BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroa berezia da kanpotik, eta barrutik. Kanpotik, Parke Teknologikoaren logoa gogorarazten du: bi piramide dira, bata bestearen ondoan jarriak eta lur azpitik komunikatuak. Eraikina arkitektura-sari garrantzitsuak jasotzen ari da; besteak beste, 2009ko Kultura Eraikinik Onena aukeratu dute ArchDailyn, munduan bisita gehien jasotzen dituen arkitekturari buruzko webgunean.
Baina kanpoaldeak bezainbeste harritu eta erakarri nahi du bisitaria BTEKen barruak, eta musikaren bidez gonbidatzen du sartzera. Hala, kanpoan entzuten den doinuak lagun egiten dio bisitariari sarreran zehar eta lehenengo aretoan. Doinuak berak eta sarrerako pasabidearen itxurak adierazten du nolakoa den giroa: garaikidea, teknologikoa, baina ez hotza. Eta giro horretan murgilduta, bisitariak hainbat elementu ditu eskura, jolasteko eta esperimentatzeko.
Izan ere, BTEK ez da museo bat, interpretazio-zentro bat baizik. Hala azaltzen du Xabier Diaz BTEKeko zuzendariak: "Parkean, Euskal Herrian eta munduan garatzen den teknologiaren erakustokia den arren, ez du teknologiaren historia eta bilakaera azaldu nahi; aitzitik, bisitariak parte hartzera bultzatzen ditu, esperientzien bitartez jabetu daitezen zer dagoen teknologia horien atzean".
Diazen ustez, garrantzitsua da erakustea hemen sortzen den teknologia eta puntakotzat jotzen diren beste herrialde batzuetakoa (Europaren iparraldea, Ameriketako Estatu Batuak...) parekoak direla, eta inguruko jendeak baduela halako gauzak egiteko ahalmena. Horrekin, zientziarekiko eta teknologiarekiko jakinmina piztu eta bokazioak sustatu nahi dituzte. Hain zuzen, bereziki gazteei dago zuzenduta BTEK, eta haiengan pentsatuz sortu dituzte edukia, estetika eta hizkuntza, bai hitzezkoa, bai grafikoa.
Hala ere, adin guztietako pertsonei dago irekia zentroa, eta bestelako jarduerak hartzeko asmoa ere badute, hala nola arte-ekintzak, erakusketak, aurkezpenak, hitzaldiak, ikasle eta irakasleentzako ikastaroak... Alderdi horretatik, BTEKeko zuzendaria erabat zabalik dago eskaeretara. Horrez gain, Diazek aitortzen du behartuta daudela parkeetan eta munduan teknologiek zer bidetatik jotzen duten gertutik jarraitzera: "Teknologia batzuk atzean gelditu eta berriak garatzen diren heinean, elementu batzuk edo eremu osoak ere aldatzen joan beharko dugu".
Orain duen edukia sortzeko eta horri forma emateko arduraduna Elhuyar Fundazioko Aitziber Lasa izan da. Lasak erronka eta elkarlan hitzekin definitzen du sortze-prozesua. Erronka, Elhuyarrek ez duelako orain arte horrelakorik egin; eta elkarlana, arlo guztietako adituekiko elkarlanean oinarritu delako prozesu osoan, hasieratik amaierara arte.
Hala, taldean erabaki zuten, parkean eta inguruan ikertzaileek egiten duten lana islatzeko berariazko guneaz gain, beste eremu batzuk izango zituela BTEKek; Internet eta mundu digitala, nanoteknologia, robotika, bioteknologia eta jasangarritasuna lantzeko, besteak beste.
Beste erabaki garrantzitsu bat izan zen BTEKerako berariazko eredu bat sortzea. "Eredu asko ikusi genituen, eta konturatu ginen batek berak ere ez zigula balio", dio Lasak. Adibidez, Londresko Zientzia Museoan eta Historia Naturaleko Museoan egon ziren, eta ikusi zuten zer lan egiten duten jendeari zientzia-gaiak komunikatzeko eta haien inguruan eztabaida pizteko. Parisko zientzia-museoak ere bisitatu zituzten, baina nahiko tradizionalak iruditu zitzaizkien, batzuk behintzat.
Ameriketako Estatu Batuetara joan zirenean, "beste era bateko" museoak ezagutu zituzten. Besteak beste, MIT Massachusettseko Teknologia Institutuaren museoan eta San Franciscoko The Tech eta Exploratorium museoetan izan ziren. The Tech museoan, euskarri eta baliabide teknologiko aurreratuenak ikusteko aukera izan zuten. Exploratorium-a, bere aldetik, Hands on ereduaren aitzindaria izan zen; alegia, kontzeptuez jabetzeko elkarrekintzan eta esperientzian oinarritzea proposatzen lehenak izan ziren.
BTEKen ereduaren ardatzak dira inguruan garatzen den puntako teknologia eta horretan lanean dabiltzan ikertzaileak. "Haien larruan jarri nahi ditugu gazteak, garapen teknologikoaren prozesu osoa bizi dezaten".
Hori guztia, ahalik eta modu entretenigarrienean eta ludikoenean. "Hala ere", zehazten du Lasak, "BTEK ez da parke tematiko bat, inondik inora ere. Interpretazio-zentro bat da, eta balio erantsia izan behar du". Horren adibideetako bat da hausnarketarako eta eztabaidarako sortu duten gunea. "Gai batzuek, hala nola bioteknologiak edo nanoteknologiak, eztabaida sortzen dute gizartean. Baina teknologia guztiek, aukerez gain, arriskuak sortzen dituzte. Bisitariek horretaz guztiaz pentsa dezaten bilatzen dugu gune horretan."
Gune horretatik kanpo ere, elkarrekintzarako eta jolasteko tresnekin batera, eremu guztietan daude hausnartzera bultzatzen duten elementuak. "Munduaren taupadak" izeneko moduluan oso garbi ikusten da hori. Bertan, bisitaria inguratzen duten mapa berezi batzuen bitartez, agerian geratzen da zer alde dauden herrialde batzuetatik besteetara, teknologiaren ekoizpenean eta kontsumoan, osasunean, hezkuntzan...
Beste modulu batean, jasangarritasuna lantzeko eremuan, gazteek rol bat hautatu behar dute (politikaria, kontsumitzailea, enpresaria...), eta horren arabera hartutako erabakiek zer ondorio dituzten ikusteko aukera izango dute. Lasaren hitzetan, "oso kontuan izan dugu BTEKera etortzen diren gazteak gizartearen parte direla, eta laster helduak izango direla eta gizartean eragina izango dutela. Horregatik teknologia ezagutzea nahi dugu, baina alderdi guztietatik, gero erabakiak hartzeko gai izan daitezen eta jabetu daitezen denon artean ari garela eraikitzen mundu hau".
Hori guztia egiteko, lan-talde sendoa osatu zuten. Bereziki, Elhuyar Fundazioko zientzia- dibulgatzaileak, Pau Senra museografoa eta Ainhoa Villamonte interiorista aritu dira Lasarekin batera. Guztien artean erabaki dute zer kontatu eta nola, zer ibilbide egingo duten bisitariek, zer erritmotan, nola dosifikatu eta nola eman informazioa, zer galdera sorrarazi, non, noiz eta nola planteatu... Hala ere, interpretazio-zentroan parte hartu duten gainerako langile guztiak ere goraipatzen ditu Lasak: "denok ikasi dugu denongandik".
Halaber, moduluak egiteko erabili den teknologia nabarmentzen du. Haren esanean, parte hartu duten enpresek I+G egin behar izan dute hainbat elementu sortzeko; adibidez, Kutxa beltzak izeneko moduluan edo robotetan.
Hain juxtu, YDreams enpresak izan du aipatutako Kutxa beltzak sortzeko ardura. Enpresa horrek software interaktiboa sortzen du, eta esperientzi handia du museoetarako eta interpretazio-zentroetarako moduluak egiten; besteak beste, Lisboako Oceanário-an parte hartu du. BTEKen kasuan, hogeita bat instalazio prestatu ditu.
Sérgio Cardoso YDreams-eko edukien arduradunak azaltzen duenez, oso lan dinamikoa izan da. "Alderatzen badituzu egitasmoaren lehenengo dokumentua eta azkenean egin duguna, begi bistakoa da aldaketak egon direla. Izan ere, etengabeko komunikazioa egon da gure lantaldearen eta Elhuyarrekoenaren artean, eta elkarrekin joan gara moldatzen hasierako ideiak. Prozesua luzea eta konplexua izan bada ere, oso gustura gaude, bai lana egiteko moduarekin, bai azken emaitzarekin".
Kutxa beltzei buruz, honako hau dio Cardosok: "Gu beti saiatzen gara euskarria edo bitartekoa ahalik eta ikusezinena izan dadin. Oraingoan ere hala jokatu dugu, baina onartu behar dugu euskarrietan ere nabaria dela teknologia. Adibidez, kutxa beltzetan errealitate areagotua erabili dugu, eta teknologia hori punta-puntakoa da eta oso ikusgarria".
Puntako teknologia erabili du Innovae Vision-ek ere. Komunikazio interaktiboan espezializatutako enpresa horrek lau elementu sortu ditu BTEKerako, haietako bi, robotikaren gunerako: bisitarien erretratua egiten duen beso robotiko bat, eta Kixmi, buru robotikoa. Azken hori erronka handia izan dela aitortu du Innovae Visionen zuzendari Pablo Ayalak. Kixmik desafio egiten die bisitariei, eta, jolas baten bidez, haiek zer pentsatzen duten asmatzen du. Ayalak azaltzen duenez, "izugarrizko ahalegina egin dugu, hitz egitean emozioak transmititzeko gai izatea nahi baikenuen".
Azkenean, harro dago emaitzarekin. "Orain badakigu garatu dugun teknologiak funtzionatzen duela. Hurrengo pausoa da helburua betetzen duela baieztatzea; hau da, bisitariek ondo pasatzen dutela, eta, aldi berean, ikasi egiten dutela".