Munduan lehen aldiz, iaz izaki bizidun sinple baten (ogi-legamiaren) kromosoma bat (dituen hamaseietatik hirugarrena) erabat inbentariatu zuten, bere 182 geneak, bakoitzaren funtzio eta guzti, zehaztuz. Beste hamabost kromosomak beren 6.800 gene ingururekin sekuentziatzen dituztenean, legamiaren sekretu guztiak argituta geratuko dira.
Beren arazo ekonomiko larriak eduki arren, errusiarrek XXI. mendean hegazkin aeroespazialek izango duten motorea probatua dute jadanik: “superrestatorreaktore hipertsonikoa”. Motore horri esker hegazkin aeroespaziala Mach 6-ko abiaduran ibil daiteke, hau da, soinu-abiadura baino sei aldiz handiagoan (7.365,6 km/h-koan), hain zuzen.
Presio handiak, tenperatura baxuak, gazitasuna, ur-korronte bortitzak eta iluntasuna dira itsas hondoan aritzeko zailtasunik nabarienak. Arazo hauei aurre egiteko teknologi garapena da dagoen bide bakarrenetakoa. Gai honi buruz jendearen interesa areagotu egin zen 1985. urteaz gero; Titanic itsasuntzia aurkitu zenez gero, hain zuzen. Titanic itsas mailatik 4.000 metroko sakoneran aurkitu zuten frantziar eta estatubatuarren arteko elkarlanaren bidez. Bereizmen handiko SAR sonar frantziarraz baliatuz, Atlantiar ozeanoan Paris baino hiru aldiz handiagoa den zona bat arakatu zen. Argo atoiuntzi estatubatuarrak urrutiko kontroleko telebistaren bidez aurkitu zuen untzia eta Angus itsasuntziak argazkiak atera zituen.
Intsektu hegadun guztiek aldaketa morfologiko sorta bat (= metamorfosia) jasaten dute heldutasunera iritsi aurretik. Txitxiburduntzi eta sorginorratzen kasuan hazkunde hori gradualki gertatzen da: metamorfosi ez-osoa dute, hau da, beren bizi-zikloan zehar arrautza, larba eta heldua agertzen dira, baina puparik ez. Heldua hegalari trebea delarik ere, odonatuen bizitzaren gehiena larba modura igarotzen da, eta berau uretan (erreka, laku, zingira edo urmaeletan).