Aixa Barbarin López Urpeko arkeologoa

“Portuak zabortegiak dira”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

portuak-zabortegiak-dira
Arg. Inhar David López García

Aixa Barbarin López urpeko arkeologoa da, eta, aitortu duenez, txiki-txikitatik izan nahi izan zuen arkeologoa. Hortaz, unibertsitatera joateko garaia iritsi zitzaionean, historia ikastea hautatu zuen, EHUn, eta arkeologian murgildu zen. Urpeko arkeologian aritzea, ordea, ez zitzaion bururatu ere egin, lagun batekin urpekaritza probatu zuen arte. Probatu, gustatu, eta Cádizko Unibertsitateak urpeko arkeologiako master bat duela ikusi zuenean, garbi ikusi zuen hura zela bere bidea: “Nire betiko ametsa eta nire zaletasun berria batzeko aukera eman zidan”, baieztatu du.

Hala, Euskal Herritik Cádizera joan zen, eta orain han dabil, urpeko arkeologian ikertzen: “Ohartu naiz benetan hau dela egin nahi dudana, eta oso lan interesgarria dela. Oso dinamikoa, eta pixka bat arriskutsua, baina oso-oso interesgarria”.

Lehenago lehorreko aztarnategietan aritua zen, eta, berez, egin beharrekoa berdina bada ere, ez du ezkutatu urpeko arkeologiak badituela zailtasunak: “Aztarnategia sakonera txikian dagoenean, errazagoa da, baina, bestela, kontuz ibili behar dugu. Ondo buzeatzen jakitea ezinbestekoa da, bestela arriskutsua izan daiteke zuretzat eta ingurukoentzat, eta beti izan behar dugu kontuan hori”, azaldu du.

Bestalde, sedimentuak kentzeko, beste tresna batzuk baliatzen dituzte, adibidez, txupona deitzen dutena: “Mahuka xurgatzaile bat da, eta horrekin joaten gara sedimentuak hartzen, eta beste aldetik botatzen, zerbait aurkitzen dugun arte. Batzuetan, igual bi metro sedimentu kendu behar ditugu, eta, beste batzuetan, kontuz-kontuz aritu behar dugu, badakigulako hor bertan egongo dela zerbait”.

Izan ere, aztarna ugari daude itsaspean, eta garai guztietakoak. Orain, batez ere, portuetan dabiltzala kontatu du, eta, haietan, denetarik aurkitzen dutela. Hain zuzen, “zabortegiak” direla esan du Barbarinek: “Hozkailu bat aurkitu dezakegu, adibidez, eta, leku berean, feniziarren anfora bat. Izan ere, itsasontzietatik dena botatzen da portura, bai lehen, bai orain. Orduan, denetik egoten da pilatuta. Eta, batzuetan, badakigu itsasontzi bat hondoratu zela hor, eta zeramatzan hainbat material aurkitu ditzakegula, esaterako, kanoiak, baina itsasontzia ez dago, zura desegin egin baita. Hortaz, ikertu egin behar izaten dugu, nolakoa zen jakiteko”.

Horretarako, dokumentaziora ere jotzen dute. Portuetako sarrera-irteerak ez ezik, hondoratzeak ere idatziz jasotzen ziren, prentsan, adibidez. Hondoratzeez hitz egitean, gaur egun itsasontzi batzuk nahita ondoratzen direla jakinarazi du, jarduera turistikoetarako.

Merkuriozko putzu bat urpean

Egin duen aurkikuntzarik txundigarriena zein izan den galdetuta, berriz, erantzun du iaz egin zuena izan dela: “Iazko udan, Kroaziako indusketa batean aritu ginen lanean hilabetez, XVI mendeko itsasontzi batean. Oso itsasontzi handia da, eta sekulako kargamentua zeukan: kristalezko kopak… Eta merkurioa eta artsenikoa ere bazeramatzan; hortaz, kontuz ibiltzeko esan ziguten, pozoitsuak baitira. Bada, ohol batzuk garbitzen ari nintzela, zerbait arraroa ikusi nuen, eta putzu bat zen, merkuriozko putzu bat. Hori da aurkitu dudan gauzarik harrigarriena”.

Noizbehinka lehergailuak ere aurkitu izan dituzte; beraz, arrisku hori ere badute. Gainera, fisikoki, lan gogorra da. Eta batzuetan itsaso txarra dago, edo enbata sartzen da, eta ezin dituzte aurreikusitako lanak egin. Edo ekaitza batek aurretik egin duten lana ezerezean uzten die. “Egin behar dugu lan guztia pentsatuz agian hurrengo egunean ezingo dugula hara itzuli. Hortaz, oso garrantzitsua da dena ondo dokumentatzea, argazkiak ateratzea…”

Zailtasunak zailtasun, Barbarinek nahiago ditu urpeko lanak, lehorrean egin behar izaten dituztenak baino. Bestalde, era askotako lanak egiten dituzte, eta, beraz, lantaldeak diziplinartekoak izaten dira, eta proiektuak nazioartekoak izaten direnez, jatorri askotako kideak elkartzen dira. Generoari dagokionez, Barbarinek aipatu du lehen, eta enpresa-munduan baita orain ere, gehienak gizonak direla; aldiz, ikerketa-munduan, emakume pila bat daudela nabarmendu du: “Cádizko Urpeko Arkeologia Zentroko gehienak emakumeak dira, eta unibertsitateko ontzi ozeanografikoko kapitaina ere emakumea da. Eta giroa oso da desberdina, ni askoz ere gusturago aritzen naiz emakumeen artean”.

Etorkizunean, urpeko arkeologia egiten jarraitu nahiko luke: “Ez da erraza, ez dagoelako lan handirik, baina gero eta gehiago ari dira sortzen, eta badut itxaropena”, amaitu du, irribarre batekin.

Aixa Barbarin López
Aixa Barbarin López Hernanin jaioa da. Historia Gradua egin zuen EHUn, eta, gero, Cádizko Unibertsitatera joan zen, Arkeologia nautikoaren eta urpekoaren masterra egitera. Gaur egun, arkeologian lan egiten du, eta kolaboratzailea da Cádizko Unibertsitateko sail berean.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila