Zenbakiak ikusita, badirudi astronautei turista japoniarrei baino gehiago gustatzen zaiela argazkiak egitea. 400.000tik gora atera dituzte dagoeneko. Argazkien % 85 Lurrarenak dira, eta, gainontzekoetan, astronautek ibilgailuetatik kanpo edo kabina barruan egiten dituzten lanak erakusten dira.
Horrenbeste argazki ez dituzte, noski, Nazioarteko Espazio Estazioak (NEE) martxan daramatzan bi urteetan atera. 1960ko hamarkadaren hasieran, Mercury misioekin batera hasi ziren astronauta estatubatuarrak Lurraren argazkiak egiten. Aukera izan bezain pronto, alegia, Mercury misioak NASAk gidatutako lehenak izan baitziren.
Gaur egun, Nazioarteko Espazio Estazioa da argazki-iturburu nagusia. Izan ere, bertan lanean ari diren astronauten eginbeharretako bat argazkiak ateratzea da. Lan, misio edo proiektu horrek Crew Earth Observation izena du eta NASAren Johnson espazio-zentroa arduratzen da hori kudeatzeaz. Astronauta guztien lanak kudeatzen dira handik, ez bakarrik estatubatuarrenak. Argazkiak doan ikus daitezke Interneten, http://eol.jsc.nasa.gov/sseop/ helbidean.
Lurrak berezia izan behar du 350 kilometrotik ikusita, eta astronautek ederki gozatuko dute ikusmira horretaz, baina argazkigintza ezer baino lehen lana da. Horregatik, argazkilaritza entrenamendu-programaren ikasgaietako bat da. Argazkilaritza eta geologia, ekologia, geografia, metereologia, ozeanografia... Denetarik ikasi behar izaten dute, gero, espaziotik begiratzean, zer ikusten ari diren bereizi ahal izateko. Normalean, ohiz kanpoko gauzak bilatzeko entrenatzen dituzte, adibidez, eguzkiaren argia bilatzeko —ozeanoan islatutako argiak bestela ikusten ez diren itsas lasterrak eta uharteak erakusten ditu—. Hain justu, ohiz kanpoko gertakariak ikusteko gaitasun horrek ematen dio balio erantsia astronautek egindako lanari. Sateliteek egiten duten lanarekiko balio erantsia, esan nahi da.
Gaur egun, sateliteak erabiltzen dira gehien Lurrari argazkiak egiteko, baina sateliteak makinak dira eta urrunetik kontrolatzen dira. Beraz, aurreikusitako lanak egiten onak izan arren, inprobisatzeko aukera gutxi ematen dute. Astronautek, berriz, nahi adina inprobisa dezakete eta zer edo zer deigarria egiten zaienean argazkia atera. Hodeien arteko ostarteak aprobetxatu, makinaren objektiboak azkar aldatu eta espazioko edo Lurreko bitxikerien jarraipena egin dezakete.
Azkar erreakzionatu eta inprobisatzeko gaitasunaz gain, astronauten argazkiak bereziak dira perspektibarekin joka dezaketelako. Satelite gehienak beherantz zuzenduta egoten dira, hau da, angelurik gabe behatzen dute Lurra. Edo angelu finko batekin. Astronautek, aldiz, eskuak mugitzea nahikoa dute kameraren eta Lurraren arteko angelua aldatzeko. Eta angelua garrantzitsua da zenbait fenomeno atmosferiko detektatzeko.
Horizontea erakusten duten argazkiek, esaterako, kontzentratuago erakusten dituzte aerosolak eta lainoak, eta sateliteetako sentsoreek detektatzen ez duten hautsa ikusgai bihurtzen dute. Eguzkia atera edo sartzerakoan zeruertzari egindako argazkiek, berriz, atmosferako geruzak ikusi eta aldaketak detektatzeko aukera ematen dute.
Ezaugarri horiek direla eta, ikertzaileek asko estimatzen dituzte astronauten argazkiak eta, astero, dozenaka eskari helarazten dizkiete. Izan ere, astronautek asko inprobisatzen dute, baina inprobisazioa ez da legea. Nazioarteko Espazio Estazioari dagokionez, eraikuntza-faseak dirauen bitartean astronautek denbora gutxi izango dutela eta, oraingoz ikergaiak zazpira mugatzea erabaki da: deltak, koralezko arrezifeak, hirietako poluzioa, uholde eta lehorte handiak, glaziarrak, plaka tektonikoen mugetako failak eta formazio geologiko bereziak, krater handiak adibidez.
Lan horiek egiteko 10 minuturekin aski izaten dute astronautek egunero, nahiz eta Lurreko nagusiek ondo dakiten askoz ere denbora gehiago ematen dutela leihotik begira. Baina ez diete kargu hartzen, itxialdiari aurre egiteko terapia ona dela bai baitakite; eta ustekabeko aurkikuntza iturri ere bai.
1994an, adibidez, Columbia transbordadore espazialeko eskifaiak lanbro arraro bat ikusi zuen Karibe itsasoaren gainean. Argazkiak egin, Lurrera bidali eta erantzun harrigarria jaso zuten: lanbroa Afrikatik iritsitako hautsezko hodei erraldoi bat zen. Ordura arte, inori gutxiri bururatu zitzaion hautsezko hodeiek Ozeano Atlantikoa zeharka zezaketenik, eta hodei finak izaki, sateliteek ez zituzten inoiz detektatu.
Geroztik jakin da Saharako hareazko ekaitzen ondorioz uda oro iristen direla hautsezko hodeiak Ameriketara, mikrobio eta alergenoekin batera. Eta hodei horiek direla Mexikoko Golkoan arrain, marisko, itsas ugaztun eta hegazti ugari hiltzen dituen marea gorriaren erantzule. Hautsarekin batera, burdina iristen da itsasora, eta, kondizio horietan, alga toxikoak nabarmen ugaltzen dira.
Aurkikuntza esanguratsuak alde batera utzita, astronauten 30 urteko lana oso baliagarria da giza jarduerak Lurra nola itxuraldatzen duen ikusteko, hirien hazkundearen eta deforestazioaren neurria ematen duelako, besteak beste. Hiri askori, koralezko arrezifeei edo glaziarrei urteetako jarraipena egin zaienez, oso modu grafikoan ikus daiteke zenbat aldatu den Lurra azkeneko 30 urteotan.
Adibide on bat Txinako Ibai Horiaren delta da. Gizakiak milaka urtez eraldatu du Ibai Horia, baina, azkeneko hamahiru urteetan, lehorteak tarteko, apenas iristen da urik deltara eta tamaina-aldaketa ikusgarriak pairatu ditu. 1989tik 1995era 400 kilometro karratu hazi zen; gero, bi urtean irabazitako eremuaren erdia galdu zuen eta 1997az geroztik berriz ere hazi egin da, 100 kilometro karratu, zehazki. Ibai Horiaren gorabeherei transbordadore espazialetik jarraitu zaie urtetan, eta duela bi urtetik baita Nazioarteko Espazio Estaziotik ere. Horretarako, leiho berezi-berezi bat daukate astronautek han goian, Destiny moduluko leihoa.
Destiny modulua 2001. urtean gehitu zuen NASAk. Ikerketa zientifikoentzat prestaturiko modulua da, baina aisialdirako tokirik egokiena ere bai, Lurreko bistarik ederrenak handik ikusten baitira. Astronauten esanean, leihora hurbildu eta behera eror daitezkeela iruditzen zaie, leihoak kristalik ez duela ematen baitu.
Leihoa beirazkoa da, etxeetakoak bezala, baina teleskopioetako lenteak egiteko erabiltzen den kalitate berekoa; hau da, gainean jotzen duen argi ikusgaiaren % 98,5 transmititzen du, inolako distortsiorik gabe. Horrek esan nahi du kristalaren atzetik teleskopio batekin begiratuz gero, izarrak garden ikusten direla. Etxeko leihotik, aldiz, begiz ongi ikusten direnak koloretako orban lauso bihurtzen dira teleskopiotik.
Horrelako leihoekin eta abilezia handiarekin, astronautek oso kalitate oneko argazkiak atera dituzte Nazioarteko Espazio Estaziotik. Kasu batzuetan 6-8 metroko bereizmena duten argazkiak egiteko gai izan dira, hots autobusak bereizteko modukoak.
Satelite komertzialek, berriz, 10-25 metroko bereizmena eskaintzen dute, eraikinak eta kaleak bereizteko modukoa, alegia.
Dena dela, Destiny -ko leihoa argazkiak egiteko baino zerbait gehiagorako erabiltzeko asmoa dago. Aurtengo ekainean, urtebeteko atzerapenarekin, WORF siglekin izendatu den egitura jaurtiko da, T he Window Observational Research Facility . Hitz gutxitan esanda, leihoan sentsoreak eta ordenagailuak ipini ahal izateko azpiegitura da WORF.
Horrelako azpiegitura batek Lurrean bertan erabiltzen diren sentsoreak espazioan ere erabiltzea posible egiten du, estazioaren barruan daudenez, ez direlako espazioko kondizio gogorrei aurre egiteko diseinatu behar. Gainera, instrumentuen konfigurazioa erraz aldatu ahalko da, eskuz, eta konpondu edo kalibratu behar badira, Lurrera bidali. Horrela lan egitea sentsoreak sateliteetan sartu eta urrunetik kontrolatzea baino askoz ere erosoagoa eta errentagarriagoa da.
WORF sistema ikasleek erabiliko dute lehen aldiz. Izan ere, ISS EarthKAM izeneko proiektuaren baitan, ziklo ertainetako ikasle estatubatuarrek Destiny -ko leihoan ipinitako kamera bat kontrola dezakete. Klasetik bertatik kontrolatzen dute kamera eta nahi duten argazkia atera dezakete, gero klasean aztertzeko. Proiektua 1996an hasi zen transbordadorearekin —Kidsat izena zuen orduan— eta Nazioarteko Espazio Estazioan segida eman diote. Ikasleen argazkiak http://www.earthkam.ucsd.edu helbidean ikus daitezke.
Espaziokoak argazki arruntak dira?
Ikusten denari erreparatuz gero, ezin esan arruntak direnik, baina baliabide teknikoak Lurrean erabiltzen diren berberak dira. Nazioarteko Espazio Estazioan Lurrekoak bezalako bideo-grabagailuak, kamera digitalak eta 35 eta 70 mm-ko kamerak dituzte. Pelikulei dagokionez, argazki gehienak koloretakoak dira. Misio batzuetan argi infragorria detektatzen duten kolorezko pelikulak erabili dira eta zuri-beltzez gutxi batzuk ere egin dira, baina, bestela, koloretako arruntak.
Astronautek Lurrera bidalitako pelikulak errebelatzen dituztenek argazkien ikusgarritasuna eta gardentasuna goraipatzen dituzte. Izan ere, ez da ahaztu behar espazio-estazioa oso azkar mugitzen dela Lurraren inguruan –ordu eta erdian osatzen du bira bat– eta, hala ere, argazkiak ez dira mugituak ateratzen. Astronautek tripoderik gabe egiten dute lan, baina, nahita edo nahi gabe, Lurraren mugimenduari segitzen diote eta argazki gardenak egiten dituzte. Kasurik onenetan 6-8 metroko bereizmena duten argazkiak egitea lortu dute, hau da, kamioi bat bereizteko modukoak. Hala ere, ohiko bereizmena 30-80 metrokoa izaten da, LANDSAT sateliteek ematen dutenaren antzekoa.
Nazioarteko Espazio Estaziotik ia dena ikusten da
Nazioarteko Espazio Estazioa 354 kilometrora dago batez beste eta 91-93 minututik behin bira bat ematen dio Lurrari. 51,6 graduko makurdura du. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera latitude horien arteko lur-eremua ikus daitekeela. Muga horien barruan, gizakia bizi den lur-eremuaren % 95 dago.
Nazioarteko Espazio Estazioaren ikergaiak
Everest mendia espaziotik
Dan Bursch astronautak gozatu ederra hartu zuen joan den urteko martxoan. Goiz esnatu zenez, munduko mapari begirada bat botatzea erabaki zuen eta denbora gutxian Everest mendiaren gainetik pasako zirela jabetu zen. Ordenagailuan espazio-estazioaren altitudea kontsultatu, leiho-atea ireki zezakeela egiaztatu eta kamera eskuan leihora joan zen. Goizaldeko eguzkiak argazki eder hau ateratzeko aukera eman zion. Egunkarian idatzi zuenez, Everest-ek beregana salto egin behar zuela iruditu zitzaion.