Aingiren misterioa urratu nahian...

Jaki gustagarri eta zenbaitzuen diru-iturri izan eta den animalia interesgarri honi buruz, ezer gutxi dakigu oraindik. Non jaiotzen da?. Ibai-aingira izanik, non erruten du?. Zergatik ez dugu behin ere aingira-arrautzarik aurkitzen?
Heldutasun sexuala lortu duten aingirak naturan inoiz harrapatzerik lortu ez denez, saiakuntzak laborategitan egin dira, eta prozesua burutzerik ere izan da tratamendu hormonal egokiak aplikatzeari esker. Hona hemen heldutasun sexualera heldu diren ar (txikiena) eta eme (emearen sabelaldea handitua izatearen arrazoia urrautzak dira) bat.

Kondaira askoren iturri, Euskal sukaldari berrien artean jaki gustagarri eta zenbaitzuen diru-iturri izan eta den animalia interesgarri honi buruz, ezer gutxi dakigu oraindik. Non jaiotzen da?. Ibai-aingira izanik, non erruten du?. Zergatik ez dugu behin ere aingira-arrautzarik aurkitzen?..1886. urtean hasi ziren arrain bitxi honen bizia zertxobait ezagutzen.

Dena den, eta janari gisa eskea handiagotzen doan neurrian arrantzarako teknikak hobetzen joan arren, gero eta aingira gutxiago harrapatzen da. Berez, mundu osora zabaldu diren aingirak itsasoan era naturalean ugaldu izan dira. Gaurdaino ugalketa hau nola egiten duten ez da ikusi eta laborategietan arrakastaz lortzerik ere ez da izan. Honen arrazoia, aingirek duten ziklo biologiko berezian datza.

Zikloak bi aldi ditu: hazkuntzaldi luzea batetik kontinentetako ur gezetan (non epe honetan aingirek sexualki heldutasunik ez duten) eta itsasoan burutzen den ugalketaldi naturala (hau, sargazoen itsasoko zenbait puntu ezezagunetan burutzen da, aingira europarra nahiz ameriketarra izan). Beraz, aingiraren ugalketa-mekanismoaren ikerketak interes bikoitza du: ekonomikoa batetik eta arrain bitxi hauen ugalketa fisiologikoaren interes biologikoa bestetik.

Berez, aingiren ugalketari buruzko misterioak (ugalketa, ekoizteko puntuak, ugalketa-funtzioak, etab.), gizakiak aintzina-aintzinatik kezkatu ditu. Aristoteles izan zen, bere Animalien historia eta animalien sorrerei buruzko tratatua izeneko liburuan, arrain hauen sorrerari buruzko gaia plazaratu zuen lehena. Arrain hauetan, ez zen ez hazirik eta ez arrautzarik aurkitzen. Plinus-en ustez berriz, haitzen kontra igurtziz askatzen zaizkien azal-puxketetatik sortzen ziren aingirak.

Aingira europarren larba gazteen (preleptozefaloen) aurkikuntza, mende honen hasieran Sargazoen itsasoan gertatu zen. Leptozefaloak (A), aldeko itsas korronteei esker, gutxi gorabehera hiru urte iraungo duen bidaia burutu ondoren Europako kostara helduko dira. Kontinenteko plataformaren gainean, larbak ur gezatan murgildu eta ibaian gora joango diren angula (B) bilakatuko dira. Ur gezatan angulak aingira hori (C) bilakatuko dira. 10 urtetik 20 urte bitartean, aingira horiek (C) nahikoa bizimodu lasaia dute eta emeak arrak baino handiagoak egingo dira. Zikloaren fase hau burutu ondoren, zilar-aingira (D) bihurtuko dira eta ondoren itsasoratu egingo errute-lekuetarantz. Zilar-aingirak, oraindik sexualki heldutasunera iritsi gabeak dira, eta Sargazoen itsasorantz egiten duten ugalketa-migrazioan lortuko dute beharrezko duten heldutasun sexuala.

XVII. mendean, Leuwenhoek-ek, hesteetako har bizkarroiak eta angulak nahastuta, aingira bizierrulea zenaren ideia defendatu zuen. Linneo eta Lacepedek gerora ere defendatuko zuten ideia hau. XVII. mendean Francesco Redi italiar naturzaleak zilar-aingiren itsasoratzea eta angulak ibaian gora joaten ikusita, aingirak itsasoan ugaltzen zirela esan zuen, bete-betean asmatuz.

Azkenik, XIX. mendean eta bi alditan egin zen aingiraren larba-fasearen aurkikuntza. 1856. urtean J. Kamp alemaniarrak Mediterranioko, Leptocephales brevirostris izeneko arrain berri bat aurkitu zuen eta 40 urte geroago, R. Grassi eta S. Calendruccio italiarrek, aingiraren larba zela frogatu zuten. Bestalde, mende honen hasieran argitu zen neurri handi batean aingiraren zikloa, J. Scmidt daniarrari esker. Hau, aingira-larbak sistematikoki bilatzen aritu zen eta aingira europar eta ameriketarraren ugalketa-zona aurkitu zuen Sargazoen itsasoan, Mexikar Golkoaren aurrez aurre. Bertan aurkitu ziren preleptozefalo izeneko larbarik gazteenak.

Gaur egun badakigu aingira europarraren edo ibai-aingiraren zikloa zein den: Sargazoen itsasotik leptozefalo izeneko larbak, Golkoko korronteek bultzaturik eta gutxi gorabehera hiru urteko bidaia egin ondoren, Europako kostara helduko dira. Kontinenteko ezpondara iristerakoan, gure artean hain preziatua den angula bilakatuko da. Angulak gauez barneratzen dira ibaietan. Ur hauetan bizi eta aingira bihurtuko dira. 10etik 20 urte bitartean, aingira hori izeneko aingirek bizimodu lasaia daramate.

Bitarte horretan intsektuak, moluskuak, arraintxoak eta baita aingira txikiagoak ere etengabe janez asko hazten dira. Fase hau igaro ondoren, aldaketa berriak jasaten dituzte. Azaleko kolorearen aldaketa da guztien artean nabarmenena eta hortik datorkie izen-aldaketa ere; zilar-aingira deitzen bait zaie orduan. Heldutasun-maila honetara iritsitakoan, Sargazoen itsasorantz abiatzen da itzulerarik izango ez duen bidaia egitera. Ibaian beherako bidaia talde handitan egiten dute, bertan aurkituko dituzten oztopoak kontutan hartu gabe.

Beren helburua Antillak eta Bermuden artean aurkitzen den itsaso urrunera heltzea da. Bidean lortuko dute beharrezkoa duten heldutasun-sexuala eta bertara iritsitakoan, 1.000 metroko sakoneran gutxi gorabehera, eme bakoitzak 10 milioi arrautza erruten ditu. Hauek, ernaldu ondoren hautsi egingo dira larbak sortuz.

Heldutasun sexuala lortzen dutenean, aingirei bizkarra ilundu egiten zaie, begiak handitu eta elikatzeari utzi egiten diote, hondoetarantz egin beharreko migraziorako prestatzen hasten direlarik. Aingiraren haragia, zuria, fina eta apur bat gozoa da, eta estimu handia du zenbait lekutan. Ez ordea Euskal Herrian; hemen angula bait da preziatuena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila