Euskal Herriko bertako abere-arrazen katalogo ofizial bat bada, 2002ko urtarrilean Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuena. Katalogo horretan, bertako arrazak zein diren eta zer egoeratan dauden zehazten da.
Katalogoan nabarmen ikusten denez, arraza horien egoera kezkagarria da. Arrazarik produktiboenak izan ezik, hau da, behi pirenaikoa eta ardi latxa izan ezik, gainerako guztiak galtzeko arriskuan dira, arrisku bizian asko. Dirudienez, lagundu ezean arraza horiek desagertu egingo dira. Batzuk, besterik gabe, ez dira ugalduko, eta, beraz, abereak zahartu ahala ez da arraza horretako alerik ere geratuko. Beste batzuk, administrazioaren esku-hartzerik gabe, beste arraza batzuekin nahasi eta diluitu egingo dira; hau da, ugaldu arren, arrazaren ezaugarriak desagertuko dira, eta, horrela, arraza bera. Baina erabakia hartuta dago: arraza horiek mantentzearen alde egin behar da.
Zalantza egin daiteke zergatik lagundu behar ote zaion berez bizirik iraungo ez lukeen arraza bati. Izan ere, nolabait, arrazak izakiak berak sortuak dira, paraje hauetan bizi izan diren abeltzain-belaunaldiek moldatutako abereak dira gehienak —agian abereak berak abeltzainen jarduerara egokitu direla esan beharko litzateke—. Bada, azken finean, horixe da arraza horiek mantentzeko arrazoi nagusia: kultur ondarea dira. Gure arbasoek utzitako herentzia bizia da.
Bestalde, kontuan izan behar da abere horiek bereziki moldatuta daudela lur hauetako orografiara eta klimara. Eta, beraz, abantailak genetikoak dituzte espezie bereko gainerako arrazakoekiko, gaixotasunei dagokienez, esate baterako. Beraz, arraza horien ondare genetikoa ere gorde beharrekoa da; gaur egun imajinatzerik ere ez dagoen aplikazioak izan ditzake ondare horrek etorkizunean. FAOk berak ere jatorrizko arrazen aldeko aldarrikapena egin zuen 1992an.
Dena dela, arraza horiek duten desabantaila handiena, abeltzainaren ikuspegitik, produktibitatea da, noski. Askoz arraza produktiboagoak badira, eta horiek gailendu dira mundu osoan, eta lekuan lekuko arrazen lekua hartu dute. Alde horretatik, pirenaikoak eta ardi latxak behintzat ez dute galtzeko arriskurik, inguruari ongi egokituta egoteaz gain esne edo haragi asko ematen baitute.
Bertako gainerako arrazak, ordea, zaindu egin behar dira iraungo badute. Hori dela eta, hainbat programa jarri dira martxan arraza garbi mantendu eta irautea bermatuko duen abere-taldeak hazteko. Pottoka egoera horren adibide adierazgarria da. Zaldi txiki honek milaka urte daramatza Euskal Herriko mendietan. Gizakia lurraren jabe egin baino lehenago ere hemen bizi ziren pottokaren arbasoak.
Pottoka haragi-iturri izan da gutxienez Madeleinealditik—horren lekuko dira leize-zuloetako irudiak, pottokaren antzerako zaldiekin—, eta duela gutxi arte hazi izan da haragitarako. Egia esan, ez du lan handirik ematen: erdibasatia denez, mendian bizi da belarra eta sastrakak janda (otea ere jaten du neguan, besterik ezean); eta mendia garbi edukitzen laguntzen du. Baina gizakiak etekin handiko abereak nahiago, eta zaldi handiago eta indartsuagoekin nahasi izan da.
Ondorioz, arrazako pottokak asko urritu dira, hibridatuz joan dira. Baina, hala ere, arrazaren ezaugarriek iraun dute behor eta zaldi batzuetan, eta ale horiek elkartuta arraza garbia berreskuratzeko lanak egin dira; hala, pottoka-azienda indartzen ari da pixkanaka.
Arraza garbia lortzeko, estandarra definitu da; hau da, pottoka gisa kalifikatzeko zaldi edo behor batek izan behar dituen ezaugarri fisikoak zehaztu dira: kolorea, altuera, luzera eta gorputzaren eta buruaren beste hamaika neurri. Esate baterako, koloreari dagokionez, iluna da pottoka: beltza edo gaztainkara iluna (pintoa bereiz sailkatzen da); eta, garaierari dagokionez, 115 cm eta 130 cm bitartekoa.
Pottoka arraza 1995ean katalogatu zen EAEn eta Frantzian lehenago, 1970ean eman zioten pottokari arraza-izendapena. Ezarritako estandarra zorrotza izan zen arren, duela urte batzuk alferrik izango zen ugalketarako behor eta zaldi garbienak bakarrik erabiltzea, gutxi ziren eta aldakortasuna eta aberastasun genetikoa galduko zen.
Baina ugalketarako behor eta zaldi egokienak aukeratzen joan diren heinean —pottoka-izaera handiena dutenak hautatu dira— arrazako azienda handitu egin da, eta estandar horren ezaugarriak zorrozten joango dira.
Gaur egun, aldiz, abere-kopurua handi samarra da, eta hasi dira hautapena egiten. Hala, hazitarako erabiltzen diren pottokak kalifikazio altukoak izaten dira —puntuka erabakitzen da aberearen pottoka-izaera—.
Arraza definitzeko, ezaugarri morfologikoez gain, odol-analisiak ere egin ziren. Euskal Herriko Unibertsitatean populazioaren genetika aztertu zuten. Beste zaldi-arraza batzuekin alderatu zuten (odol garbikoa, mendikoa, espainiarra, arabiarra...), eta, pottokaren berezitasun genetikoak ikusita, garbi geratu zen arraza bereizi bat zela.
Hala izanda, abere bakoitzaren identifikazioaz eta kalifikazioaz gain, pottoken liburu genealogikoa ere osatzen ari dira foru-aldundiak eta pottoken alde diharduten elkarteak.
Ageri denez, oraindik ere badago zer egina pottoka arraza ugaria eta aberatsa izan dadin, baina oinarria behintzat dagoeneko ezarria dago.
Desagertzeko arriskuan dauden beste abereak berreskuratzeko ere antzerako lana egiten da. Guztiak ez daude egoera berean, noski, baina ahaleginik ez da falta. Dena dela, administrazioak egiten duen lanaz gain, ezinbestekoa da partikularrek egiten dutena; izan ere, bertako arrazak babesteko konpromisoa hartua dute hainbat elkartek, eta lanaren zati handiena haien esku dago.
Abere batzuekin berreskuratze-lanak egiten dira, baina beste batzuek ez dute horren beharrik. Pirenaikoarekin eta ardi latxarekin egiten diren ekintzak ekoizpena hobetzeko dira —etekina hobetzeko programak—. Ardi latxaren hazkuntza-programa, esate baterako, 1984an hasi zen, eta, ordudanik, hamaika ikerketa egin dira esnearen kalitatea eta kantitatea hobetzeko helburuarekin.
Hobekuntza genetikorako programan, ardi bakoitzak zenbat esne ematen duen eta esne horren konposizioa nolakoa den (oro har zenbat proteina eta zenbat gantz duen) neurtzen da, eta ardirik onenen arkume arrak (ahari kumeak) aukeratzen dira ugalketarako. Eta ugaltzeko ere teknika berriak erabiltzen dira; izan ere, ohikoa izaten da intseminazio artifiziala erabiltzea ardiak aukeratutako ahari horien haziarekin ernaltzeko.
Horiez gain, beste hamaika ikerketa ere egiten da ardien esne-emaria hobetzeko. Esate baterako, errapeen morfologia aztertu da; izan ere, geroz eta ohikoagoa da jezteko makinak erabiltzea, eta errapearen muturraren formak eta neurriak zeresan handia dauka egiteko horretan. Eta hori bakarrik ez; ikusi da errapearen formaren arabera gaitzak izateko arriskua ere handiagoa izaten dela; eta horrek guztiak eragina du esne-produkzioan, noski.
Ageri denez, alde handia dago programaren helburua ezartzeko garaian etekin oneko arraza izan ala ia etekinik ematen ez duen arraza izan. Etekina ematen dutenez, ardi latxarekin eta pirenaikoarekin produkzio-kate bat osatzen da. Baina gainerako arrazekin ezin da horrelakorik egin. Dena dela, produkzioa eta etekin ekonomikoa hobetzeko asmoa badago arraza bera mantentzeaz gain.
Euskal Herriko arrazen katalogo ofizialaren arabera, arraza hauek oso larri daude: Enkarterriko astoa, ahuntz azpigorria, euskal txerria eta oiloa, erbi-txakurra, Enkarterriko villano eta villanuco (txakur-arrazak) eta behi montxina.
Horiek baino egoera hobean da zaldi-azienda, baina ez dago arriskutik kanpo, ezta gutxiago ere. Mendiko zaldia eta pottoka nahiko ugariak dira zenbait menditan, baina arraza mantentzeko programak beharrezkoak dira, batez ere arraza garbia ez galtzeko; izan ere, azkeneko mendean beste arraza batzuekin gurutzatzea oso ohikoa izan da etekin handiagoa ateratzen zaien zaldiak lortzeko asmotan.
Beste horrenbeste gertatu da betizuarekin; eta behi erdibasati horri eusteko eta ahal den neurrian berreskuratzeko lanak badira. Terreña da katalogatu duten beste behi-arraza, eta hori ere galtzeko arriskuan dago. Ugaria den behi-arraza bakarra pirenaikoa da, produktibitate handikoa delako, noski.
Ardiei dagokienez, esan beharrik ez dago latxa dela nagusi. Zelai zabaletan artalde handiak ikusten dira bazkan, eta halako ingurua behar du latxak; baina bada beste ardi bat, sasi-ardia, bere izenak dioen bezala larrean baino sasi artean gusturago dagoena. Ez da esnetarako hazten, eta, ondorioz, geroz eta sasi-ardi gutxiago dago.
Latxaz eta sasi-ardiaz gain, bada bertako beste ardi-arraza bat ere Karrantzan; ardirik gehienak muturzuriak dira, eta ugari samarrak dira, gazta egiteko erabiltzen baitira; muturbeltzak urriagoak dira, ordea, eta galtzeko arriskuan daude.
Harrigarria dirudien arren, euskal artzain-txakur bizkorra ere galtzeko arriskuan dago. Eta, hala ere, gainerako bertako zakur-arrazak baino egoera hobean da; izan ere, gainerako hiru arrazak galtzeko arrisku bizian dira, aipatu bezala.