Elhuyar Fundazioa
Amets hori betetzeko lehen urratsak ematen 1947an hasi ziren. Orduan Chuck Yeager estatubatuarrak soinuaren abiadura gainditu egin zuen bere Bell X-1 hegazkinaz. Hamar urte geroago ehiza-hegazkin berriek soinuaren abiadura baino azkarrago ibiltzeko gauza ziren. Harrezkero, Frantzia eta Erresuma Batuko aeronautika-adituak hegazkin berezi batez pentsatzen hasi ziren. Soinuaren abiadura baino bi aldiz azkarrago joango zen, delta-erako hegoak izango zituen eta ehunen bat bidaiari garraiatzeko gai izango zen.
Harreman eta saio ugari izan ondoren, 1962ko azaroaren 29an Frantziak eta Erresuma Batuak behin betiko akordioa sinatu zuten. Abioi supersonikoa Frantziako Sud-Aviation konpainiak (1970ean Aerospatiale bihurtu zenak) eta Britainia Handiko BAC edo British Aircraft Corporation-ek eraikiko zuten. Motorrak berriz, Olympus britainiarrak izango ziren, baina Snecma enpresa frantsesak eta Bristol-Siddeley ingelesak (1966. urteaz gero Rolls-Royce izenekoak) hobetutakoak. Mach 2 abiaduran ehun eta hogei pertsona eskalarik gabe 6.000 kilometro garraiatzeko gauza izango zen. Izena ere aukeratu zioten: CONCORDE, hain zuzen.
Hirurehun eta berrogeita hamar enpresa frantses eta berrehun eta berrogeita hamar enpresa britainiar aritu ziren jo eta ke lanean, eta azkenean, 1969ko martxoaren 2an arratsaldeko laurak bost gutxitan 001 Concorde lehen aldiz aireratu egin zen.
Lehen hegaldia egin eta laster, 1970eko martxoan, 002 Concorde-k Mach 1 abiadura gainditu zuen. Jarraian, hurrengo azaroaren 4an, 001 Concorde-k Mach 2ko abiadura lortu zuen (2.200 km/h). Brian Trushaw gidari britainiarrak egitekoa zen marka, baina hegazkina gehiegi berotu zelako André Turcat frantsesak burutu zuen. Ondoren beste hainbat proba egin zuten Concorde-z. Hona hemen batzuen datuak laburbildurik:
Marka handiak egin arren, Concorde hegazkina aireko garraio-lineetan erabiltzeko sortu zen eta Frantziako agintariek 1975ean horretarako baimena eman zuten. Baita geroxeago Erresuma Batuko agintariek ere.
Bidaiari eta guzti lehen hegaldi komertziala 1976ko urtarrilaren 21ean egin zuen. Air France konpainiak Paris-Dakar-Rio linean erabili zuen eta British Airways konpainiak Londres-Bahrein linean. Eta laster, 1977ko azaroaren 22an, Concorde New Yorkera heldu zen. AF001 hegaldia goizeko hamaiketan abiatu zen Parisko Roissy-Charles de Gaulle aireportutik eta Kennedy aireportuan goiz bereko bederatziak hamabi gutxitan pausatu zen 3 ordu eta 38 minutu airean egin ondoren (2 ordu eta 38 minutu abiadura supersonikoan). Air France-ren Concorde-ren ondoren British Airways-ena lurreratu zen eta biak elkarren ondoren desfilatu zuten pistan.
Concorde-n bidaiatzen duenak hegazkin arruntetako bidaiariek baino ibilaldi erosoagoa egiten dute. Ordu-aldaketagatiko nekea txikiagoa da eta bidaiako presioa, bidaiariek dutena, beste hegazkinetan baino txikiagoa da (1.600 metroko altitudeari dagokiona, eta ez ohikoa den 1.800 metroko altitudekoa). Gainera estratosferako altitudean doanean haize-zurrunbilorik ez dago eta abiadura supersonikorako duen delta forma erabat aproposa da.
Azpimarratzeko beste ezaugarri batzuk ere baditu Concorde-k. Aurreko muturra makurtu egiten zaio, pilotuak pista ikus dezan. Hegazkina bera aluminio-aleazio bereziaz egina da eta behar duen malgutasuna eskaintzen dio. Abiadura supersonikoan doanean berotu egiten da (127 °C-raino gehienez) eta dilatazioaz hogei zentimetro inguru luzatzen da.
,
Concorde hegazkina gidatzeko erreferentzia tenperatura izaten da, eta ez abiadura. Alderdi beroena 127 °C-ra heltzen denean, azeleratzeari utzi egiten zaio eta hegazkin-gorputzeko kanpoko aldean orduan 100 °C-ko tenperatura egoten da. Beraz, kanpoko airea kabinara sartzeko hoztu egin behar da (hegazkin klasikoetan berriz, berotu egin behar izaten da).
Concorde-ren beste ezaugarri bat erreketa ondorengo beste erreketa bat izatea da. Erregaia berriz injektatzen da airera bigarren erreketa burutu eta erreaktore bakoitzaren indarra % 25 handiagoa izan dadin. Mach 2ko abiaduran doanean, lau ordez bost motor edukitzearen parekoa da hori. Erregaiak gainera, badu beste eginkizun bat. Abiadura bizkortzen ari den neurrian, ponpek erregaia aurretik atzera bidaltzen dute, hegazkinaren grabitate-zentroa aldarazteko.
Teknologia aurreratuko hainbat segurtasun-sistema du hegazkinak. Batzuk gainera hirukoitzak dira, arriskua ahalik eta txikiena izan dadin. Bestetik, ez dira ahaztu behar maila handiko trebakuntza duen pertsonalak aldika egiten dituen ikuskapenak. Egunero aztertzen dira hegazkinak eta 210, 420 eta 1.680 hegaldi-ordutan egiten dira mantenimendu-lanak. 12.000 hegaldi-ordu betetakoan azterketa sakona egiten zaio hegazkinari.
Concorde oso goian ibiltzen delako hezetasun eta korrosiorik ez du. Gainera hegazkin gaztea da, urtean 600 orduko bidaialdia besterik egiten ez duelako (Boeing edo Airbus hegazkinek urtean 3.000 ordu egiten dituzte airean).
Sar gaitezen Concorde-ko pilotuen kabinara eta ikus dezagun munduko hegazkin zibil aurreratuenaren portaera. Concorde-k barruan ehun bidaiari dituela 90 tona pisatzen du. Paristik New Yorkera joateko 96 tona erregai ere gainean izaten ditu bidaiaren hasieran. 186 tona dira guztira, beraz. Aireratzen denean bere Olympus 593 lau motorren potentzia aprobetxatu ondoren, aparatuak guztira 185 tona pisatzen ditu. Hegazkinak parking-etik aireratzeko pistaren muturrera joateko tona bat keroseno erre behar izaten du. Gero pistan azeleratuta 370 km/h-ko abiadura lortzen duenean gorantz inklinatu eta aireratu egiten da. Pistan kilometro eta erdi hogeita hamar segundotan korritzen ditu. Aireratu eta handik hogeita hamar segundora, bigarren errekuntza moztu egiten da eta aurreko muturra altxatu egiten diote. Orduan minutuko 2.000 oin (600 metro inguru) igotzen da gora.
Aireratu eta hemeretzi minutura 7.700 metroko altitudea izaten du, eta hortik aurrera Concorde ez da ohiko hegazkinak bezalakoa. Abiadura supersonikora heltzen da, baina subsonikotik supersonikorako aldaketan hegazkinaren zentroa aldatu egiten da.
Aparatuaren grabitate-zentroa atzeratu egiten da aurreko deposituetatik erregaia atze aldera ponpatuta. Mach 1era pasatzen denean bigarren errekuntza pizten da eta 9.000 metroko altitudea lortzen duenean 300 kilometroko bidaia egina izaten du hogeita zortzi minututan.
Orduan Concorde-k azeleratu eta sei minututan Mach 1etik Mach 1,7ra pasatzen da eta 13.000 metroko abiadura lortzen du. Bigarren errekuntza itzali egiten diote eta hurrengo hogeita bost minututan hegazkina Mach 2ra heltzen da, aireratu eta handik ordu betera, hain zuzen.
1.225 kilometro egin dituenean 15.300 metrotik gora abiatzen da eta bidaia 16.000-18.000 metro bitarteko altitudean egiten du. Kanpoko tenperatura -55 °C-koa da, baina beroketa zinetikoa dela eta hegazkina 120 °C-raino heltzen da. Abiatu eta 2 ordu eta 40 minutu igaro direnean, 5.385 kilometroko bidaia egina du. 600 kilometro falta dira New Yorkeko JFK aireporturaino. Bederatzi minututan 2,02 Mach-etik (2.200 km/h-tik) Mach 1era jaisten da. Abiadura Mach 1,6koa denean erregaia atzetik aurrera ponpatzen da. 10.700 metroko altitudean Mach 1eko abiadura du eta Boston parean izaten da. Zazpi minutu egiten ditu 10.700 metroko altitude konstantean Mach 0,95 inguruko abiaduran. Beste hamasei minututan Concorde-k 9.000 metro baino gehiago galtzen ditu. Hegazkinaren aurreko muturra jaitsi egiten diote eta hamabi minutu barru New Yorken lur hartuko du. 293 km/h-ko abiaduran ibili ondoren 275 km/h-ko abiadurara jaitsi eta lurrean pausatzen da, 3 ordu eta 30 minutuko hegaldia eginda.