Mari Luz Esteban Galarza Antropologo feminista

“Armiarma-sarearena baino gehiago, errizomaren antza du zientziak”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Aditu askok adierazi dute COVID-19aren krisiaren kudeaketa hobea izango zela, osasunari lotutako ikertzaileekin batera, beste arlo batzuetakoek ere lan egin izan balute; esaterako, soziologoek, portaeraren psikologoek eta antropologoek.

Mari Luz Esteban Galarzak (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959) medikuntza ikasi zuen, baina laster antropologiara jo zuen, eta, geroztik, antropologia feministan dabil buru-belarri. Gaur egun, Antropologia Feminista Ikerketa Taldea (AFIT) koordinatzen du EHUn. Dioenez, antropologia bigarren mailako zientziatzat hartzen da zientzia-sisteman, baina, bai ikerketa-taldean, bai unibertsitatetik kanpo egindako lanekin, eragiten eta galdera berriak sortzen ahalegintzen da. Sarri, pluralean hitz egiten du bere lanaz, elkarrekin eta taldean aritzearen garrantzia nabarmenduz.

armiarma-sarearena-baino-gehiago-errizomaren-antza
Arg. Jon Urbe/©ArgazkiPress
Zer harreman izan duzu eta duzu zientziarekin?

Gaztetan, medikuntza ikasi nuen, eta, bukatzen ari nintzela, ez nekien oso ondo zer egin. Basauriko mugimendu feministan nenbilen, eta familia-plangintzan sartzeko aukera sortu zen, eta aproposa iruditu zitzaidan. Orduan, han aritu nintzen lanean sei urtez, baina oso egoera berezia zen, ez bainintzen ginekologoa. Ez nuen espezializaziorik egin nahi, eta antropologian sartu nintzen. Egia da, osasunarekin lotutako gaietan aritu naizela, batez ere hasieran, eta medikuntzaren antropologian ere banago, eta gaur egun ematen dut hemen ikasgai bat, horri buruzkoa.

Bestela, medikuntza eta antropologia bi zientzia dira, oso desberdinak bata bestearekiko. Antropologia giza edo gizarte-zientzia bat da, eta, gainera, zientzia-sisteman nahiko periferian dago, oro har. Hala ere, Euskal Herrian gizarte-antropologiak izan du eta badu bere lekua, baina zientzia-sisteman bigarren mailakoa da. Egoera berezia da. Nire kasuan, medikuntzan ere jarri nintzen nahiko leku subalternoan, eta gero sartu naiz zientzia batean, zeina subalternoa den zientzia-sistemarekiko. Subalternitatean mantendu naiz zientziarekiko, eta hortxe eroso nago.

Eta zer da zientzia, zure ustez?

Zientzia da komunitate batek ezagutza eraikitzeko duen modu arautu eta antolatu bat. Sinplifikatuz, horrelako zerbait dela esango genuke. Antropologiaren ikuspegitik, kultura desberdinetan sortzen diren zientzia guztiak etnozientziak dira, talde jakin batek sortzen baititu, gizarte-antolaketa jakin batean, nahiz eta etnozientziak euren artean botere-hierarkia batean dauden, noski.

Zientzia-sistema deitzen diogun hori, berriz, unibertsitateek, ikerketa-zentroek… horiek osatuko lukete, eta hor ere hierarkia bat dago nazioartean. Baina iruditzen zait, zientzia-sistemaz ari garenean, konpartimentu bereizi bat irudikatzen dugula, eta ez da horrela. Zientzia gizartean sartuta dago.

Definiziora itzulita, esan dugu ezagutza eraikitzeko modu bat dela, baina, horren bidez, definitzen da zer den gizakia, gizartea eta gizakion arteko harremanak sailkatzen dira… betiere, sistema ekonomiko-politiko batekin elkarrekintzan. Hortaz, zientziaren funtzioa ez da bakarrik ezagutzea; definitzea, sailkatzea eta antolatzea ere bada. Medikuntzaren adibidea oso argia da. Medikuntzatik datorkigu nola ulertzen dugun gorputza, generoa, osasuna, gaixotasuna, zer den normala eta zer ez… Hori dena ere bada zientziaren funtzioa.

Orduan, badaude erakunde batzuk, hala nola, gurean, zenbait ikerketa-zentro, badutenak izena zientzia-sisteman, baina zientziak adar asko ditu, helduleku asko. Hala, ezagutza ez dator bakarrik erakundeetatik, gizartean ere sortzen da, baita erakundeen eta herritarren arteko elkarlanetan ere… Horrenbestez, armiarma-sarearen itxura baino gehiago, errizomaren antza izango luke; horrela irudikatzen dut nik. Errizomatikoa, zentzu deleuziarrean. Hierarkiak egon badaude, noski, baina, horrez gain, edozein elementuk eragina izan dezake beste edozeinetan, eta adarkadurak askotarikoak dira.

Norentzat, nola eta nondik egiten da zientzia?

Oso galdera konplexua da hori. Norentzat? Zauden lekuaren arabera izan daiteke. Adibidez, gu, Euskal Herriko antropologia feministan, norentzat ari gara lanean? Hasteko, guretzat; horren bidez, soldata bat daukagu, eta bizi gara, oro har, nahiko ondo, gainera. Eta, gero, gizartearentzat: gizarte-harreman hobeak sortzeko, desberdintasunak txikitzeko, arlo horietan ezagutza sortzeko… norberaren interesen arabera. Norainoko eragina duzun? Ez dakit. Hori neurtzeko badugu modurik?

Arg. Jon Urbe/©ArgazkiPress

Zer eragin du nire lanak, adibidez? Neur ditzakegu zenbat argitalpen argitaratzen ditudan eta zenbat ikerketa; hori kuantifikagarria da, eta egiten da. Baina nire eragina, seguru asko, askoz ere konplexuagoa da, eta neurtzeko zailagoa. Norentzat nabil lanean? Gizartearentzat, esango nuke, beste ezagutza bat sortzeko; are, ezagutza hegemonikoaren kontra dagoen ezagutza bat sortzeko, edo alboan dagoena. 

Antropologia aplikatuan, galdera batzuk daude, eta galdera horiei erantzuteko lan egiten duzu. Nire lanean ere horrela da: gizartean sortzen dira galdera batzuk, eta horiei erantzuten saiatzen gara. Horrez gain, gure lana bada galdera berriak sortzea ere, munduari begiratzeko ikuspegi berriak sortzea… Hori aplikatu daiteke nonbait? Agian, bai. Eta erabilera izan daiteke modu askotakoa. Izan daiteke jendeari laguntzeko, baina baita sailkatzeko ere.

Emakumeek zer leku dute zientzian?

Argi dago azpiratuta daudela. Orain izen batzuk aipatzen dira, eta beka batzuei ere emakume batzuen izenak jartzen zaizkie… Hori ondo dago. Baina salbuespenak dira. Eta, gainera, konponbide zaila du. COVID-19arekin ikusi da hori. Gure unibertsitatean, esaterako, esango genuke badagoela parekidetasun-maila bat, edo ez gaudela hain gaizki. Baina gero etortzen da horrelako egoera bat, eta datuek erakusten dute emakumeen eta gizonen ekoizpen zientifikoak ez duela zerikusirik. Eta etxean egon direnean, adibidez, bikote bat seme-alabekin, biak lan egiten maila berean, ikusi da seme-alaben zaintzan ez dutela izan parte-hartze bera.

Izatez, uste dut ez dugula imajinatzen zer den parekidetasuna. Berdintasun-politikek sortzen dituzten irudietan (pedagogikoak izan nahi dutenak), askotan, emakumeak eta gizonak maila berean daude… baina errealitatea ez da horrelakoa. Horregatik behar ditugu zenbakiak, zenbat emakume, zenbat gizon; eta orduan konturatzen zara zer gertatzen den.

Edozein kasutan, uste dut emakumeok zientzian egon behar dugula. Politikan gertatzen den bezala: politika instituzionalean egon behar dugu, baina kanpotik ere badaude moduak egiteko. Adibidez, feminismoan badaude zentro batzuk ikerketa egiten, unibertsitateetatik kanpo, guztiokin batera ezagutza sortzen.

AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldean 17 ikertzaile gaude ofizialki, eta inguruan jende gehiago. Antropologoak eta soziologoak. Maila batean, badugu boteretxoa gauzak egiteko. Eta, hala ere, beti egon behar duzu adi, daukazunari eusteko eta ez galtzeko. Hala, nire lanaren zati bat da ikustea nondik datozen erasoak eta arazoak, eta haietatik babestea edo irtenbidea topatzea, gure lekua ez baita egonkorra. Orokorrean da desegonkorra, baina, bereziki, emakumeontzat.

Zer-nolako eztabaidak daude zientzia feministan?

Ni nago sare batean, Redcaps, osasuna eta generoa batzen dituena, eta sare horretan gaude estatuko profesional asko, arlo guztietakoak, batez ere, osasungintzakoak, baina baita gizarte-zientzietakoak ere. Eta orain sortu da gatazka transexualitatearen inguruan, eta polarizazio handia dago. Transexualitatearen gaia oso adibide aproposa da zientziari buruz eta zientzia feministari buruz gogoeta egiteko. Gure kasuan asko zaildu da egoera, baina nik uste dut, hasteko, nahitaezkoa dela pentsatzea zerk batzen gaituen eta hortik eraikitzea aliantzak. Nahiz eta iritzi oso desberdinak izan, aliantzak sortzeko kapaz izan behar dugu.

Izan ere, nik egin nahi dudan zientziak, hasteko, inklusiboa izan behar du; alegia, denei onartu behar zaie guztion maila berean daudela. Bestetik, ez du patologizatzailea izan behar. Horrez gain, ezagutza mugimenduan dagoela ulertu behar da; ez dago dogmarik. Eta hori batzuei kostatu egiten zaie ulertzea eta onartzea.

Arg. Jon Urbe/©ArgazkiPress

Beste puntu garrantzitsu bat da, guretzat, pertsonen ahotsa oso inportantea dela. Eta hori beti ez da erraza. Esaterako, medikuntzan egoera deserosoan jartzen zaitu, pazienteak auzitan jar baitezake zuk esandakoa. Transexualitatearen auzian, mediku batek esan dezake hau eta beste, baina, gero, transak esango du berea.

Egia da medikuntzaren antropologian errazagoa dela konplexutasuna eta askotarikotasuna onartzea. Medikuntza klinikoan, berriz, kontsultara datorrenari erantzuna eman behar zaio, eta, agian, ez da beti hain erraza jarrera hori izatea. Hori ulertzekoa da, baina, transexualitatearen auzian, adibidez, batzuk zientzia erabiltzen ari dira beren estatusari eusteko tresna modura. Haien esanean, beren ideologia sostengatzeko arrazoiak zientifikoak dira; eta ez da hala. Hori ez da zientzia.

Zientzia baino gehiago, dogma da hori

Bai, hori da. Gu hortik urrun gaude. Saiatzen gara ekarpenen bat egiten gizarteari, galderak sorrarazten, astinalditxo bat ematen, errealitateari begiratzeko beste ikuspegi batzuk eskaintzen… Eta oso garrantzitsua iruditzen zait egiten duguna eta dugun lekua babestea, nahiz eta, nola edo hala, periferian egon. Xumeak gara, baina hemendik abiatuta ere zerbait egin dezakegu. 

Hain zuzen ere, kritiko izanik, uste dut feminismoak ez duela jakin bere burua kokatzen COVID-19aren krisian, maila orokorrean, esan nahi dut; gai batzuetan, bai. Nahiko etsita nago ikusita ez dugula asmatu gizarteari ezer askorik eskaintzen.

Herrialde industrializatuoi ere leporatu digute harrokeria, ez baititugu aintzat hartu beste herrialde batzuen irakaspenak; adibidez, heriotzarekiko, ebola-agerraldietan.

Ez bakarrik hori. Nik badut lagun bat antropologoa, Almudena Marí Sáez, Berlingo osasun publikoko institutu batean dabilena lanean. Hemen ez da ohikoa antropologoek osasun publikoko taldeetan lan egitea, baina han bai. Afrikako mendebaldean dabil ikertzen, ebolarekin, sukar hemorragikoarekin, eta orain COVID-19arekin, besteak beste, eta parte hartzen du biologo, mediku, erizain, eta beste diziplina zientifikoetakoekin elkarlanean.

COVID-19a baino lehen jada kontatu zidan, adibidez, ebolarekin hildakoak poltsa horietan sartzen zituztenean, inolako adiorik gabe, hangoek ezin zutela onartu. Hortaz, negoziatu egin behar izan zuten zer egin hildakoekin, eta gauza batzuetan amore eman behar izan zuten. 

Horrek zer pentsatua ematen du: Afrikan negoziatu zuten, eta hemen ezin izan dugu ezer negoziatu. Eta hori idatzita dago, eta nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratuta. Harroputz hutsak izan gara; ez dugu ezer baliatu, eta ez heriotzari buruzkoa soilik. Beste lan batean, kontatzen zuten nola aprobetxatu dituzten herritarren sareak prebentziorako. Gu, berriz, hemen ibili gara, inprobisatzen, baita ezkerrekook ere. Asko dugu ikasteko, baina, horretarako, jarrera aldatu behar da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.