Lurrikarei aurrea hartu nahian

Lurra dardarka hasten denean jendea ere dardarka hasten da. Gutxi gora behera bi mila milioi pertsona lurrikara-arrisku handia duten lekuetan bizi da. Txinako Tangshan-en (1976), Mexikon (1985) eta Armenian (1988) gertatutakoak lurrikaren ondorio latzen erakusgarri xume besterik ez dira.

Hildako-kopuru beldurgarriekin batera ez da ahaztu behar urtero batezbeste kalte ekonomikoak mila milioi dolarretik gorakoak izaten direla.

Gaur egun, gure gizartean dauden eraikin altuek, abiadura handiko garraioek, gas tutueriek, ur-biltegiek eta zentral termiko eta nuklearrek areagotu egin ditzakete lurrikaren ondorioz sortutako sarraskiak. Estatu asko ari da une honetan lurrikarei aurrea hartzeko ikerketak egiten. Eraikinetan ezezik lurrikaren eragina garapen plangintza orokorretan ere kontutan hartu behar dela gero eta ideia onartuagoa da.

Irudiko eraikina ez da erabat suntsitu diseinatzeko garaian lurrikaren eragina kontutan hartu zelako.

Europari dagokionez ia edozein lekutan gerta badaitezke ere, Mediterranioko zonaldea da hildako gehien izandako lekua. Ikus ondoko taula.

Afrika eta Arabia gero eta presio handiagoa egiten ari dira Eurasian eta hori Mediterranioko zonaldean isladatzen da. Grezia da lurrikara gehien dituen lurra; ia egunero lurrikararen bat dagoela esan daiteke. Mendearen hasieran, hots, 1903-1932 bitartean, lurrikara handienak, hau da, Richter eskalan 7 edo intentsitate handiagokoak, iparraldean gertatu ziren. Ondoko lau hamarkadetan hegoaldea izan zen lurrikara gehien gertatutako zonaldea eta azkeneko bi hamarkadetan iparraldea izan da berriro zonalderik zigortuena.

Egoera hau dela eta, Greziako gobernuak Lurrikarekiko Babes eta Aurrikuspenerako Erakundea (EPPO) sortu zuen 1983. urtean, eta gerora Europako Kontseiluak babesa eta zabalkundea eman dio aipatu erakundeari. Orain arte EPPOren lana formazio arlokoa izan da; bai herritarren mailakoa eta bai gobernu edo administrazio-mailakoa ere. Lan horren ondorioz, greziar gobernuak gizarteko estratu guztiak kontutan hartzen dituen plangintza osatu du eta, beraz, ministroetatik hasi eta ikasleenganaino, guztiek dakite lurrikara denean zer egin behar den. Aldi berean, ikerketa teknikoak garatzen ari dira, bai eraikuntza-estandarrak eguneratzen, eta bai ur-, energi edo komunikazio horniketetan.

Iraganean, injineruek ezarritako eraikuntza-oinarriak berriki izandako lurrikaren ondorio izaten ziren. Baina lurrikara guztiek ezaugarri berdinak ez dituztenez, eraikuntza-arauak aldatu beharra dago. Horretarako, Atenasko Unibertsitate Teknikoak Europako taula sismiko aurreratuena dauka eta horrela sei askatasun-maila bitarteko higidura duten egiturak azter ditzake.

Lurrikarak iragartzea lortuko balitz, izugarrizko aurrerapena izango litzateke, baina orain arte oso kasu gutxitan lortu izan da aipatu aurrikuspena. 1975. urtean Txinako Hai Txeng hirian, bertako agintariek lurrikarari aurrea hartzea lortu zuten, pertsonak hiritik atera egin zituztelako. Horrela oso hildako gutxi izan zen. Baina hori arlo honetan arrakasta lortu deneko kasu bakarra da. Batzuetan ez da aurrikuspenik izan eta, beraz, izugarrizko sarraskiak izan dira. Bestetan, Kalifornian adibidez, iragarpen faltsuak izan ziren; bitartekoak jarri ondoren ez baitzen deus ere gertatu.

Aurrikuspenaren garrantziaz jabetu ondoren, arazo nagusia ez da lurrikara iragartzen duten seinaleak detektatzea soilik; lurrikara bera noiz gerta daitekeen jakitea baizik; ezin baitira lurrikara-zonaldeetako hiriak beti hustuta mantendu.

Abisu-seinale gisa, mikrolurrikaren frekuentzi aldaketa, uhin sismikoen abiadura aldaketa, zoluaren higidurak, ur-mailaren aldaketak, etab. hartzen dira. Japoniarrek, adibidez, denbora errealeko abisu-sisteman 24 fenomeno desberdin aztertzen dituzte. Zientzilari greziarrentzat korronte elektrotelurikoen aldaketak dira, batez ere, garrantzi berezikoak.

Laser-ekipamenduen bidez sateliteen laguntzaz lurrazalean gertatzen diren distantzi aldaketak azter daitezke.

Dena den, aurrikuspen sismikoari buruzko hastapenetan dagoela diote sismologo guztiek. Beraz, oraindik gertaera desberdinak aztertu behar dira eta gertaera horiek lurrikarekin duten erlazioa ezarri behar da.

Egin daitekeen aurrikuspenik oinarrizkoena honako hau da: hiri batek lurrikararen bat jasan izan badu, lehentxeago edo geroxeago beste bat jasango du. Horregatik, jendeak suntsitutako herria berriro leku berean eraiki nahi izatea ulertzekoa bada ere, ez da batere egokia izaten.

Baina, iragar al daitezke lurrikara handiak?

Lurrikara gehienen sortzaile diren plaken arteko higidurak ezin dira gelditu, baina higidura horietan sortzen den tentsioa lurrikara txiki eta ugaritan aska daitekeela pentsatzen dute batzuek. Horretarako, lurreko pitzaduretan ura injektatzea edo sakonera handitan bonba nuklearrak lehertaraztea proposatu izan da, baina oraingoz aipatu proposamenak fikzio hutsa dira.

Proposamenak proposamen eta lurrikarek sortutako sarraskiak ikusita, gero eta erakunde gehiago sortzen ari da lurrikaren inguruko azterketak egin ahal izateko. Dena den, erakunderik gehienetan helburua formazioa da, hau da, lurrikara gertatzean berehala hartu beharreko neurriak gizarteraztea. Horrekin batera, eraikinen diseinuan lurrikarengatik kontutan hartzen diren parametroak gero eta fidagarritasun handiagokoak direla aipatu beharra dago, baina bihar lurrikara izugarria gertatuko dela ziurtatzea ametsaren parekoa da oraingoz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila