Badira hiruzpalau urte liburu-irakurgailu elektroniko edo e-book reader deritzenak gure artean ikusten hasi ginenetik. 2010ean, berriz, Apple-k bere iPad-a atera zuen, besteak beste irakurgailu gisa erabiltzeko aproposa. Eta izandako arrakastaren atzetik, beste enpresa askok atera dituzte edo ateratzear daude antzeko tablet ak. Bi gailu-motek abantaila eta desabantailak dituzte, baina oraindik asmatzeke dago bien alderdi onenak biltzen dituen gailua. Irakurgailu perfektu hori sortzeko lanean ari dira ikertzaileak, baina geldituko al da harentzako tokirik merkatuan?
Internetera konektatzen den edozein ordenagailuk IP ( Internet Protocol ) deritzon identifikadore bat behar du, 0 eta 255 arteko lau zenbakiren segidaz osatzen dena. Horrek esan nahi du identifikazio-sistema honen bidez gehienez ere 4.300 milioi ordenagailu ingururi ematen ahal zaiola Interneterako sarbidea; eta muga horretara iristen ari garela dirudi. Zorionez, arazo hori aurreikusi, eta aspaldi prestatu zen identifikazio-sistema horren ordezkoa: IPv6, identifikadore posible askoz gehiago dituena. Batetik besterako trantsizioa eman beharko da laster, baina ziurrenik ez da prozesu erraza eta arazo gabea izango...
Lurreko Telebista Digitala edo LTDa telebistaren iraultzatzat saldu ziguten, baina, egiatan, ordura arteko telebista analogikoaren hobekuntza xume bat besterik ez da, gehienez ere. Ikus-entzunezkoen munduan benetako aldaketa bat egon bada, hori Internet fenomenoak ekarri du: norberak nahi dituen programa eta filmak nahi dituenean ikustea, elkarrekintza... Hala ere, bi mundutan bereizita egon dira telebista eta Internet, bata sofan eta bestea idazmahaian. Baliteke, ordea, hori amaitzear egotea Google-k udazken honetan kaleratu duen Google TVrekin eta ziurrenik azkar asko aterako zaizkion antzeko produktu lehiakideekin.
Ordenagailuek beharrezko dituzte sistema eragileak, funtzionatu ahal izateko. Hori dela eta, merkatuaren nagusitasuna edo kontrola lortzeko lehian oso faktore garrantzitsua dira. Sistema eragileei esker lortu eta hautsi izan dira monopolioak iraganean, sistema eragileek ahalbidetu dute informatika pertsonalaren zabalkundea... Unix, DOS, Windows, MacOS, Linux eta bestelakoen arteko gudak ezagutu ditugu ordenagailuen munduan; orain, smartphone eta tablet bezalako gailu berrietan, sistema eragileen arteko gerra berri bat bizitzen ari gara, kasu honetan iOS eta Android-en artean.
Gailu mugikor berriek (batez ere smartphone eta tablet -ek) nabigatzeko era berriak ekarri dituzte. Baina gailu-mota bakoitzak bere erara inplementatzen ditu aukerok, gailu-mota horretan soilik exekuta daitezkeen aplikazioetan. Hori dela eta, W 3 C-k edo World Wide Web Consortium-ek aukera horietako batzuentzako protokoloak estandarizatu nahi ditu, gailu orotan funtzionatuko duten web-aplikazioetan aukera horiek erabili ahal izateko. Aurreko zenbakian aukera berri horietako bati buruz hitz egin genizuen, geokokapenari buruz alegia, eta hemen beste bati buruz arituko gatzaizkizue: atzipen multimodalaz, edo web-zerbitzuak teklatua eta sagua ez diren beste interfaze batzuen bidez erabiltzeaz.
Webean erabiltzen diren estandarrak definitzen dituen erakundeak, W3C edo World Wide Web Consortium-ek, lan-ildo ugari ditu irekita webaren gidalerroak zehazteko; adibidez, aurreko beste artikulu batzuetan hitz egin dizuegu web semantikoaz edota HTML 5ez. Baina esku artean dituzten proiektu ezezagunagoetan arakatzea oso argigarria suerta daiteke etorkizuneko weba nolakoa izan daitekeen aurreikusteko. Hurrengo bi artikuluetan web mugikorrarekin zerikusia duten nabigatzeko joera berriak arautzeko egiten ari diren lanak aurkeztuko dizkizuegu, hurrengo urteetan joerok webeko nabigazio orokorrera zabalduko direla dirudi eta.
Gaur egun Internet sarera konektatzen diren gailuak nagusiki ordenagailuak dira. Direla webgune eta zerbitzu-hornitzaileen ordenagailu-zerbitzariak, direla erabiltzaileon ordenagailuak edo ordenagailutzat har daitezkeen telefono mugikorrak. Eta gizakion ekintza edo eskaerei erantzuten die bertako informazio-fluxuak. Baina, gero eta gehiago, bestelako gailuak eta baita objektu eta gauza sinpleak ere konektatuko dira Internetera; elkarren artean edo beste ordenagailu eta zerbitzuekin komunikatzeko. Hala, adimen kolektibo eta global bat osatuko dute. Horrek ahalbidetuko dituen erabilera berriak ugari dira; haietako asko, oraingoz pentsaezinak. Gauzen Internet ( the Internet of things ) deitzen zaio etorkizun dagoen Internet berri honi.
Iazko irailean, DRM (Digital Rights Management) sistemei buruz hitz egin genizuen; formatu digitaleko abesti eta filmen kopiak ekiditeko erabili izan diren sistemez, alegia. Orduan genioen euskarri horietan DRMa hilda zegoela, baina mundu digitalerako lehen pausoak ematen ari zen liburu-industrian agian berpiztuko zela. Geroztik pasatu den urte-erdi eskasean, agente asko (on line liburu-dendak, argitaletxeak edo hardware-fabrikatzaileak, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak) liburu digitalen negozioan sartu dira, eta panorama argitu egin da: liburu digitalen industriak DRMaren aldeko apustua egin du.