"Abertzale”? “Euskaltzale” ote zen A. Abbadia? Bere nortasunari hurbilketa zerbait egitea ez da erraz. Eta arriskua da, J. Azurmendik esaten duen bezala, iragana oraingo gure ametsen arabera eratzea: “Oraina bilatzen dugu historian, eta, horrela, historian oraina berregin —atzeraka egin— nahi genuke. Iraganaldian fabrikatu nahi genuke etorkizuna” (Espainolak eta Euskaldunak. 561. or.)
Saiatuko gara, beraz, gure gaurko oraina XIX. mendeko iraganaldira bueltatu gabe Abbadiaren nortasunaren berri ematen. Bide egokiena, berak utzi dizkigun artxiboetatik abiatzea iruditzen zaigu. Pariseko Liburutegi Nazionaleko aterbean daude gorderik Abbadiak bidali eta jaso zituen gutunak. Gutun bakoitza da eraman dituen iharduera desberdinen lekuko. Aurpegi anitzeko gizona agertzen zaigu.
Bere jatorri eta maila sozialagatik, lortu zuen moldakuntzagatik, XIX. mendeko euskal kultur munduari eragin zion Abbadiak. Sortzaile eta bultzatzaile, bideratzaile eta eragile izan da Euskal Herriko arlo anitzetan: ez kultur sailean bakarrik; gizarte eta politika-sailean ere bai baizik. Geroko ikerlarientzat bada zer aipa. Ikerlari horietaz pentsaturik, hemen aurkezten dugun lantxoa dastatzeko errauspetik atera ditugun buruxka batzuk dira. Ez ditugu gutun guziak banan-banan aztertuko. Aukera larri baten emaitza soila besterik ez da.
21746 zenbakiko fondoa
Fº 17: L. L. Bonaparte-ri bidali gutuna (1847ko irailak 8a), Sarako Lore Jokoetan eman sariaz: Bizkaitik bidali karlisten abesti bat sariztatu zen: “Jaungoicoa eta Erriya”.
Fº 54: 1875. urtekoa. “Prospectus” modura “Zazpi Eskualherriko Eskualduner” eskainia den gutuna da, jendeen usaiaz eta bizimoldeez inkesta egiteko.
Fº 64: Goyetche Sarako alkateari idatzi gutun honetan Abbadia kezkaturik dago “alphontistek” haizatu dituzten karlistez, Sara inguruko mendi-zokoetan aterbeturik daudelarik.
Fº 68: 1874eko abuztuak 30, E. Intxausperi eskaera bat helarazten dio begi onez ikus dezakeela urte honetako Euskal Lore Jokoetan saria emanik bizkaitar abesti bati jakinaraziz, “parce que les Basques du Sud exposent leurs vies pour une bonne cause”.
Fº 76: 1875eko uztailak 6, bere goresmenak helarazten dizkio Jaurgain historialariari, Zuberoako historiaz egin lana argitaratzeko egitasmoa duelako.
Fº 86: Uribarren baten eskuetatik 30.000 libera jaso zituen Parisen karlistentzat armak erosteko
Fº 87: 1887ko uztailak 14, Tirso Olazabali gutuna bidaltzen dio Gipuzkoako azken gertakariak aztertuz eta Gipuzkoak jasaten duen egoera politikoaz bere iritzia emanez.
Fº 91-92: 1876ko urtean bi gutun bidaltzen dizkio H. Poydenot Baionako historialariari, Euskal Herriko historiaren artxibategiren bat Baionan muntatu nahian.
Fº 109: Madrilen bizi den X. Verdu ezezagun bati bere euskalduntasuna adierazten dio: “comme basque et en pays basque je suis carliste”.
Fº 129: (1877ko urtea): Egoera politikoa aztertuz bere ezadostasuna adierazten du Pariseko udalerriari buruz, honek Komunako zigortuen alde dirulaguntza bozkatu duelako.
Fº 170: Euskal Herriko eskuskribuen katalogoa egiten hasia da, han-hemenka barreiaturik diren idazkiak bildu eta sailkatu nahian.
Fº 189: 1894eko urtean Sarako Euskal Lore Jokoetan Maddalen Larralde martiriaz egindako olerkia sariztatu zen. Gaia Abbadiak berak aukeratu zuen, baina olerkia ez zaio gustukoa; fede handiko “martiri” bati zor zaion omena ez baita aski goraipatua.
Fº 212: “Société des Amis des Arts” deitu erakundea Baionan bultzatu nahian dabil.
Fº 139-142, 317-319: (1860. urtea). Sanadonek XVIII. mendean argitaratu zuen Essai sur la noblesse des Basques eskuratu ondoan, Arxu irakasleari kopia bat eginarazten dio eta lana ordaintzen.
Fº 364: J. Balasque Baionako udal-zinegotziarekin harremanetan sarturik da Euskal Herriko historiaz idatzi liburu batzuk eskuratu nahian; besteak beste Notitia utriusque Vasconiae eta Catalogue des Roles gascons.
Fº 555-602: Euskal Herriko hizkuntza-mapa osatzen ari da L. L. Bonaparte eta daraman ikerketaren berri ematen dio Abbadiari. Horrela jakin dezakegu, besteak beste, Ilbarritzeko eta Museroleko jendea oraindik XIX. mendean euskaraz ari dela (1862-1863 urteak).
21747 zenbakiko fondoa
Fº 27-36: (1860-1861-1862 urteak). Frantziako E. Cordier ikerlariak euskal familiak historian zehar erabili araudi juridikoez burutzen ari den lana azaltzen du Abbadiak. Inkestak Hego Euskal Herrian egin nahi lituzke, ordurarte Zamakolak eta Xahok emandako argitasunak nahikoa eskasak zaizkiolako. Ikerketarako planifikazio orokorra bideratu nahi luke histori eta etnologi mailan: “l’histoire et l’ethnologie des Basques"
Fº 136: Abbadiaren aginduz, Baionan inprimatu diren euskarazko almanakak biltzen ari izan da Duvoisin. Galdera bat egin dezakegu: zer bilakatu da almanaka-bilketa horren emaitza?
Fº 152: J. Duvoisinek idatzi gutun luze xamar honek, Baionako udalerriak 1858an bi liburu garrantzitsu eskuratu dituela jakinarazten digu eta Oihenarten Notitia berrargitaratzeko asmotan dabilela J. Duvoisin.
Fº 158-214: J. Duvoisinen hiru gutun aztertu ditugu.
Fº 660-661: bi gutun bidaltzen dizkio E. Intxauspek Saran 1874ean muntatu ziren Euskal Lore Jokoez:
Fº 710-775: 1866 eta 1876 bitartean, hamar bat urtez A. Abbadiak eta J. B. Jaurgainek elkarri idatzi gutunak kontsulta daitezke. Hemeretzi urteetan soldadugoa Bourges hirian egiten ari zelarik, Ipar Euskal Herriaren historiaz liburu bat argitaratzeko asmotan dabil Jaurgain. Ikerketak hasiak ditu aspalditik artxiboetan eskuskribuak arakatuz. Baina, noblea izanik ere, Jaurgainek poltsa ez du joria eta A. Abbadiarengandik diru-iturri zerbait lortzea gogokoa zaio. Dirudienez nahi zuena ez duke eskuratu eta Ipar Euskal Herri osoari eskaini nahi zion liburua ez zen argitaratu.
1894ean Frantzia osoan ospatu zen konbentzioaren mendeurrena (1794-1894). Euskal Herrian aldiz, Sarako desterruaren eta Maddalen Larralderen mendeurrena ospatu zuten. A. Abbadiak zuen iniziatiba hartu eta gaia proposatu 1894eko Euskal Lore Jokoetarako: “Mes prix seront donnés à St-Jean-Pied-de-Port, au mois de septembre. Nous auront le même sujet à composer, à savoir: “l’histoire de la martyre Madeleine Larralde” (Euskal Herria, 1894).
Olerkari guziek Sarako gertakizuna ez zekitenez, A. Abbadia berak aurkezpen orokorra egin zuen: “Il y a juste un siècle, en 1794, dans toute la France, y compris le Pays Basque, les mécréants étaient maîtres, c’étaient les ennemis de Dieu” (Euskal Erria, 1894). 1895ean eta 1896an ere gai bera proposatu zuen. Urte honetan, Maulen, saria Laurent Diharasarri Orzaizeko erretoreak eskuratu zuen; errepublikanoen etsai amorratua zenak.
XIX. mendean Frantziako Estatuak borroka dorpea eta luzea zeraman koloniak eskuratzeko eta indartzeko; Afrikan bereziki. Aldi berean emigrazio larria jasan zuen Ipar Euskal Herriak. Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko baserriak husturik, gazteria Amerikara (Indietara) joan zen. Iritzi desberdinak azaldu ziren emigrazioari buruz. Jadanik 1853an, Urruñan Euskal Lore Jokoetan emigrazioa eman zuen gaitzat Abbadiak. J. M. Iribarren apeza aldiz, emigrazioaren aurka jarri zen, prentsan Montebideoko berriak/kantuak agertaraziz.
Hazparneko misionisten buru zen J. P. Arbelbide ere lekuko har dezakegu; honek ere emigrazioa salatu egin baitzuen Igandea edo Jaunaren Eguna liburuan. Abbadia aldiz, alde zen. Le Messager de Bayonne kazetan, 1854eko azaroaren 2an artikulu bat argitaratu zuen emigrazioaren alde azalduz: “ezin da onar emigrazioa gaizki den gauza denik. Bizitzaren eta indarren soberakinen emaitza da izatekotan. Eta urrutiko lehorretan Frantziaren izana eta eragina hedatzen da”. Bereziki kezkaturik dago Algeriako bidea euskaldunek hartzen ez dutelako: “Horrela gure Algeriako kolonia ederrak jaso dezakeen indar berria ezin du balia geroari begira.” Testu osoa kontsulta daiteke Baionako udal liburutegian.
Abbadiaren nortasunari hurbilketa zerbait egiteko lehen lana da dokumentuen bilketa lantzea. Ildo horretatik lantxo bat, beraz, hemen eskaintzen dizuegu. Beste dokumenturik ere balia daiteke. Irakurleari dagokio Abbadia nolako euskalduntasunaren edo abertzaletasunaren jabe zen ikustea. Bere lagun-minen harreman-sarea are azter daiteke. Harreman estuak zituen E. Intxausperekin eta J. Duvoisinekin (biak monarkiazale eta legitimista porrokatuak ziren). Baina A. Abbadia ez da inoiz beste biak bezala politikari sutsua izan.
Bestalde Azpeitiko Jaietan ibili zen denbora batez G. Adema eta Ch. Bernadou-rekin. Biak gutxi ezagunak dira hegoaldeko irakurlegoaren aldetik. Ademari zor dizkiogu Biba Errepublika, Gauden eskualdun olerkiak (R.I.E.V. 1908-09, Euskal Erria 1893). Bernadou aldiz baiones gaskoizale eta euskalzalea dugu. Zazpiak bat liburua, besteak beste, idatzi zuen. Baina ez uste izan zazpi Euskal Herrien aldarrikapena frantses Estatuaren ukapena zela. Frédéric Mistral baten ildotik Estatuaren aginte zentrala banatu nahi zuten eskualde edo, hobeki esan, probintzi mailan.