Bilgarrien birziklatzea kudeatzeko sistema berehala martxan

Salgaiak edukitzeko, babesteko, erabiltzeko, banatzeko edo aurkezteko den edozein gaiz egindako produktua da bilgarria, lege-definizioz. Papera, kartoia, era guztietako plastikoak, kristala eta tetra-brika dira bilgarriok osatu ohi dituzten gaiak. Ezaugarri eta jatorri aldetik arras desberdinak diren materialez eginak daude, beraz. Horrez gain badute zaborrok beste ezaugarri garrantzitsu bat: zabor-poltsaren atalik handiena osatzen dute, hau da, poltsaren bolumenaren % 50era izatera iristen dira askotan. Egia esan, azken hamarkadetan etengabe haziz joan den zatikia dugu bilgarrien hau eta oraindik ere hazten ari dela esan behar: hazkuntza hau geraezina da bai herri industrializatuetan eta bai gainerakoetan ere. Itzulbide nekeza duen egoera hau egungo kontsumoaren hazkunde paregabearen ondorio zuzena da.

Sektore guztietan ez dira bilgarri-hondakinak berdin ekoizten

Salgaiak edukitzeko, babesteko, erabiltzeko, banatzeko edo aurkezteko den edozein gaiz egindako produktua da bilgarria lege definizioz.

Bestalde, hiriguneetan eta nekazaritza-inguruetan ekoizten diren kopuruak arras desberdinak dira. Lehenengoa da ezbairik gabe zabor-sortzaile askozaz handiagoa, baserrietan gai asko bertan ekoitzi eta birziklatu izan baitira betidanik. Hala eta guztiz ere, azken urte hauetan nekazaritza-inguruetan plastikoak nabarmenki egin du gora, belarra hartzitzeko sistema berrien eta berotegien ugaltzearen ondorioz. Horretaz ohartzeko ohiko belar-meta klasikoen ordez plastikozko belar-balak paisajean nola ugaritu diren erreparatzea besterik ez dago.

Industrietan ere, ontziak eta bilgarriak erruz erabiltzen dira. Nahiz eta normalean horrelakorik aipatu ez, industria eta merkataritza dira zabor-mota honen ekoizlerik handienak.Halaxe da, industriaren ingurugiro-arazoak mintzagai direnean ez da bilgarrien ekoizpenaren arazoa gehienetan aipatzen, bigarren mailako arazo gisa hartu ohi baita.Hondakin toxiko eta arriskutsuak dira buruhauste eta kezka gehien sortzen dizkiotenak bai enpresaburuari eta baita Administrazioari ere. Bestalde, bilgarriak hiri-hondakinekin batera kudeatzen direnez, haien ekoizpenaren zifrak hiri-hondakinen kopuru osoaren baitan barreiatuta geratzen dira.

Bilgarriak hiri-hondakin solidoen atal nagusienetarikoa izanik ingurugiro-arazo ere badira, eta ez txikienetarikoa gainera. Askotan aipatu dira zaborrak eta beren tratamenduak eragiten dituzten inpaktuak eta ez goaz hemen beti esandakoak errepikatzera, gauza bat salbu: bilgarriek, zabor gehientsuenek bezala, lehengaia ustiatzen denean eta fabrikatzen diren unean hasten direla inpaktua sortzen, eta horregatik ez direla bakarrik zabortegiek edo tratamendu-plantek eragindako kalteak soilik gogoan hartu behar inpaktuen balorazioa egiterakoan.

Bilgarriak birziklatzeko, legeak eta xedapenak

Bilgarrien arazoari konponbidea bilatu nahian, 1994an Europako Batasunak ondoko xedapenak zituen arteztarau bat kaleratu zuen: batetik, bilgarri-hondakin guztien materialen % 25-45 bitartean birzikla daitezela, eta, bestetik, material bakoitzaren pisuaren % 15 gutxienez birzikla dadila. Helburu horiek 2001 urterako beteta egotea agintzen du aipatu arteztarauak. Hori bere horretan igaro zen 1997an Espainiako legera, gehigarri txiki bat erantsita, hots, bilgarrien kopurua % 10 murriztu beharra. Legea garatzeko egin den erregelamenduan, ordea, ez da puntu hau azaltzen.

Legeak eta bere erregelamenduak bilgarrien kudeaketa Puntu Berde edo Sistema Integratu deritzonaren inguruan eraiki behar dela xedatzen dute. Horren arabera, bilgarri-fabrikatzaileek, bilgarriak erabiltzen dituzten enpresek eta birziklatzaileek Sistema Integratua kudeatuko duen enpresa bat sortuko dute eta kudeaketaren prezioa hari ordainduko diote. Espainian Ecoembes deritzona sortu da ondorioz. Alabaina, legeak libre uzten du material jakin batekin lan egiten duten sektoreek, bakoitzak bere aldetik, beren sistema propioa sor dezaten. Beiraz eta latoiaz diharduten enpresek, esaterako, bide hori jorratu dute eta jada sistema propio bana sortuta dute.

Esan bezala, sistema orokorra kudeatzeko 1997aren bukaeran Espainiako bilgarrien fabrikatzaile, erabiltzaile eta birziklatzaile gehienen artean Ecoembes enpresa sortu zuten. Partaideek urtero beren fakturazio eta aitorpenaren arabera ezarritako kuota ordaindu behar dute, Ingurugiro Administrazioak aurretik ezarri duelarik material bakoitzaren kiloaren zenbatekoa.

Euskal lurraldean lehen urratsak ematen ari

Legez udaleei edo zaborren mankomunitateei dagokie zaborren kudeaketa. Ordea, hainbat bide erabil daitezke dirua Sistema Integratutik hauetara transferitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailordetzaren eskuetatik igarotzen da dirua. Hori gauzatzeko hitzarmen bat sinatu dute Erkidegoko gobernuaren eta Ecoembesen artean.

Udal eta mankomunitateek hitzarmen horrekin bat egin behar dute ondoren dirua jaso nahi badute. Bakoitzak jasoko duen saria, birziklatu duen kopuruaren arabera kalkulatuko da. Lurralde historiko bakoitzak bere bidea egiten ari da: Gipuzkoan, kasu, hasiera batean mankomunitate eta udal guztiak Zergarbiren inguruan bilduta elkarturik ibiltzea pentsatuta bazuten ere, San Markoseko mankomuniteak bere aldetik jotzea erabaki du azken unean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila