Emakumeak gizonak baino aldakorragoak dira fisiologikoki. Sexu-hormonen eraginez, emakumeek gizonek ez dituzten gorabehera ziklikoak izaten dituzte; besteak beste, adin-tarte batean hormonak gora eta behera izaten dituzte hilero, haurdun gelditzen dira, haurdun ez gelditzeko hormona-antisorgailuak hartzen dituzte batzuetan eta adin batetik aurrera sexu-hormonak ekoizteari uzten diote.
Gorputzak botiken aurrean duen eragina alda dezakete prozesu horiek guztiek. Adibidez, hormona-antisorgailuek zenbait botikaren xurgapena alda dezakete (psikofarmakoena, esate baterako), eta gibelean botikak metabolizatzeaz arduratzen diren entzima batzuek jarduera handiagoa edo txikiagoa dute sexu-hormonen eraginez. Hortaz, gizonetan eta emakumeetan eragin bera izateko, botika jakin baten dosi handiagoa hartu beharko luke batek eta txikiagoa besteak.
Saiakuntza kliniko baten ikuspuntutik, esperimentua zailagoa eta garestiagoa izatea eragin lezake emakumeen gorabehera horiek guztiak kontuan hartu behar izateak. Saiakuntza klinikoak botika bat kaleratu aurretik egiten duten azkeneko esperimentu-fasea da. Ikergai den botika hainbat pertsonari ematen diete ikertzaileek, botika horren aurrean nola erantzuten duten ikusteko. Erantzun horien arabera zehazten dituzte hartu beharreko dosiak, botikak eragin ditzakeen albo-ondorioak eta abar.
Saiakuntza kliniko bat diseinatzeko orduan, ikertzaileak saiatzen dira esperimentuan ahalik eta aldagai gutxienek parte har dezaten. Zenbat eta aldagai gutxiago egon, orduan era errazago lot ditzakete behatzen dituzten erreakzioak botikaren eraginarekin.
Irizpide horretan oinarrituta, eta emakumeen aldakortasuna ikusita, ikertzaileek joera handia izan dute luzaroan gizonak bakarrik erabiltzeko saiakuntza klinikoetarako. Ez zuten ezer txarrik ikusten horretan, ziur baitzeuden gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak sexu-organoetara mugatzen zirela. Beraz, askoz erosoagoa, errazagoa eta eraginkorragoa iruditzen zitzaien denboran gorabeherarik ez zuten boluntarioak erabiltzea; saiakuntzaren mesedetan.
Hori gutxi ez, eta botika jakin batzuek albo-ondorio larriak eragin zituzten emakume haurdunetan. Oso famatua izan zen talidomida konposatuaren kasua: 1958. urtean kaleratu zuten, loezina eta antsietatea tratatzeko. Haurdun zeuden emakumeek ere hartzen zuten, haurdunaldiak eragindako ondoezei aurre egiteko. Ez zekiten substantzia horrek umekian malformazioak eragiten zituela, eta milaka malformaziodun haur jaio ziren.
Horren aurrean, saiakuntzetan beharrezkoak ez izatetik, babestu beharreko eta saiakuntzetatik guztiz baztertu beharrekoak izatera pasatu ziren emakumeak. Haien ugalkortasuna babestu beharra zegoen. Erantzuna erabatekoa izan zen agintarien aldetik. Adibidez, 1977an, Estatu Batuetan botikak eta elikagaiak erregulatzen dituen agentziak (FDAk) argi eta garbi esan zuen debekatuta zegoela emakume ugalkorrek saiakuntza klinikoetan parte hartzea.
Ez ziren ohartu, ordea, babesteko helburua zuen erabaki horrek, mesede baino gehiago, kalte egiten ziela emakumeei. Emakumeak baztertzera eraman zituzten arrazoi horiek berek balio dute egiaztatzeko beharrezkoa dela emakumeak saiakuntza klinikoetan kontuan hartzea.
Botika bat hartzerako, ezinbestekoa izan beharko litzateke jakitea gizonek eta emakumeek berdin erantzuten ote dioten tratamendu jakin bati, botiken eragina aldatzen ote den hileko zikloarekin batera nahiz menopausia izan ondotik, hormona artifizialen tratamenduek (bai antisorgailuek bai menopausiaren sintomei aurre egiteko hartzen direnek) inolako eraginik ote duten, eta botikak emakume haurdunei nahiz umekiei eragiten ote dien.
Emakumeak saiakuntza klinikoetatik baztertzeko joera horren ondorioz, gaur egun dugun zientzia-ezagutzaren zati handi bat ez da osoa. Denboraren poderioz ohartu ziren osasun-erakundeak akats handia izan zela hori, eta emakumeek saiakuntza klinikoetan parte har zezaten gomendatzen hasi ziren. Lehen aipatutako FDAren debekua 1993. urtera arte egon zen indarrean. Orduan hasi ziren esaten saiakuntzetan emakumeak sartu behar zituztela, eta, saiakuntza bukatutakoan, ondorioak sexuaren arabera bereizi behar zituztela.
Ez da gauza bera emakumeak saiakuntza klinikoetan sartzea eta saiakuntzan lortutako emaitzak sexuaren arabera aztertzea. Ikerketa jakin batean emakumeak sartu baldin badira, baina emaitzak interpretatzean ez baldin badira bereiz aztertu gizonak eta emakumeak, botikak batzuetan eta besteetan izandako eragina nahasita agertzen da. Eta litekeena da eragina, albo-ondorioak eta bestelako efektuak desberdinak izatea batzuetan eta besteetan.
Europan ere, orain dela hamabost bat urte hasi ziren emakumeen garrantziaz jabetzen, eta gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan. Legeak pixkanaka ari dira aldatzen, gomendioak ematen hasi dira, baina oraindik ez dute ezer zehatzik esaten; orokortasunetan gelditzen dira. Esaten dute aztertutako gaixotasunak populazioan duen eraginarekiko proportzionala izan behar duela emakumeen parte-hartzeak, eta emakumeek behar bezala ordezkatuta egon behar dutela.
Ez dute zehazten, ordea, ez nola diseinatu behar diren saiakuntza klinikoak, ez nola jokatu behar duten gai horren inguruan saiakuntza klinikoen proiektuak aztertzen dituzten etika-batzordeek, ez saiakuntza klinikoa egindakoan aurkeztu behar dituzten
txostenetan nola agertu behar duen sexuari dagokion informazioak. Txosten horiek dira saiakuntza klinikoetan ezagutzera ematen duten informazio bakarra. Horietan jartzen dute ikertzaileek zer emaitza eman dituen egindako ikerketak. Haien esku dago erabakitzea zer emaitzaren berri eman, eta zer emaitzarena ez eman.
Normalean, ikertzaileek antzeko jarrera dute; alegia, ez dituzte baztertzen emakumeak, baina kasu askotan ez dute zehazten saiakuntzetan kontuan hartu dituzten, eta, kontuan hartuta ere, lortzen dituzten emaitzak ez dituzte sexuaren arabera aztertzen.
Argi gelditu zen hori Sendagaien eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak egin zuen azterketa batean. 2007ko lehenengo lauhilabetekoan aurkeztutako txosten guztiak aztertu zituen, saiakuntza klinikoetan emakumeen parte-hartzea kontuan hartzen ote zuten jakiteko. Ikusi zuten aurkeztutako 25 saiakuntzetatik % 20k bakarrik aztertu zituela emaitzak sexuaren arabera edo kontuan hartu zuela sexuaren eragina.
Emaitza horien aurrean, ezin izan zuten esan emakumeen parte-hartzea nahikoa izan zen edo ez, ikerketen % 80k ez zutelako horren berri eman. Atera ahal izan zuten ondorio bakarra izan zen ikertzaileek ez zutela aintzat hartu sexuak eraginik izan ote zuen egin zuten ikerketan; ez, behintzat, bukaerako txostenean.
Egia esan, horrelako azterketak egin dituztenean, emaitzak askotarikoak izan dira; hau da, beti ez dituzte desberdintasunak aurkitu gizonek eta emakumeek botiken aurrean duten erantzunean. Batzuetan bai, desberdintasun nabarmenak aurkitu dituzte, baina beste batzuetan ondorioztatu dute desberdintasunok ez direla kezkatzeko modukoak, edo erantzuna bera dela gizonetan eta emakumeetan, erabilitako dosia gorputzaren pisuarekiko doitzen baldin bada.
Horregatik da, hain zuzen ere, ezinbestekoa desberdintasunik dagoen edo ez jakitea. Ez litzateke onargarria izango eraginak orokortzea. Desberdintasunik ez badago, frogatu egin behar da ez dagoela, litekeena baita desberdintasunak egotea. Ez al da horretan oinarritzen metodo zientifikoa? Izugarri prozesu luzea egiten du molekula batek asmatzen dutenetik botika gisa onartzen duten arte, eta, azkeneko unean, nahikoa frogatu gabe ematen dizkiote botikak populazioaren zati bati.
Gure gizartea ez da iritsi, beraz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun sonatura, saiakuntza klinikoei dagokienez, behintzat. Inoiz iritsiko bagara, ezinbestekoa da ikertzaileak horren garrantziaz jabetzea.
Komenigarria litzateke, dena den, erakundeek ere berdintasunaren alde egitea. Oso lagungarria izango litzateke horren inguruko legedia aldatuko balitz, eta zehaztuko balute nola egin behar diren saiakuntza klinikoak gizonen eta emakumeen berdintasuna bermatzeko. Diru-laguntzak ematen dituzten erakundeek ere lagundu lezakete, diru-laguntzak onartzeko proiektuetan emaitzak sexuaren arabera aztertzea eskatuz.
Erakunde ofizialetatik kanpo, zientzia-aldizkariek indar handia izan lezakete --zenbat eta izen handiagoa izan aldizkari batek, orduan eta handiagoa--. Azken batean, ikertzaile guztiei komeni zaie egindako ikerketa ezagutaraztea, ahalik eta gehien hedatzea lortutako emaitzak. Bada, aldizkariek ezinbestekotzat joko balute esperimentuetan emakumeak kontuan hartzea eta emaitzak sexuaren arabera bereiztea ikerketak argitaratzeko modukoak diren edo ez erabakitzeko orduan, zeharka bada ere, behartu egingo lituzkete zientzialariak esperimentuak modu horretan diseinatzera.