Donostiako padurak: RIP

Denboraren makina erabiltzeko aukera izango bagenu eta duela 200 bat urteko Donostiara itzuliko bagina, bertan aurkituko genukeen paisajeak ez luke gaur egunekoarekin inongo antzik izango; izan ere, gaur egungo hiriko kaleek betetzen duten lekuan hareatza zabalak eta padura zoragarriak aurkituko genituzke. Urumea, ibai-izaera galdu eta itsasadarra bilakatzen den Martutenetik aurrera, alfertu egiten zen eta, meandro zabalak eratuz, itsasorantz abiatzen zen, gaur egun Amara auzoa den horretan padura eta limo-hondartza handiak sortuz.

Amaieran ibaiak aurrez aurre aurkitzen zituen Igeldo, Urgull eta Uliako oinarriak lotzen zituen hareatza eta duna zabalak, itsasora iristeko oztopo hori ahal zuen moduan gainditzen zuelarik. Antzeko zerbait baina neurri txikiagoan aurki zitekeen Ibaetako ibarran.

Ondoren iritsi zen Gipuzkoako hiriburuaren hazkunde demografikoa eta horri loturik hiriaren hedapena. Hedapen hori hareatza eta paduren gainean gauzatu zen, bizi aberastasun hori betirako suntsituz.

Dena den, duela hilabete batzura arte Burdinazko Zubia eta Egiakoaren artean, Urumea itsasadarra kanalizatu gabe gelditzen zen azken zatietako batean, padura txiki bat ikus zitekeen. Metro karratu gutxi batzuk baino ez ziren; seguruenik guztira futbol zelai pare bat betetzera ez zen iritsiko, baina, dirudienez, padura txiki horrek estaltzen zuen alderdia "ezinbestekoa" da hiriaren garapenerako. Bestela, ezin uler liteke kanalizazio proiektuaren aurrean zati horiek babestea eskatzen zuten taldeek nola ez duten Donostiako Udaleko arduradun politikoek amore ematea lortu. Azken kanalizazio basati honekin padura-ekosistema erabat desagertu da Urumearen bokaletik; azken mende honetan bere balio natural guztia suntsiturik ikusi duten Euskal Herriko itsasadarren zerrendan (Bilbo, Pasaia…) sartu zaigu berriki Donostiakoa.

Urtebete eskas pasa da aldizkari honetan euskal kostaldeari buruzko artikulu-sorta argitaratu nuenetik. Ordutik hona jadanik hiru padura desagertu dira, Donostiakoa, Sokoakoa eta Baionako Saint Bernard-ekoa, eta beste batzuk laster desagertuko dira ingurune hauek mehatxatzen dituzten proiektuek aurrera egiten badute behintzat. Aski da!
E.A.E.

Kanalizazioa beharrezkoa zela onartuko bagenu ere… ez al zegoen ekologikoki hain garrantzitsua den alderdi hori babesteko alternatibarik? Ezin zitekeen kanalizazio “bigunagorik” planteatu? Zer galduko litzateke kanalizazioa metro batzuk atzerago egin izan balute, padura mantenduz? Nola uler daiteke era horretako lan bat gaur egun horrela egitea, ingurugiroa eta ekologia hitzak politikoen ahotan etengabe entzuten ari garen garai honetan? Galdera hauek guztiek, azken finean, politikoen hizkuntza bikoitza uzten dute agerian, Urdaibai edo Txingudiko balio naturala goraipatu edo Zarauzko duna eta itsasadarra Biotopo izendatzen ari diren une berean, Donostiakoa bezalako padura txiki hauek suntsitzeko ez baitute inongo gupidarik izan.

Urtebete eskas pasa da aldizkari honetan euskal kostaldeari buruzko artikulu-sorta argitaratu nuenetik. Ordutik hona jadanik hiru padura desagertu dira, Donostiakoa, Sokoakoa eta Baionako Saint Bernard-ekoa, eta beste batzuk laster desagertuko dira ingurune hauek mehatxatzen dituzten proiektuek aurrera egiten badute behintzat (Plentzia, Ondarroa, Zumaia, Orio, Ziburu, eta abar). Horrek gure ondare naturalaren zatirik garrantzitsuenetarikoa den padura-ekosistema oso egoera arriskutsuan utz dezake, baita erakundeen aldetik nolabaiteko onarpena jaso duten Urdaibai eta Txingudin ere, degradazioa ez baita gelditu eta, Txingudiren kasuan konkretuki, berreskurapena gero eta zailagoa baita.

Gainera, egoera honi buelta ematen ez badiogu, eragina ez da Euskal Herriko biodibertsitatearen murrizketa garrantzitsua izango soilik, gure mugetatik kanpo ere eragina nabarmena izango baita. Izan ere, joan den apirilaren 8an “Hezeguneen kontserbazioa Ipar-Hego ikuspuntutik: Atlantiko-Ekialdea migrazio-bidea” izeneko liburuaren aurkezpenean Lurraren Lagunak erakundeko ordezkariak, Humberto Da Cruzek, garbi azaldu zuen Euskal Herriko kostaldea, migrazio-ardatz horren puntu estrategikoa izan arren, gaur egun kate-mailarik ahulena dela. Beraz, hau desagertzeak eragin handia izan lezake migrazio-ardatz osoan.

Hau bezalako gertaerak gure ondare naturalaren alderdirik garrantzitsuenak suntsitzen ari diren bitartean, gure politikoek “berdez” mozorrotuta segitzen dute, mendikateen gailurrak Parke Natural izendatuz. Ez dago zalantzarik: gaur egungo ingurugiro-politika tamalgarri hau goitik behera aldatu beharra dago. Horretarako nahikoa litzateke erakundeek burutu dituzten ingurugiroari buruzko hamaika ikerketa, katalogo, egitarau eta aurreproiekturi nolabaiteko izaera juridikoa ematea; arazoa, izan ere, ez da gure ingurua ikertuta ez dagoenik edota oraindik ez dugunik ezagutzen zeintzuk diren gure alderdirik baliotsuenak, baizik eta babes-neurri eraginkorrak martxan jartzeko garaia iristen den bakoitzean ezkutuko interes politiko eta ekonomikoek proiektu horiek guztiak geldi arazten lortzen dutela.

Beraz, ingurugiroan gelditzen diren azken zati baliotsu hauek mantendu nahi badira, babes-politika ausarta diseinatu beharra dago; zoritxarrez, orain arte erakutsitakoa kontuan hartuz, gure politikoak horrelako planteamenduetatik oso urruti daude. Bitartean, hondeagailuek gure ondare naturalaren azken aztarnak suntsitzen segitzen dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila