Zientzialariak duela hamar bat urte hasi ziren egoera kezkagarriaren berri ematen. Izan ere, populazioen beherakada ez zen gune edo arro jakin batzuetan bakarrik gertatzen ari, baizik eta Europa osoan eta Afrika iparraldean. Ikerketen ondoren, aingira europarra jasangarritasunaren muga biologikoetatik kanpo zegoela ondorioztatu zuen ICESek (International Council for the Exploration of the Sea).
Ikerketa-lan askoren ondoren, 2007an arautegi bat onartu zuten egoerari aurre egiteko. Arautegi horretan, helburu nagusi gisa aipatzen da aingira-populazioak berreskuratzea. Horretarako, jaiotako aingira guztien % 40 itsasora bueltatzea bilatzen da. Horri ihes-portzentajea deitzen zaio. Helburu horrek erronka asko sortzen dizkie zientzialariei. Izan ere, zaila da datu hori kontrolatzea, eta ez dago argi eraginik gabeko egoeran zenbateko portzentajeak lortzen duen itsasora bueltatzea.
Aingiren itsasoratzea bermatzeko, gizakiak eragindako heriotzak mugatzea bilatzen du araudiak. Horretarako, kudeaketa-planak osatzeko betebeharra ezartzen die ICES osatzen duten herrialdeei. Kudeaketa-planetan, hainbat neurri aipatzen dira, hala nola arrantza komertziala eta aisialdiko arrantza mugatzea, birpopulaketak egitea, habitata eta ibaien konektibitatea hobetzea, harrapari naturalen inpaktua aztertzea eta espeziearen akuikultura garatzea.
Duela bi urte hasi ziren EAEn Aingiraren Kudeaketa Plana garatzen. Erkidego-plana garatzeko lantaldeak aingiraren kudeaketan inplikatutako erakunde guztiak biltzen ditu, hala administrazioak nola eragile zientifiko-teknikoak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, AZTI-Tecnalia, Ekolur Asesoría Ambiental eta EHU. Horiekin lankidetzan aritu dira Arabako Foru Aldundia, Mutrikuko Akuikultura Eskola eta arrantza-sektorea ere.
Kudeaketa-plan horretan, hainbat neurri zehatz aurkezten dira EAEko kasuan aplikatzeko. Horien artean dago arrantzaren kudeaketa. Atal horretan, hainbat puntu aipatzen dira. Lehenik, arrantzarako baimena berritzeko baldintzak zorrotz betetzea eskatzen zaie arrantzaleei. Horiek, urtero-urtero, harrapatutakoaren datuak jasotzen dituen koaderno bat entregatu behar diote administrazioari. Hala, lehen eskuko informazioa jasotzen dute, bai administrazioak, eta bai ikertzaileek. Gainera, era horretan, arrantzaleek planaren garapenean parte hartzen dute, eta ardura handiagoaz arrantzatzen dute. Koadernoa betearazteaz gain, datu horiek epeen barruan entregatzeko eskatzen zaie --orain arte askok epeetatik kanpo entregatzen zituzten, eta horrek ikerketarako datuak baldintzatzen ditu--.
Arrantzaren kudeaketaren baitan dago angularen harrapaketa-kupoa --EAEn ia ez da aingirarik arrantzatzen--. Hala, 2 kilogramoko muga ezartzen da arrantzale eta egun bakoitzeko, bai lurretik egindako arrantzetan, bai ontzietatik egindakoetan.
Gainera, arrantza-denboraldiaren murrizketa ezartzen da. Orain arte, urritik martxora luzatzen zen, baina kudeaketa-planak azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra mugatzen du. Denbora-tartea mugatzeaz gain, arrantza-lekuak ere mugatu dira, eta erreserba iraunkor izendatu dira hiru ibai nagusi --Oiartzun, Urumea eta Barbadun-- eta bigarren mailako bi ibai --Inurritza eta Andrakas arroa--. Arrantzaren kudeaketarekin bukatzeko, aingira ibaietan arrantza daitezkeen espezieen zerrendatik baztertzea eskatzen da.
Hartutako bigarren neurria da bi arrotan --Oria eta Barbadun-- birpopulaketa-esperientziak garatzea, eta aingiraren akuikultura garatzea posible den aztertzea.
Aingiraren habitata hobetzea da beste neurrietako bat. Hala, ibaietan dauden hainbat egitura artifizial egokitzea aurreikusten da, bai orain arte eraiki direnetan, eta bai hemendik aurrera egingo direnetan. Honekin lotuta, ekoizpen hidroelektrikoaren turbinak aldi baterako deskonektatzea proposatzen da. Izan ere, turbinetan sartzen diren aingiren ehuneko handi bat hil egiten da. Neurri horrekin, 3-4 urtean gaia ikertzea proposatzen dute, eboluzioa nolakoa den ikusteko. Horren guztiaren helburua da aingirek zirkulatzeko moduko ibaiak egitea. Gainera, ibaien saneamendua eta arazketa-lanak egitea lehentasunezkotzat jotzen da.
Azken neurri gisa, aingiraren harraparien kontrola ezartzen da. Gaur egun dauden azterketek ez dute erakusten zenbateko eragina duten animalia horiek aingiraren populazioetan. Horregatik, 3 urtez harrapari horiek identifikatzea, ebaluatzea eta kuantifikatzea proposatzen da.
Iazko abenduan aurkeztu zuten EAEko plana, eta, orain, Espainiako plana garatzen ari dira. Izan ere, Espainiak eskualde guztietako planak batu, eta plan nazionala garatu beharko du aurten. Bukatutakoan, Europako Batasuneko STECFk (Scientific, Technical and Economic Committee for Fisheries) plan nazionalaren ebaluaketa zientifiko eta teknikoa egingo du. Onartutako planak 2009ko uztailaren 1ean hasiko dira aplikatzen, eta onartu gabekoek hiru hilabete izango dituzte moldaketak aurkezteko.
Hiru urte barru, 2012an, herrialde bakoitzak planaren garapenaren datuak aurkeztu beharko ditu. Datu horien artean, hauen berri eman beharko dute: zenbateko biomasa-proportzioak lortzen duen itsasoratzea, zenbateko ahalegina egiten duten arrantzatzeko eta zenbatekoa den murrizketa, eta zenbat aingira diren 12 zentimetro baino handiagoak. Hala, herrialde guztietako datuekin, ebaluaketa estatistiko eta zientifikoa egingo dute 2013ko abenduan, kudeaketa-planen aplikazioak izandako emaitzena, hain zuzen.