Ordenadorea gidarien laguntzaile

Automobila gidatzea batzuetan plazerra baldin bada ere, askotan aspergarri eta astuna izaten da. Mapa bati begiratu bat emateko errepidetik begiak kentzeak istripua eragin dezake; automobilak portaera arraroa izan dezake zergatia jakin gabe; aurrean dugun automobilak bapateko abiadura-aldaketak izan ditzake eta hori ez da batere atsegina izaten; errepideko lanak topa ditzakegu eta ondorioz butxadurak; bidaia bukatzean aparkatu ezinik ibil gaitezke. Guzti horregatik egunaren buruan umore txarrez eta nekaturik aurki ditzakegu gure burua.

Gidaketa-simuladorearen barneko ikus-eremua, zaratak eta automobilaren higidurak eta bibrazioak, ordenadore batek sortu eta aldatzen ditu.

Automobilean kokatutako ordenadore baten bidez errepide-lanak non dauden edo aparkalekurik non dagoen edo matxura gertatzeko zorian gauden ala ez, etab. jakiterik izango bagenu, gidatzea askoz ere erakargarriagoa izango litzateke.

1985. urtean, aipatu ildoan lehen saiakuntza egin zen, Volkswagen-ek autopista batean 120 km/h-ko abiaduraz automatikoki gidatutako automobila martxan jarri zuenean.

Hurrengo urtean eta EUREKA proiektuaren barnean PROMETHEUS programa onartu zen. Programa horretan hamahiru fabrikatzaile europar elkartu ziren egungo sistema mikroelektronikoak automobil-gidariaren beharretara egokitzeko. Automobil-fabrikatzaileak trafiko-injineru, ekipamendu-fabrikatzaile eta ikerketa-zentruekin batera, pilotukide elektronikoa errealitate bihurtzeko behar diren sistemak, software eta hardwareak, garatu nahi dituzte.

1986. urtean automobila asmatu zenetik 100. urtea bete zen. Urte horretan 400 milioi automobil zeuden Lur osoan. EEBB-etan familiako bi automobil daude eta Europan bat. Aurrikuspenen arabera, Europan mendearen bukaerarako ibilgailu-kopurua bikoiztu egingo dela espero da. Hazkunde hau, dauden errepideetan oinarrituz eta ingurugiroan ahalik eta eraginik txikiena sortuz burutu nahi da.

Gidari eta automobilaren ereduztapenaren bidez, istripu-unerako segurtasun-bideak aurrikus daitezke. Argazki honetan airezko poltsaren puztuketa simulatzen da.

1970-85 denboraldian segurtasuna asko hobetu bada ere, zenbaki absolutuak oso gordinak dira; istripu-kopurua 7 milioikoa, zaurituak milioi bat pertsona eta hildakoak 40.000 pertsona izan baitira. Kontsumoaren ikuspegitik ere zeresanik badago. Europan automobil-kopurua azken hamarkadan bikoiztu bada ere, kontsumoa % 50 besterik ez da hazi. 1974. urtean gertatutako energi-krisiaren eraginez automobil-teknologia sakon garatu zen. Elektronikak garrantzi handia izan zuen aipatu teknologiaren garapenean; batez ere kontsumoa murrizten eta segurtasuna hobetzen.

1984. urtean Berlinen automobil-fabrikatzaileen zerbitzurako aurkeztu zen gidaketarako simulagailua, elektronikaren adibiderik aipagarrienetakoa izan zen. Simulagailu hau hegalaldirakoa baino askoz ere konplexuagoa da; trafikoa lurrean edo airean arras desberdina baita.

PHOMETHEUS programan parte hartzen duten automobil-fabrikatzaileak.

Simulagailuak egoera irudikatu eta erantzunak gidariaren ikuspuntutik aztertzen ditu. Dena den, etorkizuneko automobilak kanporantz begiratuko du, hau da, egiazko eszenategiak arakatu eta gidariaren zeregina erosoago bihurtuko du. Simulagailuak zein etorkizuneko automobilak, teknikoki antz handia dute. Hortaz, ibilgailuaren eredu dinamikoak, errepideetako sasiirudiak eta trafiko-ereduak oso garrantzitsuak izango dira gidariaren ordenadore laguntzailearentzat.

Injinerutza-lanak epe luzera planifikatu nahi dituenak, ordenadoreak gero eta merkeago eta ahaltsuago direla kontutan hartu behar du. Ordenadoreen etekina bitik lau urtera bitarteko epean bikoiztu egiten da kostu-unitateko.

Mikroelektronikaren alorrean EEBB-ak eta Japonia dira nagusi, baina Europak merkatu kuota bat lortu du. Europarren merkatu-kuotarik handiena zirkuitu integratuetan izan da orain arte, baina sistema digitaletan gero eta merkatu zabalagoa dute. Interface elektroniko, egoera solidoko sentsore, bihurgailu analogiko/digital eta digital/ /analogiko, eroale eta potentzia handirako eragingailuen eremua nahikoa ongi aztertuta dago Europako ikerketa-zentruetan.

Irudi honetan Volvo automobilak hormigoizko horma baten aurka talka egiten du, barruan maniki bat daramalarik.

Gaudeneko hamarkadan mikroelektronikak aurrerakada nabariak izan ditzan nazioarte-mailan adostasuna dago. Txiparen memori ahalmena eta konplexutasun-logika ehun aldiz haziko dira eta egun txip batek lau prozesadore besterik ez badu ere, laster 10.000 prozesadore izango ditu. aipatu aurrerakadak automobilaren alorrera eramanez, datorren urtean txip-kopurua bikoiztuz prozesu-ahalmena hogeitabost aldiz handiagoa izango dela aurrikusten da.

Gaur egun elektronikak automobil-kostuaren % 12a hartzen du gutxi gora-behera. Hurrengo 10 edo 15 urtetan aipatu zifra % 25 izatera iritsiko da.

Arestian aipatu bezala automobilgintzaren alorrean teknologia garatzeko PROMETHEUS izeneko programan elkartu ziren automobil-fabrikatzaileak. Bertan, Frantzia, Alemania, Italia, Suedia eta Erresuma Batuko fabrikatzaileak eta ikerlariak bildu ziren. 1986. urtean definizio-faseari ekin zitzaion eta 1987. urtean industria elektronikoa proiektuan parte hartzen hasi zen. Garai hartan gastuak 30.000 milioi pezetakoak (1.500 milioi liberakoak) ziren eta aurrikuspenetan orotara 200.000 milioi pezetako (10.000 milioi liberako) aurrekontua prestatu zen.

Argazkian, klima hotzetan gidatzeko egin behar den esfortzua neurtzen da.

Egun ia mila injineru ari dira lanean PROMETHEUS-ek dituen zazpi azpiproiektuetan. Horietatik lau oinarrizko ikerketaren alorrekoak dira: adimen artifizialean (PRO-ART), txip berezituetan (PRO-TXIP), komunikazio-metodo eta arauetan (PRO-COM) eta sistemak ebaluatzeko trafiko-eszenategietan (PRO-GEN). Gainerako hiru proiektuak industri ikerketaren alorrekoak dira. Batetik, elektronikak gidariari eskain diezaiokeen laguntza PRO-CAR-en aztertzen da; bestetik PRO-NET-en bidez ibilgailutik ibilgailurako erlazioak eta inguruarekiko komunikazioak aztertzen dira eta azkenik PRO-ROAD-en ibilgailu eta errepidearen arteko elkarrekintza arakatzen da.

PROMETHEUS-en segurtasuna elektronikaren helbururik garrantzitsuenetakoa da. Egun gertatzen diren istripuetatik % 90 giza akatsaren ondorio dira. Giza garunak edozein ordenadorek baino ikasketa-, prozesaketa-, eta memori ahalmen handiagoa du, baina motela da. Gizakiak zerbait sumatzen duenetik erabakitzen duen bitartean 2 segundo behar ditu, hau da, automobil batean 50 m-ko ibilbidea. Informatikaren laguntzaz proba-ibilgailuetan 10-1.000 aldiz txikiagoa da gizakiak erreakzionatzeko behar duen denbora. Gizakiaren erreakzio-denbora segundo batera laburtuko balitz, istripuen % 80 saihestuko liratekeela uste da.

Argazkian ordenadore batek Frantziako errepideen mapa eskaintzen du.

PROMETHEUS-ek ibilgailuen arteko komunikazio eza gainditu nahi du. Ibilgailuetan ordenadoreak jarriz, gidariak ikusten ez duen egoera askori aurrea hartzerik izango da, istripu-arriskua txikiagotuz.

Ibilgailuetan ezezik errepideetan sistema automatizatuak ezarriz, gidariak etengabe jakin dezake aparkalekua, hotela edo gasolindegia non dagoen edo helburua lortzeko biderik egokiena zein den. Informazio-sare hau eraginkorra izan dadin, nazioarte-mailara hedatu behar da; bestela automobila muga zeharkatzean ergel bihur baitaiteke.

Mapetako datuak ordenadorera sartzeko digitalizazio-bidea erabiltzen da.

PROMETHEUS-en erabiltzen diren ordenadoreek segundoko 25 milioi agindu maneiatzeko ahalmena dute. Honek gaur egungo ordenadore handi bat behar dela adierazi nahi du, baina ordenadoreen eboluzioari esker, gaur handia dena bihar arrunta izango da. Hardwarearekin batera softwarea ere landu beharko da eta batez ere adimen artifizialean oinarritutako aplikazioak beharko dira.

Automobilgintzaren iraultza teknologia berriaren aldetik dator, eta artikulu honetan ikusten denez, Euskal Herriko industriak ez dirudi ezertan ere, txanda honetan ezta altzairuan ere, lagunduko duenik. Etorkizunari ihes egiten utziko al diogu?

(Oharra: Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.