Ibilian-ibilian, asmo berriak bildu dira 100. alera iritsi den aldizkariaren inguruan. Ibilbidearen hasieran finkatu ziren helburuak, guzti-guztiak bederen, bete gabe daude oraindik. Kajoi batean gordetako gauzak bailiran, oroitzapenak eta itxaropenak pilatu egin zaizkigu.
1974an kaleratu zen lehen alearekin ez dauka zerikusirik eskuartean duzun aldizkariak. Guk esan beharrik ez badago ere irakurle, euri franko egin du sorrerako asmoei jarraiki euskarazko zientzi agerpide hura kaleratzen hasi zenetik. Alabaina, euskarak taxuzko zientzi agerpidearen beharra izaten segitzen du. Gure artean zientziaren eta teknologiaren dibulgazioa egitea ez da oraindik erabat arrunta. Halaber, “Elhuyar. Zientzia eta Teknika” aldizkaria ez da oraindik argitalpen normalizatua. Hori guztia ere esan beharrik ez zegoen.
Ibilian-ibilian genion, urrats berriak ematera ausartzen den ume koxkorraren moduan, helbururantz hurbilduko ginenaren esperantzaz, zientziaren oskola haustea erabaki genuen. Mahoma eta mendiaren kontua aspalditxo ikasia genuenez, zain egon gabe, gu arrimatu ginen zientziarekiko interesa izan zezakeen jendearengan. Asmo horri erantzunez, zenbait irratik, aldizkarik eta egunkarik eskainitako lekua betetzen hasi ginen. Ohitura bilakatu zen hortik gutxira: aldizkako agerraldiak finko bilakatu ziren irratietako parriletan eta euskal prentsan ohizkoak bilakatu ziren elhuyarkideon sinadurak.
Alabaina, urrats solteak baino ez ziren horiek. Guztiei osotasuna eman behar zitzaien eta horretarako ZETIAZ sortu zen. Aspaldikoak ziren asmo horiek paper berrian idazteko elkartu ginen egun horretan jaio zen proiektu berria. Ordura arte egindakoa gogoratuz, euskal komunikabideetan zientziaren agerpena nahikoa eskasa zela eta egoera horri irtenbidea bilatzea betekizun handia eta beharrezkoa zela jadetsi genuen. Ordura arte egindakoa egiten jarraitu dugu geroztik: aholkularitza-zerbitzua eskainiz, aldizkako kolaborazioak burutuz eta edonolako argibidea behar duenari, edonork ulertzeko moduan, erantzunak ematen ahaleginduz. Beti-beti asmatu dugula esatea gehiegitxo dela zuk baino hobeto ez daki inork, irakurle.
Asmo berari dagokio bestalde, zientzia eta teknologiaren dibulgazioa sustatzeko iaz lehen aldiz antolatu genuen sariketa. Beasaingo CAF enpresa gurekin bat etorri da, sari horiek aurrera ateratzeko behar dugun sostengua emanez, idazle berrien lana ezagutzera emateko ahaleginean. Orain zuek, irakurle eta idazleok behar zaituztegu ibilian ibiliz jarraitu ahal izateko.
Industriaren munduan bizi ditugun garai hauetako eguneroko jardun zoroak nekez uzten du behar bezalako lasaitasunez aintzat hartzen, edozein enpresarentzat, mugitzen den tokiko errealitate desberdin guztiak nabaritzea duen garrantzi ikaragarria.
Merkatuak gero eta nazioartekoagoak izanik, enpresen iharduera ere mundu-mailakoa bihurtzen ari da eta horrek industri aktibitatearen arlo desberdinetan orain arte ohizkoak ez ziren klabeetan harremanak izatera behartzen gaitu.
Guretzat horrek indar handiagoa ematen dio, eta konbentzimendu osoa dugu horretaz, geure gizarte-errealitatea “ukitzeak” duen garrantziari, gure gizon eta emakumeen errealitatea, alegia.
Euskadin gaude eta euskararen normalizazioari emandako sostengua, tematuta gauden politika bat da gure enpresan.
Esparru horren barruan, Elhuyarrekin batera euskarazko zientzia eta teknologia zabalkundeko lehenengo lehiaketari laguntzea erabaki genuenean, ez genuen momentuko neurri bat hartu. Aldiz, guk hori uste dugu behintzat, urrats bat gehiago eman genuen euskararen normalizazioaren aldeko politikan,
Orduan hala ere, ez ginen erabat jakitun martxan jartzen zenaren garrantziaz.
Aldizkaria irakurtzeko aukera dutenak gurekin bat etorriko dira seguru, orduko ekimen hark duen garrantziaz.
100. alera iritsi den proiektu honetan nolabaiteko partaidetza edukitzeak adore ematen digu bide horretan jarraitzeko.
Azken hamar urte hauetan estu eta larri betetako lanari esker, Zientzi aldizkari euskaldun bat izatea lortu dugu. ZORIONAK ETA ESKERRAK! Hurrengo hamarkadan, osatzen ari garen euskal gizarte berri honek argitalpen zientifiko bikainak eta beste antzeko adierazbide aurrerakoiak eskatuko ditu. Hona hemen Elhuyarren erronka berria: mugimendu horren barruan adibide bihurtzea. Unai Ugalde |
Aurten Aita Gabriel Jauregi Uribarren karmeldarraren jaiotzaren lehen mendeurrena ospatu dugu. Gogora ekarri nahi dut euskaltzale aramaioarra berak idatzi zituelako 1931 eta 1934 bitartean “Karmengo Argia” aldizkarian euskaraz astronomia gaietaz idatzi diren lehenengo lanak. Zorioneko kointzidentzia dugu bada, mendeurren hori eta “Elhuyar. Zientzia eta Teknika” aldizkariaren hamargarren urtebetetzea. Zientziak hain azkar aurreratzen duen garaiotan, astronomia nahiz zientzia edo teknikaren beste edozein esparru lanbide edo zaletasun dugunok, ezinbestekoa genuen bereziki gai horien dibulgazioa landuko zukeen eskuartean duzun bezalako aldizkaria. Hamar urtez geroztik, “Elhuyar. Zientzia eta Teknika” hutsune hori betetzen ari da beste hizkuntzatan argitaratzen diren aldizkarien mailan. Beraz, lerro hauek emaitza hori hilero posible egiten dutenak zoriondu eta adoretzeko dira. Jesus Arregi |
Atzo balitz bezalaxe gogoratzen dut Elhuyarreko lagunek bere asmoaren berri eman ziguten egun hura: irakurlego zabal batentzat zientzi dibulgaziozko aldizkari bat, euskaraz, egiteko beren gogoa. Zortzi urte pasa dira geroztik eta hasieran amets hura, zoro batzuen nahia besterik ez zirudien hura, gauza guztiz normala bihurtu da, hilero hilero, txintxo-txintxo guregana helduz. Gaur egun nahikoa normala egiten zaigu astronomiaz, kirolaz, osasunaz eta ia edozertaz euskarazko artikuluak irakurtzea eta “normalizazio” horren errua, meritua gehiago nire ustez, “Elhuyar. Zientzia eta Teknika” aldizkariari dagokio neurri handi batean, urte goztiotan, hots handirik gabe, baina hileroko lan etengabean, hainbat laguni bere orrialdeetan idazteko eskaini digun aukeragatik. Mila esker beraz, eta segi aurrrea! Jabier Agirre |
Gure ustez, 100 ale hauetan zehar, "Elhuyar. Zientzia eta Teknika" aldizkariak oso ondo bete ditu bere bi helburu nagusiak: zientzia eta teknologia dibulgatzea eta hori gure hizkuntzan egitea. Beraz, ZORIONAK eta segi aurrera. J.M. Rodriguez Ibabe |
100. alea. Hamarkada. Jadanik ez naiz ausartzen naturaz idazten dutenen izenik ematen; gehiegi lirateke hemen aipatzeko eta askotxo ahaztuko nituzke gainera. Elhuyarren bide berean UEUren lana, UZEIrena, Eusenorrena orain... Baserritik kalerako bidean euskarak sekulako aberastasuna galdu zuen; animalien eta landareen izenak, hitz asko, esakera ugari geratu ziren bidean eta galdera horiek utzitako zuloa betetzeak lan handia eskatzen du. Baina ari gara horretan. Oraindik ere euskaldun askok espainolezko “garza” edo frantsesezko “héron” entzunez gero badaki gutxienez hegazti batetaz ari garela, eta baita hegazti lirain zangoluzeren bat izanen dela nonbait. “Lertxuna”, “amiamokoa”, “amiltxoria” edo antzerakoak entzunez ordea, gehiegi dira oraindik harri eta zur geratzen direnak, zer arraiotaz ari garen inondik ere somatu gabe. Baina bagoaz. Bide luzea izanen da oraindik, baina bagoaz. Zorionak Elhuyar! Segi! Beste 100 ale gutxienez! J.R. Aihartza |
Esan dezadan hasteko Elhuyar anaien berri Elhuyar sortu zuen taldearen ondoren jakin nuela. Artean Donostia aldean ikasle nenbilen eta harreman ona izan dut geroztik talde sortzailearekin.
Oker ez banaiz, lehen aldizkaria 1974.ean kaleratu zen. Taldeak ere garaitsu horretan sortua izan behar du. Hasierakoak berak ez hainbeste, baina gero eta ulergaitzagoak zitzaizkidan aldizkariak orduan argitaratu ohi zituen gaiak. Egin beharreko lana zen, zientzi gaiak ere euskaraz landu beharra baitzegoen, baina ez ziren edozeinek ulertzeko modukoak. Hasieratik laguntze aldera eskuratzen nuen aldizkaria eta halaxe egin nuen zenbait urtez.
Orain dela 10 urte ordea, "Elhuyar. Zientzia eta Teknika" aldizkariak ibilaldi berria hasi zuen eta geroztik oso gertutik jarraitu izan dut bere ibilbide hori. Zientzia eta teknika alorreko zenbait berri bertatik eta euskara xamurrean jakiteko aukera eman izan dit. Hainbat arlo jorratu izan denez, ez da beti erraza izaten guztiak irakurtzea, baina oraingoak darabiltzan edukiak eta edukiak lantzeko erak ez dute haserako hark zuen zailtasunik, eduki-aukera zabala da eta interes apur bat izanez gero, erraz jabetzeko eran adieraziak.
Albiste laburren saila oso arretaz irakurri izan dut beti; ekologia, klima eta izadiaren inguruko lanak ere gogoz jarraitu izan ditut, norbere zaletasunak tirata, noski. Aurkezpenaren aldetik ere, hobekuntzak nabariak izan dira 10 urte hauetan, bai diseinuari eta baita koloreari dagokienean ere.
Orain arte eman dudan ikuspegia irratilari batena baino gehiago, neure interesaren baitakoa da eta ez dakit hori inori interesatzen ote zitzaion. Irratilaria naizen aldetik, bertako gai asko eta beroiek landu dituztenen bidez irratiz hedatzen pozik aritu naiz hasieratik bertatik. Zientzia eta teknika ere jende arruntarengana hurbil daitekeela eta hurbildu beharra dagoela uste dut eta horretan laguntza estimagarria da Elhuyar aldizkariak eta bere lan-taldeak ematen duena. Zientzia jakintsuen zokotik jende arruntarengana hedatzeko ahalegin bikaina da Elhuyarrena eta duen baino estimazio eta sona geihago merezi luke.
100. ale honek eman diezaiokeen sonak jarriko al du aldizkari hau behar lukeen lekuan eta bide batez euskaldunok ere gai ugaritan horren ezjakinak izateari utziko ote diogun galdetzen diot neure buruari. Izan ere, eguraldiaz asko hitz egiten dugun arren, lainoak nola sortzen diren eta euria nola egiten duen ere oraindik askori ulergaitza egiten baitzaio.
Ehungarren urtean gaude. EAJk ehun urte bete ditu aurten eta zineak beste horrenbeste egin du. Zientzia eta teknologiaren berri horren era prestu eta dibulgatiboan eman digun Elhuyar aldizkariak ere ehungarren klubean eskatu du sarbidea eta ehun ale besapean dituela jo du klubaren atean.
Euskaraz lan egiten duen gizartea ari da piskanaka kluba sortzen eta klubaren dekanoetakoa da eskutan duzun aldizkaria. Zenbaki mitikoa da ehun, heldutasuna bezala eskarmentua adierazten duena, urtebetetzearen muga bere buruari ezarriz perspektiba ikaragarriak (hitzaren bi adieratan, gutxienez) zabaltzen dituena.
Ehun zenbaki hauetan munduan izan diren aurrerapenen lekukotza eskaini digu Elhuyar aldizkariak, mundua gureganatu egin digu eta gu munduratu egin gaitu.
Mundua bera bezalaxe, apasionantea den etorkizunaren atarian dago aldizkaria: paperaren eta bitaren arteko lehia gertutik segitu beharko du eta orain arte jardun den zorroztasunaz hornituta prestatu beharko du bere burua garai berrietan euskal herritar zientziazaleari ahalik eta zerbitzurik egokiena emateko.
Ehungarren kluban sartutako azkena denez, berari, Elhuyar aldizkariari, dagokio sartu behar duen hurrengoarentzako alfonbra gorria erostea. Ea nork zapaltzen duen alfonbra berria.
Ehungarren alea kaleratu du Elhuyarrek, ospatzeko moduko gertakizuna euskaltzaleontzat. Zorionak beraz, aldizkaria jorratzen lagundu duzuen guztioi, aldizkariko langile zein irakurleoi.
Urrats berrietan barna abiatu izan da Elhuyar aldizkaria urte hauetan. Irakurleak ondo dakienez, euskarak ez du sarbiderik izan bere historian zehar hainbat gizarte esparrutara. Euskarazko unibertsitatearen falta zela, hirietatik eta industri guneetatik zabaldutako erdal-eragina zela edo beste arrazoiak zirela, erdaraz jardun behar izan dugu ia beti euskaldunok zientzia eta teknikako gaietan. Horregatik izan da urratzaile Elhuyarren bidea.
Urratzailea bai, baina lekuz edo garaiz kanpokoa ote da Elhuyarren apustua? Euskarak ez ote die aldez aurretik premia handiagoko beharrei erantzun behar? Galdera hauek edo antzekoak egin diezaizkioke bere buruari baten batek.
Egia da euskarak egunerokotasuna irabazi beharra daukala ezer baino lehen, belaunaldien arteko jarraipena ziurtatuz eta ohiko esparruak finkatuz. Euskararen presentzia sendotu beharra dago etxean, auzoan, lagunartean eta egunerokotasuna osatzen duten bizitzaren beste alorretan. Baina egia da halaber, ohiko leku eta esparru horietan egindakoak beste motako jarraipena eskatzen duela orain arte erdarak bakarrik monopolizatu dituen guneetan. Lan mundua eta unibertsitatea dira horren adibiderik argienak.
Izan ere, euskaldun osoak izateko eskubidea dugu euskal herritarrok. Eta horretarako ezinbestekoa da euskara osatzeari ekitea. Horra hor, gure etorkizunerako apustua eta Elhuyar aldizkariak eskaintzen duena: batetik, erreferentzia eta tresna erabilgarria da ohiko esparruetan egiten dena indartu eta osatzeko eta bestetik, oraingo beharrei erantzutearekin batera geroa landuz joateko.