Zigarro elektronikoaz

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Ez du berariazko araudirik, eta ez dago haren kontsumoak osasunean dituen ondorioei buruzko ebidentzia sendorik. Zigarro elektronikoa, ordea, hedatzen ari da, eta gero eta arruntagoa da haren erabilera, eta ez soilik erretzeari utzi nahi diotenen artean, edo tabako-kontsumoa murriztu nahi dutenen artean. Erretzaile ohiak eta ez-erretzaileak ere hasi dira kontsumitzen.

Hala nabarmendu zuen Juana Umaran Galdakaoko Ospitaleko Tabakismo Unitateko arduradunak Deustun egindako jardunaldi batzuetan. Eta hala jaso dugu zenbaki honetako "Zigarro elektronikoa: zalantzak lurrun artean" erreportajean. Arloko profesionalak bildu ziren jardunaldi hartan, zigarro elektronikoari buruz dakitenaz, ez dakitenaz eta kezkatzen dituenaz aritzeko.

Jardunaldian garbi geratu zen askoz ere gehiago dela zigarro elektronikoak osasunean izan ditzakeen ondorioez ez dakitena --ez dakiguna--, dakitena baino. Orain arte bildu eta ikusitakoek aditzera ematen dute ez dela erretzea bezain kaltegarria, baina, baita ere, osasunerako arriskuak izan badituela, eta ez diruditela hutsalak. Eta kontsumitzaileari ez ezik, ingurukoei ere eragin diezaiekeela, askatzen duena ez baita soilik ur-lurruna. Alegia, ez dela tabakoaren ordezko segurua, zigarro elektronikoen ekoizle eta saltzaileek mezu hori zabaltzen badute ere. Alabaina, ebidentziak ez dira behar bezain sendoak ondorio garbiak ateratzeko, eta, horrenbestez, zaila da kontsumoari buruzko gomendio biribilak egitea.

Eta hor dago koska. Nola jokatu pertsonen osasunari eta, kasu honetan, itxuraz, osasun-publikoari ere eragin diezaiokeen produktu baten aurrean, seguru jakin gabe zer arrisku dituen? Deustun bildutako profesionalek zuhurtasun-printzipioaren alde egin zuten, eta zigarro elektronikoaren kontsumoa arautzeko beharra nabarmendu zuten. Aukera zuhur bat da, eta maiz baliatzen da galderak gehiago direnean erantzunak baino. Barruko orrietan aurkituko duzue hautu horretara eraman dituen gogoeta.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila