Lurra dardarka hasten denean jendea ere dardarka hasten da. Gutxi gora behera bi mila milioi pertsona lurrikara-arrisku handia duten lekuetan bizi da. Txinako Tangshan-en (1976), Mexikon (1985) eta Armenian (1988) gertatutakoak lurrikaren ondorio latzen erakusgarri xume besterik ez dira.
Gaudeneko gizartean telekomunikazioek berebiziko garrantzia izango dute. Telefonoa, komunikatzeko tresna nagusia izango bada ere, irrati eta telebista bidezko datu-transmisioan irudiak ezezik datuak, testuak eta grafikoak maneiatuko dira. Helburu teknikoen artean garrantzitsuena seinale guztiak digital bihurtzearena da. Honi Zerbitzu Integratuen Sare Digital (ZISD) deritzo. Datu digitalen transmisioaren abiadura mugatuko duen faktore bakarra erabiltzailearen linea, hau da, kobrezko kable bikoitza, izango da. Dena den, ZISD-k ere zerbitzu erabilgarrien eta transmisioaren kalitatearen hobekuntza eragingo du. Baina telekomunikazioen iraultza eragingo duten bi elementuak, sateliteak eta zuntz optikoa izango dira.
Joan den apirilean EHU-k Donostian Zientziaren Filosofiari buruzko kongresu bat antolatu zuen. Bertan partaide ugari izan bazen ere, guk hango bi zientzilari aukeratu genituen zientziari buruz hitz egiteko. Biak fisikari teorikoak dira, baina bakoitzak esparru desberdinak jorratzen ditu. Jean Marc Lévy Leblond (ezkerrekoa) fisikari teorikoa da eta Nizako unibertsitatean Fisika-katedraduna da. Fisika kuantikoaren alorrean burutzen ditu bere ikerketak eta kultura, zientzia eta teknika elkartzen dituen aldizkari bat zuzentzen du. Historikoki giza mugimenduetatik oso hurbil izan da eta horren adibidea 68ko maiatzeko mugimenduan izan zuen partehartzea da. Jorge Wagensberg (eskuinekoa) ere fisikari teorikoa da. Fisikako arazo filosofikoei buruzko argitalpenak ditu, baina bere ezaugarririk garrantzitsuena Bartzelonako Zientzi Museoko zuzendari izatea da. Aipatu Zientzi Museoa aitzindari da Museoen artean eta Europa-mailan dagoen Zientzi Museoen Elkarteko lehendakari da Jorge Wagensberg. Elkarrizketa hauetan Alfontso Martinez Lizarduikoa euskal zientzilari eta Elhuyarkidearen laguntza izan genuen.
Presio handiak, tenperatura baxuak, gazitasuna, ur-korronte bortitzak eta iluntasuna dira itsas hondoan aritzeko zailtasunik nabarienak. Arazo hauei aurre egiteko teknologi garapena da dagoen bide bakarrenetakoa. Gai honi buruz jendearen interesa areagotu egin zen 1985. urteaz gero; Titanic itsasuntzia aurkitu zenez gero, hain zuzen. Titanic itsas mailatik 4.000 metroko sakoneran aurkitu zuten frantziar eta estatubatuarren arteko elkarlanaren bidez. Bereizmen handiko SAR sonar frantziarraz baliatuz, Atlantiar ozeanoan Paris baino hiru aldiz handiagoa den zona bat arakatu zen. Argo atoiuntzi estatubatuarrak urrutiko kontroleko telebistaren bidez aurkitu zuen untzia eta Angus itsasuntziak argazkiak atera zituen.