Cassini, Eraztunen Jauna

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Giovanni Domenico Cassini astronomo polemikoak Saturno behatzen eman zituen bere bizitzako urte gehienak. 1712ko irailaren 11n hil zen, erabat itsututa, baina ordurako lortu zuen planetaren itzal-joko misteriotsuak argitzea.

Luis XIV.ak ondotxo ezagutzen zituen Cassini astronomo iaioaren lanak. Bazekien Eguzkia sakon ikertu zuela, eta Jupiter eta Marteren errotazio-denborak kalkulatu zituela, gainera. Parisko Behatokia eraikitzen ari zen orduan, eta Cassini italiarra Behatokiko buru izendatzea erabaki zuen. Cassinik 42 urte zituen une hartan, baina bere oinordekoek herentzian jasoko zuten titulua. Haren semea, biloba eta birbiloba ere behatokiko zuzendari izan ziren, Frantziako Iraultzak eztanda egin eta bertan behera utzi behar izan zuten arte.

Giovanni Domenico bera izan zen, ordea, Cassini guztietatik famatuena. Izan ere, Parisko Behatokitik Saturno planetaren lau ilargi identifikatu zituen -Tetis, Dione, Rea eta Japeto- eta planetaren eraztun misteriotsuaren egitura argitzeko lan izugarria egin zuen. Hark esan zuen Saturnoren eraztunak oso partikula txikiez osaturik zeudela, banan-banan ikusi ere egiten ez diren osagai ñimiñoak zirela.

Gaur egun batez ere Cassiniren lan arrakastatsuen berri dugu, baina bere garaian astronomiako eta fisikako eztabaida sutsu eta entzutetsuetan parte hartu zuen. Zientzialari askoren hipotesiak jarri zituen zalantzan, eta askotan, burumakur, amore eman behar izan zuen gero. Isaac Newton-ekin izandako eztabaidak nazioarteko harremanak ere kolokan jarri zituen ia. Izan ere, Lurraren formaren inguruan iritzi zeharo desberdina zuten biek: Newtonek poloetan pixka bat zapalduta zegoela zioen, eta Cassinik, ordea, ezetz, ekuatorean estutzen zela.

Cassiniren omenez du izen hori Saturnora bidali duten zundak.

Eztabaidak 20 urte iraun zuen, eta Newton hil ondorenean ere jarraitu zuen. Azkenean ikertzaile bien nazioen ohorea bera jarri zen jokoan, eta, auzia konpontzeko, Frantziako Zientziaren Akademiak bi espedizio antolatu zituen: Artikora bata eta Ekuatorera bestea, bi lekuetan meridianoaren arkuaren gradu bat zehatz-mehatz neur zezaten. Horrek erraz argitu zuen eztabaida: Newtonek esan bezala, arkua handiagoa zen Ekuatorean.

Polemikak polemika, Cassini astronomo eta kartografo arrakastatsua izan zen. Haren omenez jarri zaio izena uztailean bertan Saturnoren orbitara iritsi zen espazioko zundari. Astronomo italiarrak eta gerora eraztunen planeta ikertu duten beste astronomoek argitu gabe utzi dutena amaitzera joan da: zergatik dituen Saturnok eraztun distiratsu horiek, eta, bide batez, nola sortu diren. Lau urtez Saturnoren zaindari izango da Cassini zunda.

Planeta eroa

Erromatarrek eman zioten izena Saturno planetari, jainko baten omenez. Saturno jainkoa Jupiterren aita zen, eta Jupiter bera, Marteren aita. Baina Saturno jeloskorra zen oso, eta, postua ken ez ziezaioten, bere seme-alabak jan egiten zituen. Istorio mitologiko xelebre samarra da, baina badu zerikusia planetarekin.

Saturno teleskopioz behatu zuen lehen astronomoa Galileo Galilei italiarra izan zen. 1610ean, hiru 'bola' ikusi zituen bakarra ikusi beharrean. Erdiko esfera, planetaren 'puska' nagusia, eta alboetan itsatsita zituen bi bola txiki. Galileo erabat harritu zuen aurkikuntzak. Gainera, Saturno behatzen zuen bakoitzean planeta aldatuta azaltzen zitzaion: alboetako bolak gero eta txikiagoak ziren. 1612an desagertu ere egin ziren, eta Saturno esfera bakarra bilakatu zen. Ordurako Galileo hasia zen teleskopioz zeruan fenomeno bitxiak ikusten, baina hori gehiegizkoa zen. Planetak, erromatarren jainkoaren antzera, jan egiten zituen seme-alabak.

NASA

Saturno behatzeari utzi egin zion Galileok. Planeta ero hura gabe ere arazo larriak zituen buruan. Baina beste astronomo batzuek irrikaz zuzendu zituzten teleskopioak planeta misteriotsurantz. Hainbatek belarri-itxurako gauza batzuk ikusi zituzten Saturnoren alboetan, baina inork ez zuen argitu zer ziren. Azalpena Christian Huygens nederlandarrak aurkitu zuen. Galileoren aurkako fenomenoa ikusi zuen: Saturno lehen aldiz behatu zuenean, esfera bakarra zen espazioan.

Baina pazientzia galdu gabe, urteak joan eta urteak etorri, azkenean berriz azaldu ziren haren aurrean Saturnoren ustezko belarriak. 1659. urtea zen. Ordurako teleskopioak hobeak ziren, eta planetaren inguruan jiraka ari zen eraztuna zela ohartu zen, planetaren inklinazioaren arabera agertzen eta desagertzen zen eraztuna. Izan ere, eraztunak hain finak izanik, ertzetik ikusita desagertu egiten ziren.

Giovanni Domenico Cassini izan zen, azkenik, eraztun haren itxura ikertu zuena. Berrogeita sei metroko teleskopio luzea sortu zuen, eta 1675ean Saturnoren eraztuna benetan bi eraztunez osatuta zegoela ikusi zuen; hutsune handia dago haien artean. Geroztik, hutsune handi horri Cassiniren etena deritzo, nahiz eta gerora ehunka eraztun dituela ikusi duten astrofisikariek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila