Zerbait egin beharra dago. Munduan 6.000 milioi biztanle inguru dago, eta kopuru hori gora doa. Horrekin batera, arrain-kontsumoa ere gero eta handiagoa da. Eta, arazo horri aurre egiteko, zer egin? Arrain-haztegiak sustatu, beharbada? Edo, beste era batera esanda, akuikultura bultzatu? Lan horretan buru-belarri ari dira Imanol Garate eta Inazio Manterola irakasleak Mutrikuko portuan, Mutrikuko akuikultura-eskolan, hain zuzen ere. Han, akuikultura-produkzioari buruzko goi-mailako heziketa-zikloa jarri dute martxan. Besteak beste, akuikultura-produkzioko prozesuak antolatzen, eta txirlak, otarrainxkak eta bisiguak hazten irakasten dute. Euskal Herriko lehenengo akuikultura-eskola da Mutrikukoa.
Eta, zer da akuikultura? Gauza bera esateko, hainbat definizio eman dizkigute akuikultura-eskolako irakasleek: uretako izaki oro hazteko teknikak biltzen dituen arloa, uretako izaki ororen kontrolpeko hazkuntza... Azken finean, ur gaziko zein gezako izakiak, landareak edo animaliak, hazteko teknikak biltzen ditu akuikulturak.
Akuikultura-motak sailkatzean, hainbat irizpide erabil daitezke. Esaterako,
hazkuntzarako ingurunea edo medioa irizpide gisa erabiltzen bada, itsas akuikultura eta akuikultura kontinentala bereiz daitezke. Hala ere, sailkapen horiek deskribatzaile hutsak dira. Askoz baliagarriagoa da ikuspegi funtzionalak kontuan hartzen dituen sailkapena.
Hazkuntzek jasotzen duten kontrol-mailaren arabera, bi hazkuntza-mota bereizi ohi dira: hazkuntza estentsiboa eta hazkuntza intentsiboa. Hala ere, bien arteko bereizketa ez da oso argia gertatzen askotan.
Hazkuntza-mota horiek akuikulturaren helburuekin loturik daude, noski. Oro har, bi helburu nagusi bereiz daitezke: herritarren biziraupena bermatzea bata eta etekin ekonomikoa lortzea bestea.
Lehenengo hazkuntza-mota, oro har, garatzen ari diren herrietan gauzatzen da, batez ere Asiako hego-ekialdean. Hango geografia-ezaugarriak oso egokiak dira, ibai, laku eta padura ugari baitaude. Han lortzen diren produktuak ezinbestekoak dira populazioa elikatzeko. Herri industrializatuetan, ordea, helburua beste bat da, ekonomia-etekina lortzea, alegia.
Imanolen hitzetan, “Euskal Herrian, akuikultura oraindik Neolitoan sartu gabe dago. Ez da akuikultura etorkizun gisa ikusten. Baina, neurri handi batean, eragilerik eta borondaterik jartzen ez delako gertatzen da hori. Izan ere, hemen beti bi argumentu erabili izan dira akuikultura bideragarria ez dela justifikatzeko: bata oso itsaso zakarra dagoela, eta bestea kostaldeko metro karratua oso garestia dela, eta, hortaz, edozein instalazio eraikitzea oso garestia dela”.
Akuikulturaren ikuspuntutik, bisigua litzateke Kantauriko kostaldean hazteko moduko espeziea. Izan ere, bisigua oso arrain estimatua da, eta oso gutxi dago. Gainera, merkatuan prezio ona du. Horregatik, oso litekeena da, bisigua haztegietan ugaltzea lortuz gero, irabaziak ematea.
Gaur egun, akuikultura nagusiki ekoizpenari begira jarri dela esan daiteke. Ale gazte asko ekoitzi behar dira, eta ondoren haiek gizendu, merkatuan egokia izango den tamainara heldu arte. Ale gazteen ekoizpena hatchery izeneko instalazio berezietan egiten da. Helduak erruteko prestatu, arrautzak inkubatu eta larbak hazten dira gazte-haztegietan. Postlarben hazkuntza, berriz, nursery izeneko instalazioetan egiten da, eta, hortik, gizentzeko instalazioetara eramaten dira.
Normalean, enpresa batzuk larbak aurrera ateratzeaz arduratzen dira, eta beste batzuek larba horiek gizentzea dute helburu.
Larben hazkuntzarako, organismo bizidunak erabiltzen dira janari gisa. Arrain gehienak haragijaleak dira, eta, gehienetan, Brachionus errotiferoa edo Artemia krustazeoa ematen zaizkie larbei. Errotiferoak, nolabait esateko, itsasoko arrain txiki-txikiak dira, eta Artemia ematen hasi aurretik ematen zaie. Gizentzeko, ordea, pentsua ematen zaie. Pentsu egokia aukeratu behar da: elikatze-beharrak asetzeko modukoa izan behar du, eta, aldi berean, ez da komeni garestia izatea, hazkuntza ez bailitzateke etekin handikoa gertatuko.
Oso enpresa gutxik egiten dute lan modu integralean. Izan ere, hainbat teknika behar dituzte. Gizentzeko instalazioan, esaterako, ez da fitoplanktonik edo zooplanktonik behar; ontziak eta ura behar dira izaki horiek hazteko, eta pentsua. Eta beste teknika bat jaten emateko, argia emateko eta uraren kalitatea zaintzeko. Hatchery batek, ordea, teknologia finagoa erabiltzen du
Teknika horiekin guztiekin, adibidez, lupinen kasuan, arrautza bideragarrietatik ale gazteek pentsua jan arteko biziraupena % 10-15ekoa da. Datu hori, hala ere, ez da txikia. Izan ere, kilo bat emeko gutxi gorabehera ehun mila arrautza jartzen dira; beraz, hamar mila arrautzak egiten dute aurrera. Ez dago gaizki, ezta? Hori ezinezkoa da berezko ekosisteman edo itsaso zabalean.
Nolabait esateko, akuikulturak arrautza-kopuruan egiten du apustua. Milioika arrautza egitea da estrategia; hala, batzuk hil arren, askok eta askok iraungo dute bizirik, betiere itsaso zabalean baino gehiagok.
Akuikultura-teknikak aplikatuta, belaunaldi bakoitzean ikaragarrizko izaki-pila ateratzen da aurrera, eta, horrek, ekoizpena alde batera utzita, itsaso eta ibaiak birpopulatzeko aukera zabaltzen du.
Baina arriskua ere badago. Biodibertsitate genetikoa izugarri handia da itsasoan. Ondorioz, akuikulturan hazitako espezie baten milaka ale botatzen badira itsasora, aniztasun genetiko hori asko pobretzen da. Ez hori bakarrik, populazio basatira hainbat gaixotasun edo malformazio ere pasa daitezke.
Akuikulturan ganoraz jarduteko, ezinbestekoa da populazio basatiaren datuak ezagutzea, hala nola, propietate genetikoak, gaixotasunak, dentsitatea... Eta, ezertan hasi aurretik, programa zehatzak beharko dira. “Akuikultura, azken finean, hainbat teknikak osatutako multzoa da; etika gizakiak jartzen du, argi eta garbi” azpimarratzen du Imanolek. Teknika bakoitzak ingurumenean zenbateko eragina duen neurtu behar da. “Gauza bat da sator batek lurrean egin dezakeen zuloa, eta beste bat lurra zulatzeko makina batek egin dezakeena. Biek sortzen dute eragina ingurumenean, baina modu ezberdinean”.
Akuikulturan ere antzeko zerbait gertatzen da. Ezinezkoa da produktibitatean soilik oinarritzea. Esaterako, akuikulturan ur zikinak sortzen dira, itsasoan janari-soberakinak geratzen dira eta hazkuntza-prozesuan antibiotikoak erabiltzen dira. Horiek guztiek ingurumenean egiten duten kaltea neurtu behar da. Antibiotikoak, adibidez, agente biologiko arriskutsuak dira; besteak beste, urak tratatzeko erabiltzen dira, eta, askotan, elikagaiekin nahastuta ere ematen dira. Dena den, gaur egungo joera akuikultura ekologikoa egitea da, nekazaritzan bezala.
Gizakiaren esku-hartzea aipatuta, ezin da ahaztu joan den udaberrian antxoaren kanpainan gertatutakoa. Ildo horretatik, Inaziok kontatu digunez, orain dela 15-20 urte antxoa haztegietan haztea proposatu zen, edo, behintzat, jendea antxoa egiteko prestatzea, bizi-zikloa ezagutzea eta abar.
Inazioren hitzetan, ordea “garai hartan ez zitzaion kasu zipitzik egin. Eta orain antxoa desagertu egin da. Inork gutxik espero zuen horrelakorik. Beharbada, garai hartan hala jokatu ez balitz, antxoaren gaur egungo arazoa askoz txikiagoa izango zen”. Beharbada. Hala ere, ez du ematen itsaso zabaleko arrain guztia agortu eta haztegietako arraina soilik kontsumitzera helduko garenik.
Akuikulturaren historiaAspaldikoa da benetan akuikulturaren kontua. K.a. 2000. urtean hainbat arrain hazten ziren Txinako urmaeletan. Eta, urte batzuk geroago, arrainen hazkuntzari buruzko lehenengo liburua idatzi zen. Bereziki, karpa aipatzen zen liburu hartan. Nolanahi ere, garai hartako teknologia ezin daiteke alderatu gaur egungoarekin, oso sinplea zen. Arrainak urmaeletan edukitzen ziren; hala, behar ahala har zitezkeen. Erromatarrek ere hazten zituzten espezie batzuk (aingira, ostra). Erdi Aroan, berriz, monasterioen alboetan arrainak hazten ziren. Karparen bizi-zikloaren kontrol osoa, esaterako, Erdi Aroan lortu zen. Geroxeago, amuarrainarena lortu zen, eta, hala, pixkanaka garatuz joan da itsas arrainen hazkuntza. Moluskuen hazkuntzak ere historia luzea du, baina azken 50 urteotan garatu da gehien, batez ere Japonian, Estatu Batuetan, Frantzian eta Galizian. Muskuiluen hazkuntza itsasontzi baten istripuaren ondorioz hasi zen, XIII. mendean. Geroztik, marearteko eremuan jarritako oholesietan hasi ziren ekoizten muskuiluak. Galizian, Arosako Villagarcían, kokatu zen lehen haztegia, eta gaur egun Galizia da muskuiluen Europako ekoizlerik handiena. Abakandoaren hazkuntza, berriz, XIX. mendean hasi zen, eta Fujinaga ikertzaileak egindako lanek eman zioten bultzadarik handiena. Izan ere, otarrainska helduek medio naturaletik kanpo errutea lortu zuen, eta baita larbak haztea ere. Orduan erabilitako prozedurak asko zabaldu ziren geroko urteetan. |
Itsasoko produktu bakarrak ez dira arrainak, eta akuikulturak ez ditu baztertzen algak, muskuiluak eta itsaskiak. Munduan gehien hazten diren animaliak arrainak badira ere, Europan moluskuen hazkuntza dago zabalduen.
Europako sukaldaritzan algak ez dira maiz erabiltzen, eta biltzen diren alga gehienak farmazia- eta elikadura-industrian erabiltzen dira; baina Asian egoera oso bestelakoa da, eta alga-hazkuntza etorkizuneko jarduera izango da. Gaur egun, Asian, gutxi gorabehera, 2,5 milioi tona alga ekoizten dira.
Ohikoa ez den arren, beste ekoizpen bat ere badago: perladun ostrarena. Pertsiar Golkoan eta Pazifikoaren iparraldeko irletan ekoizten da, aberatsen gozamenerako.