Zuhurtzia eta gezurtzia

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Telefonia mugikorreko antenak eta WiFi sistemak kendu nahi dituzte batzuek, gizakion osasunerako kaltegarriak direlakoan. Egin diren ikerketek eta ikerketen meta-analisi fidagarriek ez dute ebidentziarik aurkitu, ordea, esateko sistema horiek kaltea eragiten digutela; baina batzuk ez dira ikerketa horietaz fidatzen. Neurri bateko edo besteko kaltea aurkitu dutenez, aldiz, bai, haietaz fidatzen dira. Eta baita mugikorretara iristen zaizkigun uhinak neutralizatzen dituzten partxeez ere. Donostiako Udalak gonbidatuta hitzaldia eman zuen jakintsu batek esana da errusiarrak direla onenak. Berdin dio partxeen funtzionamenduari buruzko azalpenek ez izatea ez hanka, ez buru. Partxeak janzteko erabilitako jargoi sasizientifikoak balio du; sinesgarriagoa da, nonbait, zientzia-aldizkarietako jargoi zientifikoa baino.

Nik ez dakit telefonia mugikorreko antenak eta WiFi sistemak guztiz seguruak ote diren. Inork ez daki % 100eko ziurtasunez. Baina, orain arte bildutako datuen baitan, askoz ere sendoagoak dira ez kezkatzeko arrazoiak kezkatzekoak baino. Askoz ere. Ezinegona, eta handia, beste zerbaitek sortzen dit: ikusteak zein erraz errotzen diren gizartean halako mamuak, eta zein aise egiten diogun uko jarrera zuhur zentzudunaren benetako esanahiari. Izan ere, teknologia laborategitik merkatura hain azkar igarotzen den gizartean, ezinbestekoa da arriskuaren arrazoizko kudeaketa egitea; eta horretarako daukagu, besteak beste, zuhurtasun printzipioa. Tresna baliotsua eta indartsua. Uhin elektromagnetikoen aurkako mugimendu hau, ordea, ezin da inolaz ere justifikatu zuhurtasun printzipioaz baliatuz. Sasizientziaz blai eginda dagoelako, eta, esaten dena esaten dela ere, asko kaltearekin sinetsita daudelako. Batzuek ez dute jakin nahi telefonia mugikorreko antenek eta WiFi sistemek kalterik eragiten ote duten. Badakite. Eta zuhurtziaz mozorrotutako gezurtzia saltzen dute. Izan gaitezen zuhurrak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila