Ohi bezala, lagunak eta lankideak elkartzeko bidea eman zigun urteroko sari-banaketa ekitaldiak. Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean ehun lagunetik gora elkartu ginen Pepelu eta bere lankideen pintxo gozoak dastatzeko eta aurtengo irabazleei zorionak emateko. Ekitaldi laburraren ondotik izan genuen horretarako aukera.
Lau urteko ibilaldia, bere txikian handia da CAF-Elhuyar Sariak antolatzen dihardugunontzat. Lau urte, egia da, nahikoa tarte eskaxa da sariketa baten oihartzuna epaitu ahal izateko. Baina Elhuyar Kultur Elkarteko lehendakariak, Inaki Irazabalbeitiak, sarrera-hitzaldian esan zuen bezala, “euskarazko zientzi dibulgazioak, apurka-apurka, dagokion maila erdietsi du; urteetan egindako lanaren emaitzak dira sariketari esker plazaratzen ari direnak”.
Sariketa duela lau urte abiatu zen, Elhuyar Kultur Elkarteak sustaturik eta Beasaingo CAF enpresak diruz lagundurik. Euskaraz lanean ari diren profesionalei —zientzialariei nahiz kazetariei— beren lanak argitaratzeko forum egokia atontzea zen helburua. Lau urteotan 100 lagun inguruk hartu dute parte sariketan, artikuluak eta liburuak argitaratuz. Sariketa baino lehen ere, Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkarian formatu dira idazle on asko, hilero-hilero eta hutsik egin gabe —eskerrik asko!— zientziaren alde desberdinak modu argi eta ulerterrazean gerturatu dizkigutenak. Horiek gabe, nekez iritsiko zen eskuartean duzun aldizkari hau bere 128. alera. Baina idazle berrientzat zailagoa izaten da lehen esperientzia hori lortzea, non trebatua izatea, hain zuzen ere. Hutsune hori betetzeko xedez ere sortu zen sariketa: idazle berriak “zirikatzeko”. Argi dezagun, beste ezer baino lehen, zein diren idazle berriak: gure aldizkarian bost artikulu baino gutxiago argitaratu dutenak, edo bat ere ez.
Euskarazko dibulgazioak korrika hasi behar izan du lau hankatan ikasteko betarik izan gabe. Ibilian trebatu gara idazleok, irakurleak eta hizkuntza bera. Urte gutxitan, izan ere, euskarak bereganatu ditu duela gutxira arte erabat arrotzak zitzaizkion eremuak eta horien artean dago, jakina, zientziaren dibulgazioa. Zientzi gaiak zehaztasun handiz landu dituzte egileek. Hizkuntza bera gaitu dute; gaur egun puntako edozein gai zientifikori buruz idatz dezaketen euskaldunak aurkitzea ez da jadanik hain zaila. Zientzia eta teknologia gizarte modernoen zutabe nagusiak dira; kultura unibertsalaren zati garrantzitsua da, halaber, dibulgazioa. Eta hori jadanik euskaraz egiten da normaltasun eta naturaltasun osoz. Neurri txiki batean bada ere, era horretako ekimenei zor zaie hizkuntzaren beraren gaitasuna.
Sariak zuen aurrean, Elhuyar zale, irakurle, lagun eta lankideen aurrean, eman ohi dira ezagutzera. Egun hori iritsi arte, izan ere, epaimahaiko kideek baino ez dute ohorezko zerrenda ezagutzen; abenduaren amaialdean elkartu zen epaimahaia Usurbilgo gure bulegoetan eta sarien banaketa-ekitaldia egin arte ixilean gorde dugu han erabakitakoa.
Aurtengo deialdiaren arabera, bi mailatako lanak aurkeztu dira sariketara. A mailan, dibulgazio orokorreko artikuluak jaso ditugu eta B mailan Hirigintza eta Ekonomia eta Enpresa arloetakoak. Azken sari hori da, hain zuzen ere, aurtengo berrikuntzarik aipagarriena. Jose Mari Rodriguez Ibabek banaketa-ekitaldian esan zuen bezala, “arlo horretan egiten ari diren lanak gero eta garrantzitsuagoak dira. Garai batean zientzia eta teknologia erabat bereizten genituen, baina gaur egun elkarren eskutik doaz. Gero eta garrantzitsuagoak dira enpresa-, ekonomia- eta hirigintza-arloak herri honen garapenerako eta lan horiek gure hizkuntzan, euskaraz, jaso behar ditugu. Euskarak, izan ere, arlo horiek ere bereganatu behar ditu”.
Jabier Agirre, UZEIko langilea, medikua, OEEko lehendakaria
Jesus Mari Txurruka, biologoa, EHUko irakaslea
Jose Mari Rodriguez Ibabe, goi-mailako injinerua, CEITeko ikertzailea
Josetxo Alvarez, ekologista, irakaslea
Mikel Zurbano, ekonomian lizentziatua, EHUko irakaslea
Izenburua: Cacyreus Marshalli: zure geranioak jan(go) dituen tximeleta.
Egilea: Santiago Pagola Carte (Donostia)
Lana saritzeko arrazoiak: Azalpenaren egokitasuna eta zuzentasuna. Naturako gaiek gure artean sortu ohi duten interesa berekin bat darama; freskotasuna eta ulergarritasuna lehenetsi ditu, ez, horratik, zuzentasunaren kaltetan. Globalizazioaren aurrean, eremu txikiagoetan gerta daitezkeen desorekak azaltzen ditu, bere konponketaren mugak agerian jarriz. Gaiaren planteamendua bikaina da, hasieratik bukaera arte bikain lotua, alegia.
Lanaren deskribapena: Hegoafrikar Errepublikako tximeleta da Cacyreus Marshalli izenekoa, baina udaz geroztik nahikoa ezaguna da gure artean. Izan ere, balkoietako geranioak erabat txikitzen ditu eta, ezezagunak zaizkigun arrazoiak direla medio, gure lurraldera iritsi da. Jatorrizko bizilekuan ez bezala, gure artean berebiziko indarra erakutsi du, izurri izatera iritsiz zenbait kasutan. Animalia honen ezaugarriak, zabaltzeko erabili dituen bideak, bere portaeraren zergatiak edo hipotesiak eta izurriak etorkizunean izan ditzakeen ondorioak aztertzen ditu artikuluak.
Izenburua: Aledun, labore, zitu edo zerealak
Egilea: Gerarta Iñaki Arotzena Otxotorena (Aizarnazabal)
Lana saritzeko arrazoiak: Jantzi apainekoa eta aurkezpen zein irudien oinarri dotorea. Informazio zabala eskaintzen du eta diziplina desberdinetako ekarpenak egiten ditu. Zituei buruzko bilduma labur bezain osatua eskura ekarri digu egileak.
Lanaren deskribapena: Elikagai hutsak baino gehiago dira zerealak. Hala izan da historian zehar eta, artikuluak erakusten digunez, zibilizazioen motore ere izan dira.
Artea, zenbait gizarteren aurrerapena eta garapena eta gaur egun irautea bera ere, neurri batean zor zaie zerealei. Historian zehar izan duten bilakaera eta bakoitzaren ezaugarriak eta erabilera zehatz-mehatz aztertu ditu egileak.
Izenburua: Pentsamendu klonikoak
Egilea: Jon Umerez Urrezola (Donostia)
Lana saritzeko arrazoiak: Gaurkotasuna erabatekoa du gai honek. Orain arte egin diren saioak bildu eta klonazio biologikoaren deskribapen zehatz, interesgarri eta ulerterraza egin du egileak.
Lanaren deskribapena: Pasa den urteko lehen hilabeteak ardi bati begira eman genituen; genetikaz deus ez zekitenak ere ohartu ziren urrats horren garrantziaz. Alabaina, zehatza da gertakari honen inguruan esandako guztia? Egileak makina bat galdera aztertzen ditu artikuluan zehar, bioteknologiak gaur egun eskaintzen dituen abantailak eta arriskuak erakutsiz. Klonazio biologikoa osatzen duten urratsak deskribatu ditu eta ez dio muzin egin egunotan denon ahotan ibili den balizko giza klonaziori buruz bere iritzia
emateari.
Izenburua: Ehiza kontserbaziorako tresna?
Egilea: Santiago Larrañaga Arrizabalaga (Azkoitia)
Lana saritzeko arrazoiak: Gaurkotasuna sekula galtzen ez duen gaia da; mutur kontrajarrietan dauden taldeak eztabaida aberasgarriak gauzatzeko topagune izan daiteke hemen aipatzen den esparrua; gainera, kausistika errazean geratu gabe, eredu teoriko orokor batzuk oso modu argian azaltzen ditu.
Lanaren deskribapena: Ehizaren kudeaketa egokia kontserbaziorako tresna baliagarria izan daitekeela defendatzen du egileak lan honetan. Berez, kontserbazioa eta ehiza elkarren berririk ez duten bi mutur izan ohi dira gure artean, baina artikuluak biak elkarganatzeko bideak erakusten dizkigu, adibide konkretuak ipiniz.
Izenburua: Ingurugiroa eta enpresa bateratzeko moduan gaude?
Egileak: Lorea Gabiola Anakabe (Lekeitio) eta Leire Barruetabeña Oregi (Getxo)
Lana saritzeko arrazoiak: Gaur egun industria edo lantegi batean kalitate osoari buruz hitz egiten denean, egindako produktuen kalitatea baino gehiago esaten da; gero eta garrantzitsuagoa da lantegi horrek ingurugiroarekiko duen portaera. Eta artikulu honek ingurugiroa eta enpresa aztertzen ditu, horretarako une honetan erabiltzen diren ikuskaritza eta gainerako kudeaketarako sistemak garbi azalduz. Gaiaren garrantzia ikusita eta egileen tratamendua oso egokia dela kontuan izan du epaimahaiak sari berezi hau emateko.
Lanaren deskribapena: Ingurugiro-kudeaketa gero eta gehiago entzuten den kontzeptua da. Horren gibelean filosofia desberdinak egon daitezke, baina guztiek bat egiten dute oinarrizko faktorean: ingurugiroa babestea enpresaren zeregina da. Esperientzia konkretu batetik abiatuta, egileek ingurugiroa kudeatzeko sistemek enpresetan aurki ditzaketen oztopoak erakutsi dizkigute eta proposamenak egitera ere jo dute, eredu benetan interesgarriak lortuz.