Aurrekontzeptuak. Unibertso-ereduak

1. irudia. Ume edo nerabeek beren buruak Lurraren gainean irudikatzeko dituzten ereduak.

Beren burua Lurraren gainean irudikatzeko eskatuko bagenie ume edo nerabe batzuei, lau eredurekin aurkituko ginatekeela esan dezakegu

ikus 1. irudia

Batxilergoan ikasten ari direnei eskatuko bagenie, ereduak ez lirateke asko aldatuko. Harriduraz betetzen gaitu ulertzeko era hauen eta gizartearen momentu historiko desberdinen artean dagoen paralelismoak.

Umetan, zortzi urte inguru dutenean eta oraindik familia eta eskolaren esparrutik at ezer gutxi bereganatu dutenean, unibertsoari buruz dituzten kontzeptuak oso zehatzak dira. Lurra laua da eta beraiek erdian kokatzen dira. Astroren bat irudikatzen badute berriz, astroak beraien inguruan emango ditu birak (ikuspegi aurreratuagoa azalduko luke ondoko irudiak: Eguzkia gauez Lurraren azpitik pasatzen da sumendiak berotuz). Izarrak berriz finko daude eta Ilargia airearen eraginez mantentzen da (1.1. irudia).

Ikusten denetik adierazpen bat ateratzen da, batzuetan mitikoa (mamuak, etab.) eta besteetan geometrikoa, baina beti forma eta gauza zehatzak dira pertzepzioari itxura ematen diotenak. Horretarako balio duten ereduak dira, baina ezin dira orokortu.

Bigarren etapa batean, hamar urte inguruan, umeek ez dute jada mundu laua marrazten, esferikoa baizik. Baina beraiek Lurraren baitan mantentzen dira (ikus 1.2. irudia).

2. irudia. Irakaslearen papera, ikasleak ezagupen berri hori bereganatzeko behar dituen aurreideiak aurkitzean datza.

Hamabi-hamairu urtetik gora ondoko arazoarekin aurkitzen dira: Lurra esferikoa bada eta beraiek gainean badaude nola ez dira laprast egin eta erortzen?. Bestalde, nahiz eta ume gehiago badagoela onartu, ez dute inoiz buruz behera daudenik onartuko

1.3. irudia

Beraien heldutasunak abstrakzio batzuk egitea onartzen dienean, eremu grabitatorioa adierazten dute eta badakite indar bat dela inor ez erortzearen zergatia. Hau, hamabost hamasei urte inguru gertatzen da (1.4. irudia).

Astronomiazko klaseetan ekuatoreko koordenatuak adierazteko esfera osoa erabili dut eta erdia, behatzailearen begilerrotik gorakoa, azimutak azaltzeko. Hamalau-hamasei urte bitarteko gazteekin lan eginez atera dudan ondorioa, ondokoa da: horizontea, puntu kardinalak eta beraien gainean agertzen diren astroen errepresentazioa bakarrik ulertzen dute.

Beraz, zertarako errepresentazio guztiak adierazi ez badituzte beraien ideia propioekin onartzen? Hori jakiteko eratako bat ikustaldiak antolatzea da. Horrela, ikasleak berak azalduko die gainerako ikasleei ikusitakoa. Buruz ulertu dutena bakarrik azalduko dute eta lortzen diren emaitzak benetan liluragarriak dira.

Ikasleak ez dira irakasleak ezarri nahi dizkien ezagupenak isurtzeko ontzi hutsak. Gehiago dirudite birrintzeko orri desberdinak dituzten birringailuak, eta barkatu konparazioa. Hau bakoitzaren esperientzia eta bakoitzaren buru-egituraren arabera dago. Honela, irakasleak eskaintzen duen patata (ezagupen berriak) oso era desberdinean barneratuko du ikasle bakoitzak.

Nola irakatsi astronomia? Irakasteko unean, ume/nerabeen nortasun-garapenaren hiru une ezberdinak bereiztu behar dira, adinari zehatz mehatz lotu barik.

Irakaslearen papera, ikasleak ezagupen berri hori bereganatzeko behar dituen aurreideiak aurkitzean datza. Horrela lan eginez gero soilik irits daiteke proposaturiko helburura arrakastaz.

Komeni da beraz, gainetik bada ere, zibilizazio ezberdinek historian zehar unibertsoari buruz izan dituzten ezagupenak aipatzea:

  1. Eredu mitikoa
    Mamu eta jainkoen errepresentazioak. Aldizkako fenomenoen azalpenak dira, urtaro desberdinak adibidez, baina ez dira fenomeno berriak aurresateko gai.
  2. Eredu mekanikoak
    Geozentrikoak, heliozentrikoak, etab. Hauek, azaltzeko gai izateaz gain, orain arte ikusi gabeko egoera berriak iragartzeko gai ere badira; planeten arteko konfigurazioa edota Ilargi-eklipsea esaterako.
  3. Eredu kosmogonikoak
    Aurreratuen dauden eredu zientifikoak dira. Hauek unibertso osorako balio dituzten zientzi legeak biltzen dituzte (aurkakoa frogatzen ez den bitartean); grabitazio unibertsalaren legea, galaxien aldaketa-abiadura edota uniformitatearen legea materiaren egitura kimikoan, esaterako.

Honela bada, interesatzen gaituen gaia sartzeko moduan gaude. Nola irakatsi astronomia? Irakasteko unean, ume/gaztearen nortasun-garapenaren hiru une ezberdinak bereizten eta bereiztuko ditut, adinari zehatz-mehatz heldu barik.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.