Antartida urtzen ari da

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Klima aldatzen ari da. Batzuei kosta izan zaie hori onartzea, baina Greenpeacek Antartidan burutu berri duen ikerketa-bidaiatik bueltan, nekez arbuia daitezke eman diren datuak. Susmoak ebidentzia bihurtu dira eta orain arteko eskariak, exijentzia. Urtearen bukaeran Tokion bilduko den Klimari Buruzko Nazioarteko Gailurrean grado askotako eztabaidak emango dira.

Greenpeace talde ekologistaren MV Artic Sunrise itsasuntzia urtarrilaren 17an abiatu zen Argentinako Ushuaia portutik; bertara iritsi zen atzera otsailaren 15ean, ia hilabete osoa ikerketa-lanetan igaro ostean. Ikerketa-espedizioaren egiteko nagusia Antartidan ematen ari diren aldaketak aztertzea zen eta horrelaxe egin du denbora horretan: tenperatura, izotz-plaken egitura, flora eta fauna aztertu ditu xehe-xehe eta ondoko mapan jasotzen diren ondorioetara iritsi dira.

Datuok egoeraren larritasuna azaltzen dute, dudarik gabe. Ez da, ordea, ezer berririk aurkitu: abiatu baino lehen ere, era horretako egoera aurkitzea espero omen zuten espedizio-kideek. 1995. urtean klimaren aldaketak aztertzen diharduen nazioarteko aditu batzordeak plazaratutako agirian “ jasotako datuek klima aldatzen ari dela eta giza presioaren eragina erabatekoa dela ” onartzen zen.

Lehenagotik ere bazebilen askoren gogoan kezka hori eta Rio de Janeiron zein Toronton egin ziren nazioarteko topaketetan egoera bideratzera zuzendutako neurriak onartu ziren. Esana eta eginaren artean, aldiz, tarte handiegia eman da kasu honetan ere. Neurriok paper bustian geratu dira. Urte bukaeran hori guztia berbideratzeko aukera izango da, Klimari buruzko Nazioarteko Biltzarra egingo baita orduan Tokion eta, hain zuzen ere, bertara eramango ditu Greenpeace -k azken hilabete hauetan kanpo-lanean bildutako datuak.

Poloetako ispilua

Klima-aldaketa gertatzen ari dela salatzen duten sintoma horiek errazago nozitzen omen dira poloetan. 1994. urtean British Antartic Survey izeneko erakundeko zientzilariek eman zituzten datuen arabera, duela 130 urtetik hona —hots, tenperatura-aldaketak sistematikoki aztertzen hasi zirenetik gaur egunera— ez da ikusi azken urteotan Antartidan gertatzen ari den beroketa progresiboaren parekorik.

Tenperaturek gora egin dute Antartidan eta gorako joera horri, gainera, zenbait urtez eutsi egin zaio. Horren ondorioz izotz-plaka handiak kostatik askatzen hasi dira, Greenpeace-k eman dituen datuetan garbi ikusten denez. Uraren eta airearen tenperaturak gora egiten badu, izotz-egiturek hegoaldera egingo dute erremediorik gabe. Horrez gain, pinguino-koloniak gero eta urriagoak direla eta flora ere izugarri aldatzen ari dela behatu dute zientzilariek; orain arte poloetan ikusterik ez zegoen espezie asko eta asko agertzen ari da, antzina izotzetan “harrapaturik” geratu ziren haziak askatu izanaren ondorioz, itxura guztien arabera. Pinguinoek irauteko behar duten krill-a ere gero eta urriagoa da, izotza gutxiagotzearen ondorioz, noski. Bistan denez, berebiziko katea sortuko da aurki, honezkero abiarazi ez bada, behinik behin.

Orain arte azaldutakoak poloetan bertan behatu diren aldaketak dira. Nolanahi ere, betiere zuritutako masa erraldoi horietan gertatzen ari denak zuzenean eragingo dio planeta osoko klimari. Aldaketak, bada, ez dira bertara mugatuko.

Esate baterako, izotzak atzera egitean ozeanoek jasotzen eta hedatzen duten energiaren arteko erlazioa aldatu egingo da; horri albedo-efektua esaten zaio eta gaitasun hori apurka-apurka galdu egiten ari dela uste dute zientzilariek; horren ondorioz, itsasoek CO 2 eta beroa bera zurgatzeko gaitasuna galduko lukete, horrek dakarren guztiarekin. Itsasoaren mailak ere nozituko ditu ondorioak; fenomenoa ez da berria, azken urteotan kostaldearen atzerakada frogatzen duten datuak ikusi dira, baina itxura guztien arabera, hasiera besterik ez da. Zer gertatuko litzateke poloetako izotz-plaka guztiak erabat urtuko balira? Muturreko galdera izan daiteke, noski, baina, dakigunez, errealitateak maiz gainditzen du fikzioa.

1991. urtean poloetako ikerketan diharduen Bill Budd zientzilariak klima-aldaketaren eta ozono-geruzaren mehetzearen arteko lotura estua zegoela aurkitu zuen. Berotegi efektua areagotzen duten gasak etengabe produzitzen eta kontsumitzen segitzeak ez dio, beraz, batere mesederik egingo jadanik martxan dagoen fenomenoari.

Tokion egingo den gailurraz ezer gutxi espero duenik bada. Seguruenik, bertara bilduko diren adituek ez dute klima-aldaketa gerarazteko neurri berririk proposatuko; berriro hitz egingo da, beraz, berotegi-gasen erabilera mugatzeari edo baso-galera edo deforestazioa debekatzeari buruz. Ez da espero irtenbide berririk eta, apika, ez da behar. Bai Rio de Janeiron eta baita Toronton ere, neurriok onartu egin ziren; betetzea —eta betearaztea— falta da.

MV Arctic Sunrise itsasuntzia urtarrilaren 17an abiatu zen Antartidarantz; Argentinako Ushuaia-tik irten zen eta bertara itzuli zen otsailaren 15ean. Hilabete osoa pasa zuen, beraz, ikerketa-lanetan. Bidaiaren egitekoa egunez egun zeramaten zehaztuta espedizioko kideek; zeregin nagusia Antartidako flora eta fauna xehe-xehe aztertzea zen, klima-aldaketa gertatzen ari dela frogatzen duten seinaleak dokumentatzearren. 1975. urtean egin zuen bere lehen bidaia MV Arctic Sunrise itsasuntziak. Norvegiako untziolatan egina da eta 1995ean Greenpeace erakundeak erosi zuen arte, Polarbjorn izenaz nabigatu zuen. Greenpeaceko kideek ongi ezagutzen zuten itsasuntzia; erosi baino lehen, izan ere, Frantziako armadak erabili izan zuen Antartidan lurrartzeko pista bat egiteko proiektuan eta orduan Greenpeaceko ekintzaileak Polarbjorn-era kateatu ziren protesta gisa. Hilabeteko ikerketa-bidaian 30 lagunek hartu dute parte: tripulazioko kideak, bertan zihoazen bi helikopteroak gidatzeko pertsonala, kanpainetako koordinatzaileak, zientzilari-taldeko kideak eta kazetariak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila