Bigorexia

Bigorexia deituriko gaixotasuna edo patologia 1993an diagnostikatu zuen lehen aldiz Estatu Batuetako Harrison G. Pope psikiatrak Harvardeko Medikuntza Fakultatean. Eritasun hau jasaten duen pertsonaren gorputza giharra izaten da batez ere. Normalean, gaixoak oso argal ikuste du bere burua eta gorputz gihartsua izatea obsesio eta helburu nagusi bilakatzen da.
Bigorexia duen pertsonak, egun batean gimnasioara joan gabe geratuz gero, antsietatea izaten du.

Geroz eta gihartsuago egoteko eta horri eutsi ahal izateko, hainbat bide erabiltzen ditu. Gimnasioan ordu ugari ematen ditu egunero, ia bere bigarren etxea bilakatzeraino. Modu obsesibo eta konpultsiboan egiten du kirola. Tamalez, kasu horretan kirolaren helburua ez da izaten osasuntsuago egotea, baizik eta geroz eta gihar gehiago izatea. Egun batean gimnasiora joan gabe geratuz gero, antsietatea izaten du, horrek gihar-bolumena galtzea eragingo diola pentsatzen baitu.

Elikadurari dagokionez, bigorexia duenak izugarri handitzen du dietako proteina kantitatea, eta koipeak gutxitu. Arrautza egosiaren zuringo asko jaten ditu —20 arrautza-zuringo jan ditzake egunean—, koipe gutxien duten haragi eta arrainak —ahalik eta koipe gutxienarekin prestatuta— eta esneki gaingabetuak (esnea, jogurtak, gazta freskoa...). Helburua geroz eta gorputz gihartsuago eta indartsuagoa lortzea da.

Dieta desorekatua egiteaz gain, esteroideak eta anabolizanteak hartzen ditu gihar masaren ekoizpena handitzeko, eta horiek oso ondorio kaltegarriak dituzte: bihotz- eta zirkulazio-gaixotasunak izateko arriskua handitzen dute, gibeleko arazoak eragiten dituzte, barrabilen tamaina txikitzen dute, erekzio-arazoak sortu, eta prostatako minbizia izateko arriskua handitu.

Neurri horiek guztiak hartu eta jendearen begietara gihar gehiegi izan arren, bigorexia duena ez da horretaz ohartzen, eta inoiz ez du bere burua nahiko gihartsu ikusten. Argi dago, beraz, beste elikadura-nahaste batzuetan bezala, anorexia eta bulimia esaterako, gorputzaren irudiarekin erlazionatutako arazoa dela. Eragileetako bat gizarteak modu batera edo bestera inposatzen dituen gorputz-irudien patroiak dira.

Gizonezkoetan emakumezkoetan baino ugariagoa da gaixotasun hau, eta batez ere kulturismoa egiten dutenen artean zabaldu da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi kirol hori egiten duten guztiak gaixo daudenik. Ikerketek diotenez, gimnasiora maiz joaten diren pertsonen % 10ek izaten ditu bigorexia-arazoak. Espainian 700.000 kasu daude, gutxi gorabehera.

Gizonezkoetan emakumezkoetan baino ugariagoa da gaixotasun hau, eta batez ere kulturismoa egiten dutenen artean zabaldu da.

Bigorexia duen pertsonaren ezaugarri psikologikoak beste elikadura-nahasteak dituztenen ezaugarrien oso antzekoak dira: autoestimu txikia, izaera itxia, heldutasun falta, gizartean integratzeko arazoak, antsietatea, depresioa... Gainera, bizitza nolabaiteko erritual bilakatzen du: egunean zehar zer jan eta zer ariketa egin antolatzen du, oso maiz pisatzen da, etengabe begiratzen dio ispiluari zenbat gihar irabazi edo galdu duen egiaztatzeko...

Bigorexiak, ondorio psikologikoez gainera, ondorio fisiko eta estetiko ugari ere baditu: lehen aipatu ditugun anabolizanteen ondorioak, gorputzaren eta buruaren arteko proportziorik eza; pisu gehiegi izateagatiko hezur eta artikulazioetako arazoak; arintasun falta, gihar eta tendoi laburragoak...

Gainera, dieta izugarri desorekatzen denez, gibelak eta giltzurrunak izugarrizko lana egin behar izaten dute proteinen hondakinak kanporatu ahal izateko, eta arazoak eta kalteak izaten dituzte bi organo horietan.

Tratamendu nagusiena psikologikoa da. Pertsona horren autoestimua handitu behar da, eta bere gorputza den bezalakoa onartzen eta maitatzen irakatsi. Bestetik, eta tratamendu psikologikoarekin batera, oso beharrezkoa da elikaduraren arloko heziketa, dieta orekatua zein den jakin eta hori egin ahal izateko oinarriak ezartzeko.

Ortorexia

Oinarri psikologikoko eta elikadurarekin erlazionatutako beste gaixotasun bat da ortorexia: janari-elikagai osasuntsuekiko obsesio patologikoa. Steve Bratman Estatu Batuetako medikuak erabili zuen lehen aldiz ortorexia hitza 1996an, berak sufritzen zuen nahastea diagnostikatzeko.

Osasuntsu jan nahi izatea, berez, bidezkoa eta oso egokia da. Baina ideia hori obsesio bihurtzen denean, edozein gehiegikeria edo murrizketa bezain kaltegarria izan daiteke.

Nahaste hau sufritzen duen pertsonak jan, jaten du, baina dieta oso modu zorrotzean kontrolatzen du, eta jatearen plazera ukatu egiten dio bere buruari. Kilokalorien eta elikagaien kantitatea aztertzen ditu, baita janarien kalitatea eta prestatzeko modua ere. Normalean, baztertu egiten ditu haragia, koipeak, zenbait esneki, ontziratutako janariak, azukrea, irina, aurrez eginiko janariak, freskagarriak, kafeina eta edozein substantzia artifizial. Janari biologikoak, produktu dietetikoak, integralak eta koiperik gabeak izaten dira nagusi bere dietan, eta gehiena gordinik edo egosita jaten du. Janarien jatorria zein den jakin behar du, eta ez du inongo gehigarririk izan behar, bestela baztertu egiten du.

Ortorexia duenak gehiena gordinik edo egosita jaten du.

Ortorexia duenak ezin du jan kontrolatzen ez duena, eta, ondorioz, ez da gai bizitza sozial normalak sortzen dituen konpromiso edo ospakizunetan parte hartzeko. Hori dela eta, bizitza sozial eta familiarra asko murrizten du. Oso pertsona zorrotza da, obsesiboa eta bere buruarekin oso estua eta gogorra.

Elikadurarekiko erradikalismo horrek osasun-arazo larriak ekar dakizkioke, gainera. Izan ere, askotan, kontrol eta zorroztasun horretan, ez dira gutxieneko kaloria- eta bitamina-beharrak asetzen. Gehienak oso argal egoten dira, eta anemia, desnutrizioa edo osteoporosia izaten dituzte, eta, horrez gain, depresioa, zenbait gaixotasun psikologiko eta isolamendu soziala.

Oso nahaste berria denez, tratamendua ez dago erabat definitua. Baina, beste elikadura-nahasteetan bezala, terapia nagusiena psikologikoa da, eta, horrekin batera, nutrizio-heziketa. Munduko Osasun Erakundeak dioenez, elikadura osasuntsua pertsona baten osasun osoa (fisikoa, psikologikoa eta soziala) bermatzen duena da. Elikadura dela eta horietako faktore bat kaltetzen bada, orduan elikadura ez da osasuntsua.

Beraz, gogoan izan, arlo guztietan bezala, elikaduran ere oso garrantzitsua dela oreka, bai nutrizionala, baina baita arlo sozial eta psikologikoan eragin dezakeena ere. Garrantzitsua da egunero ahal den osasuntsuen elikatzea, eta elikadurari duen garrantzia ematea; baina ez ahaztu tarteka komeni dela ohitura hori alde batera utzi eta sagardotegira edo beste edozein jatetxetara joateko plana egitea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila