Bhopal: hirugarren munduaren trajedia

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

1984.eko Abenduaren 2.etik 3.erako gauean, Union Carbide multinazional iparrameriketarrak Indiako Bhopalen zuen pestizidak fabrikatzeko lantegiari gas toxikoz osatutako hodei bat jariatu zitzaion, Bhopal hiria estali zuelarik. Ondorioak ezin latzagoak izan ziren: 1734 hildako eta 300.000 inguru zauritu. Bhopaleko dramaz inkesta egiten ari den polizia batek dioenez, " Mende batez ikertu beharko da benetan zer gertatu den jakiteko ". Hitz horiek laburbiltzen dituzte egokien akaso, istripuaren ondoren dauden kezka eta zalantzak.

Bhopal ez da fenomeno bakarra. Union Carbide -ren lantegian jazo zen hondamena, beste toki askotan, baita hirugarren mundutik at ere, gerta daiteke. Industria kimiko asko arriskugarria da, eta ez dugu hori ezkutatzen ibili behar. Gainera, inguruetan bizi direnak, eta hauek gobernatzen dituztenak batez ere, arrisku honetaz jabeturik egon behar dute Bhopalekoa bezalakorik gehiago gerta ez dadin.

Zer geldituko zaigu Bhopal-eko oroimen gisa? Hildako eta elbarri asko, eta agian nazioarteko gatazka juridiko ozena. Istripua gertatu eta zenbait egunetara, 2500 hildako izan zirela zabaldu zen. Hala ere, Indiako agintariek 1754 hildako izan zirela diote. Metil isozianatoaren ihesaren ondoren egon zen egoera kaotikoaren ondoren, bi zifra hauek zalantzazkoak izan daitezke. Gorpu asko lurperatu, erre edo ibaietara bota zen, identifikatu eta erregistratu baino lehen. Zenbait iturrik dioenez, hirukoiztu egin liteke agintariek aditzera emandako zifra ofiziala.

EEBB-tako prentsan azaldutako txistea
LAWYER = abokatua

Bestalde toxikatutako pertsonen kopurua askoz zehatzago ezagutzen da. 17.000 mila inguru izan ziren hauek. Hauetako 1200 egoera kritikoan zeuden eta ingurutako ospitaleetara (zorionez kutsatutako zonan ez zeuden ospitaleak) eraman zituzten. Biktima hauetako gehienek, ikusmen- eta arnasketa-arazoak zituzten. Gainera, egin den azterketen arabera, toxikatuetako %18ak psikologi arazo iraunkorrak izango ditu.

Madya-Pradesh Indiako estaturik probreenetako bat izanik, kolpe handia jasan du Bhopaleko istripuarekin.

Gau beltza

Inork ba al daki Abenduaren 2tik 3rako gauean zer gertatu zen? Egia esan, gauza garbirik ez dago, nahiz eta bai indiarrak, bai iparrameriketarrak eta bai ikertzera joandako taldeak, txosten ofizialak eginak izan.

Drama, Union Carbide-ren plantako metil isozianatoa gordetzeko nabean gertatu zen. Fabrika kimiko hau 6,8 hektareatan hedatua dago, eta milaren bat langile ari da lanean han. Hauetako batzuk azpikontratatuta daude eta gehienak kualifikatugabeak dira. Metil isozianatoa, karbarilo intsektilkaria (zeina karbamatoen familiakoa bait da) fabrikatzeko oinarrizko lehengaietako bat da.

Abenduaren 2an, arratsaldeko bederatziak aldera kualifikatugabeko langile batzuk, gordetzeko hiru upeletako baten metil isozianatoaren irispidea garbitzen ari ziren. Antza denez, kasu hauetan martxan jarri behar diren itzuleraren kontrako balbulak ez zituzten ipini. Lanean ari denean upelak gutxigorabehera 25 tona metil izosianato dauzka. Berez behintzat, bi upela lanean ari direnean hirugarrenak, segurtasun arauek direla eta, hutsik egon behar du. Tamalez, horrelakorik ez zen gertatzen egun hartan. Normalean, metil isozianatoa egoera likidoan mantendu behar da (0°C-tan). Hozte-sistema bat erabiltzen da horretarako. Hala eta guztiz ere, Bhopal-eko plantan hozte-sistemak 5 hilabete zeramatzan lanik egin gabe eta ondorioz upelaren barnean tenperatura 15-20°C-koa zen.

Zaharra eta berria.

Bestalde, metil isozianatoa 2,6 bar-eko nitrogeno-presiopean mantendu behar da. Kontrol-gelatik etengabe kontrolatzen da presioa. Abenduaren 2ko arratsaldean, arrazoi ezezagunak medio, presioa ozta-ozta 0,14 bar-ekoa zen. Gaueko 11etan, upelaren presioa 0,69 bar-ekoa zela eta jarioa hazten ari zenaz konturatu zen kontrol-gelako zaindaria. Presioa etengabe igotzen ari zenez, 0,15etan zaindariak produkzio-arduraduna jakinaren gainean jarri zuen. Upela hozteko saioak, alferrikakoak suertatu ziren. Leherketaren beldur, langileak alarma jo eta 0,30etan ihesari ekin zioten.

Plantako segurtasun-sistemaren arabera, upelaren presioak 2,76 bar gainditzean segurtasun-balbulak (haustura-diskoak) hautsi egin ziren. Orduan gasak ihes egin zuen. Presioa zenbait momentutan 13,79 bar-ekoa baino handiagoa zela kontutan harturik, ziztu bizian ihes egin zuen gasak eguratsera.

Ihes egindako gasak, lehendabizi sodio hidroxidozko bi ikuzketa-dorretatik igaro behar du, bertan neutralizatua izan dadin. Egun hartan, bati konponketak egiten ari zitzaizkion eta bestea ez zen martxan ipini. Ikuzketa-dorretik igaro ondoren, metil isozianatozko hondakinak erreketa-dorrean erretzen dira. Hau ere geldirik zegoen mantenu-lanen kausaz. Baldintza hauek zirela eta, metil isozianatoak (MIC) ihes egin zuen neutralizatua izan gabe.

Erretako biktimen errautsak fabrikaren inguruan.

Gabeko 0,30-tan hodei zuri trinko batek lantegia eta aldameneko auzoak estali zituen. Lo zeuden bhopaldarrek begietan eta eztarrian erredurak sentitu zituzten eta ihes egiten saiatu ziren. Askok ez zuen lortu ohetik jaikitzerik; beste askok ospitalerako edo hiritik kanporako errepideetan galdu zuen bizia. Goizeko ordubietan lantegiko alarmak jo zuenean, hilotzek soilik zirauten lantegiaren inguruan.

Polimerizazioa errudun?

Azaldu dugun kronologiak, istripu tamalgarri eta izugarri hau nola gertatu zen esplikatzen du. Baina segurtasun-egoera txarra al da hondamenaren kausa bakarra? Kausa zehatzak ez dira inoiz ezagutuko. Hala eta guztiz ere, jatorri posible bat plantea daiteke.

Metil isozianatoa konposatu asegabea denez, katalisatzaile egokia duenean polimerizazio-erreakzio azkarrak izaten ditu. Katalisatzaile egokia gatz edo base metalikoa izaten da. Zilegi da beraz, arrazoi ezezagun bategatik (garbiketa, mantenua...) metil isozianatoa zuen upelera katalisatzaileren bat (sosa, burdin puskak) sartu zela pentsatzea. Metil isozianatoaren polimerizaioak bero handia libratu bide zuen eta bero honek erreakzionatu gabeko metil isozianatoa lurrindu zukeen.

Union Carbideren lantegia.

Honek dirudi adierazpiderik zuzenena, nahiz eta batzuren batzuk, Union Carbide multinazionala barne, sabotaia hitza aipatu.

Metil isozianatoa: gai ezezaguna

Bhopal-eko trajedia gertatu baino lehen, ezer gutxi ezagutzen zen metil isozianatoaren toxizitateari buruz. Animaliengan eragin toxikoak zituela (arnasbidean batez ere) ezaguna zen, baina liburuetan ez zen gauza handirik aipatzen gizasemeari buruz.

Metil isozianatoaren toxizitateari buruzko informaziorik ezak, toxikatuak tratatu zituzten lehenengo medikuak agente toxikoa fosfenoa (Lehen Mundu-Gerran erabili zen gas toxikoa) zela uste izatera bultzatu zituen. Gainera hildako askok azido zianhidrikoz toxikatutakoen sintomak zituzten mediku indiarrek ikusi zutenez. Odol-analisiak egin zirenean, zianuro-kontzentrazio handiak aurkitu ziren. Beraz metil isozianatoa ez zen agente toxiko bakarra. Aditu indiarren datuen arabera, gas toxikoa ez zen metil isozianatozkoa soilik izan. Gasaren %30a, beste zenbait substantziaz osatua zegoen, zianhidrikoa tartean zelarik!

Nola sortu da azido zianhidrikoa hodei toxikoan? Uste denez, upeletan gertatutako berotze handiak metil isozianatoaren pirolisiari eragin zion, azido zianhidrikoa, nitrogeno-oxidoak eta karbonoa lortuz.

Zorigaiztoa ala axolagabekeria?

Bhopaleko egunkari lokalen arabera, Bhopal sumendi baten ahoan eserita zegoen eta inork ez zuen neurririk hartu.

Erantzunkizunik handiena Union Carbide multinazional iparrameriketarraren baitan dago; berak bait zituen Bhopal-eko plagizida-plantaren akzioetako %51. Berak bakarrik zekien plantaren segurtasun-egoera nolakoa zen. Isilik gelditu zen, ze bai bait zekien nahiz eta dirua galdu, plagizidak fabrikatuz beste zenbait sektoretan irabazi joriak eskuratzen zituela.

Bhopal-eko plagizida-plantaren balantzeek, efektibitatearen etengabeko beherakada erakusten dute. Fabrika 5250 tona/urte fabrikatzeko diseinatua izan zen. 1982ean produkzioa 2308 tonakoa izan zen eta 1983.ean 1657 tonakoa. Urteko galerek (4-5 milioi dolarrekoak) Union Carbideko zuzendaritza kostuak murriztera behartu zuten; pertsonal-sailean eta batez ere segurtasun-mailan murriztera hain zuzen.

Txabolak.

Union Carbidek bere Bhopaleko lantegia ixtea serioski planteatu zuen, baina gobernu lokala aurka jarri zitziaon mila lanpostu galtzen zirelako. Txantaia efektiboa izan zen eta fabrikak lanean jarraitu zuen.

1984.ean, Union Carbidek EEBB-tako Institute (Virginia) hirian duen konplexu kimikoetako segurtasun-zerbitzuek metil isozianatoaren produkzio eta garraioak zituzten arriskuak azpimarratu zituzten. Hala ere, EEBBtik kanpo zeuden multinazionalaren enpresetan, ez zen ezer egin arriskuei aurre egiteko.

Nahiz eta Bhopaleko planta Institutukoaren bikia izan eta Union Carbideko zuzentzaileak segurtasun-neurri berdinak zituztela aldarrikatu, hori ez zen egia. Indiako fabrikaren segurtasun-sistemak gaizki planifikatuak zeuden. Esaterako, nahiz eta lehen aipatutako segurtasun-neurri guztiek erabat ondo funtzionatu, metil isozianatoaren %40-a eguratsera bere osotasunean aterako zatekeen. Bhopaleko plantak ez zuen EEBB-tako plantak bezala metil isozianatozko jarioak detektatzeko sistema informatikorik; zaintzaileek beren sudurrez fidatu behar zuten.

Bestalde, 1984.ean fabrikako mantenu-pertsonala erdira murriztua izan zela eta, ordezkatzaile moduan langile ebentual kualifikatugabeak hartu ziren.

Umeak irrifartsu trajediaz ohartu gabe.

Hala eta guztiz ere, hondamena txikiagoa izango zatekeen baldin eta agintariek fabrikaren ondoan txabola-auzo bat eraikitzen utzi izan ez balute.

Gainera Bhopaleko 350 medikuek ez zuten informaziorik ez plagizida-fabrikan lortzen diren produktuen arriskugarritasunari buruz eta ezta prebentzio-neurriez ere.

Ondorio moduan

Bhopaleko hondamenak, bi ondorio dakartza behehala gogora. Batetik, zenbait industria kimikok duen arrisku potentzial handiak, eta segurtasun-neurri zehatzak eta zorrotzak hartu behar direnaz oharterazten gaitu. Bestetik, kontu handiz ibili behar da hirugarren munduari teknologia aurreratuak transferitzen zaizkionean. Horiek egokiro erabiltzeko pertsonal kualifikaturik ez egotea gerta bait daiteke.

Eta azkenik, multinazional askoren joku zikina ezin da ahaztu; etxerako nahi ez dutena atzerrian jartzea alegia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila