Argitaratu edo hil

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zientziaren ikerketan oinarrizkoa da batek egindakoa gainerakoei jakinaraztea. Helburu hori dute, azken finean, aldizkari espezializatuek. Baina artikuluak argitaratzeko arrazoi gehiago ere badaude, eta arrazoi horiek indarra hartzen ari dira. Argitaratzea ezinbesteko bilakatu da ikertzaileentzat. Dena dela, artikulu bat argitaratzea ez da erraza, eta prozesu luze bati jarraitu behar izaten zaio. Azken batean, argitaratze-prozesuaren atzean mundu bat dago.
Argitaratu edo hil
2006/09/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: Artxibokoa)
Begiratu batera sinplea dirudi: zientziak aurrera egin dezan, ikertzaileen artean komunikazioa beharrezkoa da, ikertzaile batek egiten duenaren berri izan behar dute gainerakoek; bestela, hutsetik hasi beharko litzateke ikerketa bakoitza. Ikertzaileek egindako lanaren eta emaitzen berri emateko erabiltzen duten euskarria idatzia da. Artikuluak idazten dituzte. Eta artikulu horiek zabaltzeko, aldizkari espezializatuetan biltzen dituzte, journal -etan. Hala, gainerako ikertzaileek aldizkari horietan jasotzen dute munduan egiten ari den ikerketaren berri.

Pentsatzen jarrita, ordea, artikuluak argitaratzeko arrazoi nagusia hori den arren, beste hamaika arrazoi ere bada. Izan ere, ikertzaile baten ospea hazi egiten da artikuluak argitaratu ahala; batez ere izen handiko aldizkarietan argitaratzen denean. Eta ikertzen jarraitzeko diru-laguntzak lortzeko garaian ere, laguntzen du ikertzailearen curriculumean artikulu-zerrenda luzea izateak.

Prestigioaren bila

Ikerketa egiten den heinean artikuluak argitaratzea garrantzizkoa da. Eta hori bezain garrantzizkoa da non argitaratzen den. Aldizkari ospetsu batean argitaratzea bera albiste izaten da hedabideetan, eta horrek, aldi berean, artikulu-egilearen ospea handitzen du.

Zientzia-komunitatean berebizikoa da ikerketen emaitzak guztien esku egotea.
Artxibokoa

Argitalpenen mundu honetan zerrendak oso ohikoak dira: gehien argitaratzen duten ikertzaileak, aipamen gehien jasotzen dituzten artikulu-egileak, gehien kontsultatzen diren artikuluak, irakurle gehien duten aldizkariak eta abar.

Zerrenda horietako asko egiteko, aipamenak edo erreferentziak izaten dira kontuan. Izan ere, artikuluaren amaieran hainbat artikulu eta egileri egiten zaio erreferentzia. Aditzera ematen den ikerketarekin zerikusia daukatenak, kontsultatu direnak, eta, oro har, egileari lagungarri izan zaizkionak aipatzen dira. Bada aipamen horien datuak jaso eta era askotako kalkuluak egiten dira ondorioak ateratzeko. Etengabeko merkatu-azterketa baten antzeko zerbait da, azken finean.

Datu-bilketa eta zerrenda horiek egiten maisu Thomson Korporaziokoak dira. Esate baterako, 2004 eta 2005 urteetako ikertzaile aipatuenen zerrenda egin dute. Zerrendaburu Osaka Unibertsitateko ikertzaile bat dago: Shizuo Akira japoniarra. Immunologiaren esparruan egiten du lan, eta aurreko bi urteetan idatzi zituen (edo beste egile batzuekin batera izenpetu zituen) artikuluetatik hamaika aipatuenen zerrendan daude ( hot papers izenez ezagutzen dira artikulu horiek).

Beste adibide bat. 80ko hamarkadako artikulugile aipatuena Robert Gallo izan zen, hiesaren aurkitzailea. 591 artikulu izenpetu zituen eta 36.000 aipamen izan zituen beste artikulu batzuetan. Bestalde, inoiz aipamen gehien jaso dituen artikulua proteinen karakterizazioari buruzkoa da. Lowry-k, Rosebrough-ek, Farr-ek eta Randall-ek idatzi zuten 1951n, eta 245.000 aipamenetik gora izan ditu.

Ikertzaile baten curriculuma askoz dotoreagoa da aldizkari entzutetsuetan argitaratu izan badu.
Artxibokoa
Dena dela, ikertzaile batek aipatuenen zerrenda horietan sartzea badu amets, ezinbestekoa du ospe handiko aldizkari batean argitaratzea bere artikuluak. Noski, punta-puntako ikerketa izan dadin eskatuko diote aldizkari horietan. Zenbat eta ospe handiagoa izan aldizkariak, orduan eta bahe xeheagoa erabiltzen du artikulu bat argitaratu edo ez erabakitzeko.

Aldizkari indartsuenak

Bide horretatik, ikaragarrizko garrantzia hartu du aipamen gehien dituzten aldizkarien zerrendak. Kontuan izatekoa da; izan ere, batetik, ikertzaile gehienek aldizkari horietan argitaratu nahi izaten dute eta, horri esker, artikulu onenak aukeran ditu zerrenda horretan agertzen den aldizkariak; eta, bestetik, aldizkari horrek zabalkunde handia duenez, artikuluak ikertzaile gehiagoren eskuetara iritsiko dira, eta, ondorioz, aipamen gehiago jasotzeko aukera dute. Zirkulu bat da, eta ez da erraza zirkulu horretan sartzea.

Aldizkari aipatuenen zerrendak egiteko hainbat modu daude. Sinpleena da aldizkari jakin bateko artikuluek izandako aipamenak zenbatzea. Baina artikulu gehien argitaratzen duten aldizkariek abantaila dute halakoetan. Hori dela eta, inpaktu-indizea gehiago erabiltzen da. Inpaktu-indizeak erakusten du aldizkari batek zenbat aipamen jaso dituen gainerako aldizkarietan azken bi urteetan, baina argitaratu duen artikulu-kopuru totala kontuan izanda.

Aldizkari-zerrenden lehenengo lekuetan Immunologiarekin, Medikuntzarekin edo Biologia Molekularrarekin zerikusia duten artikuluak daude. Jakin-min handiena pizten duten alorrak horiek diren seinale, eta diru gehien alor horietako ikerketek jasotzen dutela nabarmen.
NIAID, NIH

Science aldizkariaren inpaktu-indizea, esate baterako, 31,8 da. Hau da, aldizkari horretan argitaratutako artikulu batek batez beste 31,8 aipamen jasotzen ditu argitaratu eta hurrengo bi urteetan. Oso inpaktu-indize altua da hori: Science aldizkari aipatuenen zerrendan bederatzigarren lekuan dago.

Rankingean, bilduma-artikuluak argitaratzen dituzten aldizkariak daude lehenengo lekuetan, review deritzenak. Aipamen gehien jasotzen dituen aldizkaria, esate baterako, Annual Review of Immunology da. Ez da harritzekoa bilduma-artikuluek jasotzea aipamen gehien: gai baten inguruko laburpen antzeko bat izaten da artikulu bakoitza, eta, horregatik, oso erabilgarriak dira ikerketa-gai baten gaineko informazioa batzeko han eta hemen bila ibili beharrik gabe. Bada, lehenengo hamarretan sei bilduma-artikuluen aldizkariak dira.

Lehenengo hamar horietan kaleko jendeari ezagunak egingo zaizkionak Nature eta Science dira. Bederatzigarren eta hamargarren lekuetan daude, hurrenez hurren.

Aldizkarien zerrenda horretatik beste irakurketa bat ere egin liteke: gaur egun puntaren puntan dauden esparruak Biokimikaren eta Medikuntzaren ingurukoak dira. Aipamen gehien jasotzen dituzten aldizkariak esparru horietakoak dira, behinik behin. Beraz, argitaratzean zientzia-alorrak ere badu garrantzia.

Hala, ikerketa-alorrak elkarrekin konparatzeko ere erabil daiteke inpaktu-indizea. Esan bezala, indize altuena Immunologiako bilduma batek du, 52,4; bada, Polimero-zientzietako aldizkarietan bakar bat ere ez da iristen 10era, ezta hurrik eman ere. Aldizkari ezagunenetako bat Macromolecules da eta 3,9 da horren inpaktu-indizea. Aldea nabarmena da.

Aldizkari aipatuenen zerrendan ezagunenak, agian, Science eta Nature dira, arlo askotako ikerketak jasotzen dituztelako seguru asko.
Iturria: Thomson Scientific/The Thomson Corporation. Argazkia: N. Rementeria

Kalitatea neurtu nahian

Inpaktu-indize handiena duten aldizkariak dira kalitatez onenak? Ez da erraza galdera horri erantzutea. Izan ere, kalitatea zenbakitan jartzea posible den ere ez dago garbi. Dena dela, argi dago inpaktu-indizea ez dela nahikoa aldizkari baten kalitatea neurtzeko.

Aldizkariak on line jartzeak hainbat aurrerakuntza ekarri ditu, alde horretatik. Euskarri horrek aldizkari baten ospea neurtzeko beste aukera batzuk eskaintzen ditu. Esate baterako, web orri batek beste orri batzuetara zenbat esteka dituen kontatzen da, eta, alderantziz, zenbat esteka dauden beste orri batzuetatik web orri horretara. Azken horrek informazioaren kalitatea neurtzen laguntzen du.

Dena dela, artikulu edo aldizkari espezializatu baten kalitatea neurtzeko egokienak esparru horretako adituak dira. Artikuluen gaineko datuen erabileran maisu izan da Eugene Garfield inpaktu-indizearen asmatzailea; eta proposatu izan du inpaktu-indizeari adituen oharrak eta iritziak erantsi behar zaizkiola aldizkari 'popularrak' eta elitekoak bereizteko, adibidez.

Berez, peer review delako sisteman, artikuluaren egiteak ez daki nork epaitzen eta zuzentzen duen artikulua; izan ere, aldizkariaren editoreak beste ikertzaile anonimo batzuen aholkua jasotzen du.
Artxibokoa

Izan ere, aldizkari batzuk popularrak dira, hau da, jende askorengana iristen dira, baina ez dute oso ospe ona adituen artean; eta, alderantziz, badira oso kalitate handiko aldizkariak jende gutxiren eskuetara iristen direnak, elitekoak direlako. Arrakastaren gakoa, seguruenera, bi aldagai horien orekan legoke.

Peer review : ikertzaileak ikertzaileen epaile

Kalitatezko aldizkari bat argitaratzeko, adituen parte-hartzea ezinbestekoa da; ez bakarrik emaitza balioztatzeko, argitaratu aurretik artikuluen kalitatea bermatzeko ere bai, noski. Aldizkari espezializatuetako editoreek aspaldi ikusi zuten artikulu bat balioztatzeko adituen beharra zutela. Eta, hala, peer review izeneko sistema jarri zuten martxan.

Esan daiteke zientzialariek ia betidanik erakutsi izan diotela bere lana beste zientzialari batzuei iritzi eske, era informalean betiere. Ohiko jarduna izan da. Baina argitaratzeko garaian sistematizatuta dago jardun hori. Ikertzaile batek artikulu bat idatzi eta aldizkari batera bidaltzen duenean, argitaratu aurretik beste ikertzaile batzuen eskuetatik pasatzen da artikulua, egokia den epaitzeko eta zuzenketak egiteko, behar izanez gero.

On line bakarrik argitaratzen diren aldizkariak geroz eta gehiago dira. Badira, esate baterako, unibertsitate batek kudeatutakoak (eta ez argitaletxe batek). Dohainik dira; hala, ikerketaren emaitzak publikoak dira. Aldizkari digital horiek indarra hartu ahala, jende gehiagok bidaliko dizkie artikuluak, eta elur-pilota efektua gerta liteke.
(Argazkia: Artxibokoak)
Epaiketa-sistema horri peer review esaten zaio, egilearen parekoek aztertzen dutelako artikulua. Jatorria Londresko Royal Society-ren argitalpen batean du: Philosophical Transactions aldizkaria hasiera batean editoreak kudeatzen zuen, baina 1752an elkarteko adituen mahai batek hartu zuen ardura hori. Hortik aurrera aldizkari askotan osatu ziren halako mahaiak. Barruko jendearekin osatzen zituzten aditu-talde horiek, baina, aurrerago, beharrak hala aginduta, kanpoko ikertzaileen laguntza eskatzen hasi ziren. Eta gaur egun hala funtzionatzen du: editoreak artikulua jaso eta esparru horretako adituei banatzen die iritzia eman dezaten.

Artikuluaren egileak ez du jakiten nork epaituko duen bere lana, eta, alderantziz, epaileek ez dakite noren artikulua duten esku artean. Sistema guztiz anonimoa da.

Sistema horrek zientziari bultza egiten dio neurri batean; izan ere, artikuluan deskribatzen den ikerketaren gaineko oharrak jasotzen ditu egileak, eta, horri esker, ikerketa hobetzeko aukera dago. Hala ere, artikulu guztiak ez dira iristen epaile horien eskuetara. Aldizkarietara artikulu asko iristen dira (ospe handienekoetara batez ere) eta editoreak bahea erabili behar izaten du; artikulu asko zuzenean berak baztertzen ditu, aldizkari horretarako egokiak ez direlakoan.

Sistema horrek duen beste arazo bat da epailearen lana geroz eta zailagoa dela: denbora gutxiago dute artikulua irakurri eta iritzia emateko --hilabete inguru baino ez-- eta presio handia dute azkenaldian; iruzurrak gertatzen direnean, esaterako, arduradun sentitzen dira. Eta kontuan izan behar da aldi berean ikertzen dihardutela, eta artikuluak prestatzen bere lanaren berri emateko. Gainera, epaile-lana musu-truk egiten dute.

Oro har, ikertzaileek artikuluetan ematen dute egindako lanaren emaitzen berri, baina patenteen kasuan beste bide bati jarraitzen diote.
Artxibokoa

Ikusten denez, ez da sistema perfektua, baina, ikertzaile gehienen ustez, orain arte asmatu den onena da. Sistema hori aldatzeko ahaleginak egin izan dira, baina, funtsean, gutxi aldatu da artikuluak epaitzeko sistema azken hamarkadetan. Berrikuntzak Interneten eskutik etorriko dira agian. Izan ere, geroz eta indar handiago hartzen ari dira on line aldizkariak. Badira eredu tradizionaletik jaio direnak, paperezko aldizkari baten bertsioak direnak, baina badira baita ere aldizkari erabat elektronikoak, argitaletxeek kontrolatzen ez dituztenak, eta bide horretatik auskalo zer etorriko den etorkizunean. Datorrena datorrela, onerako izan dadila.

Eskerrak Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Jose Ramon Leizari artikulua prestatzen laguntzeagatik.

Inpaktu-indizea
Aldizkari baten ospea neurtzeko gaur egun gehien erabiltzen den parametroa inpaktu-indizea da. Adierazle hori Eugene Garfield-ek asmatu zuen 60ko hamarkadan. Garfield Estatu Batuetako Zientzia-informaziorako Institutuaren (ISI) sortzailea izan zen Thomson Korporazioaren barruan; eta, hasiera batean, ISI barruan erabiltzeko sortu zuen. Baina 1973tik aurrera aldizkarien zerrenda argitaratzen hasi ziren Journal of Citation Reports aldizkarian.
Honela kalkulatzen da aldizkari baten urte jakin bateko inpaktu-indizea: aurreko bi urteetako artikuluek jasotako aipamen-kopurua, zati aurreko bi urteetako artikulu-kopurua. Adibidez, Science aldizkariaren 2004ko inpaktu-indizea kalkulatzeko, 2004an 2002ko Science -ko artikuluek jasotako aipamenak (31.885) eta 2003koek jasotakoak (23.412) batu eta zenbaki hori zatitu egin behar da bi urte horietan guztira aldizkari horrek argitaratutakoekin (902 2002an eta 834 2003an).
Eugene Garfield.
(Argazkia: Thomson Scientific)
Science -ren 2004ko inpaktu-indizea = (31.885+23.412) / (902+834) = 31,853.
Dena dela, Garfield beti arduratu izan du artikuluen eta aldizkarien datuen erabilerak, eta hainbat gogoeta argitaratu izan ditu inpaktu-indizean eragina duten faktoreen gainean. Eta bereziki nabarmendu izan du indize hori ez dela nahikoa artikulu bat balioztatzeko; ISIren barruan ere ez dute faktore hori bakarrik erabiltzen.
Biozientziak gora
Diru-laguntzak banatzeko garaian kontuan izaten da ikertzailearen curriculuma. Baina ez hori bakarrik; mihi gaiztoek diotenez, argitaratutako artikuluak ere izaten dira kontuan: zer inpaktu-indize duten eta zer aldizkaritan argitaratu dituzten. Eta horrek balantza zientziaren arlo batzuen alde jartzen du. Izan ere, arlo batzuetako aldizkariek oihartzun handiagoa dute, hala nola, Medikuntzakoek, Biokimikakoek... eta, oro har, Osasunarekin zerikusia dutenek.
(Argazkia: Artxibokoa)
Beste esparru batzuetako aldizkariek askoz indize txikiagoak dituzte, eta, inpaktu-indize altueneko aldizkariren batean argitaratu nahi izatera, aldizkari orokorretara jo behar dute ( Science eta Nature bezalakoetara). Hor ere aurrez aipatutako arlo berak dira nagusi, ordea. Beraz, ez da erraza inpaktu handia lortzea esate baterako Informatikako artikulu batek, eta, ondorioz, Informatikako ikerketa batek diru-laguntzak lortzea zailagoa izango luke.
Artikulu baten bidea argitan
Hona hemen, laburtze-aldera, aldizkari espezializatu batean argitaratzeko bidea zazpi pauso nagusitan laburbilduta:
1 Ikertzaileak artikulua idatzi (lehenengo bertsioa) eta aukeratutako aldizkarira bidaltzen du.
2 Aldizkariaren editoreak artikulua bi-hiru puntako ikertzaileri bidaltzen die, epaile-lana egin dezaten. Horiek, aldi berean, esparru horretako beste ikertzaile batzuei banatzen diete.
3 Ikertzaile horietako bakoitzak lana ebaluatu eta editoreari bidaltzen dio. Lau aukera daude: artikulua dagoen bezala onartu, aldaketa txiki batzuk proposatu argitaratu aurretik, aldaketa nabarmenak proposatu, edo onartu ez. Halakoetan, ikertzaile-epaileak esango du zer arrazoi duen artikulua atzera botatzeko: lana txarra delako, gaizki egina dagoelako, datu faltsuak dituelako (nahiz eta hori oso zaila den demostratzen), edo uste duelako artikuluak ez daukala nahikoa kalitate aldizkari horretan argitaratzeko.
(Argazkia: N. Rementeria)
4 Editoreak epaileen ebaluazioak uztartu eta erabakia igortzen dio artikuluaren egileari. Zuzenketa batzuk eskatzen badizkio, epe bat jarriko dio artikulua zuzenduta bidaltzeko.
5 Artikulua onartuta dagoenean, ikertzaileak egin duen bertsiotik argitaratuko denera pasatu behar da inprentara bidaltzeko.
6 Editorialak proba deitzen diotena bidaltzen du, artikuluaren egileak begiratu dezan ea akatsik dagoen testuan, irudien oinetan, erreferentzietan eta abar.
7 Hiru-bost hilabetera artikuluak argia ikusten du. Guztira urtebete inguru pasatu da artikuluaren lehenengo zirriborroa idatzi zenetik. Dena dela, gaur egun, azkarrago ere ikus dezake argia artikulu batek; izan ere, Interneten berehala jartzen dute artikulua eskura.
Rementeria Argote, Nagore
3
223
2006
9
034
Bibliografia; Bestelakoak
Artikulua
26
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila