzetan barneatutako tropa gidatuz. Atzoko lana bukatzera etorri gara.

Arratsaldean, hondartzara joan gara, Portonovora. Plaia hitza egokiagoa izango litzateke, jendea sardinen moduan pilatuta biltzen duen toki hau izendatzeko, hondar-alerik txikiena artalearen tamainakoa baita. Alabaina, inpresionagarria da 100 metroko itsas labarraren oinean kokatutako zerrenda berde mehe hau.

Italiar askok gorputzaren exibiziorako duen zaletasunak agerleku ederra du hemen: eguzkitan dautzan neska dotoreek edota aurrean baloiarekin jolasean ari diren bi hondartz makarroiak, posea kolpe orotan.

Hilaren 25a. Gehienak Asisera joan dira turismo egitera. Gutxi batzuk gelditu gara Coldigiocon. Nik lau bat ordu autoaren barruan egiteko gogorik ez dut. Bruce, Itzhak eta Al lanean aritu dira mikroskopioan. Nik atseden-eguna egin dut: irakurri (‘Suetena Belfast’en bukatu dut), Egunkarirako kronika idatzi eta bidali (gaur konexio-arazorik ez, biba ni!’) eta bizikletaz osteratxo bat.

Herveri buruz ez naiz orain arte mintzatu. Geologo gazte bretoi atsegin hau izan da nire gida Coldigiocon. Berak eman dit hemengo gauza askoren berri. Gaur etxeratu da, tesian lanean jarraitzera. Joan aurretik, datazio geologikorako metodoen berri ematea eskatu diot.

Al Fischer, espedizio-burua; Alessandro Montanari, Coldigiocoko Geologi Behategiko nagusia eta Alessandro Grippo, suszeptibilitate magnetikoko taldearen arduraduna.

Gaur ez dugu Idarenean afaldu, Monte San Vicinorako bidean dagoen Pizzerian baizik. ‘Ragu’ eta ‘pomodoro’ ahaztu ditugu egun batez. Paula, Sandroren emaztea, eta beren hamahiru urteko Fiorenza alaba etorri dira gurekin. Neskato bizia eta alaia da, heldutasunetik oso gertu. Garagardoa edan du pizzaren lagungarri. Zer pentsatu ote dute gure estatubatuar cocacola-edaleek?

Hilaren 26a. Piaza Italara hurbildu orduko, Al etorri zait ea zulaketa-taldearen txoferra izan nahi nuen galdezka. Azken hiru egunetan gidatzen ibili naizenez eta siziliarrak joan direnez, espero nuen. Baietz esan diot, nahiz eta gogo handirik izan ez. Suszeptibilitatearenak egin du eta lan zikinera abiatu beharko dut.

Lanera joan aurretik Frasassiko kobak bisitatzen izan gara. Liluratuta gelditu naiz benetan. Koba asko ikusi ditut eta hauen edertasunak eta tamainak txundituta utzi naute. Hemengo saltsa askotan bezala, honetan ere, Sandro Montanari ibili da perrexilarena egiten. Kobak 1971ko irailaren 25ean aurkitu zituzten Anconako espeleologo gazte batzuek eta tartean Coldigiocoko nagusia zegoen.

Bottaccionen izan gara zulatzen. Nahikoa aspergarria izan da. Zarata handia, gainera. Langileak zulatzen eta gu begira. Gure lan guztia ateratako guneak bildu eta markatzea izan da.

Portonovo.

Afalostean, ustegabeko hitzaldia izan dugu. Marie-Agnes Courtyk eman digu. Egia esan, afaltzen ari ginenean hartu dute erabakia. Nik uste, berak hartu du ustekaberik handiena. Gaia oso interesgarria izan arren (ikus errekoadroa), hitzaldi lehorra eta ulergaitza izan da, geologoentzat pentsatua. Zein azkar hitz egiten du emakume honek ingelesez! Afariko ardo txuriaren eragina, akaso.

Hilaren 27a. Bottaccionen eta Contessan izan gara zulatzen. Zulaketa-enpresakoak, Pedro, Guido eta Moreno, Trentokoak dira. Donostia eta Trento senidetuta daudenez, gure herriaren berri bazuten. Barre-algaratan danborrada Trenton izandakoan gertatutako pasadizoak kontatu dizkidate.

Coldigiocoko automobilak ez dira nolanahikoak. Saldo ederra osatzen dute l e macchine . Bakoitzak izena du: Poverina, Biancaneve, Genga… Sadam Hussein da nik gidatzen dudan Fiat 124 zaharra eta presidente irakiarraren seilu bat itsatsita du bolantearen ondoan. Bertara hurbiltzen direnak landa-lanera joateko prestatuta daude eta ez dira, beraz, azken eredukoak, hamaika eskuen igurtzia pairatu dutenak baizik. Propano likidoz edo gasolinaz ibiltzen dira eta nire sadam gaixoaren kilometro-kontagailuaren orratzak ezkerrerantz lerratzen da aldapa sumatu orduko. Ez gaitu inoiz botata utzi, hala ere.

Suszeptibilitate magnetikoa neurtzen. Ezkerrean, Alessandro, gunea bultzatuz Tony eta gunea 2 cm-ko jauziak eginez higituz, Joyce eta Inaki.
a- Ordenadorea. Mac Classic xume bat
b- Magnetometroa
c- Eraztun magnetikoa (parean daukana deskonektatuta dago eta eustoin moduan erabiltzen genuen)
d- Gunea plastikozko euskarri baten gainean.

Elkarrizketa egin diot Marie-Agnesi. Frantsesez, garagardoa edanez eta zigarroa hatzetan, oso ulergarria gertatu zait azalpena. ‘Erre al daiteke hemen?’ esan dit harriduraz zigarroa piztu dudanean eta berak bereak atera ditu poltsatik. ‘Terrazan gaude’ erantzun diot.

Hilaren 28a. Contessan eta Furlon, 30 bat kilometro iparralderago, izan gara zulatzen. Furlo arroil ederra da. Zulaketa-tokia, aldiz, barregarria: taberna baten terrazan, paretatik bi bat metrora. Nagusia eta auzokoek ikuskizun ederra izan dute.

Bazkaria, oparoa eta gustagarria, kategoriako jatetxe batean egin dugu. Napoleonek gonbidatu gaitu; beraz, Florentziako unibertsitateak ordaindu du. Napoleone datorren urtean Zumaiara etortzekoa da. 1974an Al Fischer-ekin egon zen eta oso oroitzapen onak dituela esan dit. ‘Egunkariak konprenitzen nituen, baina jendeak kalean hitz egiten zuenari, ezta antzik eman ere!’

Coldigiocon bueltan, David King-en hitzaldia. Hau martirioa, ez diot oraindik ulertzen! Txineraz arituko balitz, berdintsu ulertuko nioke. Bob-ekin komentatu dut arazoa. Ez kezkatzeko esan dit, berak ere askotan arazoak izaten ditu eta.

Taldearen argazkia.

Bill Smytheren infragorrizko ekipoa iritsi da azkenik. Zientziak mugarik ez duela esaten dutenek ez dute seguruenik aduanari italiarrekin topo egin. Fidantza handia utzi behar izan dute ekipoa eskuratzeko. Gu horrekin lanean aritzeko beranduegi iritsi da, dena den. Goizeko ordu bietan ekipoa muntatzen ari dira oraindik: konexio- eta software-arazoak. Interneten bidez konpondu dituzte software-arazoak hemen saldoka ditugun informatikariek. Azkenik bihar neurketa batzuk egiteko moduan jarri dute.

Hilaren 29a. Azken eguna. Bolondresok bihar joango gara. Datuak bildu ditugu. Orain interpretatu egingo dituzte, datorren uztailean bilera bat egin nahi dute horren berri emateko. Bejondeiela! Kalifornian izango baita.

Zulatzen.

Penaz utziko dut Coldigioco. Aspaldi etorri naizela iruditzen zait. Bertakotuta nago. Hemengo bizitzaren errutinara egina nago eta gustukoa dut, gainera. Egun hauetan ez dut munduan gertatutakoaren berri izan eta ez dut faltan sentitu, egiatan. Egunero irakurtzen ditudan bizpahiru egunkarien mirarik ez dut izan.

Azken eguneko afaria prestatu digu Sandrok. Margulis etxeko terrazan bildu gara guztiak; irribarreak eta pena nahasturik. Oso estatubatuarra izan da festa: opari-banaketa, Lu-ren, The Planetary Society ko koordinatzailearen, eskaintza pertsonal bereziarekin, txaloak… Dinosauru-eranskailuak, liburuak eta, inportanteena, hodi itxi txiki batean K/T mugaldeko buztinaren lagina. Elkarri liburuak sinatzen eta elkarri loreak esanez pasa ditugu oheratu arteko orduak.

Hilaren 30a. Azken egunean ere Eguzkiak agurtu gaitu goizetik. Fardelak hartu eta bakoitzak bere etxerako bidea hartu du. Ikusiko ote dugu berriz elkar inoiz? Ezkor naiz, baina batzuekin posta elektronikoaren bidez harremana eten ez dadin saiatuko naiz.

Murphy izan dut lagun gaur, atzerapenak eta arazoak bidaia guztian izan ditut. Alabaina, Coldigioco eguzkitsua utzita Euskal Herri euritsura iritsi naiz eguna itzali baino lehenago. Ondo dago, ondo bukatzen dena.

Zer esan nahi dute hitz horiek?
K letra Kretazeori dagokio, era sekundario edo mesozoikoaren azken aldiari. T letra, berriz, era Tertziarioari dagokio. Beraz, K/T mugaldea era sekundarioa eta tertziarioa bereizten dituen muga da eta buztinezko geruza mehe batez osatuta dago.

Zergatik da buztinezko geruza hori inportantea?
Alde batetik, dinosauruen eta Lurreko espezie bizien % 50aren desagerpena markatzen duelako eta, bestetik, desagerpen horren arrazoiak bilatzeko arrastoak hor daudelako; esaterako, asteroide baten inpaktuaren teoriaren oinarria den gehiegizko iridio-kontzentrazioa.

ZER GERTATU ZEN DUELA 65 MILIOI URTE?

Dinosauruen eta beste hamaika espezieren desagerpena azaltzeko, makina bat teoria plazaratu dira urteetan zehar. Batzuek kausa endogenikoak, Lurrekoak alegia, planteatzen dituzte eta beste batzuek, aitzitik, kausa exogenikoak.
Kausa endogenikoen artean hauek aipa daitezke:

  • Klima-aldaketa bortitza, berotegi-efektuarekin erlazionatuta egon daitekeena.
  • Prezipitazioak handiagotzea edo txikiagotzea.
  • Bolkanismo izugarriak Lurraren atmosferan hauts-kantitate itzelak injektatzea.
  • Dinosauruentzat toxikoak ziren landareak agertzea.
  • Lurraren eremu magnetikoa alderantzikatzea eta Lurra espazioko Eguzki-haize eta erradiazio ionizagarriaren menpe gelditzea.
  • Zirkulu Artikoko izotzak urtzeak ozeanoetako salinitatea aldatu zuen itsas bizitza hilez eta klima aldaraziz.

Kausa exogenoak bi lirateke:

  • Meteorito baten edo batzuen inpaktua.
  • Eguzkitik gertu supernoba bat lehertzea.

Kausa posible guzti hauen artean meteoritoaren inpaktua da, egun, onartuena zientzilarien artean. Horren arabera, 33.000 km/h-ko abiaduraz zebilen 10 bat kilometrotako diametroa zuen meteorito batek Lurraren gainazala jo zuen. Une horretan bolidoaren energia zinetikoa bero bihurtu zen eta izugarrizko leherketa gertatu zen, Lurreko artsenal nuklear guztiaren aldibereko leherketa baino 10.000 bider handiagoa gutxienez. 200 bat km-ko diametroko kraterra eratu zen, Euskal Herriaren tamainakoa, alegia. Inpaktutako zonaren harria eta meteoritoaren masa bera ere, meteoritoaren sarrerak utzitako atmosfera-zuloan zehar zurgatua izan ziren.

Trizeratopsa eta Tiranosaurua, Kretazeoko dinosauruak.

Materialaren zati bat Lurraren orbitan gelditu zen, baino zatirik astunenak atmosferan birsartu ziren eta Lurra inpaktatu zuten suzko bola moduan basoetan suak piztuz. Inpaktuaren ondorengo asteetan Lurreko basoen erdia erre zen. Era berean, suzko bola ikaragarri bat gorantz eta alboetarantz hedatu zen, harri-material gehiago garraiatuz. Material hau atmosferan sartu eta, estratosferako haizeek lagunduta, mundu osoan zabaldu zen, atmosfera opakoago bilakatuz. Suen keak ere opakotasuna areagotzen lagundu zuen.

Zenbait hilabetetan Eguzki-argirik ez zen iritsi Lurraren gainazaleraino. Iluntasunak tenperatura jaistaraztea ekarri zuen, uda tropikala negu gorri bihurtuz. Bestetik, inpaktuaren beroak atmosferako nitrogenoa eta oxigenoa konbinarazi zituen nitrogeno-oxidoak eratuz, geru ur-lurrinarekin konbinatuz azido nitriko bihurtu zirenak. Gainera, Chicxulub-eko harrien sufrea sufre-oxido moduan sartu zen atmosferan eta gero, azido sulfurikoa eratu zen. Bi elementuon konbinazioak Lurrak ezagutu duen euri azidorik bortitzena eragin zuen.

Iluntasunezko hilabeteen ondoren, atmosfera argitzen joan zen. Inpaktuak eragindako negua amaitu egin zen. Tenperatura igotzen hasi zen, baina ez zen ohizko puntuan gelditu eta gorantz jarraitu zuen. Inpaktuak atmosferan injektatutako ur eta karbono(IV) oxidozko kantitate handiak lanean ari ziren: berotegi-efektua bete-betean.

Azkenik, hamarkaden poderioz, oreka klimatikoa berreskuratu zen. Alabaina, Lurreko biziaren dibertsitateak larrutik ordaindu zuen.

HAMASEI URTETAKO HISTORIA

1970.eko hamarkadaren bukaeran ikerketa-eremu berri eta oparoa zabaldu zen; Kretazeoaren eta Tertziarioaren muga adierazten duen buztinezko geruza mehean, K/T mugaldean, iridio-kontzentrazioa Lurrean ohizko dena baino handiagoa zela aurkitu zuen Berkeleyko ikerlari-talde batek. Gubbion bildutako datu horietan oinarriturik, Walter Alvarezen taldeak Kretazeoaren bukaerako espezie bizidun askoren desagerpena espaziotik etorritako meteorito baten inpaktuarekin lotzen zuen hipotesia plazaratu zuen Science aldizkarian 1980an.

Konposizio kondritikoko meteorito horrek (kometa edo meteoritoa izan zen ez dago oraindik garbi) itsas plankton mikroskopikotik dinosauruetarainoko espezie bizidun asko akabatu zituen.

Alabaina, iridioaren ohizkanpoko kontzentrazioa ez zen aski horrelako hipotesi iraultzailea bere hartan onartzeko. Ondorioz, mundu osoko zientzilariek disziplinarteko lan itzel bati ekin zioten teoriaren aldeko edo kontrako frogen bila. K/T mugaldeko azterketa zorrotz horretan estratigrafoak, petrologoak, mineralogoak, paleontologoak, geokimikariak eta bestelako anitz espezialista hasi ziren. Horrek ekarri zuen K/T mugaldea erregistro estratigrafikoko beste edozein mugalde baino ezagunagoa eta aztertuagoa izatea.

Bottaccione arroilako tokia. Eskuineko goi-angeluko iragarkiak GubbiokoTurismo ekintzetxeak jarria da eta K/T mugaldearen berri ematen du. Adriana Ocampo (makurtuta) eta Kevin Pope ageri dira.

Lehen frogak K/T mugaldean aurkitutako esferula mineral mikroskopikoak izan ziren. Horiek, inpaktu-hodeian hoztutako tanta urtu moduan interpretatu dira. Beste batzuk etorri ziren gero, baina, apika, zientzilari gehienak konbentzitu zituen froga koartzo-ale bereziak aurkitzea izan zen. Koartzo-ale horiek deformazio planarra daukate, talka-metamorfismoaren ebidentzia zuzena dira eta oso energia handiko inpaktuetan bakarrik era daitezke.

Gertaera honi buruzko eztabaidak indar berria hartu zuen Mexikoko Golkoaren inguruetan inpaktu-hondakinak aurkitu zirenean. Horrek bolido hiltzaileak hortik gertu jo zuela sumatzea ekarri zuen. 1991an meteoritoak utzitako kraterra Yucatan penintsulan lokalizatu zen, Chicxulub deritzan tokian. Kraterra lokalizatzeak inpaktuaren data zehatza neurtu ahal izatea ekarri zuen potasio-40/argon-40 desintegrazio-prozesu erradiaktiboa neurgailutzat harturik. Dinosauruen ilunabarra edo, beste modu batera esanda, ugaztunon egunsentia duela 65 milioi urte izan zen.

Orain, inpaktuaren ejektakin eta hondakinak aztertzen ari dira, inpaktuaren ondoren gertatutakoa ahalik eta zehatzen ulertzeko.

Historia honek guztiak galdera askori erantzuna eman die. Dena dela, beste batzuk ere planteatu ditu eta garrantzitsuena, akaso, hauxe da: inpaktu estralurtarrek Lurraren biotaren eboluzioa mugatzen al dute? Ez dago honi buruz datu zehatzik oraindik, baina lerro horretan ikerketa sakonak egiten ari dira. Arrastoak aurkitzen ari direla dirudi. Esaterako, Lurreko beste bi inpaktu-krater handi, Popigaikoa (Siberia, 100 km-ko diametroa) eta Cheasepeake-koa (EEBB, 85 km-ko diametroa), Eozenoaren bukaeran gertatutako krisibiologikoarekin korrelaziona daitezkeela dirudi.

Oraindik zer ikertu asko dago alor honetan. Izan ere, inpaktu batek izan dezakeen eragina ez dagokio tamainari soilik, baizik eta ekosistemak krisian jar ditzaketen beste albo-faktoreei ere. Tunguskako gertaerak (1908) ez zuen kraterrik utzi ere, baina berrogeita hamar bat urte geroago (printz bat denbora geologikoaren belardian) zenbait gradu mendebalderago (infinitesimo bat espazio-distantziaren itzeltasunean) gertatu izan balitz, Mosku gainean Txerrien Badiaren krisiaren erdi-erdian lehertuko zatekeen. Lantegi ederra izango zukeen Kennedyk Khrustxev konbentzitzen leherketa nuklearra izan ez zela!

BELIZERA EGINIKO ESPEDIZIOEN EMAITZAK

Adriana Ocampo Uria daukat begien aurrean. Geologo argentinarra espedizioaren buruetako bat da. Astiro egiten du hizketan, hitzak arretaz ahozkatuz. Gai hauetaz gaztelaniaz egiten ohiturarik ez duela sumatzen da. Lantzean behin, pausa luzezka bat egiten du hitz egokia gogoratu nahian. Xuxurlatu egin dizkiot batzuetan. ‘The Planetary Society’ erakundeak antolatu dituen hiru K/T espedizioetan hartu du parte; aurreko bi espedizioez hasi gara hizketan.

Elhuyar.- Zergatik aukeratu zenuten Belize Tertziarioaren bukaerako inpaktua aztertzeko?

Adriana Ocampo.- Inpaktuaren ondorengo iraungipenaren mekanismoak aztertzen ari ginen. Inpaktua Yucatango penintsulan, Chicxulub-en hain justu, gertatu zen. Inpaktuaren kraterra egun lurpean dago, 1 km-ko sedimentu-geruza baten azpian. Hori aztertzea oso garestia da, zulatu egin behar baita. Beraz, inpaktua gertatu zenean ejektatutako materiala aztertzea egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Inpaktuaren ondoren gertatutakoa ulertzeko ez da nahikoa bolidoak nolako harritan jo zuen jakitea eta bolido diot ez dakigulako oraindik kometa ala meteoritoa izan zen; ejektakinak nolakoak izan ziren eta noraino joan ziren ere jakin behar da.

Adriana Ocampo.

Elh.- Beraz, Belizera ejektakin horien bila joan zineten...

A. O.- Bai. Egia esan, beste hainbat tokitan ere aurkitu dira, Haitin, Texasen, Mexikon, baina toki gertuago bat interesatzen zitzaigun. Belizeko iparraldean, Albion izeneko harrobi batean, toki egokia topatu genuen, izan ere, inpaktu-kraterretik 364 km-tara geunden. Inpaktuaren mekanismoa ulertzeko garatutako ordenadore-ereduan, oso inportatea zen jakitea inpaktuan eratutako hodeien materialaren kondentsazioa, prozesu kimikoa alegia, nola gertatu zen. Tokia 1989an aurkitu genuen eta laster Chicxulub-eko kraterraren ejektakinak zirela ikusi genuen. The Planetary Society-rekin harremanetan jarri ginen eta espedizio bat antolatzea erabaki zen. Bi egin ditugu: bata 1995eko urtarrilean eta bestea 1996ko urtarrilean. Azken hau, inpaktutik 500 km-ra dagoen toki batera izan da.

Elh.- Zer ondorio atera dituzue Belizen aurkitutakoa aztertuta?

A. O.- Oraindik material horrekin lanean ari gara. Pentsa lehen espediziotik ia berrehun kilo material ekarri genuela. Dena dela, ordenadore-ereduak inpaktuaren ondoren gertatutakoaz esaten duena baieztatzen ari da esku artean ditugun datuen arabera. Kalkulatzerik izan dugu zenbat materiak ejektatu, lurrindu eta estratosferan injektatu zen. Material hau gero globalki banatu zen.

Elh.- Zein izan zen prozesuaren puntu kritikoa?

A. O.- Inpaktuan kritikoa izan zen jotako puntuaren materialaren konposizioa. Sufre asko zegoen eta hau atmosferan sartu zen. Bertan azido sulfurikozko hodeiak eratu ziren eta atmosfera oso opako bihurtu zuten. Horrela, planetaren tenperatura asko jaitsi zen, planeta izoztu zen ia. Ez zen horrela gertatu ozeanoek balantze termikoa orekatu zutelako. Horrek hamar-hamahiru urte iraun zuen. Ikuspegi geologikotik hori oso epe laburra da, estratigrafiaren bidez ezin da aztertu. Beraz, Belizeko materiala aztertuta inpaktuaren ondorengo lehen egun, hilabete eta urteetan gertatutakoa ulertzea espero dugu. Bestetik, 500 km-tara inpaktuaren hondakinak aurkitzeak galdera batzuk planteatzen ditu: bi izan al ziren inpaktuak? esaterako, bi nukleoko kometa bat?; kraterra uste baino handiagoa al da? edo oraingo ereduak, hankaz gora jarri behar al ditugu?

Elh.- Zer aztertu nahi da Italian?

A. O.- Alde batetik Italiako eskualde honetan historia geologikoaren zati inportante bat oso ondo gordeta dago eta xehetasun handiko azterketak egitea ahalbidetzen du. Guk hemen, besteak beste, gertaera astronomikoen ziklotasunak harritan nola isladatzen diren aztertuko dugu eta horrek kronologia zehatzagoa egiteko erabilgarria den ala ez frogatu. Bestetik, inpaktuaren ondoren sortu ziren ejektakin-hodeiak nola kondentsatu ziren eta kondentsakinak, kaltzitazko esferulak, munduan zehar nola barreiatu ziren jakin nahi dugu.

GURE LANA

Zer egin behar duzue han? Galdera hori jende askok egin dit azken hilabeteotan. Egia esan erantzun zehatzik ez neukan eta orokorkeriekin erantzuten nuen. Izan ere, nik neronek ere, neure buruari egiten nion galdera hori. Gauza bat bakarra neukan garbi: gu laguntzera gindoazela fisikoki, gu bertan egonda, zein ekonomikoki, han egoteagatik poliki ordainduta. Morroi-lana egitera gindoazela esaten nuen txantxetan.

Harria mozten geruza meheak prestatzeko.

Coldigiocon nire perzepzioa aldatu da eta laguntzaile arrunt baino zerbait gehiago izan garela uste dut. Han juntatu garenon formazio zientifikoak zenbait lan gure kabuz eta gure ardurapean egitea ahalbidetu du. Bolondresok ez dugu kafea zerbitzatu edo lan zikina egin. Ikerketa zientifikoa egin dugu; dudarik ez dago. Espedizioaren buruek gurekin izandako lankide-harreman irekia eta emandako konfidantza adierazle nabarmenak dira.

Ez nintzen gure lanaren neurriaz eta beharraz jabetzen, hala ere. Adriana Ocampok bolondresok bi urteko landa-lana aurreztu dugula Belizen esan zidanean konprenitzen hasi nintzen gu egotearen beharra.

Zein izan da gure lana?

  • Estratigrafia. Honetan aritu direnek geruzen lodiera eta kolorea neurtu dituzte sei toki desberdinetan eta haien arteko erlazioak bilatu dituzte.
  • Zulaketa. Gero hainbat teknikez analizatuko diren laginak, zulaketa-guneak, lortu dituzte. Zulaketak labar, lubaki eta harrobietatik gertu egiten dira, erauziko diren geruzak ikusten diren tokietan.
  • Guneen prozesaketa. Hauen lana zulaketan lortutako guneak moztea eta leuntzea izan da. Guneak kubotan moztu dira. Kubo horiek gero, hondar-magnetismoa neurtzeko eta pelikulak eta geruza meheak prestatzeko erabiliko dira.
  • Suszeptibilitate magnetikoa. Guneei eremu magnetiko bat aplikatzean nola erreakzionatzen duten aztertzean datza. Suszeptibilitate magnetikoa kaltzio karbonatoaren kontzentrazioarekiko alderantziz proportzionala da. Beraz, ozeanoen produktibitate biologikoaren adierazlea da. Izan ere, zenbat eta kaltzio karbonato gehiago egon sedimentuetan, orduan eta produktibitate handiagoa zegoen ozeanoan. Guk produktibitate-aldaketek ziklorik pairatzen ote duten aztertu dugu. Zikloak Lurraren ziklo astronomikoekin erlazionatu nahi dira gero.
  • Pelikulak prestatzea. Pelikulen bidez plankton fosilaren konposizioa aztertu nahi da. Laginaren gainazala oso-oso fin leuntzen da eta azido diluituz tratatzen da. Horrela, kristalen tamainan, konposizioan eta orientazioan egon daitezkeen diferentzia txikiak agerian gelditzen dira. Diferentzia hauek azetatozko pelikula batean grabatzen dira eta harriaren egiturak errepikatzen dira. Gero, pelikula hori mikroskopioz azter daiteke.
  • Geruza meheak prestatzea. Mikroskopioz aztertuko diren 30 bat mikroneko harri geruza meheak prestatzea da helburua.
  • Infragorrizko espektrometria. Kaltzitaren isladagarritasuna oso handia da infragorrizko espektroaren zenbait tokitan. Beraz, infragorrizko espektrometria teknika egokia izan daiteke kaltzio karbonatoaren edukia neurtzeko, suszeptibilitate magnetikoa baino egokiagoa, agian.
  • Irudi-prozesaketa. Argazkiak eskaner-bidez ordenadorean sartu dituzte. Toki bateko argazkiak hartu dituzte eta geruzak ondoen ikusten diren zatiak hartu eta elkarren segidan jarriaz, bakoitza dagokion tokian noski, toki horretako geruza guztien segida osatu dute.
  • K/T mugaldeko buztina prozesatzea. Buztina hainbat teknikaz tratatu da hondakin disolbaezina lortzeko. Hondakin disolbaezin horretan inpaktu-hodeiko, inpaktu kraterreko edo meteoritoaren partikulak egon daitezke. Material horiek mikroskopioz aztertzen dira. Kilo bat buztinetik 60 bat gramo partikula disolbaezin lortu dira.

ZERGATIK ITALIARA?

Zergatik etorri gara gu Italiara dinosauruen iraungipena eragin zuten gertakizunak, asteroidearen inpaktua, Yukatango Penintsulan, Ertameriketan, gertatu bazen? Hori aztertzera zergatik etorri gara milaka kilometrora?

Teoria zuzena bada, Chicxulub-en gertatutako inpaktuak mundu-mailako gertaera-katea eragin zuen. Beraz, inpaktuaren hautsa eta ejektakinak mundu osoan zehar daude barreiatuta. Hain zuzen ere, iridioa mundu guztiko K/T geruzan aurkitu da. Hala ere, zergatik Italiara?

Hiru arrazoi nagusi daude: tokiaren egokitasuna, historia eta Coldigioco. Apeninoak oso egokiak dira guk egin dugun azterketaren modukoa egiteko, mendiok nahikoa berriak direlako. Duela 6 bat milioi urte eratu ziren konpresio-tolestura prozesu baten ondorioz. Hori jazo baino lehenago inguru honek prozesu geologiko nagusien oso eragin txikia izan zuen, 200 bat milioi urtetan ur sakonetan murgilduta egon baitzen. Denbora luzean zehar, itsas landare eta animaliez osatutako sedimentuak pilatu egin ziren geruzak osaturik. Une batean Sardinia, plaken tektonikaren ondorioz, biratzen eta ekialderantz, gaurko Italiarantz, higitzen hasi zen. Horrek eragindako konpresioak Apeninoak sortu zituen. Sedimentu-geruzak altxatu eta tolestu egin ziren itsas mailaren gainetik geldituz.

Unbria eta Marken inguru honetan mendiak liburua dira eta harri-geruzak orriak. Edozein harrobi edo errepide bazterretan ikusgai dira sedimentuen geruzak eta irakurtzen jakinez gero, planeta urdinaren historiaren zati bat argituko zaigu.

Historia dago bestaldetik. Joan den mendeotako historia aberatsaren lekuko dira paraje hauetako herri eta harriak. Gu, aitzitik, ez gara horren urruti joango, zeren eta gure historia honen jatorria 1980an Science aldizkarian argitaraturako artikulu baita. Artikuluan asteroidearen inpaktuaren teoria plazaratzera bultzatu zuten lehen datuak hemen, Gubbioko Bottaccione arroilan, bildu ziren.

Coldigioco Geologi Behategia da azken arrazoia: geologi landa-lan eta ikerketarako bereziki prestatutako tokia.

INPAKTUAK ZIBILIZAZIOEN DESAGERTARAZLE?

Coldigiocon izan ditugun bisitarien artean Marie-Agnes Courty-k, CNRSko geologo frantsesak, sortu dit eraginik handiena. Bizitasun eta energia handiko emakumea da. Bere burua naiftzat definitzen du. Gartsu egiten du hizketan, besoak eta aurpegia lagun dituelarik bere ideiak transmititzeko unean. Geologiaren adar berezi batean egiten du lan. Lurzorua aztertzen du, bere mikroestratigrafia, prezeski. Azken hamabost urteotan arkeologoekin lankidetzan aritu da, garai bateko aurrien lurzorua aztertuz antzinako zibilizazioen gora-behereei buruz argi gehiago egin nahian. Lurzoruaren azterketatik lortutako datuek hankaz gora jar dezakete hainbat zibilizazioen desagerketari buruzko egungo ideiak.

Guneak mozten.

“Arkeologoen artean gauza ezaguna da aspalditik, K.a. III. milurtekoaren bukaeran hainbat zibilizazio desagertu zirela ia aldi berean: akadiarren inperioa Mesopotamian, dinastia arkaikoaren inperioa Egipton, Indusko zibilizazioa Indian eta egeotarren zibilizazioa ekialdeko Mediterraneoan. Arkeologoen eta historialarien artean eztabaida luzea eta sakona dago gainbehera hauen arrazoiari buruz. Batzuentzat, gainbeherak independenteak dira eta ez dute elkarren artean erlaziorik. Besteentzat, kanpoko kausa komun bat dago, aldaketa klimatiko larri bat, esaterako.

Indian lehenik eta Mesopotamian gero hasi nintzen lanean eta K.a. 2002. urtean aldaketa klimatiko larri bat gertatu zela konturatu nintzen, urte batzuetan aridifikazio oso latza gertatu zela eta aridifikazio hori eta akadiarren zibilizazioaren gainbehera aldi berekoak izan zirela. Era berean, aurkitu genituen datu geologikoek aridifikazioa eta errauts bolkanikoen deposizio bat garaikideak zirela pentsatzera eraman gintuzten. Horrela adierazi genuen 1992an ‘Science’ aldizkarian argitaratutako artikuluan.

Alabaina, hipotesi horrek bazituen hainbat puntu ahul; besteak beste errauts bolkanikoak eskualdeko puntu batean baino ez genituela aurkitu, ohizkoena eskualde osoan barreiatuta aurkitzea izango zelarik. Bestetik, aldaketa klimatikoa eragiteko oso neurri handiko leherketa bolkanikoa izan behar zuen, Toban duela 70.000 urte gertatutakoaren tamainakoa esaterako, eta horren berri ez dago. Datu hauekin guztiz harrituta, lanean jarraitu nuen eta, partikula bolkaniko gehiago ez aurkitzeaz aparte, esferula kaltzitikoak aurkitu nituen. Garai hartan horrelakoak ikusi gabe nengoen, deskribatu gabe zeuden eta ez nekien nola interpretatu. Beraz, mundu osoko espezialistekin harremanetan jarri nintzen. Modu horretan, horrelakoak meteoritoen inpaktuetan osatzen direla jakin nuen eta inpaktuaren hipotesiarekin hasi nintzen lanean. Hortik aurrera inpaktuei buruzko adituekin hasi naiz lanean ea inpaktuaren hipotesia egokia den frogatzeko.

Hala ere, hipotesi honek baditu bere arazoak; izan ere, garai hartako lurzoru-geruzan (zentimetro erdiko lodiera baino ez du) aurkintzen den partikula-multzoa ez da, orain arte, inpaktuetan aurkitu den tipikoa, baina, ezta leherketa bolkanikoetan ere. Esferula kaltzitikoak eta asoziatutako partikulak sortzen dituen erupzio bolkanikorik ez da ezagutzen, ezta partikulen nahaste-mota hau eratzen duen inpakturik ere.

Inpaktuaren teoriaren alde arrazoi bakarra ematerik ez dago; arrazoi-multzo bat behar da. Batetik, jakin badakigu, kanpo-espazioko objektuek betidanik inpaktatu dutela Lurra. Orain arte, inpaktu nagusiak baino ez dira aztertu, hots, eragin global nabarmenak izan dituztenak. Inpaktu txikiagoak, maila globalean eragin handirik ez dutenak, baina Mesopotamia bezalako eskualde sentikor batean aridifikazioa eragiteko adinakoak, ez dira aztertu. Esaterako, 1908an Tunguskan, Siberian, lurrazaletik zenbait kilometrotara desintegratu zen kometak lurrean deflagrazio izugarri baten arrastoa baino ez zuen utzi. Ez zuen kraterrik sortu, ezta partikula estralurtarrik utzi ere. Gainera, nik aurkitutako esferulek badute antzik Adrianak eta Kevinek Belizen aurkitutakoekin.

Zulaketa-gunea zulagailutik ateratzen.

Bestetik, arrazoi arkeologikoak ere badaude. Esferulen agerpena eta zibilizazio horien praktiken aldaketa bat datoz. Siriako Tell Leilan-en esaterako, esferulak estuki uztartuta daude errito erlijiosoen aldaketa handi batekin. Mesopotamian mendetan zehar erabili zen adreiluzko plataforma errituala aldatu egin zen eta erritoak beste mota bateko bilakatu ziren. Hegoalderago dagoen Tell Blak-en, esaterako, jendeek hiriko eraikin publikoak lurrez bete zituzten hiria utzi baino lehen. Aridifikazioa hamar edo hogei urte geroago gertatu zen. Esferulen agerpena adosago dator botere erlijiosoaren aldaketekin egoera sozio ekonomikoaren aldaketekin baino. Beraz, jendea bere eguneroko bizitza aldarazi zuen zerbaitetaz, edozer izan zela ere, jabetu zen. Nire aburuz, espazioko objektu baten inpaktua izan zen kausa”.

Bere hipotesia guztiz frogatzeko datu berrien bila dabil egun Marie-Agnes, baina bera konsziente da, datu erabakiorrak zientoka bilduta ere “ mendebaldeko zientziaren kontserbadorismoari’ aurre egin beharko diola.

“Arkeologoek alde batera utzi dute historiaren azterketa antropologikoa, hots, mitoek eta sinesmenek historian izan duten eragina. Mitoek eta sinesmenek egiazko oinarri bat dutela edo gertaera ezohizkoek kultura baten garapenean eragina izan dezaketela ez dute onartzen. Hori eskuineko zein ezkerreko arkeologoen ajea da, ez ideologia politiko jakin batena.”

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila