Txingudiri buruzko artikulu-sailari amaiera emateko, beharrezkoa da padura eta estuario osoko eragilerik handiena aztertzea (Bidasoa ibaia alegia); bera baita padurako idoiak (idoiak dio-gunean, limoak esan nahi dugu, hau da, ibaietako lurzoru hezeak) osatzen dituzten materialen eta ur gezaren jatorria. Gainera, ezin da ahaztu Bidasoa Hego Euskal-Herriko azken ibai izokinduna dela, bere ertzetako herrien industrializazio urria dela eta.
Dena den, Gipuzkoan zehar doan ibai-guneak du paduran eraginik handiena. Ez arrazoi politikoengatik, noski (zati hau Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko muga delako); zenbait oinarri fisiko, kimiko eta biologikorengatik baizik:
Bidasoa ibaiaren beheko guneari dagokionez, komeni da Bidasoa ibaiaren zehaztasunetara pasa baino lehen, ingurune horretako zen-bait ezaugarri orokor azaltzea.
Ekologian “Potamon” izenez eza-guna den ibai-gune honetan, alda-pa leundu ezezik, ibaiak meandro handiak sortzen ditu, aldapa-leuntze horrek eragiten duen abiadura-moteldura ekidin nahian. Faktore hauek eta guneotan ibaiak daraman ur-kantitate handiak, ur mantsoko ubide zabal eta sakonak egotea eragiten dute.
Ibaiak ekarritako materialen granulometriari dagokionez, gehienbat legarrez osatuta dago, baina alderdi mantsoenetan, idoi-metaketa has-ten da, estuariotik zenbat eta hurbilago, metaketa hainbat eta handiagoa delarik.
Faktore fisiko-kimikoetan ere, aldaketa nabariak gertatzen dira:
Landaredi aberatsa agertu ohi da. Haltza (Alnus glutinosa) eta sahatsa ugari dago, giza eragina handiegia ez denean.
Gune hauetan harana zabaldu eta uraren abiadura mantsoagotu egiten denez, elikagaietan aberats diren materialak metatu egiten dira, ibai-lurmenak agertuz. Inguru hauetan, uretatik gertuen dagoen lekuan haltzadia agertzen da, sarritan ibaia zabaltzen den lekuetan zume zuria (Salix Alba) lagun duelarik. Haltzen zenbait ezaugarri ekologikogatik interes berezia du baso hauek ikertzeak. Garrantzitsua da zenbait onddo eta bakteriorekin sortzen duen sinbiosia. Sinbiosi honi esker, haltza nitrogeno atmosferikoa eskuratzeko gai da. Honek bi ondorio nagusi ditu:
Gainera, lehen aipatu den gisan, haltzadiek ibaiari ematen dioten itzalari esker udan uraren oxigeno-galerak murrizteaz gain, uraren tenperatura ez da gehiegi igotzen. Horrela, tenperatura-aldaketa bortitzak jasateko moldatuta ez dauden animalia eta landareen bizitza babestu egiten da.
Harana zabaltzen deneko lekue-tan, haltzadien atzean lizarrez (Fraxinus Excelsior), urritzez (Corylus avellana) eta batzuetan zumarrez (Ulmus sp.) osaturiko basoa agertzen zen, baina gaur egun, inguru hauetako lurzoruak aberatsak direla eta, nekazaritza eta abeltzantzarako erabiltzen dira. Baso eder eta garrantzitsu hauetatik, ibai ondoko haltz-lerro txiki bat besterik ez da mantendu.
Hala ere, landarediaren garrantzia ez da zuhaitzetan ahitzen; zuhaiska eta belardiek ere, ekosis-tema hauetan zerikusi handia baitute. Zuhaisken artean, harrigarria da haran siliziko honetan ezpel arruntaren (Buxus sempervirens) ugaritasuna; zuhaiska-mota hau kararrizko lurzoruetan eta klima epelagoetan agertu ohi baita. Honekin batera ugari dira sahats iluna (Salix atrocinerea), zume gorria (Salix purpurea), laharrak (Rubus sp.) eta intsusa beltza (Sambucus nigra).
Ekosistema honetan landare igokarien aberastasunak ere aipa-men berezia merezi du. Aihen zuria (Clematis vitalba), basoetako atxaparra (Lonicera peryclinemum) eta huntz arrunta (Hedera helix) dira ugarienak.
Zuhaitz- eta zuhaiska-aberasta-sun horri, briofito (goroldio), pteridofito (iratze) eta angiospermoez (landare hazidun eta loredunez) osaturiko belar-geruza oparoa gehitu beharko litzaioke, baina deskribapen zehatza egitea luzeegia litza-tekeenez, bere horretantxe utziko dugu, gehiago sakondu gabe.
Halako landaredi oparoa azaltzen duen ekosistema honek, faunari txoko ekologiko ugari eskaintzen dio. Inguruotako aberastasuna begibistakoa denez, eta ibai eta ertzen arteko erlazioa landarediaren kasuan argi gelditu bada, leku hauetan aurki ditza-kegun animali talde gehienetan nabariagoa da erlazio hori. Beraz, frogaturik geratzen da, ibaiak berreskuratu eta gorde nahi badira ertzak berreskuratzea eta zaintzea ezinbestekoa dela.
Halako aberastasunaren arra-zoia, ekosistema honetako faunak bertako landareetatik energia eskuratzeko duen gaitasuna da. Lehorreko ekosistemetan, landa-reek animalientzat erabilgarri ez den lignina-kantitate handia dute, eta substantzia hau liseritzeko gai diren intsektuak ere gutxi dira, hauen larben urarekiko menpeta-suna dela eta. Ertzetako ekosis-temetan berriz, alde batetik intsek-tuen ugaritasuna nabaria da (eko-sistema hauetan ura ez baita fak-tore mugatzailea), eta bestetik, ure-tan dauden algetatik animaliek etekin handiagoa lortzen dute, ligninarik ez dutelako.
Beraz, ekosistema hauetako ornagabeen funtzio garrantzitsua kontutan hartuz, fauna deskribatzen beraiekin hastea da logikoena. Ornogabeen barruan, artropodoak dira ugarienak, baina hauek bi taldetan banatzea komeni da; batzuk, uretan, larba-fasean soilik bizi diren bitartean, besteak bizitza osoa irauten baitute bertan.
Lehenengoak dira, heldutakoan, ertzeko ekosistematik etekin handia aterako dutenak, eta hauetan honakoak dira aipagarrienak: larba-egoeran hodiak eraikitzen dituzten trikopteroen ordena, euli eta eltxoen taldea osatzen duen dipteroen ordena eta burduntzien taldea osatzen duen odonatuen ordena.
Bigarrenek, ordea, bizitza osoan uretan irauten dutenez, uretako ornodun eta hegaztien dietetan zerikusi handia dute. Hauetan ugarienak koleopteroen ordena (kakalardoak) eta hemipteroen orde-nako (tximitxoak) zenbait ezpezie urtar lirateke.
Ornogabeen azterketa txiki hau amaitzeko, ekosistema hauetan anelidoak eta moluskuen ordezkari batzuk aipatu behar ditugu; inguru hauetako elikadura-kateetan (bai algen hazkundea kontrolatzen, bai beste animalien dietak osatzen) ezinbestekoak baitira. Anelidoen artean, Hirudineo klaseko (izainak) espezie-pare bat ezezik, oligoketoen klaseko tubifizido eta kironomi-doen ordenako ordezkariak ere badaude. Moluskuei dagokienez, planorbis, physa eta limnaea dira ugarienak.
Ornodunen atala aztertzeko, Bidasoa ibaiaren aberasta-sunik ezagunena (iktiofauna alegia) bukaerarako uztea komeni da, talde honek aipamen berezia merezi du eta.
Dena den, arrainetan ezezik, Bidasoa ibaia eta ertzak aberatsak dira gainerako ornodun-taldeetan ere. Behin honetaraz gero, aipatzekoa da Bidasoa ibaian Gipuzkoan igaraba- (Lutra lutra) kasu bakarra egotea.
Nolanahi ere, igaraba ez da Bidasoan aurki dezakegun ugaztun bakarra; bertan ekialdeko eta mendebaldeko ur-arratoia (Arvicola terrestris eta Arvicola sapidus) ezezik, ipurtatsa (Putorius putorius) ere ikusi izan baita.
Herpetofaunari dagokionez, aipamen berezia merezi du Txingudin bizi den apo lasterkariak (Bufo calamita), Gipuzkoa osoan espezie honetako populazio bakarra hauxe delako. Honekin batera dauden beste anfibio- eta narrasti-espezieak hauexek dira: baso-igel gorria (Rana temporaria), igel berdea (Rana perezi), uhandre palmatua (Triturus helveticus), arrabio arrun-ta (Salamandra salamandra), suge biperakara (Natrix maura) eta suge gorbataduna (Natrix natrix).
Hegaztiak aztertzen hasi baino lehen, Txingudi migrazio-ardatz garrantzitsuan kokatuta dagoela gogoratu behar dugu. Horren ondo-rioz, eskualde honetako hegazti-aberastasuna nabaria da. Migrazioetan hegazti gehienak padura eta estuarioan gelditzen badira ere, elikadura-ohitura desberdinak dituzten zenbait hegazti-espeziek ibaian gora igotzen du, bertan bere beharrak asetzeko inguruak aurki-tuz. Horregatik Bidasoa ibaiaren bukaeran, ibaietakoak diren mar-tin arrantzalea (Alcedo Atthis), ur-xoxoa (Cinclus cinclus) eta bustanikara hori eta zuria (Motacilla cinerea eta Motacilla alba) ezezik, sarritan agertzen dira kuliska txikia (Tringa hypoleucos), txiritxo txiki eta handia (Charadrius dubius eta Charadrius hiaticula) eta lertxun hauskara (Ardea cinerea).
Hala ere, lehen aipatu dugunez, Bidasoa ibaiaren aberastasun han-dienetarikoa bere iktiofauna oparoa da; Bidasoa eta bere adar den Endara erreka baitira izokinak ure-tan gora daramatzaten Hego Euskal Herriko ibai bakarrak. Honen arrazoia Bidasoa bailarako herrien industrializazio txikia da; horri esker uraren kalitatea nahikoa ona baita. Dena den, aipatzekoa da azken urtetan Irun, Hondarribia, Bera eta Lesakako isuri industrial eta organikoen ugaltzea; eta zentral hidroelektrikoek eragindako emari-murrizketak eta ur-tenperaturaren igoerak Bidasoa ibaiako arrain-populazioan efektu kaltegarriak sortu dituztela. Puntu honetan aipagarria da azken urte hauetan Bidasoa ibaiko izokina gal ez dadin Nafarroako gobernuak Oronoz-Mugaireko arrain-haztegian aurrera daraman proiektua. Hori dela eta, beldurrik gabe esan behar da, aurten izan den izokin-ugaritasuna eta zentru honetan egindako lanaren artean erlazio zuzena dagoela; bir-moldaketa eta lan serioa egiten ari baitira.
Dena den, Bidasoa ibaiko iktio-fauna aztertzeko kontutan hartu behar dugu izokina (Salmo salar) ez dela talde honetako ordezkari bakarra, ibai honetan ibai-amuarraina (Salmo trutta fario), itsas amuarraina (Salmo trutta trutta), maskor arantzagabea (Noemacheilus barbatulus) eta ibai-aingira (Anguilla anguilla) ere ugari direlako.
Azken honek, izokinaren antzera, erakargarritasun handia du biologoentzat, bere bizi-ziklo migratzailea dela medio. Dena den, bien artean desberdintasun handia dago, izokina anadromoa den bitartean (ibaian ugaltzen da), ibai-aingira katadromoa da (itsasoan ugaltzen da).
Ez nuke artikulu hau Bidasoa ibaiaren egungo azterketa txiki bat egin gabe amaitutzat eman nahi, Euskal Herriko gainerako ibaiekin konparatuta egoera ezin hobean dagoela inork pentsa ba dezake ere, egia guztiz bestelakoa da.
Lehen aipatutako zentral hidroelektriko eta isuri industrial eta organikoek sortutako kalteei (bai Gipuzkoan eta bai Nafarroan), ibaia kanalizatua utz dezaketen proiektu ugari gehitu behar zaie. Irunen ZAISA garraio-terminalaren lehenengo faseak ibaian eragin duen aldaketak eta egitasmo diren berriek (alegia, Gipuzkoan ZAISAko 2., 4. eta 5. faseekin, Puntxas, Alunda eta Lastaola lurmenak okupatu nahi dituzten bitartean, Nafarroan Berako Alkaiaga lurmenean industrialde bat eraiki nahi dute), benetan ondo-rio beldurgarriak ekar diezazkioke Bidasoa ibaiko bizitzari.
Ibaiak berreskuratzeaz honenbeste hitz egiten den une honetan, tristea litzateke, gaizki planifikatu-tako bilakaera basatiaren ondorioz, orain arte ondo mantendutako ibai bakarra hondatzea. Sarritan ezjakintasuna izan da sarraski hauen erruduna. Saia gaitezen, beraz, gure ondare ekologikoa hobeto ezagutzen, gure historiaren atalik garrantzitsuenetarikoa dugu eta.