Elhuyar Fundazioa
Argazki ona ateratzeko nahikoa da irudia enfokatuko duen lentez, pelikulara instant batez argia iristen utziko duen obturadorez eta pelikularentzako barrunbez osatutako kutxa opakoa. Argazkian aterako dena ikusi ahal izateko bisorea ere oso baliagarria da.
Horrelako tresna merkaturatu zuen lehena George Eastman izan zen.
Kutxa-kamera izena eman zaio. Obturatze-abiadura eta irekidura finkoak ditu (1/125 s., f11-n). Ez dago enfokatu beharrik; objektiboa distantzia hiperfokalean kokatuta baitago. Argazkia atera beharreko gaia gertu ez badago behintzat, araztasun handiko irudiak ematen ditu.
Duela 1.000 urte baino lehenagotik ezagutzen diren kamera ilunei, XVI. mendean zirrituetan lente konbergenteak jarri zitzaizkien. Horrela, enfokatzeko pantailan irudi argiagoa eta aratzagoa eratzea lortu zen. Paisaiak, natura hilak eta eraikuntzak marrazteko erabili ziren.
Argazki-kamera egitea, ordea, XIX. mendean material fotosentikorrak aurkitu ziren arte ez zen posible izan. Garai hartan, emultsio sentikorrak beirazko xafletan zabaltzen ziren eta hauek, enfokatzeko pantailaren ordez ipintzen ziren kameran, behar zen denboraz jartzen ziren argitan eta ondoren errebelatu egiten ziren. Guzti honekin batera, esposizioaren iraupena kontrolatzeko obturadoreak eta irudiaren argiztapena kontrolatzeko diafragma behar izan ziren.
1880.go hamarkadaren bukaera aldera, George Eastmanen erroilu-pelikula erabiltzen zuen kutxa-kamerari esker, karga bakarraz argazki bat baino gehiago ateratzea lortu zen. Orduz geroztik, hamaika eredu egin da.
Eredu guzti hauek, formatuaren arabera, hiru multzo nagusitan bil daitezke: formatu handiko edo ertaineko kameren, formatu txikiko kameren eta kamera berezien multzoetan. Hauen ezaugarriak ikusi aurretik, kameraren oinarrizko elementuak ezagutu beharko ditugu.
Kamera guztiek, baita sinpleenak ere, ondoko elementuak dituzte: objektiboa, irekidura edo diafragma, obturadorea, bisorea eta plano fokala.
Bere formarik sinpleenean lente konbergente bat da. Bertara argazkia atera behar zaion subjekturik barreiatzen den argia iristen da, eta argi hori konbergiarazi egiten du, irudi alderantzizkatu (bai goitik behera, eta bai ezker-eskuin), aratz eta argiztatua osatuz.
Kamera moderno guztiek, irudiaren kalitatea hobetu ahal izateko, forma desberdineko lentez osatutako objektiboak (objektibo konposatuak, alegia) erabiltzen dituzte.
Objektibo konposatuak, kalkulu optikoak egiteko (foku-luzera, adib.) bi puntu ditu (puntu nodal izenekoak): aurrekoa, izpiak sartzen direnekoa da eta atzekoa, izpiak ateratzen direnekoa.
Objektiboaren atzealdeko puntu nodaletik plano fokaleraino dagoen distantziari, objektiboa infinituan enfokatuta dagoenean, foku-luzera esaten zaio. Objektiboaren ikus eremua foku-luzeraren araberakoa izango da.
Oraingoz, kontutan hartuko dugun objektibo-mota “normala” deritzona da. Honek, begia bezalako perspektibarekin ikusten duela kontsideratzen da. 35 mm-ko kameretan, 50 edo 55mm-ko foku-luzera du; 6x6koetan, 80 mm-koa eta Pocket 110ean 25 mm-koa (objektiboaren aurrealdean azaldu ohi da dagokion foku-luzeraren zifra).
Objektiboaren ondoren (argiaren bidearen norantzari jarraituta) dagoen irekidura da. Begiaren irisak bezala funtzionatzen du, bere diametroaren arabera (zenbait kameratan finkoa, beste zenbaitetan alda dezakeguna), argi gutxiago edo gehiago sartuko da kamerara. Diafragma gehienak, eraztun batez gradualki alda daitekeen diametroa eratzen duten xaflatxo batzuez osatuta daude.
Diafragmaren irekidurak beste atal batean aztertuko dugun eremu-sakoneran ere eragiten du.
Elementu honek argia pelikula edo emultsiora noiz eta zenbateko iraupenez iritsiko den erabakiko du.
Bi motakoa izan daiteke: zentrala eta plano fokalekoa Lehena, xaflatxo metalikoz osatuta dago eta diafragma eta objektiboaren artean (diafragmarekin batera edo horren atzean) dago. Bigarrena, pelikularen aurre-aurrean kokatuta dauden bi gortinatxo metalikok osatzen dute.
Kameraren bitartez begiratzeko pieza da; irudia enkoadratu eta eratu ahal izateko erabiltzen dena. Geroago ikusiko dugunez, zuzenekoa zein reflex-erakoa izan daiteke.
Bertan eratzen da subjektuaren irudi aratza. Argazkia ateratzen ari garen bitartean, pelikula horren gainean egoten da. Kamera subjektutik zenbat eta hurbilago egon, hainbat eta urrunago dago plano fokala objektibotik. Beraz, hurbileko nahiz urruneko subjektuen irudi aratza lortu ahal izateko, objektiboa kamerara hurbildu eta urrunduko duen mekanismoa, hau da, enfokatze-mekanismoa, behar da.
Ez dugu ahaztu behar, noski, guzti hau erabili ahal izateko argia eta subjektua/gaia behar ditugula. Ez dio axolarik zein argi-iturriz (eguzki, lanpara elektriko zein kandelaz), baina argazkian aterako denak argiztatua egon behar du. Kontutan hartu, grekozko fotografia hitzak “argiz marraztea” esan nahi duela.
Pelikularik gabe ere ez genuke gauza handiegirik egingo, baina honetaz hitz egiteko hurrengoan izango dugu toki zabalagoa.