Aitzol García-Etxarri Fisikaria

“Frogatuta dago dibertsitateak zientzia hobea egitea dakarrela”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

frogatuta-dago-dibertsitateak-zientzia-hobea-egite
Arg. Aitzol García-Etxarri

Aitzol García Etxarri fisikan doktoreak fotonikan ikertzen du DIPC zentroan. Unibertsitatean, ordea, ez zuen fisika aukeratu, ingeniaritza baizik. "Batxilergoan, beldurra nion zientzialari izateari, oso zaila iruditzen baizitzaidan. Fisikako irakasleak, gurasoek eta ingurukoek esaten zidaten ikertzaile izatea gogorra zela, ez teknikoki, baizik eta lan eta diru gutxi zegoelako arlo horretan. Berez matematikak ikasi nahi nituen, baina ingeniaritza egitea gomendatu zidaten. Matematika eta fisika asko ikasiko nuela, eta izango nuela horra jotzeko aukera, eta, aldi berean, ingeniari izanda lan normal bat egin eta dirua irazbateko aukera izango nuela", gogoratu du.

Hala, ingeniaritza ikasten hasi zen. Alabaina, azken urtean, lana egitea egokitu zitzaion, eta ohartu zen ez zuela horretan jarraitu nahi. Aldiz, oso gustuko zuen fisika; hortaz, karrera amaierako proiektua egiteko AEBra joateko aukera zitzaionean, ez zuen alferrik galdu: "Fisika esperimentalean aritzeko zen, laserrekin eta horrela; beraz, imajinatu zer ilusio! Gero egia da ez nuela nire lekua topatu han. Coloradoko Estatu Unibertsitatean doktoretza egiteko aukera izan nuen, baina, uko egin, eta Donostiara itzuli nintzen".

"Tripei" kasu eginda itzuli, eta, lagun baten bitartez, bere tesiaren zuzendaria izango zena ezagutu zuen kalean: "Horrela, bide berri bat ireki zitzaidan hemen, DIPCn fisikako doktoretza egiteko". Eta orain ere hor jarraitzen du ikertzen.

Bere ibilbidetik alderdirik onena eta txarrena aipatzeko eskatuta, ez du zalantzarik egin lehenarekin: zientzialaria izateko esperientzia da onena. "Zientzialari izatea ez da bakarrik zientzia egitea. Pila bat bidaiatzea ere bada, kongresuak, dokorego-ondorengoa, egonaldiak... Eta horrek dakar beste kultura eta ingurune batzuk ezagutzea, eta, batez ere, jende superinteresgarria ondo eta sakon ezagutzea", dio García-Etxarrik.

Txarrena, berriz, beste askorentzat bezala, prekarietatea da. "Ni dagoeneko egonkortu naiz Donostian, DIPC eta Ikerbasqueri esker. Baina nire bizitzaren zenbait unetan ez dut jakin lanik eta soldatarik izango ote nituen hurrengo hilabetean". 

Dibertsitatearen onura

Alderdi onetara itzulita, ikerketa-taldeak askotarikoak izatearen onura azpimarratu du Garcíak: "Frogatuta dago lantaldeetan dibertsitatea egotea lagungarria dela zientzia hobea egoteko. Nik AEBn ikusi nuen hori. Stanford Unibertsitatean egin nuen dokoretza-ondorengoa, eta lehen unetik konturatu nintzen lantaldeek hemen baino askoz ere dibertsitate handiagoa dutela, ez bakarrik genero aldetik, hori oso erraz ikusten baita, baita orientazio eta identitate sexualaren aldetik, arraza, kultura, erlijioa.... Eta ikusi nuen musulmandar batek adibidez, oso bestela erantzuten zuela porrot baten aurrean. Ni, adibidez, lur jota geratzen nintzen bitartean, hark onartu egiten zuen".

Azaldu duenez, AEBan aspalditik dituzte politikak gutxiengoak sustatzeko zientzian. Hemen ere, generoan aurrerapauso handiak ematen ari dira, eta DIPC jarri du horren adibidetzat. Dagoeneko martxan dute berdintasun-plana, eta García-Etxarri bera izango da dibertsitatearen arloko koordinatzailea.

Hori baino lehen, iaz ekitaldi bat antolatu zuen, harrotasunaren eguna ospatzeko zientzian. Bere ekimena izan bazen ere, DIPCk, CFMek eta Nanogunek ere babestu zuten, eta jendeak ere oso ondo hartu zuen: "Aurten ere egingo dugu, oso beharrezkoa baita. Ereduak eskaini behar zaizkie gazteei, eta errespetuzko inguruneak sortu, denak onartuak sentitu daitezen".

 

Aitzol García-Etxarri

Pasai San Pedron jaioa da, 1981ean. Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean (Tecnun). DIPCn eta EHUn Javier Aizpurua eta Pedro Miguel Etxenikeren babespean nanozientzietan doktoretza egin ondoren, Stanford Unibertsitatean lau urte igaro zituen doktoretza-ondorengoko ikertzaile lanetan. 2014. urtean DIPCra bueltatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Fellows Gipuzkoa" programari esker. Gaur egun, Ikerbasque Research fellow gisa bere ikerketa-taldea zuzentzen du DIPCn, nanofotonika arloan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila