Jendearen ohizko pentsakerak, baserritarra abeltzantzan eta belarra ebakitzen aritua den norbait bezala ikusten du, baina denbora aurrera joan ahala ohizko ekintzak zerbitzu berriak sortu ditu (hots, BEZ) eta baserritarren bizitzan sartzeak gestioa derrigorrezko bihurtu du.
Halaber, nekazaritzan indarrean dauden egoera berriek gero eta ahalegin handiagoa eskatzen dute. Adibidez, aziendaren hobekuntza genetikoak inbertsio ikaragarriak eskatzen ditu, eta era berean elikadura eta gobernaketak baserriaren aurrekontuaren zati handia hartzen dute, eta guzti hori ordenadorez kontrola daiteke.
Ordenadoreen laguntza ezinbestekoa gerta daiteke produkzioan. Esate baterako, gaur litro bat esne ateratzeko baserritarrek 450 gramo kontzentratu erabiltzen dute, %50 kanpotik ekarriz. Kanpotik ekartze horrek erosketa egiteko merkatu librean sartzea dakar eta komenigarria izaten da soiak Chicagon zein prezio duen jakitea, honek baserriko elikadurarekin eta gobernatzearekin duen loturagatik.
Informazio guzti hau kontutan hartzea ezinbestekoa zaie etorkizuna duten baserriei. Informatikak posible egiten du, adibidez, merkatu internazionalean pentsua egiteko beharrezkoak diren lehengaien prezioa jakitea. Horiekin sortu nahi den konposizioa eta azken prezioa erabakitzea errazten die.
Gaur egun gestioari dagozkion eginbehar hauek, Gasteizeko Gobernuak lagunduriko hainbat zerbitzuk bideratzen dituzte. Gestiogune hauek baserritarrek bidalitako hainbat datu (pentsutan gastaturikoa, ateratako esne-kopurua, salmenta-prezioa eta abar) bilduz, baserriaren errentagarritasuna zehazten dute.
Hitzaldian trataturiko gaiak, gestioan zentraturiko hastapenak bakarrik azaldu zituen. Bien aurrean dagoen eremua zabala eta oztopoz beterikoa da.
Alde batetik, baserritarren artean ez dago ordenadoreekiko sentsibilitaterik. Hau zuzentzeko, lehen urrats gisa mikroordenadoreak jostailu bezala sartzen ari dira (xakea, martzianoak eta abar) jendea ohitu erazteko. Bigarren urratsean ohituriko jendeari ordenadorearen posibilitateak (bere bizimoduari aplikatua) erakutsiko litzaizkioke.