Aurrera begira… Haizea ez dabil tontorretan bakarrik

Merkatuan oraindik ez da errealitate, baina Euskal Herrian bada energia eolikoa beste modu batera lortzea aztertzen dabilenik. Begietarako arruntak bihurtzen hasi diren aerosorgailuekin alderatuz gero, sistemak bi ezberdintasun nagusi ditu: batetik, eta haizearen abiadura txikiekin ere mugitzen denez, mendi-gailurretan ezezik bailara barrenetan jartzeko aukera izatea eta, bestetik, eraikitzeko behar den inbertsioa txikia izatea.

Sistemaren itxura deskribatzen hasita, lehenik behar besteko luzerako bi zutabe kokatu behar dira. Zutabe bakoitzari itsatsita, hiru polea finko eta turbinatxo bat. Zutabe batetik beste zutabearen poleetara altzairuzko kablea; eta kableari lotuta nahi beste beso. Haizeak jotzen duenean besoak mugitu egiten dira eta sortzen den energia jasotzen da. Beraz, haizearen abiaduran baino sistemaren azaleran oinarritzen da sistema.

Berez, sistema ez da berri-berria, translazio bidez lortutako energiaren kontua aspaldikoa baita. Arrazoi bat edo beste tarteko, inork ez du gaur egun arte ideia errentagarri bihurtu; orain, ordea, sistema merkaturatzeko prest omen dago. Zamudioko parke teknologikoan kokatutako Enerlim enpresa dabil ideia garatzen. Dena den, enpresa honek ez ditu muntaiak egiten. Muntaiak egiteko teknologia ikertzen du, beste enpresa batzuk ekoitzi ditzaten. Une honetan energia berriztagarrien ikerketan eta garapenean dabiltza, noizbait merkatuan sartzeko asmoz. Iaz oso gertu egon baitziren ere, oraindik ez dute aukerarik izan sistema errealitatean aprobetxatzeko. Urnietan izan zen saiakera. 600 kW sortuko zituen 120 metroko azaleradun muntaia jartzeko proiektua landu zen, Urnietako argiteria publikoaren beharrei aurre egiteko adinakoa. Sistemarekin zerikusirik ez zuen arrazoiengatik, bertan behera geratu zen dena.

Horrelako energia-sistemek aurrera egingo balute, panorama asko aldatuko litzateke. Izan ere, orain arte betiko kapitalak izan du energia guztien kontrola eta giltza, baita energia berriztatzaileena ere; hau da, parke eoliko bat eraikitzeko behar diren milaka milioiak betiko inbertsio-taldeek baino ezin ditzakete izan. Horrelako sistemak garatuko balira, aldiz, edozein udalerri gai izango litzateke berarentzat nahikoa den energia sortuko duen inbertsioa egiteko.

Sistema hau azaleran oinarritzen denez, haize gutxiko guneetan ere jar daiteke, eta zenbat eta azalera handiagoa izan, orduan eta merkeago da energia. Eragin bisual handia du, baina hortik aurrera traba gutxi: zarata txikia ateratzen du, abiadura txikian dabil, bailara zuloetan ere jar daiteke…

Zoritxarrez, Euskal Herria ez da aitzindari izango, konponezinak medio, garapen-proiektuak gure mugetatik at egiten ari direlako, Katalunian eta Burgosen hain zuzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila