Heziketa-Zikloetan irakasleen erdiak, gutxi gorabehera, eskolak euskaraz emateko gai dira; alabaina, zikloetan diharduten ikasleen % 10ek baino ez dituzte eskolak euskaraz jasotzen.
Datu horren atzean arrazoi asko daude, baina, dudarik gabe, euskarazko ikasmaterial egokirik eza da garrantzitsuenetako bat. Gutxi dira Heziketa Zikloetarako argitaratutako euskarazko liburuak eta, oro har, ikasgai komunetakoak dira; hau da, ikasle guztiek landu behar dituzten ikasgaietakoak.
Izan ere, Heziketa Zikloen izaerak berak, hau da, gai-dispertsio handiak, ikasgai askotan erabiltzaile potentzialak oso gutxi izatea ekarri du. Ondorioz, eskola-liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeek ez dituzte, oro har, gai horietarako materialak ekoizten, gai komunak ez badira behintzat. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak atzen urteotan EIMA programaren bidez diruz laguntzeko eginiko ahaleginak fruituak eman baditu ere, eta ikasmaterial-eskaintza asko ugaritu bada ere, oraindik ere oso urria da eskaerarekin eta beharrekin konparatzen bada.
Egoera horri aurre egiteko, Lanbide Heziketako HETEL eta IKASLAN elkarteek Lanbide Ekimena deituriko proiektua jarri dute martxan. Proiektuari aurre egiteko hainbat erakunde eta enpresa pribatu zein publikotan ate-joka jardun ondoren, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren, Bizkaiko Diputazioaren eta BBKren laguntza lortu dute. 2001eko irailean jarri zen proiektua abian.
Irakasmaila horretarako eskola-materiala euskaratu eta formatu elektronikoan Interneten erabiltzaileen eskura jartzeko hainbat urterako plana da Lanbide Ekimena.
Proiektuaren helburu nagusia Heziketa Zikloetarako euskarazko materiala guztion eskura jartzea da. Hori, ordea, ez da egun bateko kontua, Lanbide Heziketako eskaera handia baita: 20 familiatik gora, familia bakoitzeko batez beste 6-7 ziklo, eta ziklo bakoitzeko batez beste 6-7 modulu.
2001eko ekainean jarri zen martxan proiektua eta, urtea amaitzerako, erabakita zegoen zein gai itzuliko ziren. Guztira, Fabrikazio Mekanikoko, Administrazioko eta Elektrizitatea/Elektronikako goi-mailako eta erdi-mailako hamaika ziklo hautatu ziren: Mekanizazioa; Proiektu Mekanikoen Garapena; Soldadura, Galdaragintza eta Eraikuntza Metalikoak; Galdaketa eta Hautsen Metalurgia bidezko Produkzioa; Kontsumo Ekipo Elektronikoak (goi-mailakoa eta erdi-mailakoa); Produktu Elektronikoen Garapena; Erregulazio eta Kontrol Sistema Automatikoak; Telekomunikazio Sistemak eta Sistema Informatikoak; Administrazio Kudeaketa eta Idazkaritza.
2002ko urriaren 31n beste lau familiatako materiala itzultzen hastea erabaki zen, horien artean, Osasungintza, Informatika, Produkzio Zerbitzuak, Mantentze Lanak eta Nekazaritza eta Abere Hazkuntza.
Lanbide Ekimena proiektuaren alde teknikoaz arduratzeko eta lana koordinatzeko, ELHUYAR Fundaziora jo zuten sustatzaileek, itzulpengintzan eta lexikogintzan zein terminologia-alorrean duen esperientziagatik. Alabaina, ardura horretan Elhuyar Fundazioa ez dago bakarrik, EAEko beste zenbait itzulpen-enpresaren eta itzultzaileren parte-hartzea bultzatu eta koordinatzen baitu.
Itzultzen hasi aurretik itzuliko diren gai eta liburuen hautaketa egiten da. Hautaketa hori eskoletako irakasleek egiten dute ikasleen beharrak kontuan hartuta.
Bestalde, erabiltzaileak nagusiki Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleak izango direnez, haientzat ezaguna edo gertukoa den gunean dago materiala; hain zuzen, Lanbide Heziketako Zuzendaritzak Elgoibarko IMH institutuaren zerbitzarian antolatutako ataria aukeratu dute horretarako ( www.jakinbai.org ).